Palestinar brodatu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Beit Dajaneko ezkon-soinekoa (1920)

Palestinako lurraldean egiten zen brodatu lan tradizionala da, gehienbat landa eremuetan erabiltzen zena. 1948ko okupazioaren ondorioz galera handia gertatu bazen ere, suspertu egin da eta gaur egun zabalduta dago Palestina osoan, errefuxiatu guneetan, lurralde okupatuetan eta diasporako palestinarren artean, identitate palestinarraren nolabaiteko ikur bihurtuta[1].

2021ean UNESCOren gizateriaren kultur ondare immaterialaren zerrendan sartu zen[2].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran, brodatua herrietako emakumeen eta beduinoen jantziak[3] apaintzeko erabiltzen zen nagusiki: tunika, galtzak, jaka, kofia eta beloa. Jantzi horietako bakoitzak hainbat sinbolorekin apaintzen zen, adibidez, txoriak, zuhaitzak edo loreak. XX. mendearen erdialdea baino lehen, koloreek eta motiboek emakumearen jatorria adierazten zuten, zer herritakoa zen alegia, bai eta ezkondua, ezkongabea edo alarguna zen edo seme-alabarik zuen, batez ere jantzi nagusian (thob)[1] paparrean (qabeh), lepo inguruan, atzealdean (shinyar) mahuketan eta eskumuturretan josten ziren motiboei esker, baita goitik behera josten ziren zerrenda luzeetan ere[4].

Brodatuaren tradizioaren une gorena otomandarren garaia izan zen. Emakumeek beraien legatua, arbasoak eta familia irudikatzeko josten zuten. Motiboak oinarrizko forma geometrikoetatik sortzen ziren, hala nola karratuak eta rosetoiak. Triangeluak kutun gisa erabiltzen ziren, “begizkoa” uxatzeko, Ekialde Hurbilean ohiko den bezala. Bularraldea toki bereziki ahula izanik, hura begizkotik, adur txarretik edo gaitzetatik babesteko hari-lan konplexuak jartzen ziren[3].

Oihalak liho, kotoi, artile eta zetazkoak izaten ziren, bertan eginak edo kanpotik ekarriak (Egipto, Siria, Libano, Irak, Grezia...). Hariak, berriz, zetazkoak eta, 1930eko hamarkadatik aurrera, kotoizkoak, Frantziatik eramanak. XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran tindatze sintetikoa agertu arte, koloreak eskura zeuden koloratzaile naturalen araberakoak ziren: gorriak, intsektuekin eta granadarekin eginak, urdin iluna, indigo landarearekin, horiak, azafrai loreekin, lurrarekin eta mahats hostoekin, marroia haritzaren azalarekin, eta bioleta, maskor txikituekin. Ikertzaile batzuek diotenez, gorria, bioleta eta indigo urdina kanaandarren eta filistiarren kostaldeko antzinako herentzia dira, eta berde islamikoa eta beltz bizantziarra geroago agertu ziren[4]. Koloreko bakarreko motiboez gain, oso erakargarriak dira koloreekin egiten diren konbinazioak edo eskemak.

Lydda inguruko thob baten brodatuak (1940)

Herriak eta eskualdeak kolore jakin batzuekin lotzen ziren; adibidez, Ramallah inguruko emakumeek nahiago izan zuten gorria beren brodatuetarako.

1980ko hamarkadako brodatua

1948an Israelgo Estatua ezartzeak errotiko eraldaketa sozial, ekonomiko eta politikoa eragin zuen. Palestinatik alde egin behar izan zuten herritar askok, inguruko herrialdeetara edo Zisjordaniara eta Gazara.[5] Palestinarren askoren bizimoduan haustura bat gertatu zen eta gizarteari nahiz kulturari eragin zien, baita, noski, jantzi eta brodatuaren arloari ere. Emakume askorentzat ezinezkoa bihurtu zen lehengo lanei heltzea, denbora edo diru faltagatik, edo materialak eskuratzeko ezintasunagatik. Eta halere, askok, errefuxiatuen esparruetan, bereziki Jordanian edo Libanon, jarraitu zuten brodatzen beren jatorriko herrien estiloan, nortasunari eusteko modu bat zelakoan, horrek nolabait bizirik mantentzen zituelakoan beren legatua eta herria. Denboraren poderioz, ordea, brodatuetan tokian tokiko bereizgarriak alde batera utzi eta palestinarren identitate komuna irudikatzen hasi ziren. Jantziak lehenagokoak bezalakoak ziren, baina askoz sinpleagoak estiloan eta apainketan. 1960an, satin beltzak edo oihal akrilikoek betiko liho edo kotoizkoak ordeztu zituzten, batez ere errefuxiatuen guneetan. Motibo europarragoak agertu ziren, eta 1980. urte aldera makinaz egindako brodatuak. Garai hartan brodatu palestinarraren nolabaiteko goraldia hasi zen, mendebaldean ezaguna egin zen eta balioa berreskuratu zuen. Emakume asko hasi ziren berriz hari-lanak egiten ez soilik jantzietan, bestelako objektuetan ere[1].

Gaur egun, bai Palestinan bertan bai diasporan, brodatu lana berreskuratzen eta lantzen da zentro eta kooperatiba askotan. Belaunaldi gazteei esker eta denboraren poderioz motibo historikoak, kaligrafikoak edo dekoratiboak edo politikoak ere gehitu dira.

