Sara Soto

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sara Soto
Bizitza
JaiotzaGorliz1941eko martxoaren 21a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaIrun1999ko ekainaren 28a (58 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakmusikagilea

Sara Soto Gabiola (Gorliz, 1941eko martxoaren 21a - Irun, 1999ko ekainaren 28a) bizkaitar margolari eta musikagilea izan zen, Irunen errotua.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sara Soto Gabiola 1941eko martxoaren 21ean jaio zen, Gorlizen, nahiz gurasoak Berastegin bizi ziren garai hartan, aita meategietako medikua zelako. Bera txikia zelarik, familia Irunera aldatu zen, aita Irugurutzetako meategietan hasi baitzen lanean. Irungo Pilareko Andre Maria eta Hondarribiko Saint Maur ikastetxeetan ibili zen, Emma eta Isabel ahizpekin batera. Ondoren, Donibane Lohizunen ikasi zuen, moja dominikoen ikastetxean; hantxe zaletu zen musikara eta pinturara.[1]

Hamabi-hamahiru urte zitueneko, bistakoa zen ez zuela oina behar bezala pausatzen. Gurasoak ere ohartu ziren, jakina, eta Jimenez Diaz Fundaziora eraman zuten, Madrilera. Muskulu-distrofia diagnostikatu zioten, eta tratamendua ezarri. Eritasuna mantsoarazi zuten, geldiarazi ez, ordea. Eta Sara ohartu zen bestelako bidea hartu behar zuela. Gaspar Montes Iturriozekin hasi zen marrazten eta pintatzen, Irunen bertan. Eta, hurrena, musikari lotu zitzaion.[1]

Jose Antonio Canoura, Irungo alardearen banda musikaren zuzendaria, izan zuen lehenbiziko musika irakasle, eta posta bidezko ikastaroak ere egin zituen. Eritasunak etxean loturik eduki zuen, ez zuen bidaiatzeko modurik izan, ezta kalera irteteko ere; baina, ordez, etxera joaten zitzaion jendea eta, oroz gain, adiskide zituen. Eta, adiskide eta lagunetan nabarmen, Nestor Basterretxea, haren mentorea eta artearen bide bihurrietan barna zuzendu zuena. Xabier Lete eta Lourdes Iriondorekin ere harreman estua izan zuen eta, besteak beste, Leteren Bigarren poema liburua ilustratu zuen.[1]

Musikagintzaren alorrean ganbera-musika eta koru-musika landu zituen gehienbat. Haren obrarik ezagunenetakoa Nestor Basterretxearen testu batean oinarritutako Karraxiz poema korala izan zen, 1970eko hamarkadaren amaiera aldekoa. Organorako hainbat pieza ere sortu zituen, hala nola, Cripta izenekoa, Nestor Basterretxeak Arantzazurako eginiko horma-lanetan inspiratua. María Ostizek, Lourdes Iriondok eta Txomin Artolak, besteak beste, haren kantuak grabatu zituzten.[2]

1999ko ekainaren 28an itzali zen, 59 urte bete berritan.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d Elustondo, Miel A.. Maite-sua, miresmena, urrikia. Berria, 2021eko apirilak 6, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-25).
  2. Sara Sotoren hainbat obra gordeko ditu Eresbilek. Berria, 2011ko martxoak 9, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-25).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]