Edukira joan

Olerki sinfoniko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Franz Liszt, 1858an.
Hector Berlioz, Émile Signolen margolan batean (1832).

Olerki sinfonikoa mugimendu bakarreko orkestra-konposizioa da, erromantizismoan ohikoa, istorioak, paisaiak edo sentimenduak deskribatzen dituena. Franz Liszt-ek eta Hector Berliozek sortua, musikatik kanpoko irudiak gogora ekartzea bilatzen du, askotan literaturan edo margolaritzan oinarrituz.[1] Franz Liszt-ek erabili zuen lehen aldiz terminoa, eta genero horretako hamahiru konposizio idatzi zituen.[2]

Poema sinfonikoak istorio bat, paisaia bat, egoera pertsonal bat, sentimendu bat deskribatzen du bere doinuarekin. Izaera poetiko literarioa du, oroimenak, sentimenduak adierazten ditu, sentsazioak eta emozioak pizten ditu.[1] Poema sinfonikoaren izenak ez du forma musikal bat adierazten, baizik eta genero bat, konposizioa bideratzeko modu bat.[3]

Olerki sinfonikoa musikatik kanpoko jatorria duen musika lan bat da. Musika klasikoaren barnean, musika programatikoaren zati da. Gehienetan, liburuetan edo elezaharretan agertzen diren istorioen arabera eginak izaten dira, ohi orkestra sinfonikoarentzat, kamerako orkestrarentzat, instrumentu talde txikientzat eta pianoarentzat bakarrik eginak ere egoten diren arren.[4]

Poema sinfoniko bakarra obra bat izan daiteke berez, edo poema sinfonikoen ziklo baten parte izan daiteke, suite gisa. Honen adibide bat sei poema sinfonikoz osatutako Bedrich Smetana Má vlast (Nire aberria) da.

Tondichtung (poema tonala) alemaniar terminoaren lehen erabilera Carl Loewerena izan zela dirudi, ez orkestra-lan bati aplikatua, baizik eta Mazeppa, op. 27 (1828) pianorako bere bakarkako piezari, Lord Byronen izen horretako poeman oinarritua eta Lisztek kantu bera orkestraren bidez landu baino hamabi urte lehenago idatzia.[5]

1845 eta 1847 artean, Cesar Franck konpositore belgikarrak orkestra-pieza bat idatzi zuen Victor Hugoren "Ce qu 'on entend sur la montagne" poeman oinarrituta. Lanak poema sinfonikoaren ezaugarriak ditu, eta musikologo batzuek, hala nola Norman Demuthek eta Julien Tiersotek, bere generoko lehenbizikotzat jotzen dute, Liszten konposizioak baino lehenagokoa.[6] Hala ere, Franckek ez zuen bere pieza argitaratu, ezta interpretatu ere; generoa definitzeko asmorik ere ez zuen hartu. Lisztek poema sinfonikoa esploratzeko eta sustatzeko erabakia hartu zuenez, generoaren asmatzailea zela onartu zen.[7]

Arma Senkrah eta Franz Liszt, 1885ean.

Franz Liszt konpositore hungariarrak mugimendu bakarreko lanak kontzertu-oberturaren formatik haratago hedatu nahi zituen. Oberturen musikak entzuleak eszenak, irudiak edo gogo-aldarteak irudikatzera inspiratzeko balio du; Liszten asmoa zen ezaugarri programatiko horiek eskala eta konplexutasun musikalarekin konbinatzea, normalean sinfonia klasikoen irekiera-mugimendurako erreserbatua.[8] Irekiera-mugimendua, sonata formako gai kontrastatzaileen elkarrekintzarekin, sinfoniaren zatirik garrantzitsuena izan ohi zen. Bere helburuak lortzeko, Lisztek metodo malguago bat behar zuen musika-gaiak garatzeko, sonata formak ahalbidetuko zuena baino, baina musika-konposizio baten batasun orokorra gordeko zuena.[9]

Lisztek bi konposizio-praktiken bidez aurkitu zuen bere metodoa, bere poema sinfonikoetan erabili zituenak. Lehenengo praktika forma ziklikoa izan zen, Beethovenek ezarritako prozedura, zeinean mugimendu batzuk lotuta egoteaz gain, besteen edukia islatzen duten. Lisztek Beethovenen praktika urrats bat harago eraman zuen, mugimendu bakarreko egitura zikliko batean bereizitako mugimenduak konbinatuz. Liszten lan askok patroi horri jarraitzen diote, eta Les Préludes da horren adibiderik ezagunenetako bat.[10] Bigarren praktika eraldaketa tematikoa izan zen, gai bat aldatzen duen aldakuntza mota bat, ez erlazionatutako gai batean, baizik eta zerbait berri, bereizi eta independente batean.[1]