Palestinar emakumeak brodatzen

Izan ere, brodatze lana soziala eta belaunaldien artekoa izan da beti eta hala da gaur egun ere, emakumeak beren etxeetan elkartzen baitira josteko edo brodatzeko, askotan beren umeak inguruan dituztela[1]. Emakume askorentzat denbora-pasa zen brodatzea, baina beste batzuentzat familiari ekartzeko diru-sarrera osagarri bat zen, lanak bakarka nahiz taldean egin eta salduta. Emakume horiek beren etxeetan nahiz zentro komunitarioetan elkartzen dira, eta bertan lanak saltzeko aukera dute. Brodatzeko teknika amengandik alabengana transmititzen da edo ikaskuntza formalean. Garai batean neskak gazte-gaztetatik hasten ziren ikasten, sei edo zazpi urterekin amek edo amonek erakusten baitzieten, hasieran motibo sinpleak eta jaioterrikoak eginez. Eta horrela apaindutako jantziak ere txikitatik janzten zituzten. Garai batean helburu nagusia ezkontzarako arropa prestatzea zen, eta ezkontza soinekoak dira aberatsenak eta ederrenak.[6]

Motiboak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Betleemgo soineko baten aurrealdea (1930)

Motiboak dira brodatu palestinarraren bereizgarria.

Palestina bidaia eta erromesaldien xedeko lurraldea izan denez, etengabe jaso ditu kanpotik joandakoen eraginak, eta brodatua ez da salbuespena[4]. Brodatu tradizionaleko motibo geometrikoei 1930eko hamarkadaren bukaeran, atzerritik ekarrita, bestelako motiboak gehitzen hasi zitzaizkien: kurbak, loreak, mahatsondoak edo orri-apaingarriak, bai eta txori pareak ere, Palestinako erdialdean asko zabaldu zen motiboa. Motiboen errepertorioa asko zabaltzen zen emakumeek sortzen zituzten konbinazioei esker, eta hala izaten jarraitzen du.

Motibo zehatz batzuek izen eta esanahi bereziak zituzten. Esate baterako, Betleemeko zortzi puntako izarra Astarte-ren ilargia, kanaandarren jainkosa edo ugalkortasuna da[1]. Motiboen izenak herrietako emakumeen eguneroko bizimoduaren isla dira: janaria (sagarrak eta txitxirioa), animaliak (behi-begia eta eskorpioiak), tresnak (eskailera, errota-gurpila). Beste elementu batzuk naturako elementuen sinbolo dira (eguzkia, ilargia, izarrak, zuhaitzak, mendiak eta ura). Motiboek askotan emakumeek nahi edo espero dutena irudikatzen dute, bai eta zenbait egoeraren aurrean duten jarrera (ezkondu, haurdun gelditu...).

Altzifrearen motiboa Palestina osoan erabiltzen da.

Motibo ohikoenetako bat “al nafnuf” izenekoa da, lore-patroi bat, motibo geometriko gehienekiko desberdina, ustez oinarrituta dagoena tokian tokiko laranja ondoetan. Diseinua “adar” izeneko panel luzeetan antolatzen da eta 1960ko hamarkadatik aurrera Palestina osoan zabaldu zen “6 adarreko soinekoa” izenekoaren aitzindaria omen da[3].

Brodatzeko modua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Brodatze lan guztia eskuz egiten da, gehienbat gurutze-puntua erabiliz (tatreez edo tatriz), baina baita “couché” delako puntua ere (tahriri).[7]

Altzifrearen motiboa palestinar jantzi batean

Gurutze-puntua ohikoagoa zen herrialdeko erdialdean, hegoaldean eta kostaldean. Barnealdean batez ere Betleem inguruan erabiltzen zen couché puntua, urre eta zilarrezko hariekin josiz. Palestina osoko emakumeek jotzen zuten Betleemera couche puntuarekin apaindutako oihal zatiak erostera, ondoren beren soinekoetan txertatzeko[3].

Shelagh Weir “Palestinar brodatua” (1970) lanaren egilearen iritziz[8], gurutze-puntuko motiboak ekialdeko tapizetatik hartuko ziren beharbada, eta coucherekin brodatutako motiboak, berriz, apez kristauen jantzietatik edo Bizantzioko urrezko hari-lanetatik.

Beste puntu hauek ere erabili ohi ziren, nahasian: orla puntua, puntu leuna edo satin-puntua, itxura sendoa emateko betegarri gisa erabilia, manajel eta sanabel puntuak, bazterrak elkarrekin eusteko erabiliak, kate-puntua eta zutoin-puntua.

Palestinako hegoaldean eta Sinaiko basamortuan gurutze puntua zen zabalduena.

Azkenik, aplikazioekin egindako apainketak aipatu behar dira. Heremezy teknika erabiliz josten ziren zetazko edo tafetazko txatal triangeluarrak edo diamante itxurakoak, batik bat ezkon-soinekoetan[3].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • El- Khalidi, Leila (1999) The Art of Palestinian Embroidery. Saqi Books London, 1999 ISBN 978-0-86356038-5
  • Skinner, Margarita (2007) Palestinian Embroidery Motives. A Treasury of Stitches 1850-1950. Rimal. ISBN 978-1-901764-47-5
  • Weir, Sheilagh (2006) Embroidery from Palestine. British Museum Press. ISBN 978-0-7141-2573-2

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]