Matxarda Talde Feminista Anarkista eta Autonomoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Matxarda Talde Feminista Anarkista eta Autonomoa
Datuak
MotaTaldea
HerrialdeaErrenteria
Ideologiafeminismoa
Historia
Sorrera1988

Matxarda 1988ko ekainaren 2an Errenterian sortu zen talde feminista bat da. Matxarden helburu nagusia da feminismoa ardatz pertsona libreak izatea.

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1980ko hamarkada, Euskal Herrian

Diktaduraren osteko garaia da. Krisia, errepresioa eta itxaropenik ezak ekarritako ezkortasunaren aurrean, aldaketaren gogoa eta ilusioa agertzen da zenbait mugimendu autonomoren barnean: talde feministek, ekologistek, antimilitaristek, irrati libreek, musika-taldeek, gaztetxeek, okupazioek… indar handia hartu zuten garai hartan.

Matxarda emakume feministen etxe okupatua eta kolektiboa ingurugiro horretan sortu ziren. Kolektibo hori osatzen zuten zazpi feministak hiru etxebizitza okupatu zituzten.

Matxarda. Emakume Feministen Etxea (1988-90)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Matxarda etxea, “ ideiek eta eguneroko bizitzak topo egiten duten gunea”, estatu mailan okupatu zen lehenengo etxebizitza feminista izan zen.

1988ko ekainaren 2an zazpi emakumek, haien espazioa bilatzeko eta nahiak garatzeko asmoz, Errenteriako etxe zahar bat okupatu zuten.[1]

Okupazioaren bidez, familia patriarkala eta etxebizitzen salerosketa espekulatiboa kritikatu nahi zituzten. Boterea, sexualitatea, parte-hartzea eta lan egiteko modua hankaz gora jarri eta bide berriak asmatzen hasi ziren.

Emakume gehienak beste etxe okupatuetatik eta giro asanblearioetatik zetozen, baina gune horietan, egunerokotasunean hutsune handi bat zegoela sentitzen zuten: “Beste etxe okupatu mistoetan ere bazirudien ez zitzaiola inori axola botere patriarkala aldatzea”.[2] Beraz, bizitzeko eta erlazionatzeko modu berri baten bila hasi ziren. Etxe bat okupatu zuten eta bertan bizitzea amestu zuten; orduko botereak ukatzen zien bizimodu hori eskuratzeko borrokan murgildu ziren.

Etxearen jabea Errenteriako paper-fabrika zen. Gabierrota etxe okupatuaren alboan zegoen. Etxea oso zaharra zen, eta hiru solairu zituen.

Matxarda etxeko sarreran "Tia PreOkupa" pankarta zintzilik

Eguneroko bizitza Matxarda etxean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taldeari jartzeko izen bat aukeratu behar zen eta Matxarda taldeko kide Elena eta Txeloren esanetan, “gogoan dut emakume edo neskato gaizto, bihurri eta abarri buruzko euskarazko izen baten bila genbiltzala”. Marimatxarda hitzak neskato bat lotsagabea dela adierazten du. Orduan, Krisek esan zuen: “niri matxarda gustatzen zait”; eta horrela geratu zen. Euskaltzaindiaren Hiztegian eta Elhuyar Hiztegian matxardaren definizio hau dator: “Neskatilez mintzatuz, bihurria eta nortasun handikoa”.[3][4]

Momentu hartan bizitzen ari ziren egoera salatzeko kalera konspiratzera atera zen talde feminista, anarkista eta autonomoari ere izen bera jarri zioten.

Egun, gogoan dituzte oraindik etxe hartako hotza eta zarata. Hiru solairu zituen arren, goiko ganbaran egiten zuten lo denek. Elkarbizitza oso estua zen. Gogoan dituzte bertan igarotako orduak eta festak, baita polizien ezusteko bisitak ere: “Lehen aldian 50 inguru igo ziren bertara, eta bigarrenean polizia nazionalaren bederatzi furgoneta eta hainbat tanke arin .

Baina “matxarden” ezaugarrietako bat sormena eta umorea zen, eta, horri esker, egoera haietatik onik ateratzea lortu zuten.

Oro har, espazioaren okupazioak, jakina, denbora beste modu batera igarotzera eramaten gaitu, egunerokotasuna modu kolektiboan eraikitzera, alegia. Asanbladan hartzen dira erabakiak eta antolakuntzan adostasuna hausnarketa kolektiboaren bidez lortzen da.

Etxe barruan, praktikara eraman zuten balioetako bat den-dena partekatzea izan zen: dirua, arropa, denbora, lagunak, etxeko lanak… Lan-banaketarik ez izateak desoreka eta gatazka txiki batzuk eragin zituen arren, azkenean oreka topatu zuten.

