Malawi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Malawiko Errepublika
Dziko la Malaŵi
Chalo cha Malawi
Bandera Armarria
Goiburua: Unity and Freedom
(Batasuna eta Askatasuna)
Ereserkia: Mulungu dalitsa Malaŵi
Hiriburua
eta hiri handiena
Lilongwe
Hizkuntza ofiziala(k) txewera, ingelesa
Herritarra malawiar
Gobernua Errepublika presidentzialista
 -  Presidentea Peter Mutharika
Independentzia
 -  Erresuma Batutik 1964ko uztailak 6 
Azalera
 -  Guztira 118,484 km2 (98)
 -  Ura (%) 20,6
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2016[1]) 18.091.575 (64)
 -  2008 errolda 13.077.160
 -  Dentsitatea 128,8 bizt./km2 (86)
Dirua kwacha (MWK)
Ordu-eremua CAT (UTC+2)
Aurrezenbakia 265
Internet domeinua mw

Malawi, izen ofiziala Malawiko Errepublika[2], Afrikako hego-ekialdeko estatu burujabea da, lehenago Nyassalandia izena zuena. Iparraldean Tanzaniarekin du muga, Mozambikerekin ekialdean, hegoaldean eta hego-mendebaldean, eta Zambiarekin mendebaldean. 118.484 kilometro koadroko eremua hartzen du, Nyassa aintziraren mendebaldeko bazterrean, eta 18,1 milioi biztanle zituen 2016an.[1] Lilongwe da hiriburua eta hiri nagusia.

Munduan gutxien garatutako herrialdeen artean dago; nekazaritza da ekonomiaren oinarria, eta biztanle gehienak landa-ingurunean bizi dira. Bizi-itxaropen txikia eta haurren heriotza tasa handia ditu; HIESaren prebalentzia oso altua da.[3]

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Malawi hego-ekialdeko Afrikan dago, hego latitudeko 9° eta 18° artean, eta ekialdeko longitudeko 32° eta 36° artean. 837 kilometroko luzera eta 10–160 kilometro bitarteko zabalera du. Iparraldean Tanzaniarekin du muga, ekialdean, hegoaldean eta hego-mendebaldean Mozanbikerekin, eta ipar-mendebaldean Zambiarekin.

Eskualde naturalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nyassa aintzira

Lau eskualde natural nagusi daude:

  • Ekialdea, Rift Haran Handiak iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duena, Nyassa (edo Malawi) aintzira eta Shire ibarra barne.
  • Erdialdeko ordoki zabala, 760 eta 1.370 metro bitarteko garaiera duena; lurraldearen hiru laurden hartzen ditu.
  • Lur garaiak: Nyika eta Viphya goi-ordokiak iparraldean, eta Shire ibaiak alderik alde igarotzen duen eremua hegoaldean (Shireko lur garaiak).
  • Sumendi-jatorriko mendi multzo bakartuak hegoaldean: Zomba (2.134 metro) eta Mulanje (Sapitwa, 3.002 metro).

UNESCOk Gizateriaren ondare izendatu zituen Malawi aintzirako Parke Nazionala 1984an, eta Chongoniko labar-arte eremua 2006an.

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afrikako Aintzira Handiak izeneko eskualdean dago Malawi. Nyassa lakuak hartzen du herrialdearen ekialdea, eta Tanzania eta Mozanbiketik bereizten du. Aintzira hori, Afrikako hirugarrena neurriari dagokionez, munduko luzeen eta sakonenetako bat da; Shire ibaiaren bidez, Zambezira isurtzen du ura. Nyassaren hego-ekialdean Malonbe eta Txilwa aintzirak daude.

