Intsumisio mugimendua Euskal Herrian

Wikipedia, Entziklopedia askea

Intsumiso presoak Iruñeko espetxean, Intsumisioa aurrera dioen pankarta batekin.

Intsumisio mugimendua Euskal Herrian Espainiako eta Frantziako indar armatuek deitutako derrigorrezko soldaduskan parte hartzeari 1980ko eta 1990ko hamarkadan nabarmen izan zen intsumisio mugimendu soziala izan zen, bi herrialdeetan soldaduskarekin amaitzea lortu zuena. Espainian ematen zen mugimenduaren zatirik handiena Euskal Herrian garatu zen. Mugimendu honek ehunka gazte kartzelara eraman zituen, eta herri askotan elkartasun taldeak sortu ziren.

Euskal Herrian, eta bereziki Nafarroa Garaian, historikoki, soldadu joatearen aurkako mugimendua zabala existitu da[1]. XIX. mendean hainbat buruhauste sortu zituen egoera honek, eta Bigarren Karlistaldia amaitu arte ez zen derrigorrezkoa izan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarentzat soldaduekin parte-hartzea. XX. mendearen amaieran NATOren aurkako, gerraren aurkako eta bakearen aldeko mugimenduei gehitu behar zaio euskal gatazkaren baitan Espainiako indar armatuetan parte hartzeak sortzen zuen sentimendua. Kontzientzia eragozpen kanpaina txiki batetik abiatuta, Mugimendu intsumituan bakezaleak, antimilitaristak zein ezker abertzaleko militanteak batu ziren, bi hamarkadetan herri askotako sentimendua irauliz.

Aurrekari historikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Armadaren eraketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kubara, sei mila erreal ez edukitzeagatik. Kintak ekiditeko dirurik ez izatearen drama, 1885ko irudi batean.

Espainiako Indar Armatuak, Europako indar armatu gehienek bezala, armada profesionala izan zuen XV. mendetik aurrera, normalki kargua ematen zitzaion aitoren semeren batek biltzen zituen bere soldaduekin. XVIII. mendetik aurrera sistema honek arazoak ditu eta bi figura sortzen dira: leba ondratua, udal bakoitzak izendatzen zituen herritarrekin, zozketaz; eta leba derrigortua berariaz kondenatutako herritarrekin. Argien Mendean sistema hau aldatu eta kintak deitzen hasi ziren, gerra garaietan bereziki. Kinta hauetatik salbuetsita zeuden kleroa eta noblezia eta Katalunian eta Hego Euskal Herrian zentsatutakoak[2]. Sistemak emaitzak ematen zituela eta, 1770an Ordenanza para el Reemplazo Anual argitaratu zen, kinta erregularrak ezartzen zituena[3], Nafarroaren kexa orokorrarekin[4]. Sistema hau Prusiako ereduan oinarrituta zegoen, Karlos III.a Espainiakoak imitatu nahi zuen eredua[3]. Ordenantza hau 1800ean eta 1837an berritu zen, eta soldaduska formalari hasiera eman zion, urteroko deialdiekin[5]. 1808an nobleziaren eta kleroaren salbuespena kendu zen, eta aukera eman zen diruaren truke soldaduskatik libratzeko; honela, familia askok euren dirua galdu zuten seme bat ez galtzeko, ahalik eta 1912an aukera hau kendu zen arte[2][6].

Lebaren aurkako tentsioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroan tentsioa nagusi izan zen kinta hauen aurka. Nafarroako Foruak zioen nafarrek soilik parte hartuko zutela Gorteek baimenduta (Abizena deituriko prozeduraren bidez) edo Nafarroa baldin bazen inbadituta[3]. Gainera, Erdi Arotik, lau probintzietako herritarrei ogia eman behar zitzaien hiru egun baino gehiago aterako baziren gerrara, eta horregatik ez ziren normalki frantsesen aurka joaten behin muga zeharkatuta, Espainiako erregearen haserrerako[3]. Behin kintak deitzen hasita, lau euskal probintziek arazo handiak jarri zituzten. José Cadalsok horrela laburbildu zuen[7]: "Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako jaurerriek eta Nafarroako Erresumak euren arteko paktu bat dutela ematen du, eta horregatik batzuek herrialde hauei deitzen diete Espainiako probintzia batuak"[oh 1]. Nafarroak, normalki, ez zituen bidaltzen eskatutako soldaduak, eta egiten zuenean kexa handiekin izaten ziren. 1653an Kataluniara 500 soldadu eskatu zitzaizkion Nafarroari Segalarien Gerran parte hartzeko; bidean gehienek desertatu zuten, iritsi aurretik[8]. 1770ko hamarkadan hainbat tentsio une izan ziren, bi urtean behin, eskatzen ziren soldaduen eta foruen interpretazioaren artean[3]. 1779an, Karlos III.aren eskariari erantzuteko herri bakoitzeko alferren zentsua egin zen, garbiketa ideologikoa egiteko probestu zutena. Herri batzuetan, hala ere, bertan alferrik ez zegoela erantzun zuten. Herri batzuetan, leba hauek egiten zirela jakinda, gazte asko basora edo zelaietara joaten ziren hainbat egunez, deialdiari uko egiteko[9]. Mende osoan zehar gatazkak sortu ziren herrietan[10], zein maila orokorrean.

Konbentzioaren Gerran Nafarroak leba egin zuen, azken finean Nafarroako hainbat herri okupatuta zeuden eta Foruak hori soldaduak eskatzeko argudioa zela adierazten zuen. Baina, prozesu hori ez zen egin kinten bidez, horrek arazo politikoak eragingo zituelako[3]. Hala ere, urak euren bidera itzuli ziren, eta 1800etik aurrera berriro ere arazo legalekin jarraitu zuten, lehena eta larria, 1803an, azkenean gizonezkoak bidali behar izan zituena[3]. 1805ean, Nafarroak kexa prozesu luze bat hasi zuen soldadu horiek ematearen aurka[3][11]. 1806an Nafarroak (Hondarribia, Pasaia eta Lezo kenduta), 220.011 biztanle zituen eta, beraz, 1.496 soldadu bidali behar zituen, baina noblezia kanpo geratzen zen: Baztanek, Zaraitzuk eta Erronkarik bere biztanle gehienak noble gisa erroldatu zituzten, eta, gainera, Diputazioak lortu zuen soldadu guztiak ordainketa batengatik aldatzea. Fernando VII.aren erregealdian egondako lehen leban Nafarroak kriminalak bidaltzeko eskaria egin zuen, eta onartu zioten. Baina egoera hau 1841ean amaitu zen Nafarroan eta 1876an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina Nafarroak negoziazio hobea egin zuen, eta eskubide batzuk mantendu zituen[3].

Frantziako Armadaren eraketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziako Indar Armatuen lehen bertsio profesionala Karlos VII.a Frantziakoak osatu zuen 1420ko hamarkadan, Ehun Urteko Gerraren osteko testuinguruan. Soldadu gehienak oraindik milizia urbano eta probintzialek ematen zuten, borroka lokalak egiteko helburuarekin. Henrike II.a Frantziakoak berriro erregularizatu zuen armada, Infanteria eta Milizia sortuz. Garai horretan ohikoa zen gerra bat amaituta unitateak desegitea, dirua aurrezteko[12]. Hala ere, Nafarroa Behereako herritarrek ez zuten parte hartzen, Lapurdi eta Zuberoakoek parte hartzen zuten bitartean[13].

