Martinellok ez du kukurik entzuten
Martilellok ez du kukurik entzuten | |
---|---|
Datuak | |
Idazlea | Pako Aristi (Auskalo saila (1985) / Igelio Igela saila (1995. eta 2000. urtean berrargitaratua)) |
Argitaratze-data | 1985 |
Generoa | Ipuinak |
Jatorrizko izenburua | Martinellok ez du kukurik entzuten |
Hizkuntza | Euskara |
Argitaletxea | Erein |
Herrialdea | Euskal Herria |
Ilustratzailea | Jon Zabaleta |
Bilduma | Narratiba |
Orrialdeak | 82 |
ISBN | 84-7568-082-8 |
Datu gehigarriak | |
Martinellok ez du kukurik entzuten Pako Aristik (Urrestilla, Azpeitia, 1963) idatzi eta Jon Zabaletak (Hernani, 1950) ilustratutako liburua da. Erein argitaletxeak plazaratu zuen 1985ean.
Argitaletxeak 7-10 urteko irakurleentzat gomendatzen du liburua.[1]
Kazetaritzan lizentziatua, Pako Aristik hainbat komunikabidetan kolaboratu du, eta literatura-genero gehienak landu ditu helduei zuzendutako lanetan. Haur eta gazte literaturari dagokionez, narratiba landu du; Martinellok ez du kukurik entzuten (1985) izan zen arlo honetan argitaratu zuen lehen lana, baina hogeitik gora dira haurrentzat idatzi dituen liburuak.[2][3]
Argumentua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Belandia herrixka, mendi eta muinoz inguraturik agertzen zen, elizako kanpandorrera igo eta handik begiratzen zuenarentzat. Txuri-berdea zen udaberrian, horixka eta urdinxka udan, gorria udazkenean eta beltza neguan. Martinellok, ordea, ez du inoiz kolorerik aldatzen: mutiko argia da. Simonet Leroix herriko organista du lagun eta kontu eta kanta ematen dute eguna.[1][4] Simonet musikariak kilkerren kantua zuen gogoko, katuen defendatzailea zen... Baina egun batean, karabina hartu eta gehien eta samurren piokatzen zuten txoriak akabatzen hasi zen. Martinellok negar egin zuen hamar txori akabatu zituen egunean, eta banaka-banaka, guztiak lurperatu zituen. Herrian ere ez zuten segituan ulertu portaera horren arrazoia. Baina portaera guztiek izaten dute beren arrazoia, eromenean bada ere.
Neguan txoriak ezkutatu egiten ziren, eta Martinellok kalean baino ordu gehiago igarotzen zituen etxean. Horietako arratsalde batean ezagutu zuen Martinellok heriotza, artean bizitza zer zen oso ondo ez zekielarik. Heriotzak Belandia bisitatu zuenean, Martinelloren osaba eraman zuen. Urte hartan gela debekatu bat eta bi fantasma sortu ziren Martinelloren etxean, eta mutikoa beldurti hutsa bihurtu zen; ez zen gauez etxeko pasilloetan ibiltzera ausartzen.
Trapatan zirkua irailaren hondarrean iritsi zen Belandiara. Ohi ez bezalako gertakaria zen, eta erabat aztoratu zuen Martinello. Bere mundutik hain apartekoa iruditu zitzaion Martinellori zirkua... Gauza urrun eta ezezagunen xarma horrek liluratu egin zuen mutikoa, eta orduan erabaki zuen biharamunean zirkuarekin alde egitea, ordura arteko bere bizitza estu eta inozoa alde batera utzi eta benetan desiratzen zuena egitea, inork ezer agindu gabe. Mundua ikusi nahi zuen Martinellok, gauez izarrei begira egon, abenturak bizi, adiskide onak eta benetako etsaiak ezagutu... Belandian, mundu guztia lagun izan arren, inorekin ez baitzuen bere jakituria, ideia edo asmo handiez hitz egiteko konfiantzarik.
Urteak eman ditu marinel gisa, munduari bueltaka. Baina bere abentura gosea zirkuan piztu zela uste du Martinellok. Eta Belandian igarotako haurtzaroko oroitzapenak eta pasadizoak dira, hain zuzen ere, liburu honetan jasotzen direnak.
Pertsonaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Martinello, Simonet Leroix, Martinelloren aita eta ama, Martinelloren lagunak, eskolako maistra, Don Mauro apaiza, lorategia zaintzen zuen andrea, oilategiko gizona, osaba-izeko zaharrak, aitona, Don Josepi medikua, agure paseantea, barraketako saltzailea, gizon sendoa, zirkuko langileak eta animaliak (Fritz, Berna, Maira, Delia, Konkortxo epoa, Mutu loritoa eta Ttipirriton tximinoa)...
Gaia eta estiloa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1985ean, Martinellok ez du kukurik entzuten liburuarekin, hain zuzen ere, estreinatu zen Pako Aristi haur literaturan. Gaztetxoentzat sortu dituen lanetan, haur talde bat izan ohi da, sarri, liburuaren ardatza. Xabier Etxanizen eta Mari Jose Olaziregiren arabera (Euskarazko Haur eta Gazte Literatura Idazleak, Eusko Jaurlaritza, 1998), haur literaturako testu hauek biziak, atseginak, entretenigarriak eta, askotan, dibertigarriak eta irakurterrazak dira.[5]
Garraztasunaren eremuan ere sartzen da, ordea, Pako Aristi: Martinelloren osabaren heriotza, Belandiako haurrek egiten zituzten bihurrikeriak eta astakeriak... denetik topatuko du irakurleak liburu honetan. Egileak berak aitortzen du haurtzaro “basati” samarra izan zuela;[6] neurri batean, garai hartako isla da, hortaz, liburua. Baina ez da hori egilea Belandiako errealitate gordina deskribatzera daraman arrazoi bakarra. Izan ere, Aristiren esanetan, haurrari gauzak diren bezala azaldu behar zaizkio.
15 tesela haur eta gazte literaturaren mosaiko baterako izeneko artikuluko Zoologikoak eta literatura atalean, Patxi Zubizarretak dio Pako Aristi gogait eginik agertu izan dela haur liburuetako animalien protagonismoarekin eta, bide batez, ispilu eta tximinia magikoekin, hitz egiten duten txorimaloekin, eta abar. Aristirentzat, haur literaturak bi ezaugarri baino ez ditu behar: sinesgaitza den gertaera oro baztertzea eta, arazoen aurrean, haurrei eskura duten gauza bakarra erabiltzen erakustea: asmamena. Pako Aristik gaineratzen zuen hamar urterekin ohartu zela ezen haur liburuek adarra jo ziotela, eta oso gaizki sentitu zela fantasiaz eta irrealtasunez beteriko istorio haiekin. Zentzu horretan, Mariasun Landaren fantasia eta Pako Aristiren errealismoa kontrajartzen ditu lehen begiratu batean, baina dio, bestalde, ez duela uste, funtsean, literaturaren antipodetan dauden egileak direnik. Zubizarretaren aburuz, egileek, beren iritzi eta gustuekin, bi jokamolde, bi jarrera, bi sentsibilitate erakusten dituzten arren, elkarren eremuetan sartu-irtenka ibiltzea ere atsegin dute. Baina gertatu ere gertatzen da, eta hauxe da Pako Aristiren susmoa -eta salaketa-, ezen haur ipuin askotan animaliak -eta objektuak- molde hutsal eta azaleko batean erabiltzen direla, eta, onenean, marrazkien ederrak ezkutatzen duela ipuinen hutsa eta gabezia. Eta horiexek direla, hain zuzen ere, gaitzetsi beharreko liburuak. Liburu horien aurrean, zilegi da Haur Literaturari “Zoologikoko literatura” deitzea, baina horien aurrean soilik.[7]