Landaredia eta fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landaretzari dagokionez, oihanek eta basoek hartzen dute lurraldearen laurden bat gutxi gora-behera: sabana da ordoki elkorretan, eta banbuak, arkaziak eta beste zuhaitz batzuk lur garaietan. Iparraldeko goi-ordokian eukaliptuak, pinuak eta zedroak landatu dira haien zura ustiatzeko. Fauna ugaria da; ugaztun handiak daude (elefanteak, lehoiak, lehoinabarrak, afrikar bufaloak, hipopotamoak, errinozero beltzak) eta hegazti dibertsitate altua. Nyassa aintziraren arrain aberastasuna munduko handienetakoa da.[4] Bost parke nazional daude: Kasungu, Malawi aintzira, Lengwe, Liwonde eta Nyika.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima ekuatoriala du Malawik, eta montzoi haizeek eragin handia dute lurralde osoan. Bi sasoi nagusi bereizten dira urtean zehar, lehorra bata, maiatzetik urrira, eta hezea bestea, azarotik apirilera. Urtean, batez beste, 2.300 mm euri izaten da iparraldeko goi-ordokian, eta 650 mm, berriz, lur behereetan. Urteko batez besteko tenperatura 21-29 °C artekoa da lur behereetan, eta 14-21 °C artekoa lur garaietan.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

I. mendetik IV. mendera bitartean, bantu hizkuntzan mintzatzen ziren herriak finkatu ziren lurraldean. Bantuek sortu zituzten lehen erreinuak, eta hala, 1480an, Maravi Erresuma eratu zuten, gaur egungo Malawiren erdialdea eta hegoaldea hartzen zuena. XVI. mendean iritsi ziren lehenbiziko portugaldar esploratzaileak. 1600. urte inguruan, nyakyusa herriak erresuma bat sortu zuen Malawiko iparraldean; halaber, XVIII. mendean, Nyassa aintziraren ekialdeko ertzetik joandakoek Chikulamayembe erresuma sortu zuten. XVIII-XIX. mendeetan, esklaboen salerosketak indar handia izan zuen. XIX. mendearen hasieran, swahili eta yao herriak finkatu ziren lurraldean. 1859an, David Livingstone britainiar esploratzailea Nyassa aintzirara iritsi, eta kristau erlijioa zabaltzen hasi zen. Hala, 1880-1890 bitarteko urteetan misio etxeak sortu ziren. 1891n, britainiarren babes-herri bihurtu zen lurraldea; Nyassaland izena ezarri zioten.

Hastings Banda (ezkerrean) eta Julius Nyerere, Tanzaniako presidentea

1953an, Ipar eta Hego Rhodesiarekin batera (gaur egungo Zambia eta Zimbawe, alegia), konfederazio bat sortu zuen, 1963an desegin zena. 1964ko uztailaren 6an independentzia lortu zuen. Estatu berriak Malawi izena hartu zuen eta errepublika bihurtu zen 1966an, Hastings Banda lehen ministroak lehendakaritza lortu zuenean. 1971n, hil arteko lehendakari izendatu zuten Banda diktadorea, eta bera egon zen agintean, harik eta 1993an, nazioarteko presioaren eraginez, alderdiak legeztatu eta hauteskunde libreak egin ziren arte. Izan ere, Banda lehendakaria oso gaixo zegoen eta gobernuak hauteskundeak deitu behar izan zituen haren ondorengoa aukeratzeko; era berean, konstituzioa aldatzeko erreferenduma egin zen eta, baiezkoa atera zelarik, konstituzio berria idatzi, alderdi politikoak legeztatu eta bi ganberaz osaturiko legebiltzarra (Nazio Biltzarra eta Senatua) osatu zen. Bandaren agintaldian ekonomia suspertzeko ahalegin handiak egin ziren eta harreman onak izan zituen zurien agintepean zeuden herrialdeekin, besteak beste Hegoafrikako Errepublikarekin; beste herrialde batzuetako agintari beltzek gogor kritikatu zituzten apartheid politikaren erabiltzaileekiko harreman on horiek, eta Afrikako kontinenteko gorabeheretan eskumen gutxi izan zuen Malawik.

