Maurice Harriet

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maurice Harriet

Bizitza
JaiotzaHaltsu1814ko irailaren 14a
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
HeriotzaHaltsu1904ko otsailaren 16a (89 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
frantsesa
gaztelania
Jarduerak
Jardueraklexikografoa eta apaiza

Maurice Harriet (Haltsu, Lapurdi, 1814ko irailaren 14a1904ko otsailaren 16a[1]) euskaltzalea eta hiztegigilea izan zen. Martin Harrieten iloba (Martin Harrieten Pierre seme gaztearen semea).

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zazpi haurridetan bosgarrena zen, eta Maurice, bere anaia Fabien bezala, apaiza izan zen. Mauricek lehenik Larresoron eta gero jesuitek Pasaian zuten ikastetxean egin zituen ikasketak. Ondoren, 1839 ezkero, Parisko Saint-Sulpice apaizgaitegian izan zen. Apaiztu bitartean eta ondoren, irakaskuntzan aritu zen, oratoriarrek Juillyn, Paristik hurbil, zuten ikastetxean.

Gero, anaia Fabienekin batera, Baionara joan zen, biek sorturiko Institution Saint-Léon ikastetxean lan egitera. Azkenean, Baionako apaizgaitegi handira joan, eta han zientziako irakasle eta zuzendari izan zen. Hizlari gisa ospe handia zuen orduko, euskaraz eta frantsesez. Artikulu bat ere idatzi zuen Bossueten gainean: «Jusqu´à quel point et pourqoi Bossuet a adopté le système thomiste» (eskuizkribua).

Euskaltzaleen munduan ere ezaguna zen. Lehen Lore Jokoak hark antolatu zituen, Anton Abadiaren aginduz, 1853an, Urruñan.

1858an Madrila joan zen, eta bertako San Luis de los Franceses eliza, eskola eta erietxeko buru izan zen. 1874 arte egon zen han. Haltsura itzuli, eta han hil zen 1904an.

Idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztetandik izan zuen euskal hiztegi orohartzaile bat egiteko asmoa. Madrilen material asko bildu zuen, eta beste hiztegigile batekin, Aizkibelekin, adiskidetasun estua izan zuen. Hiztegia bukatu bazuen ere, ez zuen argitara eman. Euskara-frantses hiztegia da. Jatorrizkoa oso mardula da: 3.536 orrialde ditu. Lekukoak oso ugari dira. Eskuizkribu asko ere kontuan hartu zituen Harrietek. Hala ere, hiztegiaren balioa, lekuko idatziei dagokionez, arrunt apaltzen da, Harrietek perpaus eta hitz asko aldatu baitzituen, gehienetan garbizalekeriazko irizpideari amore emanik. Hiztegia argitaratu gabea bada ere, erabili izan da. Azkuek, adibidez, ezagutu zuen, eta bere eranskinean, batez ere, hitz asko jaso zituen. Halaber, Orotariko Euskal Hiztegian kontuan hartu da Maurice Harrieten hiztegia. Endrike Knörrek tesia egin zuen hiztegiaren gainean, Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean (Para una edición crítica del diccionario de Maurice Harriet, argitaratu gabea, Gasteiz, 1987). Aipatu behar da, azkenik, Harrietek Haranederren Testamentu Berria argitaratu zuela 1855ean, Dassanceren laguntzaz.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]