Oilagor
Oilagorra | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Charadriiformes |
Familia | Scolopacidae |
Generoa | Woodcock (en) |
Espeziea | Scolopax rusticola |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Masa | 24,5 g |
Zabalera | 58 cm |
Kumaldiaren tamaina | 4 |
Errute denbora | 22 egun |
Oilagorra, beste izenez bekada[1] edo azaia[2] (Scolopax rusticola) scolopacidae familiako hegazti zangaluzea da[3].
Oilagorra nahiko hegazti handia da, oso moko luzea eta lumaje arre kriptikoa ditu. Bakartia da, iluntzean izaten da aktiboa eta ornogabeak eta zizareak jaten ditu batez ere. Lurrean egiten du habia eta txitak, jaio eta berehala gurasoengandik aparte bizitzeko gai dira. Eskualde atlantikoko basoetan bizi da. Neguan oilagor ugari etortzen da Europako iparraldetik Euskal Herrira, bertan hibernatzera[4]
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tamaina ertaineko hegaztia da, 30 - 36 zentimetroko luzera du, 300 - 350 gramoko pisua eta lumaje nabarra[5]. Hegazti zangaluzea da, haragi oso gozokoa, luma arre beltzunedunak dituena.[6]
Hedapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europa eta Asiako[7] basoetan bizi ohi da. Iragaitzaz dagoenean artadietan eta larreetan bizi da[8].
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ehiztarien oilagor ospetsua, basoko erregina, batzuek esaten dioten bezala.
Hegazti sendoa da, gutxi gorabehera eperraren tamainakoa, hala ere, tamaina eta pisua nahiko aldakorrak dira, 33-36 cm-ko tamaina eta 300-350 gr-ko pisua dute batez beste, hala ere 200 gr-ra iritsi ez ziren aleak pisatu dira, eta beste batzuk berriz 400 gr-tik gorakoak.
Arre tonu ezberdinez orbandua du lumajea, beltzak eta okreak, kamuflaje ezin hobea lortzen du basoetako orbelaren gainean. Bere kolore orokorra, marroi-gorrizta batetik, arre-ilun edo grisaxka batera doa. Zerrenda beltz batzuek burua zeharkatzen diote trebeska eta baditu, lepoaren alde banatan beste zerrenda beltz batzuk ere, eta baita begia eta mokoaren hasiera arte ere. Azpitik argiagoa da, tonu okreekin fin-fin arre-beltzezko orbanez apaindua.
Hegan egitea lortzen bada, haren silueta trinkoa ikus daiteke, buztan motza, hegal biribilduak, burua sorbaldetan itsatsita, leporik gabea ematen du, eta moko luze eta zuzena, 6 cm-tik 8 cm-ra, beherantz begira eramaten du.
Bere begiek atentzioa ematen dute, beltzak, handiak, irten samarrak eta buruan oso atzean kokatuak, mokoaren oinarritik baino kokotetik hurbilago, posizio horri esker 360 gradutan ikusten du, burua jiratu gabe, aurrea, atzea, eta alboak.
Biologia eta ohiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oilagorra ilunabarreko ohituretakoa da. Eguna baso edo zuhaixka itxien barruan igarotzen du. Arriskua ikusiz gero mimetismoaz fidatzen da. Mugitu gabe lurrera itsasten da, oharkabean pasatu nahian. Ezustean harrapatzen bada, jauzi bat eginaz egingo du hegan. Ondoren, hegoak astintzen ditu gogor, soinu indartsu bat ateraz, ustekabean harrapatzen duenari susto bat emanez. Zuhaitzen artean egiten du hegan sigi-sagan, ez oso urruti etzateko.
Ilunabarrean inguruko zelaietara irteten da jatera. Mokoa lurrean hondoratuz elikatzen da, han-hemenka zundatzen, harik eta zizareren batekin topo egiten duen arte, zeinak azkar atera eta irensten du. Badirudi zizareak direla bere dietaren zati garrantzitsu bat, baina intsektuak eta haien larbak ere jaten ditu, armiarmak, miriapodoak, bare txikiak eta barraskilotxoak.
Goiz jartzen da araldian, otsail edo martxo aldera. Garai honetan arrek egunsentian eta iluntzean zuhaitzen adaburuen gainean jirabiraka egiten dute hegan, aldi berean, beren apeuak igortzen dituzte: soinu bitxi bat, igelen korroka baxu eta sakon baten antzekoa, “psssit” oso zorrotz eta sarkor batekin txandakatzen duena.
