Alexandro II.a Errusiakoa
Alexandro II.a (errusieraz: Александр II Николаевич, Aleksandr II Nikolaevitx) (Mosku, 1818ko apirilaren 29a - San Petersburgo, 1881eko martxoaren 13a), 1855-1881 bitartean Errusiako enperadorea izan zen.
Nikolas I.aren semea zen, eta Vasili Zhukovski poeta liberalaren ardurapean hazi zen. Krimeako gerra galdu ondoko urteetan (Parisko Ituna, 1856), Alexandro II.ak mendebaldeko herrien aldean Errusiak bizi zuen atzerapenaz oharturik, munta handiko erreformak eragin zituen: basailuak askatu (1861); administrazioaren erreforma (1864); hezkuntza publikoaren erreforma; azkenik, burdinbide-sarearen garapenaz bultzada handia eman zion ekonomiari.
1863an bat egin zuen Alemaniarekin, abertzale poloniarren altxamendua zapaltzeko. Turkiaren aurkako gerran abiatu zelarik (1877-78), Bismarckek laguntza ukatu eta atzera egin zien Alexandro II.ak Europari buruz zituen asmoei (San Stefanoko hitzarmena). Bitartean, Kaukasoko konkista amaitu (1859) eta Erdialdeko Asian barneratu zen (Tashkent, 1865; Bukhara eta Samarkanda, 1868). Errusia barnean, bestalde, politika absolutistaren aurka altxatu zen herri-mugimendua (Narodnaia Volia, 1870) garatu zen. Mugimendu horretako nihilista-talde batek bonba batez hil zuen.
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
![]() |
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alexandro II.a Errusiakoa ![]() |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.