Frantziako Iraultzaren ondorioz, armadaren izaera aldatu zen. 1789an, iraultzaren bizian, erabaki zuten armada soilik boluntarioz osatuta egongo zela, "nazio libre" batek merezi zuen bezala. Hala ere, 1792an Frantziako Nazio Biltzarrak gerrara joateko deia egin zuen. Aldaketa nagusia izan zen lehenago "erregea" eta "erlijioa" izan zirela gerrarako arrazoiak eta, kasu honetan, lehen aldiz Aberria aldarrikatu zela. Ipar Euskal Herriko biztanleentzat aldarri hori ez zen erakargarria, eta Baigorri izan zen boluntarioak aurkeztu zituen bakarra, Jean Isidore Harizperen eraginez Euskal Ehiztariak sortu zuena[13]. Hala ere, Ehiztari boluntario horietako batzuek muga pasa eta desertatu zuten, Itsasuko 47 soldaduk egin zuten bezala[14][15]. Beste gazte askok euren burua mutilatzen zuten, behatz bat moztuta edo hortz batzuk kenduta (beharrezkoa zena munizioa prestatzeko); gaixotasun infekziosoak zituztenek euren zerbitzuak eskaintzen zituzten beste batzuk soldadu joatetik libratzeko[16]. Hego Euskal Herrian soldadu joan nahi ez zuten asko ibili ziren; horietako batzuk, apaizak bereziki, hartu zituen Joan Antonio Mogelek etxean, eta eurei buruz hitz egiten du Peru Abarka lanean. Bere Wikisource-logo.svg Seigarren Elkarrizketan bertso honen zatia dago, eta badira beste batzuk, Sarako ihesliarren kantua bezalakoak[14]:

«

Peru Abarka
Gerlara ethorri ginean
Gure bizien perillean,
Gure agintariak pranzes,
Alons, chasseurs, avancez;
Guk euskara eranzutea,
Diabriak eraman bazinzez.

Otsondoko mendian
Nor bizi, nor bizi.
Ustez Asanblearen;
Joan ziren ihesi,
Mutuia izan eta
Itz bat ez bihurtu
Urdatxuri aldeko
Bihorrak izutu.

»
«

Sarako ihesliarren kantua
«Nora zoazte hor gaindi, ardi nahasiak?
«Espainiara goazi, doi-doia biziak.
Jauna, ahantz bekitzu guk egin gaizkiak,
gosez hil ez gaitezen mendian guziak.»

»

Frantziako iraultzaileek, Saran borroka bat galduta, euskaldunekiko mesfidati eta gero eta desertzio gehiagorekin, Lapurtarren deportazioa agindu zuten. Garatek ere, Fenizia Berria proposatzeko arrazoien artean, mugaz bestelako desertzioa ekiditea aipatu zuen[16].

Behera kintak![aldatu | aldatu iturburu kodea]

Icon pdf file.svg Kintoak soldadu ez joateko dirua ordain zitekeela probestuz, Nafarroan hainbat elkarte sortu ziren dirua urtero elkarrekin jarrita, soldadu horiek libratzeko. 1859ko araudi hau Iruñeko Udalak sortutako elkartearena da.

Nafarroan kinten aurkako mugimendua handia izan zen 1841tik aurrera, Nafarroako Foruak Eraldatzeko Legea onartu zenean[17]. Karlismoak markatutako testuinguru batean, ordena zaharraren defentsa egitea kinten aurkako jarrera bat ere bazen: askok karlismoarekin bat egiten zuten honek kinten desagerpena defendatzen zuelako eta, desertzioaren ondoren, karlisten altxamendu baten alde egiten zuten[2].

1840ko hamarkadan sistema bat eratzen hasi zen Nafarroako hainbat herritan: kinten elkarteak. Sistema horretan, seme bat zuten bazkideek, urtero kuota bat jartzen zuten, 18 urtera iritsiko ziren umeen kopurua kontuan hartuta, eta adinaren arabera. Honela, 18 urte betetzerakoan, aukera zegoen guztien artean metatutako diruarekin bazkideen bati zozketan soldadutza egokitzekotan bere aldaketa ordaintzeko[18]. Aldaketa horiek kudeatzeko enpresak ere sortu ziren, baina Diputazioak erabaki zuen udalerri bakoitzak nahi zuen moduan egin zezakeela aldaketa[2]. Baina, behin ordezkoa lortuta, aukera handia zegoen ordezko horrek ere desertatzeko eta lekua bete gabe geratzen zen. Honela, Espainiako Gobernuak Nafarroa epaitegietara eraman zuen, eta epaiketa irabazi: kinto bakoitzak bere ordezkoarengatik erantzun behar zuen. Ordezko horiek bilatzen ziren pobreen, umezurtzen eta etxerik pobreenetako bigarren semeen artean[2]. Desertzioaz nekatuta, lege berria onartu zuten: desertore bat harrapatzen zuenak aukera zuen bere ordez entregatzeko, bere burua libratuz; honela, herri batzuetan desertzioak antzezten zituzten, taldeko bat libratuko zela jakinda[2].

1849an Matinerren Gerrak eragin txikia izan zuen Nafarroan, baina egon ziren armetan altxatu zirenak. Horietatik 86 atxilotu zituzten eta Ameriketara deserriratu, eta horiek izan ziren urte horretan zozketaren ordez armadara joatera zigortu zituztenak[2]. Eta Ameriketara ere joaten ziren gazte asko, tartean soldadutza ekiditeko; Espainiak erabaki zuen Indietara bidea hartzen zuten gazteek diruzko bermea jarri beharko zutela, zozketan euren izena ateraz gero ordezkoa ordaintzeko[2].

1860ko hamarkadan Nafarroa zen, Bartzelonaren aurretik, kintoen ordezkapen gehien egiten zituen lurraldea. 1869-1871 hiru urtekoan kintoen %100 ordezkatu zituen, beste edozein lekutan baino prezio askoz altuagoan[19]. Eta, testuinguru horretan, Espainiako Lehen Errepublika iritsi zen. Askok pentsatzen zuten kintak hor amaituko zirela, eta hala ez zela ikusterakoan, protestak izan ziren. Lehen aldiz historian, Espainiako gainontzeko lurraldeek euskal lurraldeen eskumenak izatea eskatu zuten: denek nahi zuten kintekin amaitzea[2]. 1874ko Espainiako Borboien berrezarkuntzarekin batera Bigarren Karlistaldia garatu zen, eta urte horietan ez zen egon kinta deialdi berririk Nafarroan, soilik liberalei egokituko zitzaielako, karlistak armak eskuetan zeudela[2]. Liberalek, egoera orekatzeko, Levas y quintas: servicio militar de Navarra desde 1747 dokumentua argitaratu zuten, kintak egotea euren ardura ez zela demostratzeko. Gerra amaituta,16 eta 40 urte arteko karlistei Kubara armadan zerbitzatzera zigortu zituzten, eta 15.000 karlistek muga gurutzatu zuten Ipar Euskal Herrira. Cánovas del Castilloren gobernuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ere kintak ezarri zituen, baina oraindik aukera eman zien lau probintziei kintak euren modura ezartzeko; era berean, gerran liberalen alde egin zutenek zozketatik kanpo geratu ziren, baita hurrengo belaunaldian euren semeak ere. Aldi berean, 20 eta 24 urte arteko gazteei ezkontzea debekatu zitzaien, eta horrekin elkarte ilegitimoak ugaritu ziren[2].

Intsumisioa eta desertzioa Lehen Mundu Gerran[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fédération communiste anarchiste elkartearen kartela, 1912ko urria.

Frantzian ezker muturreko hainbat mugimenduk intsumisioa defendatzen zuten XIX. menderen amaieratik aurrera. 1902an 5.991 intsumitu zeuden Frantzian, 14.067 ziren 1907an eta 13.000 inguru 1912an[20]. Egoera horretan, Lehen Mundu Gerran soldadu joateko dei orokorrean intsumiso kopurua handia izatea espero zuen Frantziako Gobernuak, baina emaitza uste baino txikiagoa izan zen, deitutakoen % 1,5 baino ez[21]. Gerra hotsak entzun bezain pronto, manifestazio batzuk izan ziren Frantzian, baina lasaitasuna izan zen nagusi Ipar Euskal Herrian. Baionan, uztailaren 30ean, gatazka egon zen bakearen alde eta gerraren aurka Wikisource-logo.svg manifestatu ziren ezkerreko militanteen eta gerraren aldeko abertzaleen artean[22].

