Problemetan Oinarritutako Ikaskuntza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Problemetan oinarritutako ikaskuntza talde bat Sydneyko Hortz Ospitalean.
Problemetan oinarritutako ikaskuntza. (Buru-mapa www.wiki2map.org webgunearen bidez automatikoki sortua).

Problemetan oinarritutako ikaskuntza (POI) edo Arazo egoeretan oinarritutako ikaskuntza ikaslea erdigunean kokatu nahi duen pedagogia da (batzuetan PBL ingeles akronimoarekin izendatua)[1][2][3][4]. Ikasleek taldeka ikasten dute, modu kooperatiboan irakasleak ekarritako problema ireki edo hertsi baten konponbidea bilatu bitartean. Irakasleak edo irakasleek erronka edo problema bat proposatzen du eta gero, irakaslea ikasleen bidelagun bihurtuko da, betiere ikasleei protagonismo osoa utziz, ikasleen iniziatiba sustatuz eta elkarrekiko laguntza, kooperazioa, bultzatuz. Kontua ez da bakarrik problema konpontzea, kontua da bide horretan ikasleen konpetentziak garatzea. Ikaste prozesuan, ikasleek eduki batzuetaz jabetu beharko dira, elkarri laguntzeko gaitasuna garatu beharko dute, komunikatzeko gaitasuna... Ikasleek balorazio eta ebaluazio kritikoak egin beharko dituzte euren eta kideen ekarpenei buruz, ikasleek behar duten informazioa bilatzeko gaitasuna garatu beharko dute, elkarri lagundu beharko diote guztion helburua lortzeko bidean, misio komun batek, problema bat ebaztea, taldea sortzen lagunduko die.

XX. mendeko 60. hamarkadan agertu ziren metodologia honen lehen aipuak. John Robert Evans Kanadako ikertzaile, kardiologo eta medikuntza irakasleari egozten zaio Problem-based learning terminoaren (PBL akronimoa erabili ohi da, baita euskaraz ere)lehen aipu akademikoa.

Ikaskuntza metodologia hau ikertu denean[5] eta beste metodologia batzuekin konparatu denean, oro har, emaitza onak lortzen direla ikusi egin da. Ebidentzietan oinarritutako metodologiatzat hartu da. EAEko Heziberri 2020 egitasmoan programazioak arazo egoeretan oinarrituta egitea aholkatzen da[6][7][8].

Ikasleen rolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Problemetan oinarritutako ikaskuntza aurrera eramateko ikasleak protagonismo osoa hartu beharko dute taldeka antolatu beharko dira. Taldeak ezin dira handiegiak izan. Partaide guztiek rolen bat jokatu beharko dute eta guztiek batera, talde bezala jokatu beharko dute, problema bat konpontze aldera. Ikasleen rola irakasleak bideratua izan daiteke edo ikasleen berezko joerei utz daiteke kontua. Rolak prozesuan bertan alda daitezke. Prozesua bideratu behar da ikasleek ahalik eta hausnarketa sakonen egin ditzaten. Ikasleak metodo zientifikoa erabiltzera bideratu behar dira, metodo esperimentalak, arrazoiketa logikoak, dedukzioak... Ideien zaparradak proposa daitezke, hipotesien formulazioak, bitarteko helburuak, azken helburuak, laburpenak, sintesiak, esperimentuak...

Irakasleen rola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irakaslearen rola ikasleak animatzea izan behar du, galderak egitea, zalantzak planteatzea, ordezko aukerak aipatzea edo proposatzea... Lidergoa monopolizatu gabe bideratzea. Irakasleak ez du bere jakinduria zuzenean transmitituko, zeharka baizik. Horrek lan handia eskatuko dio problema egokiak planteatzea ez baita erraza eta talde bat bideratzea lidergoa erabat monopolizatu gabe ez baita xamurra. Horrelako lana bideratzeko baliabideak aurkitzea ez da erraza izaten eta testu-liburu tradizionaletan, esate baterako, ez dira baliabideak erraz topatuko.

POIko ezaugarri batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Ikasleek gidatuko dute ikaste prozesua, haiek identifikatuko dituzte helburu nagusiak eta ebaluatzen dituzte hartutako erabakien emaitzak.
  2. Ikasleei autonomia handia ematen zaie, hasieratik. Ikasleek gidatutako talde txikietatik handiagoetarako dinamikak proposa daitezke.
  3. Taldeak ezin dira handiegiak izan. Hiruzpalau kideetako taldeetan ikasleek autonomia osoa izan dezakete eta komunikatzeko aukera osoa. Talde handiagoetan irakasleak moderatzailearen rola har dezake.
  4. Abiatzeko materialak erabil daitezke. Txosten bat interpretatzeko erronka izan daiteke abiapuntua, argazki batzuk ulertzea, artikulu baten zati bat, bideoren bat, gaixo batek kontatutakoa (benetakoa edo antzeztua) ulertzea...
  5. POI hori helduentzako ikaskuntza prozesuen teorietan oinarriturik dago.
  6. Taldekide guztiei esleitzen zaie rol bana.
  7. Ikasketa prozesu aktiboa izan beharko du, pentsatu, bilatu, hitz egin, eztabaidatu, aukeratu, esperimentatu, asmatu egin beharko.
  8. Talde lana, talde dinamikak, komunikazioa, problemen ebazpena, norberaren auto-kontrola... Hainbat konpetentzia eta trebezia garatuko dira.
  9. Taldekide guztien esku egon beharko du ekarpen positiboren bat egitea taldearen helburuak lortzeko.
  10. Nola edo hala arrakasta lortuko du taldeak. Hasieran proposatutako problemaren ebazpena lortzen ez bada ere, prozesuak ikasketa esanguratsu batzuk, lorpen batzuk egongo dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz)  «Aprendizaje basado en problemas: El Método ABP» Educrea 2012-09-27 . Noiz kontsultatua: 2019-04-05 .
  2. (Ingelesez)  John Spencer (2017-11-12) What is Problem-Based Learning? (5 minutuko bideoa) . Noiz kontsultatua: 2019-04-16 .
  3. (Ingelesez)  «Problem-Based Learning: Tips and Project Ideas | Education World» www.educationworld.com . Noiz kontsultatua: 2019-04-16 .
  4. (Ingelesez)  «Problem-Based Learning | Center for Teaching Innovation» teaching.cornell.edu . Noiz kontsultatua: 2019-04-16 .
  5. Jone Aliri Lazcano, Nerea Lertxundi Iribar, Laura Vozmediano Sanz, Ana Isabel Vergara Iraeta, Arantxa Gorostiaga Manterola; "Problemetan Oinarritutako Ikaskuntza (POI) unibertsitatean: bere aplikazioa ikerketa metodologiako irakasgai batean". Tantak. bol: 28, zk: 1 (2016)UPV/EHU.
  6.   EAEko Berritzegune Nagusia Arazo-egoera – Heziberri 2020 . Noiz kontsultatua: 2019-04-05 .
  7.   EAEko Berritzegune Nagusia Oinarrizko Hezkuntza – Heziberri 2020 . Noiz kontsultatua: 2019-04-05 .
  8.   Programazioa Didaktikoak egiteko gidak eta txantiloiak, Unitate didaktikoak programatzeko txantiloiak – Heziberri 2020 . Noiz kontsultatua: 2019-04-09 .

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpoko loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]