Medikuntzaren filosofia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Medikuntzaren filosofia, osasun zientzien barruan praktika, ikerketa eta teorian ezinbestekoak diren gaiak ikertzea bilatzen duen alorra da, bereziki gai metafisiko eta epistemologikoak. Bere sustrai historikoak Antzinaroraino doaz, corpus hipokratikoraino eta medikuntzaren filosofian giltzarri diren kontzeptuei buruzko eztabaidak 1800. urtean bederen egiten ziren.

Medikuntzaren filosofia beraren existentziari buruzko eztabaidak ere ugariak izan dira, baina gaur egun literatura akademikoan ondo ainguratu den adarra dela argi dago, ongi ezaugarritzen duten galdera eta arazo propioak dituena. Baloreen mundua eta etika ere beregain hartzen dituen arazo askoren zati diren arren, bioetika aparteko adar bezala kontsideratzen da egun. Medikuntzaren filosofia oinarri izaten da sarritan bioetikaren munduan, bertan sarritan sortzen diren medikuntzaren praktikaren funtsezko osagaiak aztertzen baitira, gaixotasunaren kontzeptua esate baterako.

Adar honek bestalde, ekarpen garrantzitsuak egin dizkio zientziaren filosofiari orokorrean, batez ere azalpenaren, kausalitatearen edo esperimentazioaren ulermenean lagunduz, baita ezagutza zientifikoaren aplikazioaren inguruko eztabaidei ere.

Honez gain, medikuntzaren filosofiak zeresana izan du osasun eta zientzia medikuen ikerketa eta praktikak barne hartzen dituen metodo eta helburuei buruzko eztabaidetan.

Nola definitu beharko genituzke osasuna eta gaixotasuna?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Medikuntzaren filosofiako eztabaidarik zahar eta garrantzitsuenetako bat osasuna eta gaixotasunaren oinarrizko kontzeptuekin erlazionatzen da. Bi hauek desberdintzen dituen muga oso fina da, giza biztanleriaren aniztasunagatik alde batetik eta gaixotasunaren kontzeptu asko sozialki eraikiak izan direnaren ezabaidagatik beste aldetik.

Derberdintasun hau egiten jakitea garrantzitsua da gaur egun ere gure gizartearentzat, horrek eragin zuzena baitauka pertsona askok tratamendu medikua noiz eta non jaso dezaketen erabakitzeko orduan. Are gehiago, zenbait osasun sistemak pertsona hauek gaixo kontsideratuz gero, tratamentua jasotzeko eskubidea duten edo ez erabaki dezake.

Beraz, gaixotasuna, osasuna eta erlazionatuta egon daitezkeen kontzeptuak nola definitzea, ez da interes filosofiko edo teoriko baten interes soila, baizik eta medikuntzak gizakion ongizateari ekarpena egiten diola ziurtatzeko modua ere bada, arrazoi sozial eta etikoak tartean daudelarik. Honenbestez, gaixotasunen ezaugarriak ez dira zientifikoki ulertuak izateko bakarrik ikertzen, gaixoak nola gaixotzen diren jakin eta horrela hauek zuzendu, aurre hartu edo zaintzeko esperantzarekin aztertzen dira.

Asko dira kontzeptu hauei eman zaizkien definizioak, korronte edo pentsaera desberdinen arabera esanahi bat edo beste bat hartu izan baitute gaixotasunak eta osasunak, beraz, garrantzitsua da hauen mugak zehaztea etorkizuneko gertaerak baldintzatzeko.

Gaixotasun eztabaidagarrien mailaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaixotasun maila batzuk oraindik urrun daude gaixotasun izena, errekonozimentua, klasifikazioa eta legitimitatea lortzeko, bai medikuntzaren barruan eta baita gizartean bertan ere.

Buru gaixotasunak dira kategorizatzeko eta gaixotasun izendatzeko arazoak izan dituzten horietako batzuk medikuen eta medikuntzako filosofoen artean. Autore batzuk esaterako, buruko gaixotasunak eta gaixotasun fisikoak ulertzeko modua bateratzeko beharra ikusi dute, denak eredu biopsikosozial baten barruan. Eredu hau eraginkorragoa izango litzateke gaixotasun kontsideratu edo ez mugan daudenentzat, ondo sentitu baina laborategiko emaitza kaxkarrak dituzten pertsonentzat eta baita arazo somatikorik ez baina ondo sentitzen ez diren gaixoentzat. Horrela, ez litzateke bereizketarik egingo fisiko eta mentalaren artean eta tratamendua medikua eta pazientearen artean erabakitzeko kontua izango litzateke.

Teoriak, kausak eta azalpenak medikuntzan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaixotasunen kausak asko aldatu dira antzinarotik hona, eta kausa bakarra humoreen oreka falta izatetik aniztasunera pasa gara. Teoria mediku garaikideen aburuz, sintomen, gaixotasunen eta epidemien kausak emaitzak bezain zabalak izan daitezke. Honek erakusten digu beraz, azalpen medikuak lotura handia dutela emaitzak aurresan eta kontrolatzeko dauden interes instrumentalekin.

