Sóllerreko tranbia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sóllerreko tranbia
Kokapena Balearrak
Eraikuntza1913
Luzera4,868 km
Errailen arteko zabalera0,9144 m
JabeaFerrocarril de Sóller SA

Sóllerreko tranbia Mallorcako Sóllerreko udalerrian dago, Balear Uharteetan. 1913ko urriaren 4an inauguratu zen ofizialki, Sóllerreko herrigunea eta portua lotzeko. Herriko erdigunetik abiatuta, kale tarteko ibilbide bat egiten du, gero garrazki soroak eta baratzeak zeharkatzeko; handik aurrera, portuko errepidearen (Ma-11) paretik doa, porturaino iristeko. Izatez, Palma eta Sóllerr lotzen dituen burdinbidearen adar bat denez, haren zabalera bereko errailak ditu. Pere Garau ingeniariak egin zuen proiektua, Sóllerreko burdinbidearen proiektua ere berak egin baitzuen. Gaur egun, tranbia da Mallorcako herri honen elementu adierazgarrienetako bat, eta turistek asko erabiltzen dute.[1]

Sóllerreko tranbia Balearretako elementu adierazgarrienetako bat da. Batez ere, udan bisitatzen duten turistek erabiltzen dute.[2]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sóllerreko trenbidea eraikitzen hasi eta gutxira, burdinbidearen trazadura porturaino luzatzeko aukera sortu zen, portua herrigunetik ia 5 km-ra baitago. Garai hartan, Espainiako erresumaren legeriaren arabera, burdinbide batek 30 km baino gehiagoko ibilbidea behar zuen, estatuaren laguntza jasotzeko. Palma-Sóller burdinbideak 27 km doi egiten zituenez, eraikuntzaren jabe zen Ferrocarril de Soller SA enpresak erabaki zuen trenbidearen adar bat egitea, porturaino. Horrela, proiektu bat eskatu zion Pere Garau ingeniariari, hura izan baitzen burdinbide nagusiaren proiektuaren egile. Horrela, legediak eskatzen zuen 30 km-ko luzera gainditu eta estatuaren zenbait onura eskuratzeko aukera izango zuen. Lanak 1911ko ekainean hasi ziren.[3]

Tranbia baten barrualdea.

Guztira 4.868 metro burdinbide eraiki ziren, uharteko trenbideak erabiltzen duen zabalera berdinarekin, hau da, 0,9144 m (ingeles yarda bat).[4] Eraikitako azpiegituren artean, nabarmentzekoa da La Maquinista Terrestre y Marítima enpresak Sóllerreko uhar nagusiaren gainean eraikitako zubia.[5] Hasieran, bere zentral elektrikoa zuen, Sóllerreko geltokian; 65 zaldiko barne-errekuntzako motor batek elikatzen zuen, Schuckert etxeko dinamo bati eragiten ziona, 600 volteko korronte zuzena emateko. 1929ko urriaren 24an, Jeroni Estadesen eskariz, burdinbidea osorik —hau da, trena eta tranbia— elektrifikatu zuen Alemaniako Siemens-Schuckert enpresak. Mallorcako lehen tren elektrikoa izan zen.[6] 1913ko urriaren 4an egin zuen bidea lehenengoz.[7]

Bidaiariak garraiatzeko pentsatuta bazegoen ere, salgaiak porturantz eramateko ere erabili zen tranbia: besteak beste, arraina garraiatzeko bagoi isotermiko txiki bat zuen; ikatza garraiatu zuen itsaspekoen base zaharrera; eta mina nahiz torpedo kargamentuak eraman zituen, Caubet-eko bolborategitik Sóllerreko geltokiraino, eta handik portura.[8]

Istripua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2009ko maiatzaren 12an, arratsaldeko ordu biak aldera, portutik zetorren konboi batek eta Sóllerretik zetorren beste batek aurrez aurre talka egin zuten Monumentuaren bidegurutzea deritzon lekuan, portutik hurbil. Bi tranbiak abiadura txikian zihoazenez, hiru zauritu arin baino ez ziren izan.[9]