Gerra, ordez, latza izan zen, eta frontean zeudenen desertziorako aukera mozteko Frantziak bere soldaduetako batzuk fusilatu zituen, tartean Pierre Etxeberri eta Louis Mardochée Lévy euskal herritarrak[23][oh 2]. Lehen baimenak etorri zirenean, soldadu askok desertatu eta ez ziren itzuli, baina horien aurkako neurriak zorrotzak ziren, eta zailak Frantzia erdialdean bizi zirenentzat: mugatik gertu desertzioa errazagoa zen. Frantzian desertzioa % 1,5 inguru zen, baina Pirinioetan % 4, eta Ipar Euskal Herria barne hartzen zuen Behe Pirinioak departamenduan % 17,06. Departamenduan, guztira, 14.355 intsumitu eta 948 desertore izan ziren[24], 1914an Frantzia osoko intsumituen % 6,53[25]. Hala ere, intsumitu horietako askok jada lehenago ihes egin zuten Euskal Herritik: askok mugaz bestaldera, batzuek Ameriketara (departamentuko 4.000 inguru bizi ziren Ameriketan 1917an[26]), eta baziren ere arrantzale edo abeltzainak, muga erraz zeharkatzen zutenak[27]. Beheko taulan ikusten denez, Behe Pirinioetako barrutietan egondako intsumitu (% 60) eta desertore gehienak (% 90) euskal barrutietakoak ziren[28]:

Desertore bati buruzko txostena, 1916.

Nafarroara ihes egiten zutenen artean egoera erraza izan ohi zen, askok senideak baitzituzten mugaren beste aldean, eta lana zein etxea aurkitzea posible zelako. Baztanen, bereziki karlismoari lotutakoek, Alemaniarekiko sinpatia zuten eta erraz hartzen zituzten Lapurdi eta Nafarroa Behereko intsumituak[29]. Jendarmeriak 1916an egindako txosten baten arabera, Baigorriko eta Donibane Garaziko kantonamenduan intsumituen kopurua nabarmena zen[27]. Garazin 1.314 pertsona mobilizatu zituzten gerrarako, eta 1.310 intsumitu eta 49 desertore zeuden; Baigorrin 1.302 intsumitu, 45 desertore eta 594 gerra joandakoak. Aldude eta Urepelen zegoen kopururik altuena: 205 intsumitu Urepelen (% 81), 263 Alduden (% 87)[30]. Pirinio Behereetako prefetak, egoera ikusita, eskatu zuen ez ematea baimenik etxera itzultzeko euskaldunei edo, ezin bazen hori egin, Marokora bidaltzea, Hego Amerikara ezin joateko[27]. Desertore eta intsumitu askok, gainera, harremana mantendu zuten familiarekin, noizbehinka etxera jaisten ziren gauez eta, kasuren batean, Ibardinen jaia antolatu zuten eta lagunekin dantzatu, mugatik metro batzuetara[30].

Desertoreak eta intsumituak 1916ko azaroaren 30ean
Barrutia Desertoreak Intsumituak Guztira
Intsumisioa eta desertzioa Lehen Mundu Gerran Mauleko barrutian.svg

Intsumisioa eta desertzioa Lehen Mundu Gerran Mauleko barrutian kantonamenduaren arabera, eta udalerri hautatu batzuetan.[31]

Paue 19 774 793
Oloroe 18 1.006 1.024
Ortheze 14 760 774
Baiona 324 1.512 1.836
Maule 161 2.578 2.739
Guztira 536 6.630 7.166

Mugimendu garaikidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen eztabaida antimilitaristak eta KEM-MOCen sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pepe Beunza kontzientzia eragozlea.

Kontzientzia eragozpenaren inguruan Euskal Herrian sortu zen lehen mugimendu garaikidea KEM izan zen, 1974an. Kontzientzia eragozleez gain, indarkeria-ez aktiboaren aldekoak, kristau militanteak eta anarkistak biltzen zituen. Euren ekimenetan erresistentzia ez-biolentoa eta sabotajeak defendatzen zituzten, hala nola gastu militarraren aurkako ikerketa eta kontzientziazioa, gerraren aurkako mezuak eta indarkeria estrukturala salatu.[32] Pepe Beunza valentziar kontzientzia eragozlearen kasuaren ostean, hainbat talde sortu ziren han-hemenka ideia hori garatzeko, tartean Bilbon eta Iruñean[33]. Euren ideia soldaduskaren ordez ordezko lan boluntarioak egitea zen, hasiera batean; baina, 1977ko Espainiako Amnistia Legearen ostean, talde finko gisa osatu ziren MOCen, nabarmen Bilbon[33].

Lehenengo mugimendu hauek, hala ere, ez ziren ulertzen ezker politikoan, batzuentzat erradikalegiak zirelako, beste batzuentzat kristau ez-biolentoak[34]. Pertzepzio horretan lagundu zuen Katalunian Can Serrako kontzientzia eragozle taldeak, 1975ko Gabonetan elizetan irakurri zen manifestu baten egileak[35][36]. Kontzientzia-eragozpen mugimendu honek bakearen kulturan eta antimilitarismoan sakondu zuen, eta lehenengo hazia jarri zuen ondoren etorriko zen borrokarentzat[37]. Nafarroan, Misioneros del Verbo Divino izeneko taldeko kide batzuk hasi ziren ere ildo horretan mugitzen eta gerora hainbat josulagun gehitu zitzaizkien, guztiak unibertsitateko ikasleak[38]. Hedatzen ari zen mugimenduak Nafarroako Kontzientzia Objetore izena hartu zuen, baina 1978tik aurrera KEM-MOC gisa ere sinatzen zituzten euren testuak[38].

1979an KEM-MOCek bere Lehenengo Kongresua egin zuen Landan, Araban. Bertan, euren oinarri ideologikoak erabaki zituzten[39]. Urte horretan bertan lehenengo ekintzak izan ziren Bilbon, kartelak pegatuz eta kintoei informazioa banatuz. Lehen atxilotuak eta espetxeratuak izan ziren jada egun horietan[40]. 1980ko hamarkadatik aurrera KEM-MOC War Resisters' International erakundearen parte zen eta Rafael Sainz de Rozas bilbotarra izan zen erakundearen ordezkaria nazioarteko bilkura horretan[41].

Lehen KEM-MOC honek taldeak zituen Bilbon, Donostian eta Gasteizen, eta bertan mota guztietako taldeak zeuden, baita mugimendu antinuklearreko, ekologismoko, oinarrizko kristauetako edo CNTko kideak ere. Hala ere, 1980ko hamarkadak aurrera egin ahala, hau aldatu zen eta soilik kontzientzia eragozleak zirenak zeuden bertan[42]. Bilboko Bakearen Etxetik koordinatzen ziren Hego Euskal Herriko taldeak, baina baita Kantabria, Asturias, Errioxa eta Galiziakoak ere[42].

PSOEren gobernua, kontzientzia-eragozpenaren goraldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mili KK margoketa, MOCen sinadurarekin.
NATOren aurkako eta intsumisioaren aldeko kartela.