Autogestio politikoa finantzatzea hainbat bidetatik lortu zuten: herriko jaietako txosnen bidez gehienetan eta zenbaitetan Hanburgoko neskekin egindako elkartrukeetan. Elkartruke horietako diruak sei hilabeterako adina ematen zien. Jasotako dirua ekintza politikoetan sortzen ziren beharrizanei aurre egiteko erabiltzen zuten, baita aisialdian sortzen ziren gastu guztiak ordaintzeko ere.

Partekatzeko modu hori ez zen soilik Matxarda kolektibora mugatu. Beste etxe okupatu mistoekin eta atzerriko aliatuekin osatutako sareetara ere zabaldu zen: Errenteriako Emakumeen Asanblada[5], Kraska kolektiboa, Zaragozako Las Rudas[6], Madrilgo LigaDura,[7] Bizkaiko, Bartzelonako, Valentziako eta Alemaniako emakume okupak.

Matxarda kolektiboko hasierako logoa

Matxarda kolektiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxea okupatzeaz gain, Matxarda kolektiboa [8] sortu zuten eta inguruko emakume gehiago bildu ziren haien inguruan, sasoi hartako kezkak eta aldarrikapenak (gaur egunean ere batzuek berberak izaten jarraitzen dute) kalera ateratzeko. Kolektiboan, borroka definitu eta aurretik aipatu ditugun talde horiekin erlazionatzen hasi ziren.

Eztabaida sutsuak bidelagun bihurtu ziren. Kide bakoitzak bazuen esperientzia hainbat mugimendu feministaren barruan; hala ere, emakume bakoitza bere feminismoaren bila abiatu zen. “Matxardek” definitu zuten zer-nolako feminismoa nahi zuten, hura betiere ikuspegi zabal batetik hartuta. Besteak beste, mundua, emakumearen rola, ekonomia, zientzia eta politika zuten eztabaidagai. Izan ere, eguneroko bizitzan gai horiek nola eragiten zieten ulertzen eta aztertzen saiatu ziren.

Kolektiboa lantaldeetan antolatuta zegoen. Zenbait ekintzatarako, beste talde batzuekin elkartzen ziren, baina askotan ekintza propioak ere antolatu zituzten. Haien diskurtsoak eta praktikak deserosotasunak eragin zituzten, bai feminismoan, bai okupazio-mugimenduan, haustura handiegia ekarri zutelako.

Hamaika gai jorratu zituzten, betiere, sormena eta performancea osagai nagusiak izanik: La Ruda eta LigaDurarekin sortutako ingeniaritza genetikoari buruzko Gen Crítica fanzinea eta Errenteriako zumardian egindako erakusketa; hiru urtez, udan, emakume alemaniar batzuekin egindako truke politiko-kulturalak eta Hanburgora egindako bidaiak; festetan, mutil nazkagarrien aurkako kanpainak, Martuteneko espetxean preso zeuden emakumeei zuzendutako antzerkia eta kale-antzerkiak, Sabrina kantari italiarra Erne diskotekara joan zenean, bonba-kirasdunak botatzea; Donostiako Gaztelubide elkartean egindako pintadak eta atean kateatzea, intsumisoen autoinkulpazioak, irakurketa eta eztabaidak, okupazioaren gaineko topaketak, brigada internazionalistak (El Salvador, Guatemala, Mexiko eta Nikaraguan), etab.

Esperientzia dibertigarri eta surrealista asko bizi izan zituzten. Matxarda mugarria izan zen euren bizitzan, aukera izan baitzuten erreferentzia maskulinoak albo batera utzita beste modu batera pentsatu, ekin eta sentitzeko. Intimitatearen eta kolektiboaren artean oreka bilatzen zuen elkarbizitzarako beste eredu bat esperimentatzea ahalbidetu zien, aldi berean askatasuna eta segurtasuna sentitzea esperimentatu zuten, historikoki gizonezkoek egindako lanak egiteko aukera izan zuten euren gorputzak eta sexualitatea askatasunez bizi zezaketela sentitu zuten.

Zalantzarik gabe, etxe bat okupatzeak utopia bat bizitzera eraman zituen; etorkizunera begira, bizitzeko inspirazio-iturri den utopia. Gaur egun ere, elkarbizitza-eredua komunitatean oinarrituta egotea nahi dute, horretarako etxe bat okupatuz, zaharren egoitza feministak sortuz edo etxe komunitario autogestionatuak eraikiz. Nolanahi ere, argi dute partekatu egin beharko dituztela baliabideak, ekonomikoak izan edo haien arteko sareak eta familiak izan eta sortzen dutena, zahartzaroan sortzen diren beharretara egokitu beharko dela. Batek daki zein izango den euren patua.[9]

Mendi Urruzuno eta Etanowskiren "Gu izendatzeko erabiltzen zituztenak" kartela. Atlantikaldia 2022.