Geltokiak eta ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sóllerreko portuko tranbiaren ibilbidea
lDAMPF ABZg3 jade
Sóller-Palma burdinbidea
BRILL KBHFa jade
Sóllerreko herrigunea
HST jade
Mercat
HST jade
Ca'n Guina
HST jade
Ca'n Reus
HST jade
Monument
HST jade
Ca n'Ahir
HST jade
Roca Roja
HST jade
Es Control
HST jade
Sa Torre
HST jade
S'Espléndido
HST jade
Las Palmeras
HST jade
S'Eden
HST jade
Ca'n Generós
HST jade
Marysol
BRILL KBHFe jade
Sóllerreko portua

Geltokiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tranbiaren ibilbidea oso luzea ez denez bi geltoki nagusi baino ez ditu. Lehena Sóller herriaren erdigunean dago (Plaça de Sa Constitució-tik gertu); Palmatik datorren trenarekiko lotura egin daiteke. Beste geltokia portuan dago, hondartzaren aurrean eta antzinako base militarretik gertu. 1920ko hamarkadan, jatetxe bat ezarri zuten geltokian, Mar i sol izenekoa; geltokiaren zereginak (txartelen salmenta, zain egoteko gunea eta abar) trenbidearen ondoan egiten zirenez, jatetxeak hartu zuen eraikina osorik.[10]

Geralekuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tranbiak soilik abiaburuko eta helmugako bi geltoki nagusi dituen arren, hamalau geraleku daude ibilbidean. Geralekuen izena hurbileko eraikin edo interesguneetatik (taberna, jatetxe, hotel edo monumentuetatik) hartua da.[11]

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibilbidea — guztira 4,868 km— Sóller herriguneko geltokian abiatzen da, 800 m inguru egiteko herriko kaleetan barna, herriko merkatuaren eta San Bartomeu parrokia-elizaren aurretik pasa arte. Merkatuko geralekua pasatu eta gutxira, herrigunea utzi eta Sóllerreko lorategietan eta garrazki sailetan barna abiatzen da, kaleetako asfaltoa atzean utzita. Uhar nagusia zubi baten bidez zeharkatu eta Monument geralekua igaro ondoren, ibilbidea Ma-11 errepidearen paretik doa, badiara iritsi arte. Puntu horretara iritsi baino lehentxeago, Control izeneko geralekua dago, ibilbidearen erdi-erdian kokatua; puntu horretarainoko bidaiak osorik egiten denaren erdia balio du. Handik aurrera, itsas lerroko Sa Torre lehen geltokitik ibilbidearen amaieraraino itsaso ondotik egiten du bidea. Azken geralekua portuko kaiaren ondoan dago.[5]

Erabilera-estatistikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tranbiak bidaiari gehiago garraiatu izan ditu, 1914az geroztik, Sóllerreko burdinbide nagusiak baino.[12] Izan ere, 1960ko hamarkadara arte, Sóllerreko bizilagunentzat ohikoagoa zen, ziurrenik, portura joatea Palmaraino joatea baino. Urtez urte egindako azterketa baten arabera, 1913an tranbiak 200.000 erabiltzaile izan zituen; 1960tik 1978ra bitartean, 800.000 erabiltzaile izan zituen urtean, eta hurrengo urteetan behera egin arren, 2002-2004tik aurrera azken zifra hori gainditu zuen.[13] Trenaren eta tranbiaren erabiltzaile kopuruak antzekoak dira hilabetez hilabete, baina udako hilabeteetan tranbiaren erabilerak gora egiten du, turismoaren gorakadaren eraginez.[14]

Tranbiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tranbia, Sóllereko kaleetan zehar.

Erabiltzen diren tranbiak jatorri askotarikoak dira: 1-3 bitartekoak automotoreak dira, eta 5-6 zenbakikoak, haien bagoiak, guztiak 1913koak. Zaragozako Carde & Escoriaza enpresak eraiki zituen. 1954. urtean Palmako tranbien bagoiak erosi ziren.[5]

Aldiz, 4 zenbakia daraman tranbia txatar gisa erosi zen Bilbon, eta berriztatu ondoren egokitu zen Sóllerreko trenbidean erabiltzeko. Carris enpresaren beste bost automotore Lisboan erosi ziren, eta, berriztatu ondoren, 20-24ra bitarteko zenbakiak eman zitzaizkien.[5][15] Besteak beste, 0,9144 m-ko trenbidea zabalerara egokitu behar izan ziren, eta estali gabeko bagoiak gehitu zitzaizkien, turistak portura eramateko udan.[16]

