Edukira joan

Oxirrinko

Oxirrinko
Aztarnategi arkeologikoa
Estatu burujabe Egipto
Koordenatuak28°32′10″N 30°39′20″E / 28.5361°N 30.6556°E / 28.5361; 30.6556
Mapa

Oxirrinko (Ὀξύρυγχος grezieraz eta egiptoeraz Per-Medyed) Goi Egiptoko XIX. nomoko antzinako hiri bat da, egungo البهنسا herria (El-Bahnasa arabieraz, Minia probintzian), Kairotik 160 kilometro inguru hego-mendebaldera dagoena, Bahr-Yusef edo Joseren Kanalaren ezkerraldeko ertzean. Aztarnategia herriko kaskoaren mugan bertan dago.

Euklidesen Elementuak lanaren txatal bat, papiroan idatzia, Oxirrinkoko aztarnategian aurkitua.

Inguru horretan, aztarnategi arkeologiko garrantzitsu bat dago, Napoleonekin batera Egiptora espedizio militar eta zientifikoan joandako aditu Vivant Denonek identifikatua hasieran (1799-1802).

XIX. mendearen amaieratik bertan aurkitutako pergamino kopuru handiagatik da famatua, besteak beste, literatura lanak, dokumentu ofizialak eta eguneroko erregistroak. Testu horietako gehienak antzinako zabor-piloetan aurkitu ziren, inoiz ez hileta-testuinguruetan.[1]

Garai helenistikoan, eskualde hiriburu garrantzitsu bat zen, Egiptoko hirugarren hiririk handiena. Egipto kristautu ondoren, bere eliza eta monasterio ugariengatik ospetsu izan zen. Hiriak munta mantendu zuen erromatar eta bizantziar garaian, pixkana-pixkana gainbehera joan zen arren. Arabiarrek 641ean Egipto inbaditu ondoren, hiria utzia izan zen, bere beharra zuen kanalaren zaintza faltaren ondorioz.

Aztarnategi arkeologikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Platonen Errepublikaren txatala, Oxirrinkon aurkitutako papiroa.

Vivant Denonek hondakinen marrazkiak argitaratu zituen, ohorezko zutabe baten ikuspegia nabarmenduz (Denon 1802). Aztarnategia ez zen berriz esploratu 1897 arte, S. P. Grenfellek eta S. Huntek papiro bila indusketa kanpaina hasi zuten arte: milaka eta milaka aurkitu zituzten (gehienak grezieraz idatziak) eta Ingalaterrara eraman. Oxyrrinchus Papyri izenaz argitaratu ziren. bakarrik IXX. mednean 500.000 dokumentu inguru aurkitu zituzten eta testuak pixkanaka itzultzen jarraitzen dute mende eta laurden geroago.[2]

Aztarnategia 1920ko hamarkadan induskatu zuen Flinders Petriek, eta antzokia eta hilobi batzuk aurkitu, Fokas bizantziar enperadoreari eskaintza bat zeraman ohorezko zutabe bat eta kolomadi bat dokumentatu zituen. Aztarnategiaren kokapen planoa ere egin zuen.

Oxirrinkoko aztarnategiaren suntsipena gero eta azkarrago zihoan: harriak atera, zatitu eta kare bihurtzen ziren; halaber, papiroak eta balio arkeologikoko beste objektu artistiko batzuk antigoaleko gauzen azokan saltzen ziren (Petrie, 1925).

1930eko hamarkadan, Evaristo Brecciak indusketa gehiago egin zituen Alexandriako Museoarentzat. Ondoren, aztarnategi arkeologikoa ia erabat utzia geratu zen, eta urte askotan zehar, legez kanpoko espoliatzaileek eginiko aurkikuntzei buruzko berriak baino ez daude.

1992an, Egiptoko Antigoaleko Gauzen Zerbitzuak eta Bartzelonako Unibertsitateak Oxirrinkon lan arkeologikoak egiteko elkarlanean aritzea adostu zuten, Josep Padrók zuzendurik, Mahmud Hanza elkarzuzendari arituta.

2026an Bartzelonako Unibertsitateko arkeologoek Iliadako 'Ontzien Katalogoa' duen papiro bat aurkitu zuten, 1.600 urteko momia baten barruan, erromatar agintepeko garaikoa, beraz. Momia agertu zen nekropoli horretan, ikertzaileek urrezko mihi-formako kutunekin apaindutako momiak ere aurkitu dituzte. Kutun horiek hildakoek ondorengo bizitzan hitz egin ahal izatea bermatzen zutela uste zen, batez ere Osirisen, azpimunduko jainko egiptoarraren aurrean zeudenean hil osteko apaiketan.[3]

Oxirrinko arraina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Oxirrinko arraina jainkotuta.

Egiptoar tradizioaren arabera, oxirrinko arraina (Mormyrus generoko eta Mormyridae familiako bertako arraina) hiriari lotuta zegoen. El-Fayumen animalia sakratutzat hartzen zen eta uste zen Osirisen zaurietatik sortu zela. Heliopoliseko teologiaren arabera, oxirrinko arrainak Osirisi zakila jan zion, haren anaia Setek zakila moztu eta uretara bota ondoren. Hori dela eta grekoerromatar garaian barne, jainkoarenganako errespetuagatik ez zen arrainik jan behar. Behi adar, uraeusa eta eguzki diska batek osatutako buruko batekin irudikatzen zen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Marull, David Ruiz. (2026-04-20). «Arqueólogos de la UB descubren en Egipto un papiro con el 'Catálogo de las Naves' de la Ilíada dentro de una momia de hace 1.600 años» La Vanguardia (kontsulta data: 2026-04-22).
  2. «Ajearen aurkako 2.000 urteko erremedioa» www.argia.eus (kontsulta data: 2026-04-22).
  3. (Gaztelaniaz) Marull, David Ruiz. (2026-04-20). «Arqueólogos de la UB descubren en Egipto un papiro con el 'Catálogo de las Naves' de la Ilíada dentro de una momia de hace 1.600 años» La Vanguardia (kontsulta data: 2026-04-22).
  • Padró, Josep: Excavaciones en Oxirrinco (Oxirrinkoko Kataluniar-Egiptoar misio bateratuaren zuzendaria)

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]