Mfecane

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mapa honetan Shakaren eraginez eman ziren mugimenduak azaltzen dira (1816–1828).

Mfecane (zulueraz, 'zanpatzea'), baita ere Difaqane edo Lifaqane (sothoeraz) bezala ezagututa, esapide afrikarra da 1818tik 1840 ingurura Hegoaldeko Afrikan gertatu ziren gerrak eta bortxazko migrazioen garaia definitzeko. Urte haietan populazio multzo handiak zonaldeko puntu urrunetara eramanak izan ziren.[1]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Shaka, herri zuluen aintzindaria.

Mfecane Zulu Inperioaren agerpen eta zabalpenak definitu zuen, Shaka aintzindari militar zuluaren eskutik. 1818an, gaur egungo Hegoafrikako KwaZulu-Natal probintzian, Shakak, herri zuluak bildurik, mendeko lurraldeak zabaltzeko operazioak hasi zituen. Herri desberdinak menperatu zituen, nguni herria esaterako, Tugela eta Pongola ibaien artean. Ondorioz, erresuma militarra sortu zuen.[2]

Politika horren ondorioz herri asko bere lurretatik kanporatu zituzten; joaten ez zirenak basailutza onartu behar izan zuten. Beste ondorioa populazioaren mugimendu handiak izan ziren, azkenik, beste erresumen antolaketa behartuz; horrela gertatu zen gaur egungo Lesothorekin, Moshoeshoe I.aren agindupean, edo Swazilandiarekin, Sobhuza I.aren agindupean. Migrazioak, bestetik, lurralde desberdinetara zabaldu ziren: Botswana, Malawi, Mozambike, Zambia, Zimbabwe.

Mfecanerekin lotuta ere, zuluen artean diferentziak sortu ziren eta aintzindari militar batzuek Shakarekin puskatu behar izan zuten, erbesteko bidea hartuz. Mugimendu horiei esker gutxi iraunduko zuten beste estatuak sortu ziren. Ezagunena Gazako Inperioa izan zitekeen, 1819an sortua, Mozanbikeko hegoaldean, Zambezi eta Maputo ibaien artean, Soshangane militar zuluren gidaritzapean. Beste militar erbesteratu bat Mzilikazi izan zen; 1823an gaur egungo Zinbawen kokatu zen, geroago Matabeleland izena jasoko zuen lurraldean.

Mfecaneren kausa nagusia Shakaren konkista direla esaten den arren, portugaldarren eragina eta Ndwandwe tribuaren harrapaketak ere aipatu ohi dira arrazoien artean.

Mzilikazi buruzagiak ihes egin zuen beste erresuma sortzeko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Carolyn Hamilton, The Mfecane Aftermath: Reconstructive Debates in Southern African History, Indiana University Press, 1995: ISBN 1-86814-252-3
  2. https://www.britannica.com/event/Mfecane

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]