1982an Felipe Gonzálezek gidatutako PSOEk irabazi zituen hauteskundeak, eta aurreko urtean Tejeroren estatu kolpe saiakera izan zen; egoera horrek aukera eta diskurtso berriak ireki zituen antimilitarismoarentzat. Gainera, Europa osoan NATOren aurkako sentimendua indartzen ari zen mugimendu bakezalearen aldetik, eta Gerra Hotzeko militarismoaren salaketa etengabea zen[34]. Testuinguru horretan, Alemanian Berdeen sarrera eman zen, eta irakurketa antzekoarekin hasi ziren EMK (MCE) eta LKI (LCR), NATOren aurkako plataforma eta Mili KK plataformak aldi berean dinamizatuz[34]. PSOEk eta MOCek harreman ona zuten arren, lehenengoak 1983an aurkeztu zuen Wikisource-logo.svg Kontzientzia Objekzio Legeak ez zituen MOCen helburuak asebete. Honela, batez ere Nafarroan eta Katalunian hazten ari zen kontzientzia eragozle mugimenduak (1982an 10 objektore zeuden, 76 berri 1984an[38]) aukera ikusi zuen objekzio kolektiboa deitzen zuten bideari ekiteko[34]. "Gutun Kolektiboa" deitzen zen bidearen bidez, sinatzaileek ez zuten modu indibidualean aurkezten euren objekzioa, baizik eta guztiek batera, gutun berbera aurkeztuz. 1985an 167 nafarrek sinatu zuten gutun hau, biztanle kopuruari erreparatuz objektore gehien zituen probintzia; 570 ziren 1987an[43][oh 3]. Gutun Kolektiboa Espainiako Consejo Nacional de la Objeción de Conciencia erakundeari bidaltzen zitzaion eta, hainbeste izanda, instituzioa paralizatu zen, guztiei eragozpena onartuz; laster hasi zen arrakala horretatik milaka objektore berri iristen[34]. Egoera korapilatzeko, 1987an Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ezezkoa eman zion Espainiako Arartekoak aurkeztutako helegiteari (MOCen ekimenez), eta beraz Kontzientzia Eragozpen Legea onartu zen betiko. Espainiako Gobernuak aukera zuen, une horretan, legea aplikatzeko, baina Gutun Kolektiboa sinatu zuten 22.000 kontzientzia eragozle baino gehiago zituen aurrean; arazoa konpontzeko, soldaduskatik libratu zituen horiek guztiak[34].

1986an Espainia NATOko kide izaten jarraitzeko erreferenduma ospatu zen, antimilitarismoaren mezuaren gorakada nabarmen horren baitan. Gertakari hau funtsezkoa izan zen mugimenduaren hazkuntzarako[42]. 1981tik aurrera NATOren aurkako mugimendua indartzen hasi zen, eta horrek MOC definizio antimilitaristara eraman zuen, 1986an Madrilen egin zen kongresuan onartu zen bezala. Gainera, bai Mili KKren barruko kideek zein KEM-MOCen zeudenek aliantza sendoagoak eratu zituzten NATOren aurkako plataformetan metatutako ehunka kolektiboekin, euren oinarria zabalduz[42]. Nafarroan, Bardeako tiro eremuaren aurkako mugimendua gehitu behar zaio honi guztiari[45]. Erreferendumean Espainia NATOn integratzea erabaki zen, baina Hego Euskal Herrian ezezkoak irabazi zuen, nabarmen[46]. Behin Espainian NATOn egonda, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak kontzientzia-eragozpen legea onartuta eta 1986ko Espainiako hauteskunde orokorretan berriro gehiengoa lortuta, ordezko gizarte-zerbitzua arautzen hasi ziren[42].

Mugimenduaren dibertsifikazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kojon Prieto y los Huajolotes taldeko kideak Iruñeko PSNren egoitzan kateatuta. Bertan dago Antonio de la Cuesta intsumitua, protesta honetan atxilotu zutena. Gavilán ere atxilotu zuten, DNIrik ez eramateagatik[47].

PSOEren legearen gainean egindako irakurketen, kontzientzia-eragozpen eta intsumisioaren arteko eztabaidaren eta norberaren hautu politikoen arabera, mugimendua dibertsifikatzen joan zen, gero eta jende gehiago erakarriz. Eztabaidak oso zabalak ziren, eta esparru guztietan ematen ziren; adibidez, 1980an emakumearen papera zein izan zen eztabaidatzen zuten Nafarroako kontzientzia eragozle talde batek Gizaki Berriaren aldeko hautua egin zuten, eta, tarte batez Usotzen izan eta gero[38], Lakabe herria okupatu zuten[39], hamarkadak beranduago okupatuta jarraitzen duen herria[48]. Hurrengo urtean Nafarroako hainbat kontzientzia-eragozlek Txantreako Eskola-Lantegia sortu zuten, euren kabuz ordezko gizarte-zerbitzua eskaintzeko eta Argiñaritzen batzar bat egiten da irailean[38].

1984an Mili KK ekimenaren euskal bertsioa ere aurkeztu zen, Kakitzat izenarekin[33]. Bertan ezker muturreko hainbat sektore biltzen ziren, baita okupazioari eta autogestioari lotutako mugimenduak. Kakitzat hasiera batean Gipuzkoan sortu zen, bereziki Oreretako Talde Antimilitaristatik abiatuta[49], baina hamarkada amaitu aurretik dagoeneko Hego Euskal Herriko lurralde guztietan zeuden, eta ezker abertzalean militatzen zuten pertsonak ere batzen hasi ziren bertara. 1986an Nafarroara ere hedatu zen Kakitzat[38].

KEMek intsumisioari buruzko irizpide zehatz batzuk zituen, eta hortik kanpo geratzen zirenei ez zien abokatua jartzen. Euskal Herriko hainbat intsumitu desertoretzat zituen, uko egiten ziotelako epaiketara joateari ere. Hainbat talde egoera honen ondorioz zatitu ziren[50]. KEMen eta Kakitzaten arteko harremana ere urruntzen joan zen, lehenengoek ez zutelako begi onez ikusten alderdietako kideen parte hartzea bigarrenean eta bigarrenek uste zutelako KEMek borroka guztia monopolizatu nahi zuela[42]. Aldi berean, KEMek intsumisioa bultzatzen zuenez, sortu ziren ordezko gizarte-zerbitzua egiten zutenen elkarteak ere. Bizkaian AOC (Asociación de Objetores de Conciencia, gaztelaniaz) taldeak hainbat kide zituen. 1991an soldaduska 13 hilabetetik 9 izatera pasa zenean, ordezko gizarte-zerbitzuak 13 irauten jarraitzen zuen; honela, Bizkaiko AOCko kideek euren ordezko gizarte-zerbitzua uzten zuten 9 hilabete pasata, desertzio gisa hartzen zena[33].

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Euskal Herriko intsumisio mugimenduaren posterrak.

Baina, bestetik, mugimendu horien artean eta beste mugimendu alternatiboen arteko elkarlan berriak sortzen ziren, bai mugimendu ekologistan, feministan edo, nabarmen, gaztetxeen eta irrati libreen mugimenduan[42]. EHGAM bezalako LGBTen eskubideen aldeko mugimendu batek kartelak egin zituen Iruñean, "Maricón, pasa de la instrucción" leloarekin, aldi berean instituzio militarren homofobia salatuz eta intsumisioarekin bat eginez[51]. Herriz herri ere sortu ziren taldeak, adibidez Ondarroako Talde Antimilitarista[50], Ezkerraldea Intsumisoa[52], Nafarroa Intsumitua, Grupo Antimilitarista de Sakana (GAS) edo AFOINA, Nafarroako intsumitu eta objektoreen senideen elkartea[38].

Hainbat kartel

Jarrairen ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txomin Unzaga Jarraiko militante intsumisoa protagonistatzat zuen kartela.

1990ean Espainian zeuden 1.383 intsumituen erdia (%52) Hego Euskal Herrikoak ziren[33]. Eragin honekin, eragile gehienen posizioa aldatzen hasi zen. Urte horretara arte, KASeko gazteria zen Jarraik soldaduska defendatu zuen, honela militanteek armen erabilera ikas zezaketen[53]. 1990ko martxoaren 17an lehen aldiz planteatu zen soldaduskaren aurkako iritzia, Eginen argitaratutako artikulu batean, objeción política abertzale terminoetan[33]. Garai berberekoa da Garraxika aldizkaria, "Euskal Armada Nazionala" kontzeptua oraindik duena. "Soldaduska honi ez", karteletan eta abarretan publikoki agertzen zen eta bestalde, txantxa moduan, "milia miliekin" (hau da ETA(m)-rekin) esaera erabili ohi zen. "Soldaduzka honi ez" leloren ondorioa zen soldadutzari objekzioa edo intsumiso egitea ez zutela ondo ikusten.[54][55] Hala ere, militante gehienek ez zuten ondo ikusten soldadutza, eta intsumisioaren alde egiten zuten[56], Jarrairen barnean kontraesan handia sortuz[57]; eztabaida horren baitan, Jarraiko militanteek euren erabakiaren ondorioak jaso zituzten; adibidez, epaitegi militar batek[58] Txomin Unzaga laudioarra Langraizeko kartzelara bidali zuenean, Jarraik bere aldeko kartela egin zuen, "Euskal Lehengaia" izeneko kanpainaren barruan.

