Pankration
Pankration (grezieraz Παγκράτιο, Pagkratio, "indar guztiak" = πᾶν, pan, "guztia" + κράτος, kratos "indar" edo "botere") edo pankrazioa, antzinako Olinpiar Jokoetako lehiaketa bat zen.
Kirol hau, boxeoa eta borrokaren arteko konbinaketa bat zen, neurri bateraino, gaur egungo arte martzial mistoetan pentsarazten duena.
Greziarrek, honen asmakuntza, Teseori ematen zioten, Minotauroari aurre egin zionean, edo Heraklesi, Nemeako lehoiaren aurka borrokatu zuenean.
Ukabilkadak onartzen ziren, borrokalariek, euren eskuak, himanteekin biltzen ez zituzten arren. Gutxi gora-behera, guztia zegoen onartuta. Zapalketak hankekin, belarrondokoak, etab... Ugaltze-aparatua ere ez zen errespetatzen.
Kirolariez trufa eginez, Galeno mediku ospetsuak sari bat eman zion asto bati zapalketetan nabarmentzen zelako. Zangotraba jartzea, aurkaria hartu eta bere aurka botatzea oso ohikoa zen. Aurkariari sabelean ostiko bat jotzea bezalako erasoak, duela gutxi arte gaur egungo kirol guztien arauen aurka zihoana, erabat onartuak zeuden. Baita artaziarena egitea ere, honela, sabelaldea hankekin lotuta izanik, bi eskuak libre geratzen baitziren aurkaria itotzeko. Taktika hau izan zen, hain zuzen ere, Figaliako Arrikion txapeldun olinpikoa hil zuena olinpiar jokoen 54. edizioan, K. a. 564an. Polidamas Eskotusakoa txapeldun olinpikoa izan zen proba honetan K. a. 408an, 93. edizioan.
Kolpeak aurpegian, zanpaketa edo itotze harrapaketak egitea, gorputz adarrak euren tokitik ateratzea edo apurtzea ere arrakasta handiko teknikak ziren.
Arauek zigortzen zuten gauza bakarrak, horzka egiteak, begiak ateratzea eta hatzak aurkariaren aho edo sudurrean sartzea zen.
Pausaniasek honako hau aipatzen du Sizioneko Sostratosi buruz:
"Lisandroren irudiaren ondoan, Sizioneko Sostratos pankrazio borrokalariarena dago, Akrokersites ere deitua. Hau, beti, lehenik aurkariaren hatzak harrapatzen saiatzen zen, apurtzeko. Eta egiten jarraitzen zuen, bere aurkariak borroka uzten zuela nabaritzen zuen arte. Garaipena lortu zuen Nemeako lehiaketetan, hamabi guztira, hiru garaipen Olinpian eta beste bi Pitiar Jokoetan".
Mesinako Leontiskosek ere teknika hau erabiltzen zuen.
Pankrazioan, borroka perpendikularraren arauak erabiltzen ez zirenez, borrokak, borrokarietako batek etsitzen zuen arte irauten zuen, hatz bat jasoz adierazten zena.
Boxeoa edo borrokan bezala, kirol honetan gazte eta helduentzako maila ezberdinak zeuden.
Pankrazioan koroa lortzea, aurretik ephedros izan gabe, garaipen nabarmengarritzat jotzen zen. Hau izan zen Publio Kornelio Aristion erromatarraren kasua, aurreko borrokaren garaile bezala, ondoren, berehala, nekatutako aurkari baten aurka borroka egin behar izan baitzuen, hau da, zozketa bidez kanpoan geratu zen aurkari baten aurka.
Kontrakoa dirudien arren, pankrazioa ez zen boxeoa bezain basatia. Horregatik agertzen zen lehen programan.