Tramana

Wikipedia, Entziklopedia askea
Myliobatis aquila» orritik birbideratua)
Tramana
Iraute egoera

Galzori larrian  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaChondrichthyes
OrdenaMyliobatiformes
FamiliaMyliobatidae
GeneroaMyliobatis
Espeziea Myliobatis aquila
Linnaeus, 1758

Tramana (Myliobatis aquila) ur gaziko arrain kartilaginosoa da, Myliobatidae familiakoa[1]. Arraia mota bat da. Hizkuntza askotan "itsasoko arranoa" izena ematen zaio.

Ozeano Atlantikoan eta Mediterraneoan aurkitzen da. Buztanean pozoia du, lesio handiak eragin ditzakeena[2], hala ere jateko arrain preziatua da.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurkitu den handienak 183 cm luzera eta 14,5 kg zuen[3]. Gorputzaren diskoa 80 cm ingurukoa zen, gainerakoa isatsak osatzen zuen. Emeak arrak baino handiagoak dira[4].

Gorputzaren gainaldea marroia edo beltza izaten da eta sabelaldea zuria, ertzetan ilundu egiten bada ere. Hegal triangeluar handiak dituenez gorputzaren diskoa erronbo itxurakoa da. Hegalak puntan amaitzen dira.

Muturra borobildua du, ahatearen mokoaren antzekoa[2]. Begiak alboetan kokaturik daude. Azpialdean ahoa eta zakatzak ditu. Ahoko baraila bakoitzean 7 hortz lerro ditu[5].

Buztana luzea da, gorputza halako bi batzuetan, eta bizkarraldeko hegats txiki bat du hasieran. Amaieran arantza bat du, isatseko hegatsik ez. Buztanak erdialdean badu pozoi poltsa bat gordetzen duen barrunbea, buztanaren %10-40 hartzen duena, eta pozoia isurtzeko ubide bat edo bi izan ditzake[6]. Eztena du etsaiari pozoia sartzeko[2].

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekialdeko Ozeano Atlantikoan bizi da, Britainiar uharteetatik Hegoafrikaraino, eta Azoreetan, Madeiran eta Kanarietan ere aurkitzen da. Mediterraneo itsasoan ere zabalduta dago[3].

Kostaldean zein itsaso zabalean aurki daiteke. 800 metrotako sakonerako uretara sartzen den arren denbora gehiena 50 metrorainoko sakonerako uretan igarotzen du[7].

Biologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tramana itsaso hondoan "hegan".

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsaso hondoak pratruilatzen ditu hegan ariko balitz bezala. Tramanaren dieta itsaso hondoan bizi diren ornogabeek osatzen dute nagusiki, hondarretatik ateratzen dituen krustazeoek eta molusku bibalbioek. Poliketoak, gastropodoak, itsas lumak eta arrain txikiak ere jaten ditu[8]. Tramana handiagoek arrain gehiago jaten dute[9]. Hondarretan etzanda kamuflatzen da eta eraso azkarrak egiten ditu[2].

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugalketa garaian dozenako taldetan biltzen dira[10]. Tramanak obobibiparoak dira eta 3-7 tramana gazte garatzen dira amaren barnean[5]. Hasiera batean arrautzaren gorringoaz elikatzen dira eta ondoren amak umetokian isurtzen duen jariakinaz. 6-8 hilabeteko haurdunaldiaren ondoren guztiak jaiotzen dira[3]. 20-30 cm arteko luzera izaten dute tramana jaioberriek[2]. Maiatza era iraila artean jaiotzen dira, Hegoafrika 1983an azaroan jaiotakoak ikusi ziren[11].

Sexu heldutasuna 55 cm dutenean hartzen dute arrek eta 75 cm dutenean emeek[2].

Gizakiarekin harremana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrantza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sare pelagikoen bidez edo kainaberaz harrapatzen dira, baina populazioak urritzen ari dira eta kainabera bidezko harrapaketak nabarmen jaitsi dira[12].

Turismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tramanak ikusi eta argazkiak ateratzeko itsaspeko jarduerek goraldia izan dute.

Gastronomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tramanaren hegalak jaten dira, han aurkitzen baita haragia. Era askotara presta daiteke, irineztatuta, plantxan, erreta, gisatua... Frantzian tramana gurin beltzetan jaten da, Katalunian suquet de raya, Galizian raya en caldeirada, Huelvan raya al pimentón eta Valentzian raya con tomate[13]. Euskal Herrian ez da plater ohikoa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Bigelow, H.B. & W.C. Schroeder. (1953). Fishes of the Western North Atlantic, Part 2. Sears Foundation for Marine Research, Yale University, 352–362 or..
  2. a b c d e f (Gaztelaniaz) «Raya águila • Myliobatis aquila • Ficha de pez» Fishipedia (Noiz kontsultatua: 2024-01-06).
  3. a b c «Myliobatis aquila, Common eagle ray : fisheries, gamefish» fishbase.mnhn.fr (Noiz kontsultatua: 2024-01-06).
  4. academic.oup.com (Noiz kontsultatua: 2024-01-06).
  5. a b (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Myliobatis aquila (Linnaeus, 1758)» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2024-01-06).
  6. Maretic, Z.. (1982-01-01). «Some clinical and epidemiological problems of venom poisoning today» Toxicon 20 (1): 345–348.  doi:10.1016/0041-0101(82)90241-0. ISSN 0041-0101. (Noiz kontsultatua: 2024-01-06).
  7. (Ingelesez) «Coastal fishes of the Cape Peninsula and False Bay : a divers' identification guide | WorldCat.org» search.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2024-01-06).
  8. (Frantsesez) Myliobatis aquila – Guide of Mediterranean Skates & Rays. (Noiz kontsultatua: 2024-01-06).
  9. academic.oup.com (Noiz kontsultatua: 2024-01-06).
  10. (Ingelesez) Grancagnolo, Desiree; Arculeo, Marco. (2021). «Summer aggregation of common eagle ray, Myliobatis aquila (Chondrichthyes: Myliobatidae), in the Marine Protected Area of the Egadi Islands (southwestern Tyrrhenian Sea)» Biogeographia – The Journal of Integrative Biogeography 36 (0)  doi:10.21426/B636051230. ISSN 1594-7629. (Noiz kontsultatua: 2024-01-06).
  11. (Ingelesez) Buxton, C.D.; Smale, M.J.; Wallace, J.H.; Cockcroft, V.G.. (1984-01). «Inshore small-mesh trawling survey of the Cape south coast. Part 4. Contributions to the biology of some teleostei and Chondrichthyes» South African Journal of Zoology 19 (3): 180–188.  doi:10.1080/02541858.1984.11447880. ISSN 0254-1858. (Noiz kontsultatua: 2024-01-06).
  12. (Ingelesez) Quero, Jean‐Claude. (1998-01). «Changes in the Euro‐Atlantic fish species composition resulting from fishing and ocean warming» Italian Journal of Zoology 65 (sup1): 493–499.  doi:10.1080/11250009809386873. ISSN 1125-0003. (Noiz kontsultatua: 2024-01-06).
  13. (Gaztelaniaz) Trujillo, Juana. (2011-04-21). «La raya en la gastronomía» Directo al Paladar (Noiz kontsultatua: 2024-01-06).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]