Ostrakoi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ostraka» orritik birbideratua)
Thémistoclesen aurkako ostrakoia. , K.a. 490/480 inguru, Atenaseko Antzinako Agoraren Museoa.
Temistokleren aurkako ostrakoia. , K.a. 490/480 inguru, Atenaseko Antzinako Agoraren Museoa.

Ostrakoi (antzinako grezieraz: ὄστρακονostrakon, pluralez ὄστρακα, ostraka) bertan idazteko edo marrazteko erabiltzen zen maskor edo zeramika zati bat da, jatorriz, Grezia klasikoan erabiltzen zena hiri-batzarretan boto emateko.

lehen esanahi hori, ordea zabaldu da eta, testuinguru arkeologiko edo epigrafiko batean, ostrakoi bat, idatzitako edo marraztutako zeramika pusketa bat da, eta are batzuetan, marrazteko edota idazteko harraskatu diren harri-zati txikiak. Oro har, uste da idazkera gehitu baino lehen hautsi direla; antzinako jendeak zeramikazko pieza merkeak, ugariak eta iraunkorrak erabili zituen haien inguruan, asmo askotarako idazteko leku egokitzat, batez ere inskripzio oso laburretarako, baina kasu batzuetan oso luzeak.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ostraka aldaera singularrean erabilita asko zabaldu da azken urteetan[1], nahiz eta ez den jarraitu beste hizkuntzetako literatura zientifikoak erabiltzen den araua[2]. Singularrean ostrakoi[3] litzateke beste hizkuntzetako joerari jarraiki, eta pluralean, ostrakak erabili ohi da. [4][5]

Latinezko inskripzioei buruz ari genean, ez da ohikoa ostraka hitza erabiltzea, eta beste izen edo esapide erabiltzen da, hala nola, grafitoak zeramika gainean[6], eta instrumenta domestica (edo zehazkiago instrumentum domesticum inscriptum)[7] sailkapenaren barruan sartzen dira. Hala ere, badira hainbat antzekotasun: zeramikazko edo bestelako euskarri gogorren gainean agertzen dira, eskuz idatzita daude eta epigrafiak ikertzen ditu.[8]

Greziako ostrakak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atenasen, adibidez, hiritik bota nahi zuten politikariaren erbesteratzea biltzar batek erabakitzen zuen, eta biltzar horretako partaide bakoitzak zalantzan jarritako politikariaren izena zeramikazko zati batean (ὄστρακον ostrakon horretan) idazten zuen. Hortik dator ostrazismo hitza, aipaturiko erbesteratzea ebazteko erabiltzen zen prozedura, alegia. Nahikoa zen hiritar kopuru batek hala erabakitzea. Pieza horietariko asko Akropolian aurkitu ziren eta gaur egun, Atenaseko Antzinako Agoraren Museoan ikus daitezke.[9]

Egiptoko ostrakak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako Egipton, hitz hori eskriba batek edo eskriba-ikasle batek marraztu edo idazten zuen kareharri edo zeramikazko zatiak izendatzeko erabiltzen zen. Papiroa nahiko garestia zenez, ez zen sekula erabiltzen ofizialak ez ziren ohar, marrazki adierazgarri edo satiriko, eta are gutxiago, hieroglifoen idazkera ikasteko.

Greko-erromatar Egiptorentzat, papirologia, papiroetan ez ezik, ostraketan ere ageri diren latindar, greziar eta demotikoar testuak aztertzen dituen zientzia da.

Antzinako erromatar grafitoak zeramika gainean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EAGLE (Europeana programme focusing on inscriptions of the Ancient World) bilduman jasotako zeramika puzka idatzia.

Erromatar idazkunak ikertzen dituzten epigrafistek bestelako objektuetan zizelkatutako idazkunak aztertu izan dituzte batez ere: hilarriak, aldareak, monumentuetan jartzen ziren plakak, eta abar. Azken urteetan, ordea, gero eta interes handiagoa pizten dute objektu txikietan idatzitako inskripzioek, batez ere zeramikazko etxeko lanabesetan agertzen direnak (basera pieza osoak, garraiorako eta kontserbaziorako ontziak, zeramika zatiak, olio-lanparak...). Gehienek modu "profesionalean" egiten ziren, adibidez, merkataritzan erabiltzen diren anforen lepoan, edo saltzen ziren zeramika poteen azpialdean estanpatzen ziren ekoizlearen zigiluak. Hala ere, baziren etxeko baxeran etxekoek edo norbanakoek eskuz egindako (esgrafiatutako) grafitoak.

Grafito horien artean, oso ezagunak dira Suitzan dagoen Aventicumekoak, bertan, 1828 grafito aurkitu baitziren.[10]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Barandiaran, Alberto, 1964-. (D.L. 2010). Veleia afera. Elkar ISBN 978-84-9783-915-0. PMC 733600936. (Noiz kontsultatua: 2020-05-02).
  2. Darvill, Timothy. (2008). The concise Oxford dictionary of archaeology. (6th ed. [i.e. 2nd ed.]. argitaraldia) Oxford University Press ISBN 978-0-19-157904-2. PMC 261162217. (Noiz kontsultatua: 2020-05-02).
  3. Joseba Lakarra euskal filologoak horrela idazten du hitz hori singularrean idazten duenean, Sustatun argitaratu zen artikulu baten erantzunean. Ikus: PATXI H., 2010. XX. mendeko otoitzak Veleian. Sustatu. 2010-04-12 : https://sustatu.eus/1270720463. Joseba Lakarraren erantzuna: 2010-04-12 : 15:02
  4. «Zoaz ostrazismora... edo petalismora» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-05-02).
  5. Erredakzioa. «Iruña-Veleiako ostraketan Eliseo Gilek idatzi zuela esan du grafologo batek» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-05-02).
  6. (Gaztelaniaz) María Paz, De Hoz García-Bellido; Díaz Ariño, Borja; Ribera Lacomba, Albert. (2013). «GRAFITOS SOBRE CERÁMICA PROCEDENTES DE LOS NIVELES ROMANORREPUBLICANOS DE VALENTIA (VALENCIA, ESPAÑA)» Palaeohispanica. Revista sobre lenguas y culturas de la Hispania Antigua (20): 407-429. doi:10.36707/palaeohispanica.v0i20. ISSN 1578-5386. (Noiz kontsultatua: 2022-09-24).
  7. (Gaztelaniaz) «El instrumentum domesticum» Liceus (Noiz kontsultatua: 2022-09-24).
  8. Abascal Palazón, Juan Manuel; Cebrián Fernández, Rosario. (2008). «Grafitos cerámicos de Segobriga (1997-2006)» Lvcentvm (26): 127–171. doi:10.14198/LVCENTVM2007.26.06. ISSN 0213-2338. (Noiz kontsultatua: 2020-05-02).
  9. Greziako Kultura Ministerioaren azalpen orria: http://odysseus.culture.gr/h/1/eh151.jsp?obj_id=3290
  10. Sylvestre, Richard. (2017). Les graffiti sur céramique d'Aventicum (Avenches) : éléments de réflexion sur la population du "Caput Ciuitatis Heluetiorum". ISBN 978-2-9701023-5-9. PMC 1011108147. (Noiz kontsultatua: 2022-09-24).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]