Lavoisierren legea

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Masaren kontserbazio legea» orritik birbideratua)

Errekuntza erreakzio bat. Bertan, Lavoisierren legea betetzen da, izan ere, erreaktiboen masa eta produktuarena berdinak dira, hauek aldaketak jaso arren.

Lavoisierren legea, masaren kontserbazio legea edo materiaren kontserbazio legea natura zientzietako oinarrizko lege bat da, lege estekiometriko gisa ere sailkatua. Mijail Lomonosov zientzialariak era independentean landu zuen 1748an eta handik urte gutxira, 1785ean, aurkitu zuen Antoine Lavoisier zientzialariak.[1] Hainbat modutan adierazi daiteke, jarraian modu horietako bat:

« Sistema isolatu batean gertatzen den prozesu batean, hasierako egoeratik amaierako egoerara masa ez da aldatzen» »

[2]


Lege hau funtsezkoa da kimika modu egokian ulertu ahal izateko, izan ere, erreakzio kimikoak lantzean sarritan aplikatu ohi da. Adibidez, sustantzia baten hamar gramo beste baten bost gramorekin erreakzionatzen baditugu, jakina da produktua hamabost gramokoa izango dela. Erlatibitatearen teoriaren testuinguruan ere aipamena egiten zaio, nahiz eta masa-energiaren kontserbazioaren lege gisa ezagutzen den.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antoine Lavoisierrek aurkitu zuen masaren kontserbazio legea, gaur egun, bere izenarekin ere ezagutzen dena.

XVIII. mendeko kimikaren arazo nagusienetariko bat, konbustio edo errekuntza erreakzioetan gertatzen zen masaren itxurazko desagerpena zen. 1679an, Robert Boylek, egin zituen zenbait esperimentuei esker, erreaktibo eta produktuen artean masak gutxitzeko edo ugaritzeko joera zuela ondorioztatu zuen: zenbait metal beraien herdoiltzea baina lehenago eta ondoren pisatu eta hauen pisuak gora egiten zuela konturatu zen. Aipatutako esperimentuak ontzi irekietan gauzatzen zituela esan beharra dago.[3]

Lavoisierri, gai honen inguruko jakin-mina Parisko argiztatze sistema publikoarekin zerikusia zuten lanak egiten zebilenean sortu zitzaion. Eztainu eta berunaren tankerako metalekin egin zituen zenbait esperimentuetan (hauek, aipatutako sustantziak ontzi itxietan eta aire kantitate mugatu batekin zeudela egiten zituen) ikusi zuen, errekuntza gauzatzeko tenperatura igo ahala, ontziaren barneko materialak errautsezko geruza batekin estaltzen zirela, une jakin bat arte. Ondoren, erreaktiboek zuten masa produktuarenarekin alderatzen zuen eta noski, berdina izaten zen. Metalak errausterakoan masa kantitate jakin bat irabazi bazuen, logikoa da pentsatzea beste sustantzia batek kantitate berdina galdu zuela, kasu honetan, aireak. Beraz, metalen errekuntzetan sustantzia honi jazotzen zitzaion ustezko masa galera okerra zela frogatu eta horren ordez, metalek galdutako masa, kasu honetan, aireak irabazten zuela argudiatu zuen. Hau da, konbustioetan jazotzen den metalen masa galera beroaren ezaugarri berezia izatearen ustea gezurtatu zuen. Lavoisierrek eta beste hainbat zientzialarik egindako esperimentuei esker, gaur egun badakigu erreakzio kimiko baten erreaktiboen eta produktuaren masa kopurua berdina dela. Adierazpen horri masaren kontserbazio legea edo Lavoisierren legea deitzen zaio eta jarraian dagoen moduan adierazi dezakegu: «Erreakzio kimiko orotan masa kontserbatu egiten da, hau da, erreaktiboen guztizko masa kopurua eta produktuarena berdinak dira».

Adibideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jarraian dauden adibideek lege honek kimikan duen aplikazioa erakustea dute helburu.

Kandela baten errekuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kandela baten errekuntzan ez da masarik galtzen, eraldatu besterik ez da egiten.

Kandela baten errekuntza hasi eta mantentzen denean, ez da masa galtzen. Lavoisierren legea betetzen da, izan ere, erreaktiboek eta produktuak duten masak berdinak dira, kasu honetan: argizariaren eta oxigeno molekularraren (O2) masa, hau da, erreaktiboena, karbono dioxido (CO2), ur-lurruna (H2O) eta erre gabeko argizariarenaren berdinak dira, baita kandela itzaltzen denean ere.

Beraz:

Argizariaren masa + O2-aren masa = CO2-aren masa + H2O-aren masa + erre gabeko argizariaren masa

Guztizko masa kopuruan ez da aldaketarik jazotzen.

Burdinaren oxidazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Masaren kontserbazio legeak burdinaren oxidoak edo diburdina trioxidoak (Fe2O3), sustantzia hau oxigenoa (O2) burdinarekin (Fe) konbinatzen denean eratzen da, burdin puruak baino gehiago pisatzearen arrazoia ematen digu.

Aipatutako sustantziak oxigeno molekularrarekin erreakzionatzen du, hau da:

4Fe + 3O2 → 2Fe2O3

Kasu honi dagokionean, burdina (oxidatzerakoan), oxigenoaren hiru zatik burdinaren beste laurekin erreakzionatu dezaten konbinatzen da. Bestela esanda, proportzio jakin batean konbinatzen dira, lau burdina molekula hiru molekula oxigenorekin elkartzen da, produktua sortuz. Sustantzia berriak burdinaren masa edukitzeaz gain, oxigenoarena ere badu, erreakzioa gauzatzean elkartu egin direlako.

Hau diburdina trioxidoa lortzeko modu bat da, baina badira beste hainbat, nahiz eta konplexuagoak izan. Azken erreakzio konplexuago hauetan ur-lurrunak parte hartu dezake.

Azido klorhidrikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hidrogeno molekula baten (H2) eta gas erako kloro molekula baten (Cl2) erreakzio kimikoaren emaitza azido klorhidrikoa (HCl) dugu:

H2 +  Cl2 → 2HCl

Erreaktibo gisa jarduten duten atomoak ez dira suntsitzen, elkartu eta sustantzia berri bat eratzen dute, kasu honetan, azido klorhidrikoa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Konbinazio kimikoen legeak - hiru» www.hiru.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-30).
  2. «ZT Hiztegi Berria» zthiztegia.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-29).
  3. Jesús., Morcillo Rubio,. (1984). Temas básicos de química. (2{487} ed., 3{487} reimp. argitaraldia) Alhambra ISBN 8420507822. PMC 626851399. (Noiz kontsultatua: 2018-11-30).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]