Pertsonaia burujabeak eta edulkoratzailerik gabeko istorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pako Aristi idazlearen hitzetan, bere haur literaturako liburuetan ez da elementu izugarri fantastikorik agertzen; ez du inork hegan egiten, tximiniak edo ispiluak ez dira inorako pasabide, gauez ez da iratxorik agertzen pertsonaiak egindako akatsak zuzentzera, txorimaloek ez dute hitz egiten, eta ibaiak suge, apo eta ezkailuz beterik daude, ez beste ezertaz. Bada literaturari buruzko uste edo iritzi nahiko hedatu eta onartu bat, literaturarekin errealitatearen muga estuekiko mendekua burutu dezakezula defendatzen duena, normalean gertatzen edo nabaritzen ez ditugun gauzatxo horiek kontatuaz, gertaerak asmatuaz, etab. Pako Aristiren iritziz, “heldutasunean” (9 urtetik aurrera), gauzen mugak bereizten ikasi samarrak gaudenean, egin liteke hori, baina ez haurtzaroan, haurrek artean dena posible dela uste duten adinean. Adarra jotzea iruditzen zaio hori, eta Martinellok ez du kukurik entzuten liburuan ez dago adarjotzerik. Egilearen esanetan, alde nabaria dago ilargian aitona bat bizi dela kontatzea hori sinets dezakeenari, edo hori bera alegia moduan erabiltzea gezurra dela baina horren bidez istorio eder bat osatu daitekeela dakienarentzat. Honela, haurrei zuzendutako liburuetan, printzipio bakarra aplikatu duela azaltzen du egileak: adimenaren edo asmamenaren erabilera, hain zuzen ere. Azpeitiarraren aburuz, haur literaturak bi ezaugarri baino ez ditu behar: sinesgaitza den gertaera oro baztertzea eta, arazoen aurrean, haurrari eskura duen tresna bakarra erabiltzen irakastea, hots, asmamena, pentsatzeko ahalmena, konponbide magikoak alde batera utzita. Egileak dio haurrak (irakurleak), bere buruarekin gustura senti dadin, beren kasa moldatzeko gai diren haurren istorioak irakurri behar dituela. Anaia zaharraren, gurasoen edota artzapezpikuaren laguntzarik gabe konpontzeko gai diren haurren istorioak, alegia. Eta gisa horretako pertsonaia dugu Martinello bera ere, herrira etorri berria den Trapatan zirkuarekin mundua ezagutzera joatea erabakiko duena, erabaki hori inorekin partekatu gabe, gainera. Askatasuna erabiltzen ikasteko lehen pausoak besterik ez dira, lehendabiziko independentzia-zantzuak -pitinak badira ere- gurasoengandik aldenduta bizitzeko.[8]
Herri txikietako bizimoldearen ispilu
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haur literaturari zegokionez, bere ekoizpena bi zatitan bereiz zitekeela aipatzen zuen, Pako Aristik, 90eko hamarkadaren hasieran. Lehen zatian, hiru liburu hauek leudeke: Martinellok ez du kukurik entzuten (1985), Martinello eta sei pirata (1986) eta Zazpi pirata baltsa batean (1987). Aipatutako liburuek, asmamenaren erabilera baino gehiago, kronika-asmoa omen dute helburutzat, hau da, herri txikietako bizitza moldea jasotzea. Pako Aristik dio Martinellok ez du kukurik entzuten liburua, bere herrian, Urrestillan, tristurarako joera zuen txikitero batek, kontu zaharrak kontatzen hasi eta bukaeran esaten zuen esaldian oinarrituta dagoela: 'Ai, daukadan dena emango niake horiek berriro pelikula batean ikusteagatik'.[8] Jone Arroitajauregiren esanetan, Aristiren liburuetan errepikatzen den beste ezaugarrietako bat, haur talde baten eguneroko abenturak kontatzen dizkigula da, halako tonu nostalgiko batean murgilduta, baina umore puntua galdu gabe betiere.[2]
Joera berriko liburuen aurretik, zubi moduan, Miren, Garbiñe eta sorgin baten komeriak (1987) lana idatzi zuen Aristik. Geroago etorri ziren Mertxe Pandeletxe eta Mari Bexamelen liburuak (1991): Jantoki txinoan, Azken lamiaren bila, Itsasontzi baten eta Keniako tximeleta. Eta horiek, esan bezala, beste eite bat dute. Besteak beste, honako ezaugarriak dituzte:
- Paisaia: Euskal Herriko hiri eta paraje ezagunetan daude kokatuta.
- Argumentua: Pertsonaia nagusiak gurasoekin doaz lekuotara, baina berehala aldentzen dira beraiengandik. Pertsonaia errealak aurkitzen dituzte eta sortutako arazoa konpontzen dute burua erabiliaz eta pertsona horien laguntzaz.