1994ko hauteskundeak deitu zirenean, ekonomia nahiko motel zegoen, lehortearen ondorioen eta kanpo zorraren eraginez batez ere, eta gainera bere kontrako jarrera eta kritikak nagusitu ziren, bai Malawin eta bai nazioartean, giza eskubideen kontrako erasoak zirela-eta. Horrela, 1994ko hauteskundeetan Fronte Demokratiko Batua (UDF) atera zen irabazle eta haren burua, Elson Bakili Muluzi, izendatu zuten estatuburu. Harrezkero, aliantza osatzeko ahaleginak egin ziren agintean zegoen alderdiaren, Bandaren agintaldian legezkoa zen alderdi bakarraren (MCP), eta Demokraziarako Aliantzaren (AFROD) artean, baina hainbat tirabira izan ziren hiru alderdien artean; tartean oposizioko alderdiek (MCP eta AFROD) bateratzeko ahaleginak egin zituzten, baina Bakili Muluzik agintean jarraitu ahal izan zuen, oposizioak ez baitzuen hasieran batasunik lortu eta, bat eginez gero ere, hauteskundeak egin behar izango baitziren. Muluzi lehendakariaren ahalegin nagusia pobretasuna gainditzea izan zen, eta garrantzi handiko urratsak egin ziren errepublikan demokrazia sendotzeko; trantsizioa indarkeriarik gabe bideratzea zen beste helburuetako bat.

1998an, Nazioarteko Diru Funtsaren gidaritzapean pribatizazioak bultzatuz, ekonomia egonkortzeko finkaturiko planak huts egin zuen, eta ez ziren helburu nagusiak bete: esaterako, barne produktu gordina %7 igotzea zen helburuetako bat, eta 1998an %1,1 bakarrik igo zen; inflazioa oso handia zen, kanpo zorra ere bai, eta per capita errenta urteko 278 dolarrekoa baino ez zen. Dena dela, oposizioaren presioa txikitu egin zen, herrialdearen arazo larriak ikusirik inork ez baitzuen, itxuraz, gobernuaren gaineko kontrola hartu eta herrialdea aurrera ateratzeko ahalmenik, eta horrela, 1999ko hauteskundeetan Elson Bakili Muluzi izan zen berriro garaile, MCP eta AFORD alderdiek osatu zuten oposizioko koalizioari aurrea harturik. 2004an, Bingu wa Mutharika hautatu zuten lehendakari, nahiz eta iruzurra izan ote zen susmoa zabaldu zen. 2009ko hauteskundeak ere Bingu wa Mutharikak irabazi zituen, baina 2012ko apirilean hil zen, bihotzekoak jota; Joyce Banda presidenteordeak hartu du haren kargua.[5] 2014an, Peter Mutharika, Bingu wa Mutharikaren anaia, nagusitu zen presidentetzarako hauteskundeetan. 2016an, lehorteak eragindako “hondamendi nazionala” adierazi zuen presidenteak; izan ere, herrialdea gaitzeko lehortea pairatzen ari zen El Niño izeneko fenomeno atmosferikoaren eraginez.[6]

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errepublika presidentzialista da. Egungo konstituzioa 1994an idatzi eta 1995ean sartu zen indarrean, eta zenbait aldiz egin zaizkio zuzenketak. Errepublikako presidentea estatuburu eta gobernuburu da, eta bost urtez behin hautatzen da bozketa zuzenaren bitartez. Botere legegilea Nazio Biltzarraren esku dago; 193 kide ditu, bost urtetik behin aukeratzen direnak.[3]

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Malawiko barrutiak

Hiru eskualde handitan banaturik dago: Iparraldekoa, Erdialdekoa eta Hegoaldekoa. Iparraldeko eskualdean 6 barruti daude, Erdialdekoan 9, eta Hegoaldekoan 13.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Malawiarra xilofonoa jotzen.

