Edukira joan

Maria Camino Oskoz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lainobeltz (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 19:17, 26 urtarrila 2019
Maria Camino Oskoz

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakMaría Camino Andrea Oscoz Urriza
JaiotzaIruñea1910eko apirilaren 11
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaUbabako behatokia1936ko abuztuaren 10a (26 urte)
Heriotza moduagiza hilketa: bala zauria
Familia
Bikotekidea(k)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakmaisu/maistra
KidetzaNazioarteko Laguntza Gorria
Unión General de Trabajadores
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Espainiako Alderdi Komunista

Maria Camino Andrea Oskoz Urriza (Iruñea, Nafarroa Garaia, 1910eko apirilaren 11 - Urbasa, Nafarroa, 1936ko abuztuaren 10a) nafar maistra, Alderdi komunistako Idazkaria eta Nazioarteko Laguntza Gorriko kidea izen zen.

Biografia

Maria Camino Iruñeko Santo Domingo kalean jaio zen. Antonio eta Anastasiaren 4 seme-alabetariko gazteena izan zen. Txiki-txikitan geratu zen umezurtz. 1918ko gripe pandemiak eraman zituen haren gurasoak. Izeko batek hazi zuen Camino. Ikasle ona izan zen. Iruñeko Teresianetan emaitza bikainekin amaitu zituen ikasketak. 1930ean irakasle hasi zen Zaraitzu ibarreko Gorza herrian. [1]

Irakaslea ez ezik, Alderdi Komunistako eta Nazioarteko Laguntza Gorriko kidea ere izan zen. Hezkuntzarekiko, berdintasunarekiko eta justiziarekiko konpromiso hirukoitza izan zuen bere bizitza laburrean.

Atxiloketa eta heriotza

22 urterekin Alderdi Komunistako Idazkari izan zen. 1936ko abuztuaren 1ean atxilotu eta espetxeratu egin zuten. Camino Oskoz 26 urteko maistrak zigor krudel eta lazgarrienetakoa pairatu zuen. Atxilotu, torturatu, bortxatu eta jendaurrean ibilarazi zuten falangistek 1936ko uztailaren 31n, eta hamaika eguneko infernu baten ostean, abuztuaren 10ean, askatu egin zuten: espetxetik atera eta Urbasako Pilatosen balkoia izeneko amildegiraino eraman zuten. Handik behera bota zuten maistraren gorpua. [2] [3]

Memoria

  • Haren kasua memoria liburu batean jaso zuen Joseba Ezeolazak, Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko koordinatzaileak: Camino Oscoz y otras historias del 36 (Camino Oskoz eta 36ko beste historia batzuk). «Erregimenarentzat arriskutsua zelako hil zuten Oskoz; hirian barrena atxiloturik eraman zuten, pasieran, sufriarazteko, sari baten gisara, jendearen eskarmenturako», azaldu zuen Ezeolazak. Haren aurretik, maistra iruindarraren berri emana zuten Pio Barojak eta Jose Maria Jimeno Juriok ere.[4] [5]
  • Galo Vierge CNTko sindikalistaren testigantza da lazgarrienetako bat. Atxilotu zutenean, Oskozekin egoteko aukera izan zuen Viergek, komisarioaren gelan zain zirenean. Elkarrizketa horren berri eman zuen Los culpables liburuan (Errudunak) : «Gaztearekin hitz egiten hasi nintzen, ahapeka, eta nola atxilotu zuten azaldu zidan [...]. Kontatu zidan Ezker Errepublikanoaren egoitzara eraman zutela, Gazteluko plazan, falangista zirenek bere egin baitzuten eraikina. Han, falangistek inguratuta, Alderdi Komunistako kide izateagatik orotariko umiliazioak sufritu zituen; barre eta iseka artean, baso bat errizino olioa edanarazi zioten; polizia etxean utzi zuten atxilo». [6]
  • Memoriarako Nafarroako Institutuak Nafarroako Hobien Mapa eguneratu eta berritu zuen 2018an. Haren bidez historia-memoriari buruzko informazioa herritarren esku jarriz. Aipatutako mapan Sakanako sei hobi daude eta Urbasako beste sei. Mapan agertzen da Maria Camino Oskoz maistraren izena ere. [7]

Omenaldiak

  • 2018ko ekainaren 23an Iruñeko San Domingo kalean, Camino Oscoz Urriza izeneko galtzada-harria jarri zuten. 1936an Nafarroan Fusilatutako Senideen Elkartearen ekimenez. [8]
  • 82 urteren ondoren, omenaldia egin zioten irakasle aritu zen Gorza herrian Camino Oskozi 2018an. Plaka jarri zuten haren omenez ikastetxearen sarreran eta aurreskua ere dantzatu zuten.[9]

Erreferentziak