Mugimendu antimilitaristaren eraginez intsumisioaren aldeko mugimendua nagusitu zenean, eztabaida batzuen ondorioz, 1993ko azaroaren 20an[59] iritzia aldatu eta intsumisioa babestu zuen, Wikisource-logo.svg Egunkarian idatzitako iritzi artikulu baten bidez. Jarrairen eta Herri Batasunaren sarrera honek nabarmen igo zuen intsumituen kopurua eta indar soziala, baina KEM-MOCekin eztabaidak piztu zituen, lehenengoek euskal gatazkan zuten jarrera militaristatzat baitzuten[38]. Asko eztabaidatu zen garai hartan ea HBk eta Jarraik intsumisioa babesteak izan ote zuen arrakastan eragina, edo, alderantziz, intsumisioaren arrakasta izan ote zen ezker abertzalea mugitu zuena[59][60]. Edonola ere, 1990ko hamarkadan Herri Batasuna saiatu zen beste talde batzuekin batera intsumisioaren bidean aurrera joatea, arrakastekin eremu batzuetan, eta mesfidantzekin beste batzuetan[61].

Ipar Euskal Herrian ere, intsumisioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Manifestazioa Baionan intsumisioaren alde.
Patxaren kartel bat intsumisioari buruz.

Lehen Mundu Gerraren ostean, frantziar nazionalismoa sendotzeko hainbat neurri hartu zituen Frantziak, eta ohikoa bilakatu zen Morts pour la Patrie horren baitan Frantziako Armadara joatea, baita euskaldunentzat ere. Hala ere, Aljeriako gerran berriro piztu zen kontzientzia eragozpenaren mamua, eta 1963an hori arautu zuen Frantziak. Hortik aurrera, hainbat kontzientzia eragozle aritu ziren han-hemenka, hazia ereiten. Hainbat Zuberoan izan ziren, eta hortik ere eratorri zen beranduago hedatuko zen mugimenduaren parte[62].

Lehen intsumituak modu autonomoan aritu ziren Ipar Euskal Herrian. 1986an Txetx Etxeberrik uko egin zion soldaduska egiteari; hiru urte beranduago atxilotu zuten eta 30 egun gose greban egon ostean, askatu zuten, inongo kargurik gabe[63]. Baina lehenengo kanpaina Patxa erakundeak bultzatu zuen 1991ko irailaren 19an egindako prentsaurreko baten bidez. Bertan, Jean François Lefort Lof, Nikolas Padrones eta Erik Lexardoik iragarri zuten intsumitu izango zirela, Patxak bide hori urratzeko erabakiaren baitan[64][65]. Patxak harremana zuen bai Kakitzatekin bai eta Jarrairekin, eta parte hartu zuten 1991an Jarraik egindako kongresuan; bertan intsumisioa ere babestu zuten, eta eragina izan zuen Hego Euskal Herrian ematen zen eztabaidan[66]. Urte horretako abenduaren 17an Patxak lehenengo manifestazio nazionala deitu zuen intsumituak babesteko, eta Hego Euskal Herriko militante ugarik ere parte hartu zuten[64]. Hiru kideak atxilotu zituzten, eta hainbat hilabete pasa zituzten espetxean; horrek, babesa sortzeaz gain, kontzientzia eragozle eta intsumitu gehiago sortu zituen, eztabaida ireki zelako[67]. Frantziak, hala ere, espetxea amaitu ostean, berriro deitzen zituen gazteak soldaduskara. Kitu Laskarai, adibidez, bi aldiz izan zen preso intsumisioagatik; eta horregatik Frantzia osotik babesa izan zuen, azkenean amnistia eman zioten arte[68]. Preso sartu zen azken intsumitua Alain Cazaux Ponpon izan zen[69]. Kanpainak sustengua handitu zuenean MAIA (Militarismoaren Aurka, Intsumisioaren Alde) mugimendua sortu zen, ondoko urteetan intsumitu gehiago ekarriz[70].

1996ko otsailaren 22an derrigorrezko soldaduskari amaiera eman zion Jacques Chiracek. Horren ostean mugimendu antimilitarista husten joan zen, baina ereindako bideak beste izaera batzuk hartu zituen, adibidez Demokrazia Euskal Herriarentzat desobedientzia zibil mugimenduaren bidez[71].

4 urte, 2 hilabete, egun 1[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Intsumisioaren aldeko manifestazio bat. Ohikoa zen militarrez janztea, parodiak egiteko.

1989an lehen intsumituak aurkeztu ziren. Otsailaren 20an 57 intsumitu gobernu militarretan aurkeztu ziren Espainia osoan modu koordinatuan, horietatik 10 Nafarroan. Apirilean eta maiatzean beste hiru aurkezpen izan ziren, eta guztietan izan zen nabarmena nafarren parte-hartzea, baita lehenengo atxilotuen artean ere[38].

1991ean Espainiako Gobernuak legea aldatu zuen, soldaduska 13 hilabetetik 9ra pasaz eta aldaketa batzuk egiten epaiketei dagokionez. Une horretatik aurrera epaiketak epaitegi zibiletan izango ziren, eta ez militarretan, eta espetxe zigorra urte batetik lau urte, bi hilabete eta egun batera hedatu zen. Honela, 1991 baino lehen intsumitu zirenek kartzela gutxiago zuten ondorengo intsumituek baino[33]. Urte horretan bertan lehen gerra kontseilua egon zen euskal intsumitu baten aurka, eta laster izan zen ere lehen epaiketa zibila[53]. Atxiloketa eta espetxeratze horiek arazo bilakatu ziren gobernuarentzat, elkartasuna handitzen baitzen eta intsumisioaren mezua indartzen baitzen. Lehenengo intsumitu presoen artean zeuden Juanjo Armendariz, Gonzalo Mateo, Fermín Palomo, Xavier Zurbano edo Joseba Lazkano bezalako izenak, laster ezagun egin zirenak mobilizazioetan[38].

Eta hau guztia gutxi balitz, Golkoko Gerra hasi zen 1991an bertan, jarrera antimiltarista indartzeko aukera emateaz gain, desertzioak eragin zituena. Otsailaren 20an Asturias fragatan zegoen Asier Sánchez santurtziarrak eta Oscar Vicentek eragozpena adierazi eta atxilotu zituzten. Xanti Kiroga nafarra ere atxilotu zuten, soldadutza egiten ari zela bere burua eragozle izendatu eta soldaduska uzteagatik[72]. Urte horretan Bizkaian 207 intsumitu zeuden, Gipuzkoan 197, Nafarroan 182 eta Araban 96; lehenengo hiruak ziren estatu osoan intsumitu gehien zituzten probintziak[38]. 1992an Fermin Azkona izan zen lehenengoa lau urte, bi hilabete eta egun bateko zigorra jasotzen, eta urte amaierarako 40 epaiketa zeuden iragarrita; Nafarroa zen intsumitu gehien aurkezten zituen herrialdea, baita errepresiorik handiena jaso zuena ere. 1993ko ekainean 28 intsumitu zeuden preso Iruñeko espetxe zaharrean, eta beste 15 sartzeko zain, eta Sanferminen inguruan gose grebari ekin zioten[38].

Plantoaren aldeko ikasle manifestazioa.

