Perpetua Kartagokoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Perpetua Kartagokoa

Bizitza
Jaiotza180(e)ko hamarkada
Herrialdea Antzinako Erroma
HeriotzaCarthage (en) Itzuli eta Kartago203ko martxoaren 7a (13/23 urte)
Heriotza moduaheriotza zigorra: burugabetzea
Hezkuntza
Hizkuntzaklatina
Jarduerak
Jarduerakidazlea
Lantokia(k)Carthage (en) Itzuli eta Kartago
Lan nabarmenak
Santutegia
Martxoaren 6

Find a Grave: 140279105 Edit the value on Wikidata
"...atrarazi zuzte leonak ta leopardoak" eta zatikatu zuten Perpetua.

Perpetua Kartagokoa, jaiotzez Vibia Perpetua[1], Santa Perpetua kristauentzat, martiri eta santu kristaua da, 3. mendearen hasieran hila Kartagon. Felizitas bere esklabo zenarekin batera hartu zuten preso, eta biak kristau izateagatik kondenatu zituzten hiltzera[2]. Hortaz Perpetua eta Felizitas santuen ospakizun eta izendapen bikoitzaren pean da ezaguna santutegian.

Martiritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perpetua Kartagoko familia aberatsekoa zen, ama izan berria 22 urterekin, eta kristautasunera etorri berria, katekumenoa beraz, 205. urtean kristauen kontrako operazio batean atxilotu zutenean. Aita eta nebak paganoak zituen, eta Kristori uko egin ziezaioten saiatu ziren. Kontatzen du auzia Joakin Lizarragak bere Sanduen bizitzetan[3], saiatu zirela senideak...

« ...bere aide, senar, ta aurraren amores eta negarres beraztuko ote zen. Guziek egin zute eginala ortako: baña ain fuerte zego eutxirik Jesu Kristori, ezi despeitu zitue guziak tratatus etsaitako, zeren nai zuten apartarazi bere on guzitik. »
Joakin Lizarraga, 1793.

Alferrik izan ziren ahalegin horiek, eta Perpetua pozik joan zen martiritzara, zirkoko piztietara, Felizitas eta beste presoekin:

« Paraturik plazan loturik eskuak, atrarazi zuzte leonak ta leopardoak, zeñek zatikatu zuzten Martir gloriosak, egatus zerura arimak Alejandro Sebero enperadorearen denboran 205 urtean. »
Joakin Lizarraga, 1793.

Zeruaren deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perpetuaren hagiografia, Perpetuaren Pasioa latinez idatzi zen haren heriotzaren ondoren, eta Kristautasuneko lehen testuan artean nabarmena da zeruaren deskribapen bat dakarrelako, ordura arte gai teologiko ez oso argi bat[1]. Lehen pertsonako kontakizuna da, Perpetuak berak diktatu balu bezala, salbu eta martiritzaren kontaketa hirugarren ahots batek errezitatua dena.

Kontakizunaren arabera, neba batek eskatu zion Perpetuari, ea saia zintekeen Jainkoari galdetzen ea espetxetik libre irtengo zen, ala martiri hilko ote zen. Otoitz egin zuen horretarako Perpetuak, eta izan zuen bisione[3] bat:

« Iduri zekiola ikusten zuela eskalera bat lurretik zeruraño, armaturik guzia punta tzorrotzes pasa etzeikela heritu gabe, ta beiti ondoan dragon horroroso bat debekatzeko igatea. Alaere aien lagun bat igaten zela, ta animatzen zituela guziak igateko beldurrik gabe. »
Joakin Lizarraga, 1793.

Irakur liteke zerurako bidea ez dela erraza, eta norberak tentaldiak eta minak gaindituz bere borondatez egin behar duela, dragoiari eta arma zorrotzei muzin eginez. Baina aldi berean, lagun batek, bidea egina zuelarik, animatu zituen. Hura izan omen zen Saturus delakoa, atxiloaldi berekoa baina dagoeneko hil zutena, eta martiri bilakaturik adierazten zion Perpetuari eskilara hura bide egokia zela.

Eskilara igota Perpetuak lorategi edo zelai handi bat ikusi zuen, eta ile griseko artzain bat ardiekin. Esnea eskaini zion artzainak Perpetuari (ez da adierazten nor den baina Kristo dela uler daiteke), eskuekin katilua eginda, eta orduan milaka lagun ikusi zituen inguruan, zuriz jantziak. Denek Amen esan zuten Perpetuak esnea edatean Kristoren eskuetatik. Eukaristia dirudi eszenak, baina ardorik gabe, zergatik esnea? Haur jaioberrien jana izanik esnea, baliteke adieraztea bizitza berri batean jaioberria izango dela Perpetua zerura iristean[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c (Ingelesez) Ehrman, Bart D.,. «Chapter one: Guided Tours of Heaven and Hell» Heaven and hell : a history of the afterlife. (First Simon & Schuster hardcover edition. argitaraldia) ISBN 978-1-5011-3673-3. PMC 1104917411. (Noiz kontsultatua: 2020-12-13).
  2. «Santas Felicidad y Perpetua (año 203)» ACI Prensa (Noiz kontsultatua: 2020-12-13).
  3. a b «Joakin Lizarraga: Sanduen bizitzak» klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-13).