Ausazko entsegu kontrolatuak eta ebidentzian oinarritutako medikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ebidentzian oinarritutako medikuntza 1990.urtean Kanadako unibertsitatean hasi zen mugimendua izan zen, epidemiologo talde baten eskutik, esperientzia eta iritzi klinikoen gehiegizko menpekotasunaren sentsazioari aurre egiteko. Definizioz, norbanakoaren zaintzaren inguruko erabakiak hartzeko orduan, dagoen ebidentziarik onenaren erabilera arduratsu, esplizitu eta zentzuzkoena egitea da. Ebidentziarik onena bezala noski, ezin ditugu onartu esperientzia eta iritzi klinikoa izatea.

Ebidentzian oinarritutako medikuntza garatzen zutenek, ikerketa metodo desberdinak barne hartzen zituzten, baina bat zetozen denak ausazko entsegu kontrolatuei lehentasuna emateko orduan. Horrela, entsegu kontrolau hauek biztanleriaren bi laginetan egin eta tratamentuen efikaziaren neurketa fidagarritzat hartzen zuten, metodo honen bitartez akats faktoreak murriztu egiten baitira. Entseguak egiteko modu hau fidagarritzat izateak ez du esan nahi gainerako metodoak baztertu behar direnik eta arrazoi honexegatik kritikatua izan da ausazko entsegu kontrolatua.

Metodo hau fidagarria izateko, beharrezkoa da lagina ondo aukeratzea, eta faktore asko kontutan eduki behar dira horretarako, adina, sexua, komorbilidadeak, faktore genetikoak, tratamenduaren betetze egokia, faktore psikologikoak etab. AEK-k tratamentua eraginkorra izan dela esan dezake, baina lagina izan den biztanleriaren zatian soilik, hortik emaitzak estrapolatuz ,eta horren harira etorri zaizkio hainbat kritika hain baliagarria ez dela esanez.

Animalia modeluak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste alde batetik, ausazko entsegu kontrolatuetan gizakiekin probatu aurretik, animaliekin probatzen diren terapia berriak dauzkagu, hauek paper garrantzitsua jokatzen dutelarik substantzia bat toxikoa den edo ez erabakitzeko orduan. Honek berriz, animalietatik gizakietara egiten diren estrapolazio hauek nola funtzionatzen duten jartzen du mahai gainean, eta eztabaidak sortzen ditu zenbaterainoko fidagarritasuna duen.

Ikerketa biomedikuan esaterako, esperimentu asko egiten dira animaliekin, egiteko errazagoak eta ekonomikoagoak direlako baina batez ere ikuspuntu etikotik arazo gutxiago sortzen dituztelako.

Hala ere, jokaera honen aurkako iritziak ere badaude, Hugh LaFollette eta Niall Shanks-enak adibidez, animaliekin egindako estrapolazio hauek gizakientzako egokiak ez direla esaten dutenak eta gizakietan berriz frogatu beharko liratekeen hipotesi bezala bakarrik balio dutela diotenak.

Behaketa bidezko ikerketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batzuetan ordea, zientzia biomedikuetan ez daukagu animaliekin edo gizakiekin ez diren esperimentu fidagarririk eta AEK gizakiekin ez dira egingarriak etika kontuengatik. Kasu hauetan, behaketa bidezko ikerketak erabiltzen dira hipotesiak egiteko. Ebidentzian oinarritutako medikuntzak orokorrean uste du, ez direla AEK-k bezain fidagarriak, akats kopurua handiagoa delako. Hala ere, horrek ez du esan nahi behaketa bidez emaitza fidagarriak lor ezin daitezkeenik eta horren adibide da orain arte daukagun medikuntza ezagutza behaketa bidez lortu izana EOMtik lortutakoa baino gehiago (penizilina, diuretikoak, apendizektomiak...)

Ikerketa bat fidagarria den edo ez erabakitzeko, akatsak sor ditzaketen faktoreei erreparatu behar zaie eta ez erabilitako metodoari. Beraz, interbentzio medikuen efikazia eta segurtasuna neurtzeko erabiltzen diren ikerketa metodo hauek kasuan kasu erabili behar dira, arazo batzuen aurrean fidagarriagoa izango delako bat eta beste batzuetan beste bat.

Diagnostikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Medikuntzaren filosofian etengabekoa den beste eztabaida bat da zer ote diren zeinu eta sintomak, eta ea desberdinak diren ere eztabaidatu da. Modu honetan gaixotasunen errealismoaren sakoneko kontzeptu batzuekin harremanetan sartzen gara.

Diagnostiko egoki bat egitea hain gai garrantzitsua izanik, medikuntzaren filosofiaren literaturan aparte utzi den alorra izan da. Kontu honetan sortu diren galdera filosofikoak izan dira ea nola egin daitezkeen modu egoki batean diagnostikoak, giza kondizioarekin hain lotuta dagoen konplexutasuna kontutan hartuz.

