Mikel Urrutikoetxea
| Urrutikoetxea | ||||
|---|---|---|---|---|
![]() | ||||
| Izen osoa: | Mikel Urrutikoetxea Azkueta | |||
| Jaiotza data: | 1989ko maiatzaren 24a (36 urte) | |||
| Jaioterria: | Zaratamo ( | |||
| Pilotaria | ||||
| Modalitatea: | esku huskako pilota | |||
| Egungo enpresa: | Baiko Pilota | |||
| Postua: | aurrelaria (batzuetan, atzelaria) | |||
| Altuera: | 1,89 m | |||
| Pisua: | 84 kg | |||
| Debutatze data: | 2009ko ekainaren 13a | |||
| Debutatze pilotalekua: | Arrigorriagako Udal pilotalekua | |||
| Erretiratze data: | 2025eko irailaren 20a | |||
| Erretiratze pilotalekua: | Bizkaia frontoia | |||
Mikel Urrutikoetxea Azkueta, pilota arloan Urrutikoetxea deituraz ezaguna (Zaratamo, Bizkaia, 1989ko maiatzaren 24a) esku huskako pilotari profesional ohia da. Baiko Pilota enpresarekin jokatzen zuen. Aurrelari aritzen zen oro har, baina atzelari ere bai zenbaitetan, besteak beste 2016ko binakako txapelketa nagusian eta 2020koan. Bi txapelketa horietan Aimar Olaizola izan zuen aurrelari; txapeldun izan ziren 2016koan, eta txapeldunorde 2020koan. Bere ohiko postutik kanpora binakako txapelketa nagusia irabazi duen esku huskako pilotari bakarra da, eta hiru txapelketa nagusiak (buruz burukoa, lau eta erdikoa eta binakakoa) irabazi dituzten zortzi pilotarietako bat.[1]
Kirol ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2009an bihurtu zen profesional, eta urte hartan bertan bigarren mailako lau eta erdiko txapelduna izan zen.[2]
Hasierako urteetan, zaildu gabe zegoen. Defenditu behar zuenean eta partida luzatzen zenean, ez zen ongi moldatzen. Gainera, eskuko arazoak izaten zituen. Urteekin, ikasiz eta zailduz joan zen. Halaxe, 2013an eta 2014an, buruz buruko txapeldunorde izan zen; 2013an Aimar Olaizolaren aurka galdu zuen; eta 2014an, Juan Martinez de Irujoren kontra. Olaizola eta Irujo ziren nagusi garai hartan, eta Urrutikoetxeak biei eutsi zien partida erdira arte; baina, gero, aurkariak gailendu zitzaizkion.[1]
2015ean, buruz buruko txapelketa nagusia irabazi zuen, finalean Olaizola II.a 22-19 mendean hartuta. Oinatz Bengoetxearen ordez sartu zen Urrutikoetxea finalean, Bengoetxea lesionatu zelako.[3] 38 urte ziren bizkaitar batek esku huskako txapelketarik preziatuena irabazten ez zuela.[4] Oso partida gogorra izan zen. Erraz hasi zen Urrutikoetxea, eta zortzi tantoren aldea lortu zuen. Baina Olaizolak 19na berdindu zion. Urrutikoetxeak bi tanto egin zituen sakez, eta irabazi egin zuen.[1]
2015ean bertan, lau eta erdiko txapelketa nagusia irabazi zuen. 62 urte iraganak ziren, bizkaitar batek txapel hori azken aldiz erdietsi zuenetik. Urte berean, esku huskako hiru txapelketa nagusiak (buruz burukoa, lau eta erdikoa eta binakakoa) jarraian irabazitako pilotari urrien artera sartu zen. Gainera, binakakoan, berez aurrelaria den arren, atzelari aritu zen, bai eta bikain aritu ere.[5]
Atzelari arituta binakakoa irabazi duen aurrelari bakarra da. Hurrengo txapelketa nagusian ere, 2016ko buruz burukoan, finalera iritsi zen, eta txapeldunorde bukatu zuen, Irribarriaren aurka 22-13 galduta. Esku huskako hiru txapelketa nagusietako lau final jarraian jokatu dituen pilotari bakanetakoa da.
