Mezhraionka
Mezhraionka (errusieraz: Межрайонка; mezh: «artean» edo «artekoa», raion: «auzoa» edo «barrutia») edo Barrutien arteko Erakundea Errusiako Langile Alderdi Sozialdemokratako fakzio marxista bat izan zen.[1] Izen formala Sozialdemokrata Bateratzaileen Barruti-arteko Erakundea (errusieraz: Межрайонной организации объединённых социал-демократов) zen. Haren jarraitzaileei mezhraionets zeritzaien singularrean, eta mezhraiontsi (errusieraz: межрайонцы) pluralean.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Testuingurua eta sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Talde hau 1913an sortu zen, 1912ko marxisten zatiketaren ostean, fakzio batetako batekin ere lerrokatzen ez zirenek baina bi fakzioek berriz bat egitea nahi zutenek osatuta. Hasieran oso fakzio txikia izan zen, Petrogradeko marxista batzuk soilik biltzen zituen; batez ere intelektualak, langileak baino gehiago. Beren lehen burua, Konstantin Jurenev izan zen, boltxebikeengandik zetorren gizon bat.[1]
Hazkundea gerra garaian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hala ere, 1914an guda inperialista piztearekin batera, fakzio hau hazi egin zen, militante esanguratsu batzuek Mezhraionkarekin bat egin baitzuten. Bi “iturrietatik” zetozen halako militante berriak: alde batetik, 1909an boltxebikeengandik urrundutako Aleksandr Bogdanoven fakziotik (Anatoli Lunatxarski adibidez), eta bestetik erbestean zeuden ezker adarreko mentxebikeengandik, euren alderdiak gudaren kontra zuen posizio epelaz gogaiturik Parisen Naxe Slovo (“Gure Hitza”) aldizkaria zurtu zutenengandik. Azken hauen artean oso militante ospetsuak zeuden: mentxebikeen fundatzaile Martov, 1912an Konferentzia mentxebikeearen buru izan zen Trotski, Aleksandra Kollontai, David Riazanov eta Moisei Uritski besteak beste. Hala ere, Naxe Slovoko kide guztiek ez zuten Mezhraionkarekin bat egin: esaterako, Julius Martovek sekula ez zituen mentxebikeak utzi, eta Kollontaik 1915ean boltxebikeekin bat egin zuen.[1]
1917ko Errusiako Iraultza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1917an, Errusiako Iraultzaren garaian, militante ospetsu horiekin bat, eta Otsaileko Egunetan jokatutako papera zela eta, nolabaiteko itzala hartu zuen fakzio honek. Haatik, oraindik ere, ez zen boltxebikeen edota mentxebikeen eragin mailara iristen (4.000 kide soilik), oraindik baita intelektualez osatutako alderdi bat izan zen, ezta ere ez zuen Petrograd kanpoko hirietan presentziarik lortu. Pixkanaka, batez ere 1917ko apirilaren ostean, bai Behin-Behineko Gobernuak gudaren alde egiten jarraituko zuela argi zegoenean, eta bai boltxebikeak Gobernu burgesaren kontrako eta boterea bakarrik sobietetan oinarritzearen aldeko alderdi bakar bezala ageri izan zirenean, Mezhraionka boltxebikeekin bat egitearen aldekoa izan zen.[1]
Maiatzean hasi ziren negoziazio horiek (Lenin maiatzaren 10ean bildu zen mezhraiontsiekin); hala ere, hasieran bi oztopo zeuden: lehenik Mezhraionkaren buru Lev Trotskik mesfidantza ziola bere burua “boltxebike” deitzeari, eta beraz bere taldea Alderdi Boltxebikean sartzeari, maiatzean esan zuen bezala (“Boltxebikeak boltxebike izateari uzten ari dira, eta nik ezin diot nire buruari boltxebike deitu. Alderdi berria ezin izango da boltxebikea izan”); gehiegizko eskaera bi alderdien pisu oso ezberdina kontutan harturik. Bestetik, boltxebikeen asmoa ez zen soilik Mezhraionkarekin bat egitea, baizik eta mentxebikeen ezker adarrarekin (“Mentxebike internazionalistekin”, guda jarraitzearen kontra eta alderdi sozialistek osatutako Gobernu sobietar baten alde zeudenekin) ere bat egin nahi zuten, Martov eta Sukhanoven ildoa erakarriz. Maiatzaren 18an Leninek “Internazionalisten batasunaren afera” deitutako artikuluan, “posizio internazionalista hartu duten talde guztiekiko hurbilketa estuago bat” proposatu zuen “sozialismoari traizio egin dioten talde guztiekiko hausturaren oinarrian”. Leninek bertan “Alderdiaren ohizkanpoko Biltzar Nagusi bat (uztailean deituko zuten, erdi-klandestinitatean) eta Pravda egunkari herrikoi bat bihurtzea” proposatu zuen, ohizkanpoko biltzarrera “mezhraiontsiek bi ordezkari bidaliko dituztelarik”. Eta gehitu zuen “Martoven adar mentxebikeak euren alderdiaren adar defentsistarekin harremana hausten badu, hauek ere etortzea oso positiboa litzateke”. Oraindik Stalinek, 1917ko uztaileko Petrogradeko Antolakunde Boltxebikearen II Konferentzian “elementu batzuekin, eseristen artean ezkertiarrenekin eta mentxebikeen artean Martoven aldekoekin, fronte bakar iraultzaile bat osatzeko asmotan gaude” esan zuen. Hala ere, Martoven adarrak sekula ez zuen mentxebikeekin harremanak guztiz hautsi, abuztuaren 19an Leninek “Zuhaitzek ez diete basoa ikusten uzten” deitutako artikulu batean (Proletari aldizkarian atera zuen), Martovek alderdi mentxebikearekin guztiz puskatu ez zuela nahi baieztatu zuen, izan ere abuztuaren 4an VTsIKeko bilera batean, Martovek Tsereteli kritikatu bazuen ere, Sobietek boterea har zezatenaren inguruan zalantza handiak adierazi zituen, beraz, boltxebikeen politikarengandik urrun zegoela hauteman zuen Leninek (Uztaileko Egunetan Martov errepresioaren aurkako kokatu zen, baina baita ere Sobietek boterea hartzearen aurka).[1]
Boltxebikeekin bat egitea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekaineko manifestazioak deitzearen eta antolatzearen inguruan Mezhraionkak ez zuen paperik jokatu, baina manifestazio hauen inguruan sortutako giroak fakzio hau boltxebikeengana berriz hurbildu zuten (historiagile batzuen arabera, Trotskik ekaineko 18ko manifestazioaren ostean erabaki zuen bere mesfidantza albo batera uztea). Uztaileko krisiak Mezhraionka erabat lerratu zuen boltxebikeekin, nahiz eta bi alderdiak legez kanpokotasunaren ertzean utzi. Uztail, bukaeran, Alderdi Boltxebikearen VI Biltzar Nagusian egin zuten bat bi alderdiek.[1]
Mezhraionets nabarmen batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Anatoli Lunatxarski
- Dmitri Manuilski
- Adolf Joffe
- Lev Trotski
- Moisei Uritski
- Moisei Volodarski
- David Riazanov
- Konstantin Jurenev