Miguel Gómez Damas
Miguel Gómez Damas | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Torredonjimeno, 1785eko ekainaren 5a |
Herrialdea | Espainia |
Heriotza | Bordele, 1864ko ekainaren 11 (79 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | militarra |
Zerbitzu militarra | |
Gradua | jeneral |
Parte hartutako gatazkak | Iberiar Penintsulako Gerra Lehen Karlistaldia |
Miguel Sancho Gómez Damas (Torredonjimeno, 1785eko ekainaren 5a – Bordele, 1864ko ekainaren 11) militar espainiarra izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Torredonjimenon jaio zen 1785ean. Karrerako militarra zen eta Independentziako Gerran preso hartu eta Europa iparraldera eraman zuten. Hantxe egon zen gerra amaitu arte. Teniente maila eman zioten esker onez, eta ardura horretan ibili zen Savoiako infanteriako erregimentuan.
Hirurteko Liberalean matxinatu eta Zumalakarregirekin elkartu zen Nafarroan. Harekin zebilela kapitain gradua eman zioten.
Lehen Karlistada piztean berriro joan zen Zumalakarregirekin, eta bere Estatu Nagusiko buru izendatu zuen hark. Nazarko, Asartako, Gasteizko eta Altsasuko guduetan parte hartu zuen harekin batera. 1834an Don Karlosi eskolta ematen ibili zen, Bizkaiko komandante jeneral izendatu zuten arte. Gipuzkoan ere ardura bera eman zioten geroago, eta Gernikan eta Tolosako guduan erakutsitako jokamoldea saritzeko landa mariskal izendatu zuten.
Gerra hiru lurraldetan garatzen ari zen: Euskal Herrian, Katalunian eta Aragoin. Karlistak penintsula osora zabaltzen saiatu ziren, eta hainbat espedizio militar antolatu zituzten horretarako, tartean Gómezek gidatutako bat.
Gomezen espedizioa 1836ko ekainean abiatu zen 3.000 soldadu ingururekin Asturias eta Galizia aldera. Sei hilabetean zehar penintsulako lurralde gehienak zeharkatu zituen espedizioak, tropa liberalak atzean zituela. Gómezek herri asko konkistatu zituen: Oviedo, Santiago Compostelakoa, León, Palentzia, Albacete, Kordoba, Almadén, Cáceres eta Algeciras, besteak beste. Halere, hiri horietatik atera bezain laster, liberalek hirion gaineko kontrola berreskuratzen zuten, eta hortaz gerra hedatzeko ahaleginak porrot egin zuen.
Urte erdi horretan zehar hainbat militar liberalekin borrokatu zen Gómezen espedizioa. Tello eta López menderatu zituen Barandan eta Matillan, eta Alaixek eta Esparterok, berriz, atzera eginarazi zioten Escaron eta Villarrobledon. Rodil eta Narvaetz jeneralak ere atzetik izan zituen, alferrik ordea. 25.000 liberal bere 6.000 gizonen atzetik ibili ziren espedizioa geldiaraztea lortu gabe. 6.000 haien artean bidean haiekin bat egindakoak zeuden, Cabrera esaterako. Euskal lurretara itzultzean, abiatu zenean baino soldadu gutxi batzuk gehiago zituen espedizioak.
Espedizioa izugarri harrigarria izan bazen ere, Gómez atxilotu eta epaitu egin zuten karlistek, emandako aginduak bete ez izana leporatuta. Gerra amaitzean Frantzian erbesteratu zen, eta Espainiara itzuli zen 1847 1849 bitarteko altxamenduan, Andaluziako komandante jeneral arduran. Matxinada horrek ere porrot egitean, Frantziako erbestera itzuli eta handik gutxira hil zen. Bordelen lurperatu zuten.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat Gipuzkoa Kultura webgunetik hartu da, webgune haren egile eskubideen jabe den Gipuzkoako Foru Aldundiak Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 (CC-BY-SA 3.0) lizentziarekin argitaratu baitu (ikus webguneko oharra).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- XIX. mendeko historia militarra Euskal Herrian. MIGUEL GOMEZ. Gipuzkoakultura.[Betiko hautsitako esteka] CC-BY-SA lizentziapean eginiko lana.