2018an, mononukleosia izan zuen, eta uda osoan izan zen kirola egin ezinik. Lau hilabeteren ostean itzuli zen, eta 2019an buruz buruko finala jokatu zuen Irribarriaren aurka. Final hori jokatu eta hilabete gutxira, abuztuan, Bilbon, partida batean, zuntz haustura handia izan zuen, bularraldean. Osatzen ari zela, jakin zuen ama gaixo zegoela, eta ez zuela sendabiderik. Oso garai gogorrak izan ziren Urrutikoetxearentzat. «Ahal dudan guztia egingo dut amari txapel bat eskaintzeko», esan zuen, ama hil ostean. Saiatu zen, baina ez zuen lortuko.[1]
Berriz ere binakako finala jokatu zuen Aimar Olaizolarekin 2020an, COVIV-19 pandemiaren garaian, baina gehiago izan ziren aurkariak, Ezkurdia eta Martija. Garai hartan bertan, greba izan zen bere enpresan, Baikon; Urrutikoetxeak, Aimar Olaizolak eta Ander Imazek ez, enpresako beste pilotari guztiek bat egiten zuten grebarekin. Oso gaizki pasatu zuen Urrutikoetxeak, arazoak pilatuta: lesioa, amaren gaixotasuna eta heriotza, pandemia, eta greba. Grebaren lehen egunean erabaki zuen kanpoan geratzea. Ez zuen bere burua gai ikusten ezer egiteko. Handik hilabete pasatxora hasi ziren enpresaren eta pilotarien arteko liskarrak. Kritika ugari jaso zituzten greban parte hartu ez zuten hiru pilotariek. Zulo beltzean erori zen Urrutikoetxea. Ez zen gai egunerokoan gozatzeko: jokatzen zituen partidetan, gaizki pasatzen zuen, beldur asko zituen, eta etxera negarrez itzultzen zen; etxean, berriz, oso triste zegoen. Hilabete askoren buruan, Igor Jauregi psikologoaren laguntzaz, jarrera aldatzea lortu zuen. Horri esker, berriro pilotaz gozatzea lortu zuen.[1][6]
2021etik aurrera, adinean aurrera zihoanez, lehenagoko gaitasun fisikoak pixka bat galduta, bere enpresako aurrelari gazteagoek —Unai Lasok, Iñaki Artolak, Jon Ander Peñak eta Erik Jakak— txapelketa nagusietan titular postua kendu zioten Urrutikoetxeari. Hala ere, zaratamoztarrak joko onarekin jardun zuen pilotalekuetan. 2024an erabaki zuen hurrengo urtean erretiratzeko garaia izango zuela, eta 2025eko irailaren 20ean jokatu zuen profesionaletako azken partida, Bilboko Bizkaia pilotalekuan.[7][8]
Lorpenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Buruz Buruko Txapelketa Nagusian:
- Lau eta Erdiko Txapelketa Nagusian:
- Binakako Txapelketa Nagusian:
- Bigarren Mailako Lau eta Erdiko Pilota Txapelketa Nagusian: 2009ko txapelduna
Buruz Buruko Txapelketa Nagusiko finalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]| Urtea | Txapeldun | Txapeldunordea | Emaitza | Pilotalekua |
|---|---|---|---|---|
| 2015 | Urrutikoetxea(1) | Olaizola II.a | 22-19 | Bizkaia |
| 2016 | Irribarria | Urrutikoetxea | 22-13 | Bizkaia |
| 2019 | Irribarria | Urrutikoetxea | 22-20 | Bizkaia |
(1) Finalean Urrutikoetxeak Bengoetxea VI.a ordezkatu zuen, azken hau lesionatu zelako.[3]
Lau eta Erdiko Txapelketa Nagusiko finalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]| Urtea | Txapelduna | Txapeldunordea | Tantoak | Pilotalekua |
|---|---|---|---|---|
| 2015 | Urrutikoetxea | Martinez de Irujo | 22-20 | Bizkaia |
| 2017 | Altuna III.a | Urrutikoetxea | 22-21 | Bizkaia |
Binakako Txapelketa Nagusiko finalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]| Urtea | Txapeldunak | Txapeldunordeak | Tantoak | Pilotalekua |
|---|---|---|---|---|
| 2016 | Olaizola II.a - Urrutikoetxea | Martinez de Irujo(2) - Rezusta | 16-10 | Bizkaia |
| 2020 | Ezkurdia - Martija | Olaizola II.a - Urrutikoetxea | 22-13 | Bizkaia |
(2) Irujok eskuin eskuko hatz luzea hautsi zuen 11-10ekoan, eta jarraitzen saiatu zen arren, bertan behera utzi zuen finala.[5]
Bigarren Mailako Lau eta Erdiko Txapelketa Nagusiko finalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]| Urtea | Txapelduna | Txapeldunordea | Emaitza | Pilotalekua |
|---|---|---|---|---|
| 2009 | Urrutikoetxea | Argote | 22-10 | Beotibar |
Profesionaletako azken urteetako estatistikak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere enpresaren arabera, emaitza hauek izan zituen Urrutikoetxeak profesionaletako azken urteetan:[9]
| Urtea | Partida
jokatuak |
Irabaziak | Galduak |
|---|---|---|---|
| 2025 | 35 | 12 (% 34,29) | 23 (% 65,71) |
| 2024 | 43 | 13 (% 30,23) | 30 (% 69,77) |
| 2023 | 34 | 15 (% 44,12) | 19 (% 55,88) |
| 2022 | 51 | 14 (% 27,45) | 37 (% 72,55) |
| 2021 | 45 | 18 (% 40,00) | 27 (% 60,00) |
| 2020 | 30 | 12 (% 40,00) | 18 (% 60,00) |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 3 4 5 Etxeberria, Julen. (2025-09-19). «Mikel Urrutikoetxea: “Hasierako ametsak txiki geratu dira, lortu dudan guztia ikusita”» Berria (kontsulta data: 2025-09-19).
- ↑ Asegarceren webguneko fitxa
- 1 2 (Gaztelaniaz) «Urrutikoetxea se lleva su primera txapela tras colarse en la final», Naiz, 2015-06-28.
- ↑ Unai Zubeldia: «Mikel Urrutikoetxea, Asegarceko pilotaria: "Burua hotz mantendu nuen, eta ondo amaitu nuen partida"», Berria, 2015-06-30.
- 1 2 Magro Eizmendi, Imanol. (2016-04-10). «Zoritxarra gonbitik gabe sartu da festan» Berria.
- ↑ (Gaztelaniaz) Vico, Igor G.. (2025-09-20). «Mikel Urrutikoetxea: “Cuando estaba mal, lo mejor que pude hacer fue buscar ayuda psicológica”» Deia (kontsulta data: 2025-09-25).
- ↑ «Mikel Urrutikoetxea, Buruz Burukoaren txapela Bizkaira berriro eraman zuen pilotaria» EITB 2025-03-19 (kontsulta data: 2025-09-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) Muñoz, Unai. (2025-09-20). «Mikel Urrutikoetxea se despide a lo grande» Deia (kontsulta data: 2025-09-20).
- ↑ «URRUTIKOETXEA» Baiko Pilota (kontsulta data: 2025-09-20).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Pilotariaren fitxa, Asegarceren webgunean.