2016an 18.091.575 biztanle zituen,[1] eta 128,8 biztanle kilometro koadroko dentsitatea, Afrikako handienetakoa. Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %46,1 dira, 15-24 urte bitartekoak %20,6, 25-54 urte bitartekoak %27,6, 55-64 urte bitartekoak %3 eta 65 urtetik gorakoak %2,7. Haurren heriotza tasa altua da, biztanleriaren hazkunde-tasa %3,31koa eta bizi itxaropena txikia, 62,2 urtekoa (60,2 urtekoa gizonezkoena eta 64,3 urtekoa emakumezkoena; 2018ko zenbatespenak).[3]

Ia %40ko analfabetismoa du. Beste gaixotasun infekziotso batzuek ere kalte handiak egiten dituzten arren, urtean batez beste 17.000 lagun hiltzen dira HIESak jota eta biztanleen %9,6 dago eritasun horrek kutsaturik (2017ko zenbatespenak). Biztanle gehienak, %83 2018an, landa ingurunean bizi dira.[3]

Banaketa etnikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorriari dagokionez, biztanleen %99 inguru Afrikako beltzak dira, bantu etnia sailekoak gehienak: %35,1 chewa etniakoak, 18,9% lomwe, %13,1 yao, %12 ngoni, %9,4 tumbuka, %3,5 sena, %2,5 mang'anja, %1,8 tonga, %1 nyanja, eta %0,9 nkhonde.[3]

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingelesa mintzaira ofizial bakarra den arren, Malawiko nazio hizkuntza txewera da, Niger-Kongo familiakoa eta bantu taldekoa. Beste hizkuntza bantu batzuk ere mintzatzen dira.

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kristauak dira malawiarren %87, eta musulmanak %11,6. Katolizismoa (%19) eta Erdialdeko Afrikako Eliza Presbiterianoa (%18) dira kristau sinesterik zabalduenak.[7]

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kakahuete bilketa

Malawi da ekonomiari dagokionez munduko herrialderik atzeratuenetako bat; 2010ean, biztanleen %50,7 bizi ziren pobrezia mugaren azpitik.[3] Nekazaritza da ekonomiaren oinarria: barne produktu gordinaren %28,6 eta esportazioetatik ateratzen diren irabazien %90 (tea, tabakoa, kakahuetea, azukrea) hartzen ditu. Nekazaritzako gai nagusiak tabakoa, azukre kanabera, tea, artoa, patata, batata, manioka eta basartoa dira. Bertako beharrak kadaren hasieran elikagaiak eskuratzeko arazoak sortu ziren lehorte larri baten eraginez.

Lurpeko aberastasunak ez dira behar bezala ustiatzen, ez dutelako gai horiek saltzera itsas portuetara eramateko biderik, eta industria oso atzeraturik dago (BPGaren %16ra ez zen iristen 2017an).[3] Iraupen ekonomia da, eta kanpo zor handia du herrialdeak. 1992tik 2005era bitartean, biztanleko BPGak behera egin zuen. Hori dela-eta, kanpoko laguntzen mende dago Malawiko ekonomia, Nazioarteko Diru Funtsak, Munduko Bankuak eta zenbait herrialdek egiten dituzten emaitzen mende. Hauek dira herrialdearen erronka nagusiak, ekonomiari dagokionez: esportazioak areagotzea, osasuna eta hezkuntza sendotzea, erosioa eta baso soiltzea ekiditea, eta HIESaren hazkundea geldiaraztea.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c "World Population Prospects: The 2017 Revision, United Nations Department of Economic and Social Affairs, population.un.org
  2. Euskaltzaindia 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak.
  3. a b c d e f g Malawi CIA World Factbook cia.gov . Noiz kontsultatua: 2019-6-24.
  4. Lake Malawi Freshwater Ecoregions of the World feow.org . Noiz kontsultatua: 2019-6-24.
  5. Malawiko presidente Bingu wa Mutharika hil da Berria egunkaria, 2012ko apirilak 8, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-06-26.
  6. Lehorteak eragindako «hondamendi nazionala» deklaratu dute Malawin Gara egunkaria, 2016ko apirilak 14, naiz.eus . Noiz kontsultatua: 2019-06-26.
  7. Demographic and Health Survey: 2015-2016 Malawi National Statistical Office, dhsprogram.com . Noiz kontsultatua: 2019-6-26.
  8. Republic of Malawi: Major Cities, citypopulation.de

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Malawi Aldatu lotura Wikidatan