Iritzi klinikoa eta trebetasunaren rola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbait terapiak proba sistematikoak pasa behar izaten dituztenean, konturatzen gara batzuetan tradizioa eta adituen iritzia akastunak direla. Baina tratamentuen efikazia ez da adituen iritziaren inguruan eduki dezakegun kezka bakarra.

Gaur egun, osasunaren sektorea erregulatuenetakoa den arren, norberaren interesek bultzatutako gehigarriena kontutan hartzeko merkatua da. Batzuetan, pazientearen onura alde batera utzita adituei sariak emango dizkieten terapiak gailentzen dira zoritxarrez. Ikerketa baten arabera, EEBBtako medikuen %94ak mozkinak jasotzen ditu industria farmazeutikoaren eskutik. Batzuetan esaterako, tratamendu batzuk preskibitzera irits daitezke diru-truk, eta horrelako jokabideak ikusita ez da harritzeko ebidentzian oinarritutako medikuntzak, ebidentziarik onenaren printzipioei jarraitzeko jokaera hautatzea, horrelako praktikak alde batera utzita.

Nola egiten dira medikuntzako adituen iritzi kolektiboak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen aipatutako akats posible horiek ekiditeko modu bat izango litzateke, hartu beharreko erabakiak aditu indibidual batek hartu ordez, aditu talde baten esku uztea. Horrela, kliniko, ikerlari, metodologo eta publiko orokor batez osaturiko taldea iritsiko litzateke aipatu dugun iritzi global batera. Talde hauen osaketan medikuak egotea ere garrantzitsua izango litzateke kanpoan utzi izan diren arren, hauek baitira azken batean lantzen eta ikertzen ari diren gaiari buruz gehien dakitenak.

Gehiengoaren botu bidez iritsitako iritzi globalak, abantaila batzuk izaten dituzte. Epaimaia zenbat eta handiagoa izan, orduan eta ziurragoa izango da iritzi zuzen batera iristea. Gainera, ahobatezko emaitza batetara iritsi beharrik ez izateak eta botua sekretua izateak, ingurukoen presioa eta taldeko pentsamendu berdina izatearen eragina gutxitu eta baztertu egiten du.

Iritzi kolektibo hauek hartzeko taldeen kopurua jeitsiz doa hala eta guztiz ere, nahiz eta beharrezkoak diruditen mozkinak alde batera utzi eta gobernuarekin zerikusirik ez duten erabaki zuzenak hartzeko. Modu honetan, finantza interesik gabeko eta industria independenteak diren taldeak sortzea pentsatu da, non alde batetik sortzailearen ordezkariak eta bestetik zientifiko independenteek talde bat osatuko luketen.

Balioak ikerketa medikuan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez dago zalantzarik ikerketa medikuak kanpo balio askoz bustita daudela esateko orduan. Balio hauek gainera, ezbai etiko asko sortzen dituzte atentzio medikurako berdintasunaren eta zenbait indibiduo, talde edo gaixotasunen bazterketa ematen den gaietan esate baterako.

Gizon eta emakumeen arteko desberdintasuna da horietako bat, historian zehar gizonak (arraza txurikoak zehatzago esateko) erabili izan baitira ikerketan oinarri bezala gero orokortzeak egiteko. Emakumeak ugalketari lotutako ikerketetarako bakarrik erabili izan dira, nahiz eta argi geratu den geroago bazterkeri honek sarritan zentzurik ez duela bi sexuen arteko desberdintasun biologiko eta sozialengatik.

Beste adibide bat izan daiteke EEBBtako afroamerikarren kasua, non arrazismo historiko eta instituzionalaren ondorioz baztertuak izan diren deskonfiantza zela medio (beste batzuetan baita baimenik gabeko ikerketen lagin ere). Ikerketa medikuetan egin diren horrelako akatsen ondorioz, talde hauentzako kaltegarriak izan daitezkeen terapien eta tratamentuen erabilera baimendu izan da historian zehar.

Beste inguru sozioekonomiko bat bizi duten edo garapen bidean dauden herrialdeak berriz, nabarmen baztertuak izan dira bertan behar diren terapia eta medikamentuak alde batera utzita. Medikamentu hauen merkatua bideragarria ez izatea da argudio nagusia, arriskuzko biztanleriak ez bailuke bitartekorik izango medikamentu hauek eskuratzeko.

Azkenik, orain arte lortutako medikuntza ezagutza kaltetua edo erasana ikus daitekeen alor garrantzitsuetako bat da ikerketarekin lotutako finantziazioa. Farmazeutika handiek beraiei interesatzen zaizkien entsegu medikuen zati handi bat ordaintzen dute, esan bezala interes eta diru kontu hutsek bultzatuta, medikazioen efikazia (edo efikazia falta) bigarren edo hirugarren plano batera pasatuz. Beraz, argi geratzen da honelako jokaerek, iritzi klinikoen oinarrian dauden ebidentziak ahuldu egiten dituztela, askotan pazienteei eragindako efektu kolateralak kontutan hartu gabe gainera.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]