Nuño de Guzmán
Nuño de Guzmán | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Guadalajara, 1490eko urriaren 31 (egutegi gregorianoa) |
Heriotza | Torrejón de Velasco, 1544 (egutegi gregorianoa) (53/54 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Alcalako Unibertsitatea |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | esploratzailea eta militarra |
Nuño Beltrán de Guzmán (Guadalajara, 1490 aldean – Torrejón de Velasco, 1544 aldean) espainiar konkistatzailea eta Espainia Berriko agintari koloniala izan zen. Gaztelan hil zen, espetxean. Tirano hutsa izan zen Bartolomé de las Casasen arabera.[1]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nuño Beltrán de Guzmán Guadalajarako kapare familia batean jaio zen, 1490 aldean. 1525ean, Ameriketara joan zen fortuna bila. 1528an, Santo Domingotik Mexikora aldatu zen, Karlos Habsburgokoak Pánucoko gobernadore izendaturik (gaur egungo Veracruz estatuan). Urte horretan berean, Espainia Berriko Errege Auzitegiko presidente egin zuen enperadoreak. Handik aurrera, liskar ugari izan zituen Hernán Cortésekin[2]
1529an, Cortésen errepresalien beldurrez, Errege Auzitegiko presidente kargua utzi, eta espedizio militar bat antolatu zuen ipar-mendebaldeko Mexiko esploratzeko. 1529ko abenduan abiatu zen Mexikoko haranetik, 300 espainiar eta 6.000 indigenez osatutako armada baten buru, Kristobal Oñate ondoko zuela.[3] 1530eko otsailean, Villa Purificación sortu zuen egungo Jalisco estatuan.[4] Handik aurrera, Nayarit, Zacatecas, Aguascalientes eta Colimako eremu zabalak beretu zituen. Oso jokabide ankerra izan zuen, uztak ebatsi, herriak erre, buruzagiak torturatu eta indigenak esklabo eginez. Hala ere, espero zituen aberastasunak ez zituen kausitu.[2] 1531-1532 bitartean, Mendebaldeko Sierra Madre zeharkatu eta Sinaloa esploratu zuen. Lurralde guzti horiekin, Nueva Galiciako Erresuma sortu zuen, bera gobernadore zela.[2]
Haren aurkako salaketak zirela-eta, Antonio de Mendoza erregeordeak kargugabetu zuen 1538 aldean, eta Espainiara bidali zuen epaitua izan zedin. Ondasunak bahitu zizkioten, eta Torrejón de Velascoko gazteluan sartu zuten preso; bertan hil zen 1544 aldean.[2]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ La conquista de Nuño de Guzmán. bibliotecadigital.ilce.edu.mx (Noiz kontsultatua: 2017-11-8).
- ↑ a b c d Ortiz García, Antonio. Nuño Beltrán de Guzmán. aache.com (Noiz kontsultatua: 2017-11-8).
- ↑ Nuño de Guzmán, conquistador de Nueva Galicia. historiadelnuevomundo.com (Noiz kontsultatua: 2017-11-8).
- ↑ Villa Purificación. inafed.gob.mx (Noiz kontsultatua: 2017-11-8).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Nuño de Guzmán |