Sorarrain baserria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sorarrain
Sorarrain
Sorarrain baserria, 1988an.
Kokalekua
Lurraldea Gipuzkoa
Udalerria Larraul
Sorarrain baserria is located in Gipuzkoa
Sorarrain baserria
Sorarrain baserria
Sorarrain baserria (Gipuzkoa)
Ezaugarriak
Garaia XVI-XVIII. mendeak
Oinplanoa 20 x 20 m
Katalogatua
Eusko Jaurlaritza 2007ko martxoaren 16

Sorarrain Larraulgo (Gipuzkoa) baserri bat da, Erdi Aroan sortua segur aski. Aldapa handiko hegal batean dago, Usarrabi amildegiaren gainean, Sorarrain izeneko auzoan.[1] Atzeko hiru hormarteak XVI. mendeko baserri batetik berrerabilitakoak dira. XVIII. mendearen hasieran erabat berregin eta zabaldu zuten, gaur egungo itxura hartu arte.

2007ko martxoaren 16ean, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, monumentu sailkapenarekin.[2]

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familia bakarreko baserria da, 20x20 m oin karratukoa, soto eta ganbararekin, aldapa handiko hegal batean. Hodi-teilako bi isurkiko teilatua, hego-ekialdera begira dagoen fatxada nagusiarekin elkarzut den gailurra duela.

Kanpoaldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fatxada nagusia atal bakarreko lau zutaberen gainean doa, petral luzez eta besodun indargarriz lotuta. Baditu tartetan bilbadurak ere, gehienak bertikalean. Lehen solairuko forjatuaren parean soliben muturrak ageri dira. Bao guztiak harlangaitz zarpiatu eta zuriz margotuz beteta daude. Konposizioa simetrikoa da, eta bi leiho-lerro ditu, lehen solairuaren eta ganbararen parean. Ganbarako leihoen gainean dago horma pikoa, oholtzaz itxia.

Fatxadaren ertzetan hareharri landuko bi eskantzu daude. Lehen solairuko forjatuaren parean dagoen zementuzko terraza atxiki batek fatxadaren zati bat betetzen du. Gaur egun, eraikinaren sarrera ipar-ekialdean dago: etxean sartzeko ateburudun ate bat dago han, eta beste bat ate bat ukuilurako. Alde horretan arku bat dago, segur aski karpanela, gaur egun erabat itxia; arku hori garai batean orain sukaldea denaren parean zabaltzen zen. Hego-mendebaldeko fatxadan arku zorrotzeko formako sarrera bat dago, dobela luzeekin, eta arku karpaneleko beste sarrera bat, biak ere hareharri landukoak. Atzeko ipar-mendebaldeko fatxada behea da, lurraren malda dela-eta. Fatxada nagusia ez ezik, gainerako fatxadak ere zarpiaturik eta zuriz margoturik daude. Baserriko sotoa edo ataripea, lurraren malda aprobetxatuz eraikia, eraikinaren hego-ekialdean dago. Gaur egun zati batean itxita dagoen soto edo ataripe honek sarrerak zituen ipar-ekialde eta hego-mendebaldean, azken horretako sarrerak besterik ez du iraun.

Barrualdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikin honen armadura atal bakarreko bederatzi zutaberen gainean dago, harlanduzko zapaten gainean. Egitura simetrikoa da, eta zurezko aho-ziri eta kabilaz mihiztatutako habe, soliba eta beso handiz armatua. Egituraren ataletan erromatar zenbakiak ageri dira, zurgin-markaz eginak. Horren gainean dago teilatua, bere petral, gapirio eta latatu eta guzti.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]