Oreretatik Altzibarrera (1990-1992)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zoritxarrez, autobus-geltoki bat egiteko proiektuak aurrera egin eta etxea utzi behar izan zuten. Orduan, Oiartzungo Altzibar auzoko guardia zibilaren kuartel ohira joan ziren. Etxearen baldintzak askoz hobeak ziren, besteak beste, bakoitzak bere gela zuelako. Kolektiboko kideen artean aldaketak egon ziren. Matxarda Etxean bizi ziren emakume batzuk ez ziren Altzibarreko etxera joan; eta bigarren etxe horretan, beste batzuk sartu ziren. Fase horretan pasarte gogorrak bizi izan zituzten, poliziaren lapurretez gain udalaren eta bizilagunen jarrera erabat bortitza zelako. Beste modu batera bizi nahi izateak beldurra eragin zezakeen Altzibarko auzoan, eta bertako bizilagunek, adibidez, lesbianak, drogazaleak, aberrigabeak eta immigranteak bezalako hitzak erabili zituzten haiek iraintzeko. Udalak, (HB zegoen udaletxean), argia eta ura kendu zizkieten, eta baita leihoak hormatzen hasi ere haiek barruan zirela. Egoera latz horren aurrean, Matxardako kideek negoziazioak hasi nahi izan zituzten. Alternatiba zehatzak proposatu zituzten, baina Udalak ez entzunarena egin zuen: emakume horiek ez omen zuten ezer interesgarririk esateko. Azkenean, hainbat saiakeraren ostean, Oiartzungo Ergoien auzoan zegoen Erdiko Etxean inor ez zela eta hura okupatzera animatu zituen Udalak. Baina ez ziren argiak izan; ez zieten esan saltzear zegoela eta laster bertatik joan behar izango zutela.

Erdiko etxea(1992-1994)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdiko Etxea izan zen hirugarren eta azken etxe okupatua. Oso polita eta handia zen arren, erortzeko zorian zegoen. Bertan bizitzeko, ezinbestekoa zen hainbat konponketa egitea. Eta horri ekin zioten nola edo hala. Esaterako, Madrilgo LigaDura kolektiboko kidea zen iturgin batekin, bainugela eraikitzen ikasi zuten. Baina bertan epe luzerako egon ezin izanak zaildu egin zuen denbora eta baliabideak etxea txukuntzera bideratzea.

Etxea saldu egin zen. Alde egin behar zutenean, euren modura egingo zutela itxiera, jendea gonbidatuz eta festa bat eginez.

Mendi Urruzunok utzitako argazkia
Errenteriako Atlantikaldian 2022

Matxarda kolektiboa gaur egun (2022-?)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Matxarden esanetan: …Urte haiek birpentsatuz, orduan gure bizitzaren jabe gaur egun baino gehiago izan ginela sentitzea, egunean zer gertatuko zen ez jakitearen ziurgabetasuna izanda ere, diru gutxi izanda ere... patua partekatzeak elkartu egiten gintuen, indarra ematen zigun… egunez egun elkarrekin bizitza eraikitzea izan da ahalduntzerako bizipen handiena. Matxarda izan!

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Legasse, Marc Legasse J. (2011). Anarkherria. Txalaparta, 19 or. ISBN 9..
  2. Vivienda : especulación ... & okupazioak.. Likiniano Elkartea 2001 ISBN 84-88455-91-7. PMC 806408564. (Noiz kontsultatua: 2022-11-12).
  3. «Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-12).
  4. Fundazioa, Elhuyar. «matxarda» Elhuyar Hiztegia (Noiz kontsultatua: 2022-11-12).
  5. «https://twitter.com/femnista» Twitter (Noiz kontsultatua: 2022-11-12).
  6. «zgz rebelde » FEMINISMO AUTÓNOMO EN LOS 90. EL CASO DE RUDA» www.zaragozarebelde.org (Noiz kontsultatua: 2022-11-12).
  7. Dominguez Patiño, Maria. (2020). El delito de usurpacion y el movimiento okupa. Universidad de Valladolid. Facultad de derecho, 34 or..
  8. Likiniano Elkartea, Donostiako Okupazio Batzarra. (2001). Vivienda:especulacion & okupacion. Likiniano Elkartea Donostialdeko okupazio batzarra, 72-75orr or. ISBN 84-88455-91-7..
  9. Rodriguez Garaiar, Naiara. (2021). Matxarda. .

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]