Edukira joan

Patxi Ezkiagaren sexu abusuen auzia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Patxi Ezkiagaren sexu abusuen auzia 2024ko ekainean azaleratu ziren sexu abusuen salaketa batzuetan oinarritzen da, El País egunkariaren bidez plazaratuak. Haren bitartez eta, gero, Berria egunkarian, hainbat pertsonak salatu zuten irakasle eta idazleak Donostiako La Salle ikastetxean hainbat haurri sexu abusuak egin omen ziela. Ondorioz, jada hilik zen idazlearen omenezko zenbait titulu eta oroigarri kendu egin zitzaizkion.

Salaketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Patxi Ezkiaga hil eta sei urtera, 2024ko maiatzaren 31n, Marisol Zamorak salatu zuen bera umea zela Ezkiagak sexu abusuak egin zizkiola. Eliza katolikoaren pederastia kasuez Espainiako El País egunkariak landutako bosgarren txostenaren barruan jaso zen salaketa.[1] Egun batzuk geroago, Berria egunkariarekin egindako elkarrizketa luze batean salaketaren eta gertatutako abusuen xehetasun guztiak eman zituen Zamorak.[2]

Marisol Zamorak salatu zuenez, berak 8-9 urte zituela egin zizkion lehenengoz sexu abusuak Patxi Ezkiagak, 1970eko hamarkadan. Azken aldiz, 1980ko hamarkadan, Zamorak 13 urte zituela; Ezkiagari mehatxu egin zion salatuko egingo zuela, eta halaxe geldiarazi zituen abusuak. Zamorak aitortu zuen erasoak salatzeko orduan oztopoa izan zela Ezkiaga ezaguna izatea. Ezkiagaren pederastia 1990eko hamarkadan eta haren inguruan ezaguna zela ere salatu zuen Zamorak.[3]

Zamorak emandako zehaztasunen arabera, Ezkiagaren pederastia erasoek zenbait urtez iraun zuten; salaketa argitaratu orduko, beste hamar pertsonak baieztatu baitzioten haiek ere jasan zituztela. Horrez gain, adierazi zuen «fraideek ere bazekitela zerbait», ikasleen artean aski ezaguna baitzen Ezkiagaren jokabidea, frogatzea ezinezkoa izan arren, «haien artean elkar estaltzen» zutelako.[2] Gutxienez beste hiru emakumek eman zuten Ezkiagaren sexu erasoen berri, Zamoraren salaketa argitaratu eta hurrengo egunetan.[4]

Lehen salaketak argitara atera eta aste batzuetara, 24 emakume gehiagok berretsi zituzten Patxi Ezkiagaren aurkako pederastia salaketak, 1990eko hamarkadan zehar gertatutakoak, El País egunkariaren ikerketa barruan; halaber, Sebastian Grandmontagne beste irakaslearen aurkako salaketak azaldu zituzten.[5] Zehazki, lau emakumek azaldu zuten erasoak gertatu ziren garaian ikastetxea jakitun zela Ezkiagaren abusu sistematikoez, hurbileko irakasleen aurrean salatu baitzituzten, baina ikastegiak ez zuela deus ere egin, ez ikasleak babesteko, ez erasotzailea geldiarazteko.[6]

Erreakzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Salaketen aurreko erreakzioetan, Gorka Bereziartua kazetari eta kultura komentaristak idatzi zuen gutxienekoa zela Legorretako Udalak seme kuttun izendapena kentzea eta herrian Ezkiagak zuen eskulturarekin zer egin birpentsatzea.[7]

Erabaki horiek biak gauzatu zituen Legorretako udalbatzak, hain zuzen, salaketak zabaldu eta gutxira.[8] Legorretako Udalak aho batez erabaki zuen, 2024ko ekainaren 7an, Ezkiagari emandako ohorezko izendapena baliogabetzea, herrian zuen eskultura oroigarria erretiratzea eta herriko kultura etxeari haren izena kentzea.[9] Hala, uztailaren 5ean eskultura kendu egin zuten.[10]

Pederastia salaketak eragindako erreakzioen artean, Blanca Urgell filologo eta irakasleak zutabe bat argitaratu zuen Berria egunkarian, aitortuz sinesten zuela Marisol Zamorak egindako salaketa.[11] Xabier Gorrotxategi arkeologo eta historialariak iritzi artikulu batean aldeztu zuen «gure memoria kolektiboak muzin egin behar» diela gizakien aurka jardundakoak gune publikoetan ohoratzeari, eta abusuan jasandakoen aldeko elkartasuna adierazi zuen.[12] Andoni Egaña bertsolariak zutabe batean adierazi zuen sinesten zituela egindako salaketak.[13] Xabier Euzkitze bertsolari eta idazleak bere egin zituen sexu abusuen salaketak, irudizko elkarrizketa batean.[14] Pako Aristi idazleak iritzi artikulu batean adierazi zuen, Marisol Zamorak egindako salaketaz, «ezinezkoa [zela] ez sinestea haren hitzetan egia dagoela, eta Ezkiagak delinkuente sexual bat zela ezkutatu zigula hura ezagutu genuen guztioi».[15]