Abuztuan preso guztiak 2. gradura pasa zituen Espainiako Gobernuak, egoera errepresiboa pixka bat lasaituz[38]. Izan ere, intsumisioak bere alde erabiltzen zuen errepresio hori, mezua helaraztea errazten ziolako[59]. Hirugarren gradura sartzeko behar zen lan gutuna aurkeztu ez eta 1993ko abenduaren 13an 45 intsumituk planto egin zuten, horietatik 4 bizkaitarrak eta 35 nafarrak. 1994ko otsailaren 20an beste planto bat egin zuten 13 intsumitu nafarrek, NUPen itxialdia abiatuz[73]. Uda horretan kartzelan zeuden presoak matxinatu ziren, Giltzapeko Paranoiak aldizkaria egiten hasi ziren, baina Espainiako Gobernuak erantzun zuen eta zazpi presori sakabanaketa ezarri zien, Nafarroako Gobernua kexatu arren[73]. 1995. urterako 4.783 intsumiso zeuden erroldatuta, eta, urte horretan bertan, 227 zeuden espetxeratuta[74], eta Espainian soldaduskari intsumisioa egin zioten 5.500 gazte ingurutik 3.500 Euskal Herrikoak ziren[59]. Sakanako herri batzuetan, inor ez zen joan soldaduskara urte horietan[75]. Tarte guzti honetan Eguzki Irratiaren bidez presoei mezuak bidaltzen zitzaizkien, eta kontrakulturaren ekimena argia zen. 1996an hotz greba egiten hasi ziren bai presoak, bai kanpoan zeuden intsumituek ere: eguneko hainbat unetan barruko arropa eta manta batekin baino ez ziren joaten lekuetara[38]. 1997ko otsailean Unai Salanueva intsumituak bere buruaz beste egin zuen hirugarren gradua eman zioten egun berean; honek elkartasun mezu oldea era eragin zuen[76].

Gainontzeko espetxetan ere baziren presoak, nahiz eta ez zen Iruñean bezalako kopurutan nabarmen. Dispertsioan zeudenak kontuan hartu gabe, Langraitzen, Martutenen eta Basaurik metatzen ziren intsumitu asko. Kirmen Uribek aipatzen duenez, Basaurik 21 preso egotera iritsi ziren, horietako zazpi KEMeko kideak, beste zazpi Kakitzatekoak eta gainontzeko zazpiak Ondarroako talde intsumitukoak[77].

Instituzioetatik laguntza eta EUDIMA[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Manuel Campos HBko Etxarriko alkate ohia izan zen zigorra jaso zuen lehen alkatea, 1993. urtean. Kargu publikoak betetzeko sei urterako ezgaitu zuten, eta 200.000 pezetako (1.200 euro) isuna jarri zioten[74].

Hainbat udalerritan soldaduskara joan nahi ez zutenei laguntza eskaintzen zitzaien udaletik bertatik. Kasu batzuetan, udalek ez zituzten betetzen egiten ziren eskariak, eta horren ondorioz alkateek ere epaiketak izan zituzten[78]. Berako eta Lezoko udalak izan ziren pauso hori ematen lehenengoak, guen desmilitarizatu izendatuz euren udalerriak[74]. Arazo eta ikuspegi hori partekatzen zuten udalerrien artean, 1995ean Wikisource-logo.svg Euskal Udal Intsumisoen Mankomunitatea (EUDIMA) sortu zen, soldaduskarekin kolaboratzen ez zuten udalez osatuta[79].

Hego Euskal Herriko 520 udalerrietatik 140k onartu zituzten intsumisioaren aldeko adierazpenak garai hartan. Gasteiz eta Bilboko udalak, besteak beste, intsumisioaren aldeko jarrera erakustera mugatu ziren, eta gazteei kontzientzia eragozpena agertzera animatzera. Ordea, aipatu 140 udal horien erdiek baino gehiagok desobeditzearen alde egin zuten. Ondorio argia izan zuen: 1999. urtean, Espainiako Defentsa Ministerioak 73 udalen aurkako auzibideak zituen martxan, eta, ordurako, hainbat alkatek auzitegietara joan behar izan zuten[74].

Bera eta Lezora heldu ziren lehen salaketak, baina, gerora, Hego Euskal Herri osoan zabaldu ziren: Nafarroan, Bakaiku, Etxauri, Arantza, Ziordia...; Bizkaian, Bermeo, Igorre, Arantzazu...; Araban, Agurain; Gipuzkoan, Urretxu, Zarautz... Eta, salaketen ostean, epaiketak heldu ziren, adibidez Jose Julian Irizar Zumarragako alkatearen aurkakoa[74]. Horrelako neurriak hartu zituzten udal gehienak Herri Batasuna eta Eusko Alkartasunaren gobernuekin izan ziren, baina izan ziren ere Euskadiko Ezkerra edo Eusko Alderdi Jeltzalea alkate zituenik[74].

Beste instituzio batzuetatik ere babesa eskaini zitzaien intsumituei. Nafarroako Parlamentuko Giza Eskubideen Batzordeak, adibidez, 1993an eskatu zuen jada intsumitu presoak askatzeko[38].

Soldaduskaren amaiera Espainian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zumaiako Gurutze Gorrian ordezko zerbitzua egitearen aurkako pankarta, 1995ean.

1996an egoera mantentzea zaila zen. Ehunka intsumitu preso zeuden, eta Estatu osoan elkartasuna zein kontzientzia eragozpenak gorantz egiten zuen. Jada urte horretan UPN, HB, IU eta EAko gazteek lortu zuten bat egitea derrigorrezko soldaduskaren aurka[38]. Espainia ez zen gai, gainera, kontzientzia eragozle guztientzat postuak bilatzen, gehienek ez zuten ezer ere egiten eta, postu bat zutenetako asko ere ez ziren bertaratzen. Nafarroan, 1995an egindako errolda batean, 4.610 kontzientzia eragozle zenbatu ziren guztira, horietatik 1.216 1994koak. 1997an kontzientzia eragozle gehiago zeuden, lehen aldiz, soldaduska egin zutenak baino[38].

Intsumisioaren aldeko Euzko Gaztediren kontzentrazioa, Bilboko gobernu militarraren aurrean.

1996ko apirilaren 16an Espainiako Alderdi Popularrak, Konbergentzia eta Batasunak eta Euzko Alderdi Jeltzaleak akordio bat sinatu zuten José María Aznar Espainiako presidente izendatzeko. Akordio horretan soldaduskarekin 2003a baino lehen amaitzeko konpromisoa agertzen zen[80], baina konpromiso hori bi urte aurreratu zuen[81], 2001eko abenduaren 31era[82]. Izan ere, iritzi publikoa ez zen intsumisioa zigortzearen aldekoa: 1994an espainiarren %15 zen zigorraren aldekoa, baina euskal herritarren %1,1 soilik[59].

Hala ere, intsumisioaren aldeko mugimenduak jarraitu zuen, helburu antimilitaristarekin. 1997an KEMek Intsumisioa kuarteletan ekimena aurkeztu zuen, soldaduskara joan eta bertatik ihes egiteko helburuarekin, arrakasta eskasarekin[83]. Tasio Ardanaz eta Jesús Belascoain nafarrak epaitu zituzten A Coruñatik desertatzeagatik. 1998an Aizoaingo kasernako teilatura igo ziren hainbat intsumitu. Baina soldaduskaren amaieraren bide horretan ordezko zerbitzua egiteko zian zeuden milaka pertsona zuzenean igaro ziren erreserbara, lege aldaketak zirela eta, horietatik 2.000 Nafarroan. Horri gehitu behar zaio milioika pertsona zeudela estatu osoan ikasketengatik luzapena eskatuta, eta ez zegoela modurik soldaduskak behar zituen leku guztiak betetzeko[38].

Ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugimendu sozialak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Derrigorrezko soldaduska amaitu ostean, intsumisioaren eta objekzioaren mugimendua ez ziren desagertu, baina indar nabarmena galdu zuten. Gaizka Aranguren intsumituaren ustez, benetako eztabaida zen militarismoa salbatzeko kendu zuten soldadutza: «guda hori galtzea erabaki zuten, militarismoaren gerra irabazi ahal izateko»[84]. Euskal Herrian, euskal gatazkak gurutzatua, desobedientzia zibilaren inguruko bideak indartu ziren, eta horrek isla izan zuen beste eremu batzuetan, adibidez Itoizko urtegiaren aurkako ekintzetan, edo Ipar Euskal Herrian Demoen mugimenduan.

