Sasi-txinbo
Sasi-txinbo | |
---|---|
![]() | |
Iraute egoera | |
![]() Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Passeriformes |
Familia | Sylviidae |
Generoa | Curruca |
Espeziea | Curruca communis Latham, 1787
|
Banaketa mapa | |
![]() | |
Datu orokorrak | |
Masa | 1,78 g 14,5 g |
Zabalera | 20 cm |
Kumaldiaren tamaina | 4,5 |
Eguneko zikloa | eguneko |
Errute denbora | 12 egun |

Sasi-txinboa[1] (Curruca communis), Sasi-txinboa edo Sasi-txinboa[2] (Curruca communis), intsusa-txori arrunta (Sylvia communis) sylviidae familiako hegazti paseriformea da, hego-mendebaldeko Europa eta mendebaldeko Asiako eskualde epeletan bizi dena[3].
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]15 cm inguru luze da. Bizkarraldea arre gorrixka eta sabelaldea zuri gorrixka ditu. Oso iparraldeko lurraldeetan izan ezik, Europan eta Asian bizi da, eta Afrikan ematen du negualdia. Batez ere intsektuak jaten ditu.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Diskretua eta nabaria ez den txinbo lerden eta arina, 13-15 cm-koa tamainaz, eta arra eta emearen artean desberdintasun gutxikoa.
Honek bizkar aldea arrea du, hego argiagoak, hur koloreko orban batekin, burua eta garondoa gris-errauts kolorekoa eta buztan arre-grisaxka kanpoko errektrize zuriekin. Eztarriko lerde-zapia zuri hutsa da detailerik deigarriena eta, bere hegoetan duen hurritz koloreko orbanarekin batera, landan identifikatzea errazten duena, beheko zatiak zuri zikin kolorekoak arrosa koloreko bularrarekin.
Emea uniformeagoa da. Bularrean kolore arrosa falta du eta burua eta bizkarra ez dira grisak baizik eta arrexkak, baina arraren adur-zapi zuri bera mantentzen du. Hankak arre argiak, moko grisaxka bi sexuetan.[4]
Biologia eta ohiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oso aktiboa; azkar mugitzen da zuhaixka eta sasi korapilotsuen artean, buztana apur bat altxatuta eta maiz buru-lumak tente, era guztietako intsektuak, araknidoak eta beste ornogabeak harrapatzen ditu, udan baia eta fruituekin osatzen duen dieta.
Udaberria iritsi bezain laster. apiril aldera, arrak adar baten muturrean, zuhaixka baten gainean edo ikuste ona daukan beste edozein pausaleku baten jarrita hasten da abesten. Batzuetan hegan egiten du eta kantuan jarraitzen du. Lurraldekoi hegaldi, uhintsu eta dantzaria da, buztana zabalduta eta gandorraren lumak tente dituela egiten duena.
Emeak iristean, simulazio-erasoen, jazarpenen eta ezkontza-hegaldien gorteiatzeko erakustaldi ikusgarri baten ostean, parekatu eta ugaltzen hasten dira. Arrak hainbat habi zakar eraiki ohi ditu, emeak bat aukeratzen du eta osatu egiten du.
Lurretik hurbil egiten dute habia, sastraka sasi, edo beste landare baxu batzuetan. Kopa itxurako habia sakona, belarrez eta sustraiez ehundua eta artilez, zaldi-ilez edo lumatxaz forratua.
Orokorrean 4 edo 5 arrautza erruten dituzte, urtaro bakoitzeko bi, argiak berdexkak edo urdinxkak eta arre koloreko tantoekin. 13 edo 14 eguneko inkubazioaren ondoren, zeinetan bi sexuek parte hartzen duten, txitak nidikolak dira eta ez dute habiatik hegan egiten 10 edo 12 egunera arte. Habia utzi ondoren ere gurasoek elikatzen jarraitzen dute egun batzuk gehiagoz.
Abuztuaren erdialdean hasten da sasi-txinboen migrazio-mugimendua, baina gure inguruan paserik biziena irailean sartuta izaten da, urrira arte. Distantzia luzea egiten du gaueko hegaldietan Afrikako sabana tropikalera iritsi arte, bertan udaberri berri baten etorreraren zain geratuz.
Banaketa, habitata eta egoera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sasi-txinboa klima boreal, epel eta mediterraneoan ugaltzen da Europan, Afrikako ipar-mendebaldean eta Asiako mendebaldean, Europan Mediterraneo eremutik hasi eta Eskandinavia erdialdera eta Finlandiaraino.
Euskal Herrian banaketa orokorra du, baina oso desorekatua dago eta, gaur egun behintzat, ez da batere ugaria. Ziurrenik, hemen ere Europa epel osoan bizi izan duen gainbehera bera jasan du.
Txinbo honek gehien populatzen duen eremua Kantauri azpiko eremua omen da, mendien hegoaldeko isurialdetik Toloño-Kantabria lerroaren iparraldeko haranetara. Heskai eta zuhaixkak okupatu ohi ditu laboreen artean, ipuruak, adar eta iratzeak dituzten sastrakak, baratzeetan eta bide bazterretako sastrakak, baso degradatuak, batez ere erkametzak eta abar.
Kantauri aldean urria, non eremu irekiak nahiago dituen, hala nola muinoak eta ondo orientatutako maldak, haranen hondoak baino, normalean belardiak eta laboreak banatzen dituzten heskaietan kokatua. Arraroa Ebro bailaran; landatutako eremuan ia ez dago, baina altuera jakin bateko mendi-hegaletako sastraka batzuetan aurkitzen da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskal Batzorde Ornitologikoa. (2025). «Sasi-txinbo» Munduko hegaztien izen arruntak euskaraz (Txoriak.eus).
- ↑ Euskal Batzorde Ornitologikoa. (2025). «Sasi-txinbo» Munduko hegaztien izen arruntak euskaraz (Txoriak.eus).
- ↑ Shirihai, H.; Gargallo, G.; Helbig, J. A.. (2001). Sylvia Warblers: Identification, Taxonomy and Phylogeny of the Genus Sylvia. in: The Sylvia Warblers Monograph. Londres: A & C Black.
- ↑ (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 245 or. ISBN 84-7542-639-5,..
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
![]() |
Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |