Oppidum

Wikipedia, Entziklopedia askea
Oppidum baten horma Gergovie goi-ordokiko aztarnategian (Puy-de-Dôme, Frantzia)

Oppiduma (latinezkoa, pl. oppida, harresitutako eremua, gotorlekua) babesleku naturalak (dela muino bat, goi-ordoki bat, haitz gain bat edota erreka bideak erdi-inguratutako eremu bat) baliatuz gizakiak harresiz itxi duen hiri da.

Oppidum hitza, Protohistorian (Burdin Aro amaiera eta I. mendea bitartean) eraikitako izaera eta tamaina arras ezberdinetako gotorlekuak izendatzeko erabiltzen da eta horregatik, askotan, kastro eta bestelako izenekin nahasten da. Arkeologian eta Historia jakintzagaietan, garai horretako herri edo hiri handi eta antolatuentzat erabili ohi da, baina ez dago adostasunik neurri zehatzei dagokionez nahiz eta gutxieneko ezaugarri batzuk beharrezkoak diren herri gotortu bat oppidum gisa sailkatzeko: tamaina handia, harresi indartsuak, lurralde oso bateko buru izatea eta urbanismo ezaugarriak izatea (planifikatutako kaleak, batzarretarako gunea, eraikin monumentalak, etab.).

Bibracteko horma galikoa

Europa epelean agertu ziren II. mende erdialdean[1], antza, gertutasun maila bat zuten herri batzuk elkartzean. Oppidum horiek beren lurraldeko hiriburu bilakatzen ziren, eta beren eragina politikoa zabaltzen zuten. Komertzialki ere eginkizun zentrala bereganatzen zuten eta kasu batzuetan, baita erlijiosoa ere. Erromatarrak iritsi aurreko lehen egitura urbanistikoak eraiki zituzten eta askotan "aitzin-estatuak" izateko bidean zeudela esaten da.

Julio Zesarren galiarren aurkako gerla kontatzeko idatzi zuen De Bello Gallico liburuan aipatzen ditu oppidumak sarritan, eta horregatik, Galian identifikatu ziren lehenengoz. Horien artean, bereziki garrantzitsua izan da ikerketetarako Bibracte oppiduma[2] [3] izandakoaren aztarnak, heduoen hiri buruzagia, eta gaur egun bisitatu daitekeena.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Ruiz Zapatero, Gonzalo. (2017). «La eclosión de los oppida: las primeras ciudades al norte de los Alpes» Desperta Ferro. Arqueología e Historia, (Ejemplar dedicado a: "Oppida". Ciudades de la Europa céltica) (Madril) 15: 6-13. ISSN 2387-1237..
  2. Bibracte. «Bibracte» Bibracte (Noiz kontsultatua: 2021-02-14).
  3. (Gaztelaniaz) Guichard, Vicent. (2017). «Bibracte. Testimonio de un mundo en transición» Desperta Ferro. Arqueología e Historia, (Ejemplar dedicado a: "Oppida". Ciudades de la Europa céltica) (Madril) 15: 14-19. ISSN 2387-1237..

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]