Euskal Idazleen Elkarteak 2024ko ekainaren 26an ohar baten bidez jakinarazi zuen Patxi Ezkiaga elkartearen webguneko Gugan beude ataletik.[16] Elkarteak adierazi zuen «modu sistematikoan eta inpunitate osoz sexu abusuak egindako pertsona batek» ez zuela merezi «ohorezko lekurik» euskal idazleen artean.[17]

Kongregazioaren jarrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezkiaga irakasle izandako Donostiako La Salle ikastetxeko arduradun batek, Berria egunkariaren galderei erantzunez, «jazotakoa gaitzetsi eta barkamena eskatu» zuen hasiera batean, ez zutelako asmatu «erakundearen zaintzapean zeuden pertsonak babesten». Halaber, ziurtatu zuen «barne ikerketa bat» egiten hasi zela kongregazioa eta eskatu zien sexu abusuak jasandakoei haiekin harremanetan jartzeko.[18]

Alabaina, salaketak ugaritzen joan ziren neurrian, La Salle ikastetxeak barne ikerketa oztopatzea leporatu zion El País egunkariari, ez baitzuten salaketak egindako «24 pertsona horiek nortzuk diren argitzeko modurik».[6]

Ezkiagak Legorretan zeukan eskultura kendu zuenean udalak, familiarekin harremanetan izan zen, gorde nahi ote zuten jakiteko. Ezkiagaren familiak erabakita, eskultura salletarren esku gelditu zelarik, kongregazioak suntsitu egin zuen.[10]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Domínguez, Iñigo; Núñez, Julio; Castro, Sara; Alemany, Pau. (2024-05-31). «Un quinto informe con nuevos testimonios eleva ya a más de 1.500 los acusados de pederastia en la Iglesia española» El Pais (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-01).
  2. a b Bastida Alzuru, Jone. (2024-06-07). «Marisol Zamora: "Zama bihurtu zait gertatutakoa barruan gorde izana eta hitzez adierazi ezina"» Berria (web.archive.org).
  3. Bastida Alzuru, Jone. (2024-05-31). «Patxi Ezkiagak sexu abusuak egin zizkiola salatu du emakume batek» Berria (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-01).
  4. (Gaztelaniaz) Domínguez, Íñigo. (2024-06-07). «Tres mujeres más acusan de pederastia al religioso Patxi Ezkiaga: “Lo sabía todo el colegio. Somos muchas. Hay un pacto de silencio”» El Pais (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-07).
  5. (Gaztelaniaz) Domínguez, Íñigo. (2024-06-21). «La Salle conocía las agresiones sexuales del director de su colegio de Donostia, pero no hizo nada» El País (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-22).
  6. a b Iztueta Olano, Maddi. (2024-06-21). «Lau emakumek salatu dute La Sallek bazuela Ezkiagaren sexu abusuen berri» Berria (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-22).
  7. Bereziartua, Gorka. (2024-06-02). «Patxi Ezkiaga eta isiltasun jasangaitza» Boligrafo gorria (Noiz kontsultatua: 2024-06-03).
  8. Etxeleku, Iñaki. (2024-06-07). «Legorretako udalak Patxi Ezkiagari egin goraipamen guztiak kentzea erabaki du» Berria (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-07-07).
  9. Legorretako Udalaren adierazpena Patxi Ezkiaga Lasaren aurkako salaketa publikoaren harira. web.archive.org.
  10. a b Elkoroberezibar Beloki, Mikel. (2024-07-05). «Kendu eta suntsitu egin dute Patxi Ezkiagaren omenezko eskultura» Berria (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-07-07).
  11. Urgell, Blanca. (2024-06-05). «Sinesten dizut» Berria (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-06).
  12. Gorrotxategi, Xabier. (2024-06-12). «Patxi Ezkiaga, heroiaren erorketa» Berria (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-12).
  13. Egaña, Andoni. (2024-06-08). «Sinetsi» Berria (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-07-07).
  14. Euzkitze, Xabier. (2024-06-09). «[Ziritik "Ezki(l)aga", Xabier Euzkitze»] Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2024-07-07).
  15. Aristi, Pako. (2024-07-07). Ezkiaga kasua. Berria: web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2024-07-07).
  16. «Gugan beude - Euskal idazleen elkartea» web.archive.org 2023-03-25 (Noiz kontsultatua: 2024-06-27).
  17. Iraola, Arantxa. (2024-06-26). «Patxi Ezkiaga «ohorezko lekutik» kendu du Euskal Idazleen Elkarteak» Berria (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-27).
  18. Bastida Alzuru, Jone. (2024-06-05). «La Sallek sexu abusuak jasan zituztenei eskatu die jo dezatela haiengana, gertatutakoa ikertzeko» Berria (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-06).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]