Kultura erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Josep Truyol Otero argazkilari eta enpresaburuak (1868-1949) zenbait film egin zituen, Excursiones por Mallorca izenburuaz. Besteak beste, De Palma al puerto de Sóller dokumentala egin zuen, 1913an; filmaren bigarren zatian, Sóllerreko tranbiaren inaugurazio unea eta ibilbidea ikus daitezke.[17]

Tranbia, Plaça de Sa Constitució-tik gertu.

Kultura eta turismo-planaren barruan, «Volta a l'illa» izeneko txangoa dago, Sóllerreko herrigunea, portua eta Sa Calobra artean egiten dena;[18] izan ere, tranbia da Sóllerreko portura joateko erabiltzen den garraio nagusia. 2005ean egindako inkesta baten arabera, ibilaldi hori kontratatzen duten erabiltzaile gehienek —turistek— aitortzen duten tranbiaz gain txangoan erabili ohi diren trenak eta txalupak erakartzen dituztela.[19] Sóllerreko portura iristen den tranbiaren lehen geralekuan portuko gaztelua ikus daiteke, XVI. mendeko defentsa-eraikina, eta haren parean, Torre Picada, XVII. mendeko zaintza-dorrea, beste aldera. Azkenik, tranbiaren geltokitik hurbil Des Traves hondartza dago.[12]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Román Gubern (1996) «La cinematografía en Mallorca (1897-1915)». A: Primeros tiempos del cinematógrafo en España (gaztelaniaz). Oviedo, Universidad de Oviedo. ISBN 978-8460561089
  • Oscar Dalmau (1998) El tren de Sóller: viaje al Valle de Oro (gaztelaniaz). Bartzelona, Reserva Anticipada Ediciones. ISBN 978-8492262133
  • Joana Maria Arrom Munar; Mateu Picornell Cladera (2008) «Estudio de la evolución en el número de pasajeros del tren de Sóller y del tranvía hasta el port de Sóller (1912-2004)». A: Destinos turísticos: viejos problemas ¿nuevas soluciones? (gaztelaniaz). Cuenca, Universidad de Castilla-La Mancha. 139-141. or. ISBN 978-8484276265
  • Nicolau Canyelles i Serrano (2012) «La prehistòria del tren de Sóller» in VII Jornades d'estudis locals de Sóller i Fornalutx. Sóller, ajuntaments de Sóller i Fornalutx. ISBN 978-8493729257. 13-25. or.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Ikus Dalmau (1998), 47. or.
  2. Ikus Arrom eta Picornell (2008) 139-141. or.
  3. Ikus Canyelles (2012), 20. or.
  4. Ikus Dalmau (1998), 16. or.
  5. a b c d (Katalanez) «Viatge amb tramvia històric | Puja i deixa't emportar | Tren de Soller» trendesoller.com (Noiz kontsultatua: 2022-10-12).
  6. Ikus Dalmau (1998), 12. or.
  7. Ikus Canyelles (2012), 21. or.
  8. (Katalanez) «Sóller | enciclopedia.cat» www.enciclopedia.cat (Noiz kontsultatua: 2022-10-12).
  9. (Gaztelaniaz) «Choque de dos tranvías en Soller» treneando (Noiz kontsultatua: 2022-10-12).
  10. Ikus «Un restaurante en una antigua estación en el Puerto de Sóller».
  11. Ikus Dalmau (1998), 55. or.
  12. a b Ikus Arrom eta Picornell (2008), 139. or.
  13. Arrom eta Picornell (2008), 140. or.
  14. Arrom eta Picornell (2008), 140-141. or.
  15. Ikus Dalmau (1998), 44-45. or.
  16. Ikus Dalmau (1998), 52. or.
  17. Ikus Gubern (1996), 251-253. or.
  18. (Katalanez) «Mallorca, volta a l'illa - Librería Moriarty» www.libreriamoriarty.com (Noiz kontsultatua: 2022-10-12).
  19. Arrom eta Picornell (2008), 145-148. or.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]