- Deskribapenak: Lekuak, giroak, eurentzat berriak diren gauzak zein egunero egiten ditugunak deskribatzen dira liburuotan.[8]
Jon Zabaletaren marrazkiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1973an bere lanak argitaratzen hasi zenetik, haur eta gazteei zuzendutako 100 liburu baino gehiago ilustratu ditu Jon Zabaletak; horietatik laurden bat testuliburuak dira. Umore grafikoa, komikia eta bestelako marrazkiak ere argitaratu ditu hamar bat aldizkaritan eta bi egunkaritan; disko-azalen diseinu grafikoak ere egin izan ditu (dozena erdi bat); eta hogei bat erakusketa, banaka nahiz taldeka aurkeztuak.[9][10]
Frankismoaren gainbehera mingarrian, zoriontsua izan zitekeen mundu bat irudikatu zuelako izan da Jon Zabaleta gure artean hain maitatua. Horixe dio, Joxean Muñozek, Jon Zabaleta: MANUEL - memoria katalogoan. Muñozen hitzetan, Jon Zabaleta marrazkilariaren hastapenak estuki lotuak daude euskarazko kultur industrien lehen urratsekin, garaiko euskal prentsa apurraren ahaleginekin, euskal kultura berri baten gaztaroarekin.[11][10] Zabaletaren marrazkera berezia -haren irudi eta lerro sotilak- euskal kulturaren sareak zabaltzearekin batera ondu zen. Mutikotan, pankartak egiten zituen, festa egunetarako kartelak eta irudiak; gaztetan, txiste grafikoak, eskuz egindako eta isilean zabaldutako aldizkarietarako.[10][11] Garai eta giro hartan, adierazkortasun zuzenaren presiopean, zorroztu zuen Jon Zabaletak bere marrazkigintzarako sena. Ondoren etorri ziren Gabon-txartelak, eranskailuak, posterrak eta Anaitasuna aldizkariak sortutako Lan Kide Aurrezkiaren Komikia gehigarrirako binetak, elementu grafiko jakin baten inguruan jolas egiten zuten narrazio txikiak.[11][12][10]
Arian-arian, bide luzea egin zuen Jon Zabaletak: haurrei zuzenduak (omen) ziren komiki-zerrendak eta errealitateari (herritasunari, langiletasunari...) begi kritikoz begiratzen ziotenak, aldizkari eta egunkarietan libreki argitara zitzakeenak eta lurrazpikoak... 1985ean Pako Aristiren Martinellok ez du kukurik entzuten liburua irudiz janzteko eskatu zion Erein argitaletxeak. 80ko hamarkadaren bueltan, beste hainbat egileren ipuinak ere ilustratu zituen Zabaletak (Lertxundi, Balzola, Atxaga, Landa...)[12][10]; euskal edizioaren testuinguruan, harrigarria gertatzen zen irudi haien freskotasuna eta baliabide material eskasei ateratzen zien etekin plastikoa. Euskarazko haur literaturan izen saihetsezina zen -eta da, gaur egun ere- Jon Zabaleta.[10][11]
Clown-aren begirada
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Xabier Kintanak, Zabaletaren irudimen erdi naif, erdi dadaista nabarmentzen zuen, haurtzaroko mundu ahantzia gogora ekartzen diguna. Hernaniarrak haurren aitzakian eraiki zuen mundua zamarik ezaren eta loturarik ezaren ametsa da. Adierazkortasuna, magia eta poetika darion errealismo batera garamatza Zabaletak, samurra eta harridura sortzen duena aldi berean.[11][13]
Errealitatea sinplifikatzeko gaitasuna du Jon Zabaletak, errealitate hori zeinu edo errealitate horren paradigma eta parabola bilakatzeraino zenbaitetan. Figurak, animaliak, landareak, mendiak... eta beste hainbat objektu, modu eskematikoan marrazten ditu hernaniarrak, ezerezaren eta minimalismoaren bazter batean egongo balira bezala. Horretarako, marrak, puntuak, orbanak eta siluetak erabiltzen ditu maiz. Baina lerro garbi horien atzean, pasioa eta erritmo dinamikoa dago beti, erromantikoa, bihotzarekin egindakoa, egileak zirkuko pailazoaren edo clown-aren begirada eta jarrera barneratu izan balitu bezala. Zabaletaren irudiak, esan bezala, irribarretik, samurtasunetik eta poesiatik gertu kokatzen dira. Eta horixe, bizitasun eta freskotasun hori da, agian, bere obraren bereizgarri nagusienetako bat.[13]