Oroimena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruñeko espetxe zaharra zegoen lekuan, Intsumisioaren plaza ireki zen 2008ko urrian[85].

2020an Lander Garrok zuzendutako 4 urte, 2 hilabete dokumentala estreinatu zen[86]. Protagonisten artean, Gaizka Aranguren, Juan Kruz Lakasta eta Tonino Carotone intsumituak daude.

2021eko otsailaren 16an Nafarroako Gobernuak intsumisioari eta objekzioari buruzko 6.000 artxibo baino gehiago digitalizatu eta aske utzi zituen, AHMOCIN biltegian[87]

Intsumisioa kulturan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontaezinak dira Euskal Rock Erradikala pizten ari zen garaian sortutako intsumisioari buruzko abestiak. Gainera, tarte ezberdinetan egondako eztabaidak ere jaso izan dira abestietan. Adibidez, Pikutara taldearen kanta batek (Soldaduska honi ez) intsumisioaren aurrean Jarraik izan zuen ideia ondo azaltzen du. Kojon Prieto y los Huajolotes nafar taldearen "Insumisión" abestia, soldaduskaren aurkako ereserki moduko bat bihurtu zen Hego Euskal Herrian 1990. hamarkadan[88][oh 4]. KEM-MOCek bildumak argitaratu zituen, abesti sortekin[89], tartean Euskal Herriko hainbat talderenak: MCDren Popatik hartzera, Julio Kagetaren Mili no, Parabellumen Kuerpo a Kuerpo, Flitterren Insumisión edo Barricadaren Invitación a la pesadilla bezala. Intsumisioa izeneko abestia egin zuen Lin Ton Taun taldeak, [90], Bittor Aiapek 1995an[91] eta Eganek 1994an[92]. 1996an Oskorrik Jon Sarasuaren hitzak zituen Intsumisoarena abestia argitaratu zuen[93].