Lurrean egiten du habia, hosto lehorrez tapizatzen duen hutsune batean, sarritan enbor edo motzondo baten oinean, basoko leku ilun baten.
Leialtasuna ez da hauen araua. Hegaztien dentsitatea egokia bada, ar bakoitzak hainbat eme ditu, eta hauek, aldi berean, ar ezberdinekin elkartzen dira. Urtean habia pare bat ateratzen dituzte.
Martxoaren bigarren erdialdean hazten du lehen errunaldia, normalean 4 arrautza zuri-zikin kolorekoak orban ilunekin. Emeak bakarrik txitatzen du 20-23 egunez. Txitak, nidifugoak dira eta oso mimetikoa den lumatxa arre kolorekoarekin eta orbanekin estalita jaiotzen dira, jaio eta berehala amaren atzetik korrika hasten dira. Molestatua izan delako edo beste arrazoi batengatik lurraldez aldatzea nahi badu, hegan eraman ditzake, banan-banan, mokoaren eta hanken artean hartuta. Aste gutxira, gazteak independizatu egiten dira, inguruan sakabanatuz.
Gauez bidaiatzen dute, eta egiaztatu da haizeak garrantzi handia duela joan-etorrietan. Haizea alde dutela emigratzea gustatzen zaie, aurrez jotzen badie eta baita euria egiten badu ere, gelditu egiten dira baldintza egokiagoen zain.
Gure lurraldean sarrerak urriaren erdialdetik aurrera izaten dira, oso gutxitan lehenago. Irailean edo lehenago ehizatu izan diren oilagor gehienak bertakoak izan behar dute.
Migratzaileen etorrera negua iritsi arte luzatu ohi da eta hotz-boladekin etorrera masiboak gerta daitezke, 1985eko urtarrilean gertatu zen bezala.
Banaketa, habitata eta estatusa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oilagorrak Europako eta Asiako klima boreal eta epeletan hazten du. Eremu Mediterraneoko zoru menditarretan ere bai. Iberian bere estatusa gaizki ezagutzen da; zerrenda hezeko basoak hartuko lituzke, Pirinioak eta iparraldeko mendietako kokaleku mugatuak.
Euskal Herrian eskualde kantauriarreko basoetan hazten du, sakabanatuta, edozein altitudean. Ia itsas mailan, Donostiatik gertu, aurkitu da eta baita 1000 metro inguruko Aralar eta Aizkorriko pagadietan ere. Pagadiak, hariztiak edo beste hostozabal batzuk har ditzake, baita landatutako konifero-masak eta berezkoak. Araban badirudi, nahiko hezeak diren basoetan, hazten duela, hemen ere sakabanatuta. Bere kumeen aipuak pagadietan, hariztietan eta amezti bakarren batzuetan ere bai, Izkiren kasua bezala. Toloño-Kantabriatik hegoaldera ez duela hazten ematen du. Ehiza denboraldia otsailaren bigarren erdira arte luzatzeko ohiturak, baita martxoaren amaiera arte ere, oso eragin kaltegarria izan du bertako oilagorrentzat. Kontrapasan hiltzen diren oilagor asko hemen hazteko prest zeudenak izango dira.[9]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Lapurdin eta Nafarroa Beherean gehien erabiltzen den izena.
- ↑ Zuberoan erabilitako izena. Xarles Bidegain, Euskera 2010, 55, 3. 1114.or.
- ↑ Mullarney, K., Svensson, L., Zetterstrom, D., Grant, P. J. (1999). "Collins Bird Guide". Londres: HarperCollins. 150. orr. ISBN 0-00-219728-6.
- ↑ Jon Larrañaga Elhuyar, K.E. (1996). Euskal Herriko fauna (ornodun lehortarrak). Lizarra Imprimategia, 112 or. ISBN 84-87114-09-1..
- ↑ www.ibercajalav.net
- ↑ Lur entziklopedietatik hartua.
- ↑ Distribución y fenología de la becada
- ↑ Aves de España, de Eduardo de Juana y Juan M. Varela, Pág. 94. ISBN:84-87334-88-1
- ↑ (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi,. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 185 or. ISBN 84-7542-639-5..
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |