Komunikazio gaitasun

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Komunikazioa landu beharreko gizakien oinarriko gaitasuna da.
Komunikazio gaitasuna garatzeak hainbat abilezia batera garatzea dakar. Ahalik eta trebezia "hartzaile" eta "sortzaile"rik hoberenak lortu behar dira: entzundakoaren ulermena hobetu behar da, irakurritakoaren ulermena, bakarrizketak ekoizteko trebetasuna, elkarrizketetan parte hartzeko trebetasuna, idazteko trebetasuna...

Komunikazio gaitasuna, hizkuntza komunikaziorako gaitasuna, hizkuntza-eta literatura-komunikaziorako konpetentzia gizakiek daukaten komunikatzeko ahalmena eta, zentzu hertsiagoan, hizkuntza baten ezaguera eta gizarte-erabilererako gaitasun bat da, XX. mendeko bukaeratik hezkuntza curriculumetan aipatzen diren oinarrizko gaitasunetako bat hain zuzen. Esaterako, 2007ko EAEko Curriculumean aipatzen diren oinarrizko zortzi gaitasunetako bat da. Ama-hizkuntzan legez, hizkuntza gehiagotan ere gara daiteke. Hizkuntza baten ezagupen zehatzari dagokionean, ezagupen gramatikala, morfosintaktikoa eta fonetikoa barne hartzen ditu.

EAEko Heziberri 2020[1] planak diziplina barruko oinarrizko konpetentzien artean lehenengoa zerrendatzen du "Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia" eta honelaxe definitzen du:

"Hitzezko eta idatzizko testuak egokiro erabiltzea —euskaraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntza batean gutxienez—, bizitzako hainbat alorretako egoeratan, eraginkortasunez eta hizkuntza-aniztasuna errespetatuz. Literatura-hezkuntza garatzea ere bai, nork bere burua eta inguruko mundua hobeto ezagutzeko".


Komunikazio gaitasuna eta hizkuntzalaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komunikazio gaitasuna Dell Hymes egileak erabili zuen 1966. urtean,[2] Noam Chomskyren (1965) gaitasun and ariketa.[3] bikoizketari aurre egiteko.

Komunikazio gaitasuna eta hezkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komunikazio gaitasun kontzeptuak hizkuntza berriak ikasteko ikuspegi komunikatiboa azpimarratzen duen teorietako bat da.

Canale eta Swain (1980) komunikatzeko gaitasuna lau osagaiekin definitu zuten:[4]

1. Gramatika gaitasuna: hiztegia eta gramatika arauak
2. Soziolinguistika gaitasuna: egokitasuna
3. Diskurtso gaitasuna: kohesioa eta koherentzia
4. Estrategia gaitasuna: komunikatzeko estrategien erabilpen egokia

Bachman (1990) egileak komunikazio gaitasunaren berrikusketa eta berrazterketa egin zuen. Komunikazio gaitasuna bi izenburu nagusitan hedatu zituen, alde batetik "organizazio gaitasuna" zeinek gramatika gaitasuna eta diskurtso (edo testu) gaitasuna bateratzen dituen, eta bestetik, "pragmatika gaitasuna", zeinek bai soziolinguistika gaitasuna eta baita ilokuziozko gaitasuna bateratzen dituen.[5] Estrategia gaitasuna elkarrekin komunikatzen direnen komunikatzeko estrategiak erabiltzeko abileziei loturik dago. (Faerch & Kasper, 1983; Lin, 2009).

Beraz, hizkuntzen irakaskuntzan gaur egun ia aho batez onartzen da komunikatzeko gaitasuna izan behar duela helburu nagusia irakaskuntza praktika onetan.[6] Honek aldatu du aurretik zegoen beste ikuspegia, non gramatika gaitasunari lehentasuna ematen zitzaion. Komunikazio gaitasuna hobeto ulertu da pragmatikak egin dituen ekarpenei esker eta hizkuntzaren filosofiari esker, batez ere diskurtsoaren analisiari esker. John Searle eta J. L. Austin aipatzen dira alor hauetan.

Komunikatzeko gaitasunaren osagaiak.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komunikatzeko hizkuntz gaitasunak zenbait osagai ditu: hizkuntz osagaia, osagai soziolinguistikoa eta osagai pragmatikoa. Osagai horietako bakoitzak ezagutza, trebetasun eta abilezia (savoir-faire) batzuk hartzen ditu bere baitan.[7]

EAEko Heziberri 2020 dokumentazioan[8] honako bost osagai zerrendatu dira:

«

1. Hainbat esparrutako hitzezko, idatzizko eta ikus-entzunezko testuak, analogikoak zein digitalak, ulertzea eta jarrera kritikoz balioestea, helburu pertsonalak, sozialak eta akademikoak erdiesteko.

2. Esparru pertsonal, sozial edo akademikoen berezko hitzezko, idatzizko eta ikus-entzunezko testuak sortzea, eraginkortasunez erantzuteko askotariko komunikazio-beharrizanei.

3. Hizkuntzen erabilera-arauei eta hizkuntzen sistemari buruzko jakintza erabiltzea hitzezko eta idatzizko testuak sortu eta ulertzean, komunikazio egoki eta eraginkorrak egiteko.

4. Literatura-testuak interpretatzea eta balioestea, testuen esanahia modu partekatuan eraikita; eta, horren bidez, mundua ulertzea, literatura-ondarea banako eta taldeko esperientzia sinbolizatzeko modu gisa balioestea, norberaren kultura-nortasuna eraikitzea eta sentsibilitate estetikoa garatzea.

5. Gure gizartearen hizkuntza- eta kultura-aniztasuna aitortzea eta balioestea, aniztasun horrekiko jarrera ona izateko.

»
EAE. Berritzegune Nagusia.

Hizkuntz osagaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gramatika zuzentasunari dagokio. Hizkuntz gaitasunek ezagutza eta trebetasun lexiko, fonologiko eta sintaktikoak hartzen dituzte, eta baita hizkuntzak, sistema den aldetik, dituen beste hainbat alderdi ere, bere horretan hartuak, balio soziolinguistikoak eta balio horien funtzio pragmatikoa salbuetsirik. Gramatika gaitasuna[9] edo gaitasun linguistikoa ere deitu izan zaio komunikazio gaitasunaren azpigaitasun honi.

Osagai soziolinguistikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntzaren erabileraren baldintza soziokulturalei dagozkie[10].

Gaitasun soziolinguistikoek gizarte-hitzarmenekiko sentiberatasuna dute, kortesiazko arauekiko, belaunaldi, sexu, klase eta gizarteko taldeen arteko harremanen arauekiko eta komunitatearen funtzionamenduan funtsezkoak diren oinarrizko errituen kode linguistikoarekiko sentiberatasuna dute eta, horren ondorioz, eragin handia dute edozein kulturatan.

Osagai pragmatikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komunikazio-trukeen gidoietan edo agertokietan oinarritutako hizkuntz baliabideen erabilera funtzionalarekin zerikusia dute[11], hizkuntza funtzioen, hizketa-ekintzen funtzioen ekoizpenarekin. Eta zerikusia dute, orobat, diskurtsoa menderatzearekin, kohesioarekin eta koherentziarekin, testu-motak eta testu-formak bereiztearekin, ironiarekin eta parodiarekin. Osagai honi dagokionez, hizkuntz osagaiari dagokionez baino gehiago agian, bistakoa da zenbateko eragina duten gaitasun horiek garatzen diren kultur inguruneak eta harremanek.

Komunikazioaren gaitasunaren azpigaitasun bezala ere agertzen da bibliografian eta gaitasun diskurtsiboa[12] edo gaitasun pragmatikoa deitu izan zaio.

Osagai estrategikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estrategia gaitasuna ere behar da komunikazio gaitasun ona izateko. Komunikazioa mantentzeko, hainbat baliabide lagungarri edo ezinbestekoa izaten dira; batzuk hizkuntzaren baitakoak, perifrasiak, digresio-azalpenak, adibideak, parabolak... eta beste batzuk hitzik gabeko komunikazioaren baitakoak: keinuak, mugimenduak, imintzioak, isiluneak, ahotsaren gorabeherak, eszenografia...

Komunikatzeko gaitasunaren dimentsioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giza komunikazioaren tresna nagusia giza-hizkuntza edo ahozko hizkuntza da. Munduko gizakiak, gizakia gizaki den geroztik, milaka giza hizkuntzatan aritu dira. Gaur egun UNESCO erakundearen arabera giza hizkuntzen artean, batzuk, ahozko hizkuntza izatetik idatzizko hizkuntzak ere izatera igaro dira.

Horrela, munduko hizkuntza guztietan komunikatzeko gaitasuna hiru osagai edo dimentsioetan garatzen dela esaten da.

1. Ahozko hizkuntzaren ulertzeko gaitasuna. Entzun eta ulertzeko gaitasuna.
2. Ahozko hizkuntzan komunikatzeko gaitasuna. Mintzatzeko gaitasuna.
3. Ahozko elkar-eragina. Ahozko hizkuntzaren bidez bi norabideko komunikazioa lortzeko gaitasuna. (Bi pertsonen artean komunikazioa ematen denean biek entzun dezakete eta biek hitz egin dezakete. Eta pertsona gehiagoren artean ere, berdin)

Eta kultura idatzia daukaten hizkuntzen komunikatzeko gaitasuna, hiru horietaz gain, beste hiru osagai edo dimentsioetan garatzen dela esan daiteke:

4. Idatzizkoaren ulermena. Irakurmena.[13]
5. Idatziz komunikatzeko gaitasuna.
6. Idatzizko elkarreragina. Idatziz ere bi norabideko, edo norabide gehiagoko, komunikazioa sor daiteke. (EsaterakoTxatetan, wikietan...).

Ahozko hizkuntzaren ulertzeko gaitasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza batean garatzen den lehenengo gaitasuna. Entzumena. Ahozkoaren ulermena aktiboa izan behar du. Entzuleak mezua aditu eta kodea ezagutuz gero deskodifikatzeko gaitasuna izango du, ulertzeko gaitasuna.

Ahozko hizkuntzan komunikatzeko gaitasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Entzuteko eta ulertzeko gai diren gizakiak azkar ikasten dute ulertzen dituzten antzeko mezuak sortzen. Mezu ulergarriak ekoizteko giza-hizkuntzaren hainbat baliabide ezagutu eta erabiltzen jakin behar. Umeek hasieran mezu labur xinple ekoizten dituzte. Gaitasun handia lortzen dutenek diskurtso landu eta estrukturatuak sor ditzakete.

Ahozko elkar-eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrez aurre edo komunikabideren bat dela medio, hiztunek elkarri informazioa igorri, harremanak landu, eta giza komunikazioaren hamaika posibilitateak erabil ditzakete.

Idatzizkoaren ulermena. Irakurmena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bost-sei urterekin lortzen da, idazkera fonetiko-fonologiko sistemak erabiltzen duten kultura gehienetan, irakurritakoa ulertzeko gaitasuna baina zenbait tokitan zazpi urteko adina normaltzat hartzen da.[14] Irakurtzen dena ulertzeko hasiera-hasierako gaitasuna eta gaitasun aurreratuagoak neur daitezke; gaitasun hori bizitzan zehar garatzen dute irakurtzeko denbora hartzen duten pertsonek.

Normalean, zenbat eta gehiago irakurri orduan eta ulermen maila hobea lortzen da eta aldi berean, irakurtzen dena ulertzeko lastertasuna lortzen da. Irakurle aurreratuek hitz egiten erabiltzen den baino lastertasun handiagoarekin lortzen dute irakurtzen dutena ulertzea.

Badaude hainbat azkar irakurtzeko metodo. Metodo horiekin, irakurle batzuek, orrialdeak oso segundo gutxitan irakurtzeko eta ulertzeko gaitasuna garatzen dute.

Idatziz komunikatzeko gaitasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idazkera sistema fonetiko-fonologiko daukaten kulturetan bospasei urterekin hasten dira normalean umeak idatziz komunikatzeko trebeziak garatzen. Idazteko sistemako letrak banan-banan ikastetik testuak idatziz sortzeraino dagoen tartea igarotzeko normalean urte batzuk behar izaten dira. Garai batean eskoletan kaligrafia lantzeari eta ortografia lantzeari ematen zitzaion garrantzi handia. Gaur egun, XXI. mendeko idazteko metodoekin hainbat testu mota lantzen dira, testuen didaktika egiten da.

Ondo idazten dakien pertsona bere komunikatzeko helburuak ondo betetzen dituen pertsona dela esaten da. Komunikatzeko helburu nagusiak ondo identifikatu behar ditu eta hizkuntza idatziz zenbait geruzatan menperatu beharko du paragrafoak ondo bereizteko, esaldi adierazkorrak idazteko, eta bukaeran, testu txukuna aurkezteko.

Idatzizko elkarreragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egungo zenbait media idatziz ere elkarreragina azkarra sortzen dute. Txatak dira horretan paradigmatikoak. Blogak, e-posta zerbitzuek, wikiek, gizarte-sareek eta abar, elkarrekin norabide askotariko komunikazioa sortzeko balio dute.

Komunikazio gaitasunaren ebaluazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irakaskuntzaren helburu nagusietako bat izaten da ikasleen komunikazio gaitasuna garatzea. Helburu hori noraino bete den ebaluatzeko hainbat saio egin dira. XXI. mendearen hasieran Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratua komunikazio gaitasuna ebaluatzeko ezagutu beharreko dokumentua dugu.

Ebaluatzerakoan, nekez benetan pertsona baten komunikatzeko duen gaitasuna ebaluatu; ekoiztutako testuak edo diskurtsoak ebaluatzen dira.

Komunikazio gaitasuna ebaluatzerakoan dimentsio guztiak kontuan hartzea komeni. Errazago (eta gehiagotan) ebaluatzen dira testu idatziak ahozko ekoizpenak baino, baina ebaluazio on batek dimentsio guztiak kontuan hartu beharko lituzke.

Testu edo diskurtso bat ebaluatzen denean, kontuan hartu beharrekoak:

  1. Testuaren edo diskurtsoaren egokitasuna.
  2. Testuaren edo diskurtsoaren koherentzia eta kohesioa.
  3. Testuaren edo diskurtsoaren zuzentasuna.
  4. Testuari edo diskurtsoari loturiko estrategia elementuak.

Egokitasuna. Komunikazio-egoerara egokitzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Testuaren edo diskurtsoaren egokitasuna ebaluatzerakoan, honako galdera hauek planteatu behar dira:

  • Komunikazio-egoera horri dagokion hizkuntza-erregistroa erabili du?
  • Komunikazio-egoera horri dagokion gaiari eutsi dio?
  • Komunikazio-egoera horri dagokion tonua, jarrera egokia mantendu du?

Honako adierazleei erreparatu beharko:

  • Helburua. Testuak edo diskurtsoak, komunikazio ekintza oro bere helburuak ditu. Zerbait komunikatu nahi da. Begiratu behar da ea lortu den helburu komunikatibo nagusia. Lortu da deskribatzea, azaltzea, argudiatzea, narratzea...? Behar zen testu-tipoko ezaugarriak erabili dira?
  • Gaiari eutsi. Ea behar den informaziorik esanguratsuena agertzen ote den. Ea nolakoa den kantitatez eta kalitatez emandako informazioa, emandako argudioak... Ea digresioetan galdu ote den.
  • Hizkuntza-erregistroa. Ea erabilitako hizkuntza-erregistroa (lagunartekoa, formala...) komunikazio egoera jakin horretarako egokiena ote den.
  • Testu-tipo bakoitzari dagozkion beste zenbati adierazle: objektibotasuna/subjektibotasuna, erreferenteari eustea (gehiegizko inferentzia eskatu gabe, behar diren anaforak erabiliz)...

Koherentzia eta kohesioa[15][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Testu edo diskurtso bat ebaluatzerakoan koherentzia eta kohesioa, testu eta diskurtso ororen propietate horiek, noraino betetzen diren aztertu behar da.

  • Koherentzia. Testu edo diskurtso baten baitan koherentzia behar da. Testuari edo diskurtsoari zentzu-unitatea ematen dio koherentziak. Testuaren edo diskurtsoaren batasuna lortu den aztertu behar da eta batasun horri kalte egiten dioten elementuak, baldin badaude, ikusi beharko dira.
  • Kohesioa. Aztertu behar da, baita, eta testuari edo diskurtsoari batasuna ematen dioten lotura-elementuak, lokailuak-eta, behar bezala erabili diren. Ea testuaren arteko lotura lortzeko behar diren elementu morfosintaktiko eta lexikoak erabili diren.

Zuzentasun gramatikala[16][aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Morfosintaxia. Begiratu behar da ea egitura morfosintaktiko zuzenak eta askotarikoak erabiltzen ote diren.
  • Lexikoa. Begiratu behar da ea testuinguru horretarako behar den eremu semantikoan nahikoa aberastasun lexikoa agertzen ote den.
  • Fonetiko-fonologikoa. Begiratu behar da ea behar bezalako ahoskera, ebakera egiten duen ahozko diskurtsoan eta ea behar bezala zaintzen dituen ortografia arauak.

Komunikazio estrategia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Eszenografia. Komunikatzaile on batek hitzak ez diren beste elementu batzuk ere modu estrategikoan erabiltzen asmatu behar du. Komunikatzaileak hainbat elementu modu estrategikoan erabiltzen asmatu behar du hartzailea nor den kontuan hartuz; bere gorputz jarrerak, bere irudia, bere ahotsaren doinua, bolumena, tonua... Isiluneak, imintzioak, keinuak....
  • Komunikatzaile on batek, hartzailea nor den ondo jakinda, bere mezua egokitzen jakin beharko du, behar diren adibideak, digresioak, umore zipriztinak, parabolak, pasadizoak, tartekatzen asmatuko balu, hobe. Mezu nagusitik kanpoko elementuak izango lirateke baliabide estrategiko horiek guzti horiek, baina mezu nagusiari kalte edo mesedea egingo liokete.
  • Testu idatziari dagokionez, maketazioa, letra-tipoa, letra tamaina, irudien eta grafikoen integrazioa... testuari berari balio erantsia ematen diote.
  • Eskuizkribuetan hemen koka genezake testuaren kaligrafia. Honelako elementuek, testuaren azalekoak ematen badute ere, asko baldintza dezakete testuaren helburuen betetze maila.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Eusko Jaurlaritza. Hezkuntza Saila. Heziberri 2020
  2. (Ingelesez) Hymes, D.H. (1966) "Two types of linguistic relativity." In W. Bright (ed.) Sociolinguistics pp. 114-158. The Hague: Mouton.
  3. (Ingelesez) Chomsky, N. (1965) Aspects of the Theory of Syntax. Cambridge, MA: MIT Press.

    (Gaztelaniaz) Aspectos de la teoría de la sintaxis, Barcelona, Gedisa, 1999

  4. (Ingelesez) Canale, M. & Swain, M. (1980). Theoretical bases of communicative approaches to second language teaching and testing. Applied Linguistics 1, 1-47.
  5. (Ingelesez) Bachman, L. (1990). Fundamental considerations in language testing. Oxford: Oxford University Press. ISBN 0-19-437003-8
  6. (Ingelesez) Savignon, S.J. (1997). Communicative Competence: Theory and Classroom Practice. New York: McGraw-Hill. 2nd edition.
  7. Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratua. Ikus HABE erakundeak eskaintzen duen euskal itzulpena, 33. or. et al.
  8.   «Hizkuntza-eta Literatura-komunikazio konpetentzia», Berritzegune Nagusia, https://sites.google.com/berritzegunenagusia.eus/hizkuntzak/orri-nagusia. Noiz kontsultatua: 2018-09-04 .
  9. Jose Mari Asurmendi Otaegi, Mikel Dorronsoro Iraeta, Aitor Zubizarreta Artetxe: Gramatika Gaitasuna Lantzen. HABE.
  10. Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratua. Ikus HABE erakundeak eskaintzen duen euskal itzulpena, 33. or. et al.
  11. Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratua. Ikus HABE erakundeak eskaintzen duen euskal itzulpena, 33. or. et al.
  12. IDIAZABAL, Itziar; LARRINGAN, Luis Mari. "Gaitasun diskurtsiboa: hizkuntzen eta hizkuntza aniztasunaren didaktikan giltzarri", HIKHASI 78. alea.
  13. Estitxu Eizagirre, "Testuak interpretatzen ikasteko gakoak", Argia 2012-12-30
  14. Mikel García, "Hezkuntza Finlandiarraren gakoak", Argia, 2013-01-16
  15. IDIAZABAL, Itziar; LARRINGAN, Luis Mari. "Gaitasun diskurtsiboa: hizkuntzen eta hizkuntza aniztasunaren didaktikan giltzarri", HIKHASI 78. alea.
  16. Jose Mari Asurmendi Otaegi, Mikel Dorronsoro Iraeta, Aitor Zubizarreta Artetxe: Gramatika Gaitasuna Lantzen. HABE.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]