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. el Señorío de Vizcaya, Guipúzcoa, Alava y el Reino de Navarra tienen tal pacto entre sí que algunos llaman a estos países las provincias unidas de España
  2. Etxeberrik ez zuen desertatu: bere postuan zegoela, obus bat erori zen ondoan eta bere kide asko hil ziren. Bera oihanera aldendu zen eta, gaua han pasata, goizean Parois herriko infanteria posturaino joan zen. Bere postua utzi zuela eta, urriaren 21ean fusilatu zuten. Mardochéeren kasuan ez zen garaiz agertu Oualcheseko lubakian, beste batean lo egon zelako. 1915eko urtarrilaren 15ean fusilatu zuten.
  3. Datu orokor gisa, 1985aren amaieran 10.000 kontzientzia eragozpen inguru zenbatu ziren Espainia osoan, baina horietatik 6.500 inguru Jehovaren Lekukoak ziren. 2.800 inguru gutun kolektiboa sinatu zutenenenak ziren[44].
  4. Taldeko kidea zen Tonino Carotone (Antonio de la Cuesta) abeslariari buruz hitz egiten du kantak: Y el Toñin está en la trena / pagando por la cara / una injusta condena.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «¡Abajo las quintas! Crónica de la Navarra insumisa: nueva edición, corregida y actualizada» www.txalaparta.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-19).
  2. a b c d e f g h i j k «Implantación del servicio militar en Navarra: el precio de la derrota» Iura Vasconiae 4: 415-435. (Noiz kontsultatua: 2021-05-19).
  3. a b c d e f g h i Ferrer, María Angeles; Burguete, Carlos. (1989). «Legislación navarra en el negocio de quintas» Revista jurídica de Navarra (8): 229–252. ISSN 0213-5795. (Noiz kontsultatua: 2021-05-19).
  4. Carasatorre, Rafael. (2016-01-24). «Textos Históricos Navarros: Soldados: 1777: "El Rey en Navarra no es Rey"» Textos Históricos Navarros (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  5. Puell de la Villa, Fernando. (1995). «La ordenanza del reemplazo anual de 1770» Hispania: Revista española de historia 55 (189): 205–228. ISSN 0018-2141. (Noiz kontsultatua: 2021-05-19).
  6. (Gaztelaniaz) historiayculturasrepublicanas. (2017-12-10). «Las odiosas quintas y el republicanismo» Historia y Culturas republicanas (Noiz kontsultatua: 2021-05-19).
  7. (Gaztelaniaz) «Carta XXVI» «Cartas marruecas» Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes (Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes) (Noiz kontsultatua: 2021-05-19).
  8. MOC 2002, 30 orr. .
  9. Esparza 2019, 102-103 orr. .
  10. Carasatorre, Rafael. (2016-02-14). «Textos Históricos Navarros: Burunda: 1705: pegas al honroso servicio de las armas» Textos Históricos Navarros (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  11. Carasatorre, Rafael. (2016-01-26). «Textos Históricos Navarros: Soldados: 1803: a las Armas los vagos y mal entretenidos» Textos Históricos Navarros (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  12. Dupuy, R. Ernest. (1993). The Harper encyclopedia of military history : from 3500 BC to the present. (4th ed. argitaraldia) HarperCollins ISBN 0-06-270056-1. PMC 26012613. (Noiz kontsultatua: 2021-05-19).
  13. a b Esparza 2019, 106-107 orr. .
  14. a b Antonio, Zavala. (2003). Frantzia'ko iraultza eta konbentzioko gerra bertsotan (bertsoak). Etor ISBN 84-85527-62-3. PMC 435361337. (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  15. La Cerda, Alexandre de. (2016). La déportation des Basques sous la Terreur. ISBN 978-2-35068-355-3. PMC 948550991. (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  16. a b Esparza 2019, 109-110 orr. .
  17. Esparza 2019.
  18. Esparza 2019, 228-229 orr. .
  19. Esparza 2019, 238 orr. .
  20. Auvray, Michel. (1983). Objecteurs, insoumis, déserteurs : histoire des réfractaires en France. Stock ISBN 2-234-01652-5. PMC 10810295. (Noiz kontsultatua: 2021-05-24).
  21. Jourdan 2014, 3 orr. .
  22. Jourdan 2014, 17 orr. .
  23. Bidegain 2014, 92 orr. .
  24. Bidegain 2014, 94 orr. .
  25. Jourdan 2014, 49 orr. .
  26. Jourdan 2014, 59 orr. .
  27. a b c Garat, Jacques. (2014). Déserteurs et insoumis basques de la Grande Guerre. ISBN 978-84-9027-285-5. PMC 902616262. (Noiz kontsultatua: 2021-05-24).
  28. Jourdan 2014, 52 orr. .
  29. Bidegain 2014, 95 orr. .
  30. a b Bidegain 2014, 96 orr. .
  31. Jourdan 2014, 54-55 orr. .
  32. Ajangiz, Rafael; Bárcena, Iñaki. «Euskal Herriko Gizarte Mugimenduak» Giza eskubideak (Deusto).
  33. a b c d e f g Oliver Olmo, Pedro. (2021-01-18). «El movimiento de objeción de conciencia e insumisión en España (1971-2002)» HISPANIA NOVA. Primera Revista de Historia Contemporánea on-line en castellano. Segunda Época: 353. doi:10.20318/hn.2021.5885. ISSN 1138-7319. (Noiz kontsultatua: 2021-05-22).
  34. a b c d e f Ordás, Carlos Ángel. (2013). «La soledad de los primeros pacifistas: incomprensión de las izquierdas y apoyos de sectores pro-conciliares» VIII Encuentro Internacional de Investigadores del Franquismo, 2013, ISBN 978-84-695-8654-9 (Centre d'Estudis sobre les Epoques Franquista i Democràtica): 12. ISBN 978-84-695-8654-9. (Noiz kontsultatua: 2021-05-22).
  35. (Gaztelaniaz) Pareja, Pol. (2020-12-24). «45 años de los objetores de Can Serra, el inicio del movimiento de desobediencia civil más grande de Europa» ElDiario.es (Noiz kontsultatua: 2021-05-26).
  36. MOC 2002, 54-55 orr. .
  37. Elizondo 2011, 22-23 orr. .
  38. a b c d e f g h i j k l m n o p q r Oliver Olmo, Pedro; Aretio-Aurtena, Bruno L.. (2019). INFORME EVOLUCIÓN HISTÓRICA DE LOS MOVIMIENTOS DE OBJECIÓN DE CONCIENCIA EN NAVARRA. Nafarroako Gobernua.
  39. a b (Gaztelaniaz) «La objeción de conciencia y el antimilitarismo en el Estado español: 1971 – 1986» El Topo (Noiz kontsultatua: 2021-05-26).
  40. MOC 2002, 106-107 orr. .
  41. (Gaztelaniaz) Rafael, Sainz de Rozas. (1990). La objeción a nivel internacional. Papeles para la Paz, 143-185 or..
  42. a b c d e f g «El Movimiento de Objeción de Conciencia en la década de 1980 | Ayer» revistaayer.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-26).
  43. (Gaztelaniaz) Aldayturriaga, Alazne. (2021-03-21). «Objeción de conciencia e insumisión: el fenómeno de oposición al servicio militar obligatorio que revolucionó la sociedad navarra» ElDiario.es (Noiz kontsultatua: 2021-05-26).
  44. MOC 2002, 115 orr. .
  45. (Gaztelaniaz) Sola, Ramón. (2021-4-21). «Robles hace una férrea defensa del polígono de Bardenas y Pozueta le reta a un referéndum» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-05-26).
  46. «Referéndum consultivo en relación con la Alianza Atlántica - Constitución española» app.congreso.es (Noiz kontsultatua: 2021-05-26).
  47. (Gaztelaniaz) www.funtsak.com, Funtsak-Diseño y Programación Web-. «Toñin de la Cuesta: “Me mandaron la carta de las narices y estas foticos reflejan la que lié”» www.txalaparta.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-27).
  48. (Gaztelaniaz) Lakabe – Tierra de bosques. (Noiz kontsultatua: 2021-05-26).
  49. Elizondo & 2011 p=151-152.
  50. a b Elizondo 2011, 33-34 orr. .
  51. Elizondo 2011, 12 orr. .
  52. Elizondo 2011, 37 orr. .
  53. a b Alonso, Fernando. (2004). Por qué luchamos los vascos?. (1. ed. argitaraldia) Txalaparta ISBN 84-8136-375-8. PMC 58543391. (Noiz kontsultatua: 2021-05-26).
  54. Zubimendi, Mikel. «Jarrai eta gazte mugimenduaz: atzera begirako istorio pertsonal bat» Erria (Noiz kontsultatua: 2021-05-22).
  55. ««Derrigorrezko soldaduska iintsumisioaren ondorioz bakarrik desagertu zela erratea ez da zuzena» - Baztan» Erran.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-22).
  56. «Jarraitik Ernai eta Aitzinara 40 urte» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-05-22).
  57. (Gaztelaniaz) Bidaurrazaga, Aitor Guenaga. (1992-05-02). «Las juventudes de KAS admiten que ya no captan militantes y que no influyen entre los estudiantes» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-05-22).
  58. (Gaztelaniaz) Gorospe, Pedro. (1992-01-23). «Un juez militar dicta prisión para un insumiso tras pasar el delito al ámbito civil» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-05-22).
  59. a b c d e Ibarra Güel, Pedro; Barcena Hinojal, Iñaki; Garate Zubiaga, Mario. (1995-07-14). «Mugimendu sozialak eta demokrazia Euskal Herrian: intsumisioa eta ekologismoa» Uztaro aldizkari elektronikoa (Uztaro 14): 99. ISSN 1130-5738. (Noiz kontsultatua: 2021-05-19).
  60. ««Intsumisioak eragin handiagoa izan du HBn alderantziz baino»» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-05-27).
  61. Elizondo & 2011 p=174.
  62. Elizondo 2011, 160 orr. .
  63. Elizondo 2011, 161 orr. .
  64. a b Elizondo 2011, 163 orr. .
  65. Perez, Raul. (2011). «"Besta bai, borroka ere bai"» Gaztezulo (Noiz kontsultatua: 2021-05-27).
  66. Elizondo 2011, 162 orr. .
  67. Elizondo 2011, 164-165 orr. .
  68. Elizondo 2011, 171 orr. .
  69. “Munduko su artifizial txikiena sortu genuen, eta nahi nuke barnatu” |. (Noiz kontsultatua: 2021-05-27).
  70. (Frantsesez) Urteaga, Eguzki. (1996). Le mouvement antimilitariste basque contemporain. Éditions Sociologie.
  71. Elizondo 2011, 117 orr. .
  72. Ormazabal, Sabino. (2009). Indarkeriarik gabeko 500 ekintza historia kontatzeko beste modu bat : bidea helburu taldea. Manu Robles-Arangiz Institutua Fundaziona ISBN 978-84-935380-5-7. PMC 733676981. (Noiz kontsultatua: 2021-05-27).
  73. a b (Gaztelaniaz) Noticias, Diario de. «El movimiento de la insumisión en Navarra (II): el ‘plante’» www.noticiasdenavarra.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-27).
  74. a b c d e f Rejado, Jon. «Udalek obeditzeari uko egin ziotenean» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-05-26).
  75. Elizondo 2011, 83 orr. .
  76. Elizondo 2011, 137 orr. .
  77. Elizondo & 2011 p=189.
  78. «Udalak eta alkateak, intsumisioaren alde» Gipuzkoako Hitza 2012-12-14 (Noiz kontsultatua: 2021-05-26).
  79. «Eudimako kide izandakoei omenaldia» El Diario Vasco 2019-10-29 (Noiz kontsultatua: 2021-05-26).
  80. (Gaztelaniaz) Ibañez, Juan González; González, Miguel. (1996-04-16). «PP y CiU alcanzan un compromiso para suprimir el servicio militar» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-05-27).
  81. (Gaztelaniaz) González, Miguel. (2000-03-08). «Aznar adelantará a 2001 la supresión de la mili, en contra del criterio de Defensa» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-05-27).
  82. Elizondo 2011, 24 orr. .
  83. Elizondo & 2011 p=192-193.
  84. Elizondo 2011, 116 orr. .
  85. «Iruñean Intsumisioaren parkea mustuko dute - Sakana» Guaixe.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-25).
  86. (Gaztelaniaz) 2 Urte, 4 hilabete – Intsumisioaren garaipena. (Noiz kontsultatua: 2021-05-27).
  87. Nafarroako Gobernuak kontzientzia-eragozpenaren mugimenduaren eta intsumisioari buruzko 6.000 dokumentu bildu ditu.. Nafarroako Gobernua.
  88. (Gaztelaniaz) «Ni civil ni militar: canciones por la insumisión» www.elsaltodiario.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-26).
  89. «VVAA - Insumision (KEM - MOC) - HARD CORE / PUNK demos» hxccrew.zonalibre.org (Noiz kontsultatua: 2021-05-26).
  90. Lin ton taun - Intsumisioa. (Noiz kontsultatua: 2021-05-27).
  91. Intsumisioa, Bittor Aiape (Gaztea naiz eta zer, 1995). (Noiz kontsultatua: 2021-05-27).
  92. Egan - Intsumisioa (1994) [HD Ofiziala. ] (Noiz kontsultatua: 2021-05-27).
  93. Oskorri & Jon Sarasua 'Insumisoarena' (1996-09-13) (3'42). (Noiz kontsultatua: 2021-05-27).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • AHMOCIN - Nafarroako Gobernuaren intsumisioari eta kontzientzia eragozpenari buruzko dokumentazio webgunea.
  • Sin Kuartel Bilboko Talde Antimilitarista.