Naturako elementuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haurrei zoriontasuna zor zaiela aldarrikatu izan dute Jon Zabaletaren marrazkiek. Munduan, bere inguruan, nabaritu izan duen krudeltasuna, immobilismoarekin alderatzen du Zabaletak. Bizitzeko, aurrera egin behar dela dio, mugitu egin behar dela, arazoei konponbide bat eman... eta azkenean, mundu bat sortzen joan zitzaiola, naturatik oso gertukoa, naturatik zetorrena: barraskiloak, elefanteak, loreak, ilargia, pinpilinpauxak...[11] Martinellok ez du kukurik entzuten liburuan ere asko dira Zabaletak marrazten dituen naturako elementuak: sugeak, katuak, oiloak, lainoak, ostadarra, ipurtargiak, astoak... Pako Aristiren irudimenetik eta lumatik jaiotako pertsonaien inguruan dantzan dabiltzan animaliak eta bestelako elementuak, hain zuzen ere.
Jon Zabaletaren irudiak izaki txiki eta arruntez daude josiak. Hernaniarraren irudietako biztanleak gu geu gara. Elkarren oso berdinak eta oso ezberdinak, oso gertakarien aurrean indargeak. Zabaletaren irudietan -eta Aristiren ipuinetan- ez da heroirik agertzen.[11]
Irudien arintasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mundu hori hezurmamitzeko, arin marraztu behar zuen Zabaletak. Eta horretarako, rotrinaren malgutasuna zuen gogoko. Ilustratzailearen esanetan, ñabardura asko dauzka rotrinak; pixka bat mugitzearekin bakarrik, ñabardura berri bat egiten duzu. Errotuladorea motelagoa da, eta gehiegi definitzen du, hernaniarraren ustez. Errotuladoreak marka uzten du; rotrina airean doa.[11] Behin baino gehiagotan azpimarratu izan da, hain justu ere, Jon Zabaletaren irudiek duten arintasuna eta grabitaterik eza. Ilustratzaileak berak dio irudia mugitzen joaten dela, airean dagoela, eta hitza dela pisua duena.[12][14]
Martinellok ez du kukurik entzuten liburuko marrazkiak luma-muturrarekin eta tinta txinatarrarekin daude eginak. Azala ere (1985, Auskalo saila) horrela egin zuen Zabaletak, baina aurrerago beste azal bat egiteko eskatu zioten (1995 eta 2000, Igelio Igela saila), eta azal hura rotrinekin egin zuen hernaniarrak.
Zabaletaren marrazkiek, hain ulertzen errazak, hain handinahikeriarik gabeak, komunikatzeko gaitasun berezia dute. Hernaniarraren marrazteko moduak, bere egikerak, askatasuna, erraztasuna, konplikaziorik eza adierazten dio ikusle edo irakurleari. Marra soil zehatzez eta kolore lauz eginak (zuri-beltzekoak, kasu honetan), irudi antzeman errazak dira Zabaletarenak.[11]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Erein argitaletxearen webgunetik. (Noiz kontsultatua: 2017-04-29).
- ↑ a b Arroitajauregi, Jone. (2012). (PDF) Egungo euskal haur eta gazte literatura: katalogo bat. , 17-19 or. ISBN 978-84-616-2312-9. (Noiz kontsultatua: 2017-04-29).
- ↑ Ayerbe, Mikel. (2012). (PDF) Euskal Narratiba Garaikidea: Katalogo bat. , 13-15 or. ISBN 978-84-616-2311-2. (Noiz kontsultatua: 2017-04-29).
- ↑ Galtzagorriren webgunetik. (Noiz kontsultatua: 2017-04-29).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ (Gaztelaniaz) Pako Aristi Urtuzaga. (Noiz kontsultatua: 2017-04-29).