Eraldaketa tematikoa, forma ziklikoa bezala, ez zen berez ezer berria. Lehenago Mozartek eta Haydnek erabili baitzuten. Bederatzigarren sinfoniaren azken mugimenduan, Beethovenek "Poztasunerako Oda" kantua martxa turkiar bihurtu zuen. Weberrek eta Berliozek ere gaiak eraldatu zituzten, eta Schubertek eraldaketa tematikoa erabili zuen bere Wanderer Fantasy-ren mugimenduak batzeko; lan honek Liszten izugarrizko eragina izan zuen. Hala ere, Liszt-ek egitura formal nabarmen luzeagoen sorrera hobetu zuen, soilik eraldaketa tematikoaren bidez.

Musikagile txekiarrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bedřich Smetana.

Liszten ondoren poema sinfonikoa garatu zuten konpositoreak nagusiki bohemiarrak, errusiarrak eta frantsesak izan ziren; bohemiar eta errusiarrek formaren ahalmena erakutsi zuten beren herrialdeetan une hartan sustatzen ari ziren ideia nazionalistentzat. Bedřich Smetana 1857ko udan Weimarren bisitatu zuen Liszt; Faustoren sinfonia eta Die Ideale poema sinfonikoaren lehen emanaldietara joan zen.[11] Liszten eraginez, Smetanak literaturan oinarritutako lan sinfoniko batzuei ekin zien: Rikardo III.a (1857-8), Wallenstein's Camp (1858-9) eta Hakon Jarl (1860-1861). Garai berekoa den pianorako lan batek, Macbeth a čarodějnice (Macbeth eta sorginak, 1859), antzeko irismena du, baina estilo ausartagoa erakusten du.[12] Musika gaiak erabili zituen pertsonaia espezifikoak antzezteko; horrela, Hector Berlioz musikagile frantsesaren Roméo et Juliette sinfonia koralaren eragina jaso zuen, Lisztena baino hurbilagotik.

Smetanaren sei poema sinfonikoen multzoa, Má vlast (Nire aberria) izenburu orokorraren pean argitaratuak, generoan izan zituen lorpenik handienak bihurtu ziren. 1872-1879 artean konposatua, zikloak konpositorearen sinesmen pertsonala txekiar nazioaren handitasunean erakusten du, txekiar historiaren pasarte eta ideia hautatuak aurkeztearekin batera.[13] Macdonalden iritziz "txekiar musikaren monumentuetako bat" sortu zuen Smetanak.[14] Smetanaren berrikuntza jarraitzaileak izan zituen, Txekian zein Eslovakian: Antonín Dvořák, Zdeněk Fibich eta Vítězslav Novák.

Modest Musorgski 1870ean.

Poema sinfonikoaren garapena Errusian, txekiar lurretan bezala, Liszten musikarekiko mirespenetik eta gai nazionalekiko deboziotik sortu zen. Horri gehitu behar zaio errusiarrek istorioak kontatzeko zuten maitasuna: generoak berariaz diseinatua zirudien. Genero berriak musikagile handien atxikimendua lortu zuen, bereziki Bostak taldearena; taldeko hiruk landu zuten: Mili Balakirev, Modest Musorgski eta Aleksandr Borodin.[15]

Nikolai Rimski-Korsakov musikagileak ere olerki sinfonikoak gisa sailkatu diren lanak idatzi zituen. Piotr Ilitx Txaikovskik ere , nahiz eta sarritan errusiar gaiak ez erabili, genero barruan koka daiteke. Ezagunena Romeo eta Julieta dugu; izan ere egileak ez zion izen hori eman, "fantasia obertura", baizik.[16]

Frantzia beste herrialde batzuk bezain kezkatuta ez bazegoen ere nazionalismoagatik, musika narratiboko eta ilustratiboko tradizio ondo finkatua zuen oraindik, Hector Berlioz eta Félicien Davidera itzultzen zena. Horregatik, frantziar konpositoreak poema sinfonikoaren elementu poetikoek erakarri zituzten. Izan ere, Lisztek berak bere lehen poema sinfoniko zenbakitua idatzi aurretik, César Franckek orkestra-pieza bat "Ce qu 'on entend sur la montagne" Victor Hugoren olerkian oinarrituta idatzi zuen.[17]

Frantzian 1870eko hamarkadan, sortu berria zen Société Nationaleren laguntzarekin eta frantziar konpositore gazteenen sustapenarekin olerki sinfonikoa modan jarri zen. Société sortu eta hurrengo urtean, 1872an, Camille Saint-Saënsek Le rouet d'Omphale konposatu zuen, eta laster beste hirurekin jarraitu zion, horietatik ospetsuena Danse macabre (1874) bihurtu zelarik.[18]

Richard Strauss Max Liebermannen erretratu batean.

Richard Straussen olerki sinfonikoak XIX. mendearen azken aldiko musika programatikoaren puntu gorena dira. Straussek bere mugak zabaldu zituen eta musikaren errealismoaren kontzeptua aurrekaririk gabeko maila batera eraman zuen. Obra horietan musikaren adierazpen-gama zabaldu zuen, askotan musika-emanaldirako desegokitzat jotzen ziren gaiak antzeztuz. Lehen Mundu Gerraren aurreko urteetan, lan horiek modernoaren abangoardiatzat jotzen ziren.

Bere obra sinfoniko programatikoaren corpusa honako hau da:

Azpigenero honen sortzailea, Franz Liszt konposatzaile hungariarra izan zen. Azpigenero hau jorratu zuten beste konposatzaile batzuk hauek dira:

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 3 «El poema sinfónico | La música programática» rea.ceibal.edu.uy (kontsulta data: 2026-03-24).
  2. Searle, Humphrey, ed Stanley Sadie, "Liszt, Franz", The New Grove Dictionary of Music and Musicians, Lehenengo edizioa (Londres: Macmillan, 1980), 20 liburuki. ISBN 0-333-23111-2
  3. (Gaztelaniaz) Zamora, Juan. (2012-03-15). «Formas musicales | El poema sinfónico» Melómano - La revista de música clásica (kontsulta data: 2026-03-24).
  4. Spencer, Piers, ed. Allison Latham, "Symphonic poem [tone-poem]", The Oxford Companion to Music (Oxford and New York: Oxford University Press, 2002). ISBN 0-19-866212-2
  5. https://d2vhizysjb6bpn.cloudfront.net/TOCC0278notes.pdf
  6. Ulrich, Homer, Symphonic Music: Its Evolution since the Renaissance (New York: Columbia University Press, 1952), 228.or..
  7. Macdonald, New Grove (2001), 24:802, 804; Trevitt and Fauquet, New Grove (2001), 9:178, 182.
  8. Spencer, Piers, ed. Allison Latham, "Symphonic poem [tone-poem]", The Oxford Companion to Music (Oxford and New York: Oxford University Press, 2002). ISBN 0-19-866212-2
  9. Searle, Humphrey, ed Stanley Sadie, "Liszt, Franz", The New Grove Dictionary of Music and Musicians, Lehenengo edizioa (Londres: Macmillan, 1980), 20 liburuki. ISBN 0-333-23111-2. 11:41
  10. Searle, Humphrey, ed. Alan Walker, "The Orchestral Works", Franz Liszt: The Man and His Music (New York: Taplinger Publishing Company, 1970). SBN 8008-2990-5. 281.or.
  11. (Ingelesez) «12- Die Ideale» Apple Podcasts (kontsulta data: 2026-03-26).
  12. «Macbeth a čarodějnice» www.bedrich-smetana.wz.cz (kontsulta data: 2026-03-26).
  13. (Gaztelaniaz) Audición comentada - Ma Vlast, de Bedřich Smetana | Toda la Música. 2026-02-22 (kontsulta data: 2026-03-26).
  14. Macdonald, Hugh, ed Stanley Sadie, "Symphonic Poem", The New Grove Dictionary of Music and Musicians (Londres: Macmillan, 1980), 20 liburuki. ISBN 0-333-23111-2. 18:430.
  15. Rusca, Carolina Monacci. (martes, 30 de abril de 2019). «resonancias: El poema sinfónico (II). Nacionalistas rusos.» resonancias (kontsulta data: 2026-03-26).
  16. (Gaztelaniaz) Larrinoa, Rafael Fernández de. (2025-03-09). «Romeo y Julieta de Chaikovski: música programática y nacionalismo musical ruso» HISTORIA DE LA MÚSICA (kontsulta data: 2026-03-26).
  17. Sadie, Stanley, ed. (1995). The New Grove dictionary of music and musicians. Macmillan. ISBN 978-0-333-23111-1.
  18. «Le poème symphonique» www.symphozik.info (kontsulta data: 2026-03-25).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]