Leon Trotski
Lev Davidovitx Bronstein —errusieraz: Лев Дави́дович Тро́цкий; Lev Trotski, Троцкий), Leon Trotski[1] izenaz ezagunagoa— (1879ko urriaren 26a [azaroaren 7a, gregoriotar egutegian] – Coyoacan, Mexiko, 1940ko abuztuaren 21a) errusiar-ukrainar iraultzaile komunista bat izan zen, judutar jatorrikoa.
Hasierako urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Nekazaritzan ziharduen eta jabetzak zituen familia bateko bosgarren semea zen. Familia judua zen, erlijioa praktikatzen ez zuten arren. Etxeko hizkuntzak errusiera eta ukrainera ziren.
Odesako unibertsitatean Zuzenbidea ikasi zuen. 1897. urtean hasi zen bere jarduera politikoa, Nikolaiev-era ikastera joan eta Errusia Hegoaldeko Langile Liga antolatu zuenean. Tsarraren erregimenak hainbat aldiz atxilotu zuen eta Siberiara bidali. 1902an Siberiatik ihes egin eta Londresera joan zen; han Lenin ezagutu zuen, Errusiako sozialdemokraziako (garaiko komunisten izena) boltxevikeen burua. Hala ere, Trotskik mentxevikeekin —Errusiako Alderdi Sozialdemokratako gehiengoa zen fakzioarekin— bat egin zuen .
Errusiara itzuli zen 1905eko Iraultzan parte hartzeko, eta lehen sobieta antolatu zuen. Iraultzak porrot egindakoan, atxilotu eta Siberiara bidali zuten. Hala ere, 1906an berriro ihes egin zuen.
1917ko Iraultza eta gobernu sobietarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1917ko otsaileko iraultza (Nikolas II tsarra boteretik kendu zuen iraultza) gertatu eta berehala Errusiara joan zen. Mentxevikeak utzi eta boltxevikeekin bat egin zuen eta Petrogradoko Sobieteko presidente izendatu zuten. 1917ko urriko iraultzan, Neguko Jauregia hartzeko operazioetan parte hartu zuen. Handik aurrera, boltxevikeek boterea eskuratu eta komunismoaren printzipioetan oinarritutako estatua eraiki zuten.
Trotski Kanpo Arazoetako komisarioa izan zen (1917-1918): Alemaniarekin Brest-Litovsk ituna izenpetu eta, horren ondorioz, Errusia Lehen Mundu Gerratik atera zen. 1918tik 1925era Gerra komisarioa izan zenean, Armada Gorria antolatu zuen eta gerra zibila (1918-1920) irabazi. Era berean, Ukrainan Nestor Makhno eta haren jarraitzaileek anarkismoan oinarrituz garatu zituzten komuna federatuak gogor zapaldu zituen.
Zatiketa eta hilketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Trotskik Iraultza jarraitua-ren printzipioa garatu zuen, Stalinen Sozialismoa herrialde bakarrean tesiaren aurka. Lenin hil eta gero, Stalinek boterea eskuratu zuenean Trotskiren gainbehera azkartu zen: 1925ean Alderdi Komunistako zuzendaritzatik bota zuten, 1927an alderditik kanporatu, 1928an Kazakhstanera deportatu eta 1929an Errusiatik erbesteratu zuten.

Erbestean, Mexikon batez ere, Trotskik bere ideiak defendatzen segitu zuen. Lan ugari idatzi zuen, besteak beste, Iraultza jarraitua (1930) Errusiako Iraultzaren Historia (1932). Haren jarraitzaileek Stalinekin bat egiten ez zuten alderdi komunistak sortu zituzten hainbat herrialdetan. Ezkerreko Oposizio Komunista aldarrikatzen zuten eta trotskismoa deritzan korrontea garatu, 1938an IV. Internazionalaren baitan egituratu zena. Komunista anitzek trotskismoa zatiketa eta traizioarekin identifikatu zuten. Trotskistek estalinismo izena darabilte beren arerio komunistak izendatzeko.
1940an, Ramon Mercader Stalinen agente eta PSUC Kataluniako Alderdi Sozialista Batuko militanteak piolet bat erabiliz hil zuen Trotski Mexikon, Diego Rivera eta Frida Kahlo artista mexikarren etxean bizi zela.
Komunismoa |
---|
![]() |
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
![]() |
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Leon Trotski ![]() |
- Troskiren idatziak, MIA
- (Gaztelaniaz) Archivo León Trotsky, MIA
- 1879ko jaiotzak
- 1940ko heriotzak
- Komunistak
- Marxistak
- Errusiako Iraultzako biografiak
- Gizon filosofoak
- Errusiako autobiografoak
- XX. mendeko filosofoak
- Sobietar Batasuneko politikariak
- Ukrainako juduak
- Errusiako juduak
- Errusiako Gerra Zibileko militarrak
- Biografoak
- Ukrainako ateoak
- Errusiako komunistak
- Ukrainako komunistak
- Sobietar Batasuneko militarrak
- Errusiako militarrak
- Errusiako politikariak
- Ukrainako militarrak
- Ukrainako politikariak
- Ezker antiestalinista
- Askenaziak
- Epilepsiadunak
- Judu ateoak
- Boltxebike Zaharrak
- Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokratako kideak