- ↑ Pako Aristiri elkarrizketa: “Euskal Herriko organo-jole ateo bakarra naiz”. 1991, urria (Noiz kontsultatua: 2017-04-29).
- ↑ Zubizarreta, Patxi. (2008). (PDF) 15 tesela haur eta gazte literaturaren mosaiko baterako. (Noiz kontsultatua: 2017-04-29).
- ↑ a b c Aristi, Pako. (1992). (PDF) Haur literaturaren inguruan - Nork inbentatu zuen adarra jotzeko makina?. Iruñea, 32-40 or. ISBN 84-86967-51-1. (Noiz kontsultatua: 2017-04-29).
- ↑ Galtzagorriren webgunetik. (Noiz kontsultatua: 2017-04-29).
- ↑ a b c d e f (PDF, prentsa-oharra) Ilustratzailearen Txokoa. Jon Zabaleta. 2014 (Noiz kontsultatua: 2017-04-29).
- ↑ a b c d e f g h i Testuak: Muñoz, Joxean; Machimbarrena, Alvaro; Berra, Kristina; Zabaleta, Jon. (2005). Jon Zabaleta: MANUEL - memoria. Donostia: Koldo Mitxelena Kulturunea, Gipuzkoako Foru Aldundia - Kultura Zuzendaritza Nagusia, 7-33 or. ISBN 84-7907-493-0..
- ↑ a b c (bideo luzea) Ilustratzailearen Txokoa. Jon Zabaletari elkarrizketa. 2014 (Noiz kontsultatua: 2017-04-29).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) La década de los cuarenta. (Noiz kontsultatua: 2017-04-30).
- ↑ (bideo laburra) Ilustratzailearen Txokoa. Jon Zabaletari elkarrizketa. 2014 (Noiz kontsultatua: 2017-04-30).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Behinola aldizkaria, 6. zbkia., 2002ko maiatza. Hitz eta Pitz. Galdera-sorta: Jokin Mitxelena, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Belén Lucas, Mikel Valverde, Jon Zabaleta (19. orrialdea): http://www.galtzagorri.eus/behinola/dokumentuak/063.pdf Noiz kontsultatua: 2017-04-30.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo loturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH) - Idazleak: Aristi, Pako. Serrano, Amaia: http://www.ehu.eus/ehg/literatura/idazleak/?p=115 Noiz kontsultatua: 2017-04-30.
- Basque Literature: Aristi, Pako: https://web.archive.org/web/20170426050132/http://www.basqueliterature.com/Katalogoak/egileak/aristi Noiz kontsultatua: 2017-04-30.
- Literaturaren Zubitegia. Pako Aristi: http://zubitegia.armiarma.eus/?i=13 Noiz kontsultatua: 2017-04-30.
- Ikasbil - Sautrela saiotik hartutako bideoa: Pako Aristi idazleari egindako elkarrizketa interesgarria: idazlearen datu biografikoak, zer den idaztea, bizipenak, obrak... http://www.ikasbil.eus/web/ikasbil/dokutekako-fitxa?p_p_id=56_INSTANCE_fLB1&p_p_lifecycle=0&p_p_state=normal&p_p_mode=view&p_p_col_id=column-1&p_p_col_count=1&articleId=30520&groupId=10138 Noiz kontsultatua: 2017-04-30.
- Jon Zabaletaren bloga: http://jonzabaletablog.blogspot.com.es Noiz kontsultatua: 2017-04-30.
- (Gaztelaniaz) Tebeosfera: Jon Zabaleta: https://www.tebeosfera.com/autores/yon_zabaleta.html Noiz kontsultatua: 2017-04-30.
- Berria. Jon Zabaletari elkarrizketa. Sarasola, Ainhoa (2014ko abendua): https://web.archive.org/web/20141218022716/http://www.berria.eus/paperekoa/1851/028/001/2014-12-17/ez_gara_komertzialak_izan_herrigintzan_ibili_izan_gara.htm Noiz kontsultatua: 2017-04-30.
- Azpeitiko idazleak: Martinellok ez du kukurik entzuten (liburuaren lagina): http://www.amarauna.org/azpeitia/?l=AriP25 Noiz kontsultatua: 2017-04-30.