Talgo (tren mota)

Wikipedia(e)tik
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Ikus baita ere: Talgo (Renfe).
Ikus baita ere: Talgo (enpresa).
Talgo 350 seriedun trena AVE zerbitzuak eskaintzen.

Talgo Espainian zerbitzu ematen duen tren mota bat da, aluminiozko bagoi motz eta baxuetan oinarritzen dena eta Patentes Talgo izeneko enpresak eraikitakoa. Talgo izena Tren Articulado Ligero Goicoechea Oriol ("Goikoetxea-Oriol Tren Artikulatu Arina") izenaren akronimoa da, tren mota hau Alejandro Goikoetxea ingeniariak diseinatu baitzuen, Jose Luis Oriol proiektuaren babesle ekonomikoa izan zen artean. Biek Patentes Talgo sortu zuten 1942an, Talgo 0 eta Talgo I aurretipoak eraiki zituztela, eta geroago Talgo II trena, erabilera komertziala izan zuena.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezkerrean: Bogie bidezko ohiko errodadura sistema
Eskuinean: Talgo errodadura sistema.

Talgo multzoen ezaugarri nagusia berezko errodadura sistema da, ohiko bagoiek dutenarekin konparatuta guztiz ezberdina dena. Honek hainbat abantaila eskaintzen ditu, baina ordainean eraikitako bagoi multzoak deformaezinak dira eta moldaketak tailerretan egin beharreko prozedura konplexuak eskatzen ditu.

Trenak jaio zirenetik bi ardatzekin egin izan dira, mutur bakoitzean bana. Hala, bi ardatzak elkarrengandik oso hurbil egon behar dute, ardatzak urrun badaude bihurguneetan zaila baita gurpilak errailetan mantentzea. Arazo hau konpontzeko, ardatzak binaka kokatzen hasi ziren, bogie izeneko piezetan multzokatuta. Bagoiek luzera handiagoak hart zezaketen muturretan bogie bana jarriz, ardatz baten ordez.

Talgoren soluzio berezia zera da: bagoi motzagoak egitea, eta ardatzak bi kotxeren artean kokatzea, birakariak barra triangeluarren bidez lotuz. Bihurgune batean, biraketa mugimendua barra triangeluarren bitartez transmititzen da, ardatzak modu naturalean errailetik perpendikularrean jarriz.

Gurpilak errailetatik perpendikularrean egoteak egonkortasuna handitu eta gurpilen irtenguneek erraila erasotzea saihesten du. Bogieak erabili behar ez izateak altuera txikiagoko bagoiak eraiki ahal izatea ahalbidetzen du, grabitate zentroa trenbidetik gertuago gelditzen delarik, egonkortasuna are gehiago handituz. Gainera, bagoiak aluminiozkoak izateari esker trenak pisu gutxiago du, eta hala abiadura handiagoak har daitezke potentzia bereko lokomotora batekin.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

334.016 lokomotora Talgo batekin Ourense-Empalme geltokian.

1941ko abuztuaren 21ean Alejandro Goikoetxea ingeniari elorrioarrak trenen ardatzak gidatzeko soluzio berezi baten froga arrakastatsua egin zuen. Soluzioa armadura luze batez sortutako egitura batean zetzan, triangelu isoszelez osatutako moduluz egindakoa, horien oinarrietan elkarri bereziki lotutako gurpilak zeudela. Loturek ahalbidetzen zuten ardatzak trenbidean zehar modu naturalean gidatzea, bihurguneetan kanpoko errailaren eta gurpilen irtenguneen arteko talka galaraziz. Egitura honek 75 km/h-ko abiadura lortu zuen Leganés eta Villaverde hirien artean.

1942ko urriaren 28an Patentes Talgo, S.A. sortu zen, sistema berriaren garapen industriala eta komertziala sustatzeko.

Ordutik, gaur egun ere erabiltzen jarraitzen diren Talgo serie ezberdinak ekoiztu dira.

Talgo multzoen seriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Talgo 0[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Talgo errodadura sistema frogatzeko egindako aurretipoa izan zen. Triangelu eta gurpilez osatutako errodadura katea besterik ez zen.

Talgo I[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1942an Oñatiko Hijos de Juan de Garay eta Madrilgo Compañía MZA enpresek ekoitzi zuten automotorea,[erreferentzia behar] Patentes Talgo enpresak sortutako sistema berriaren funtzionamendua frogatzeko. 200 zaldi-potentziako diesel motore bat zeukan, eta frogetan 135 km/h-ko abiadura lortu zuen. Diseinuak marrazo baten burua imitatzen zuen.

Multzo hau sute batean suntsitu zen, gertakaria inoiz argitu ez zela. Antza, ekoizle baten batek tren berri honen garapenarekin bukatu nahi izan omen zuen.

Talgo II[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Talgo II seriedun kotxea.

Bidaiarien garraiorako zerbitzuak eskaintzeko jaiotako lehenengo seriea da. Estatu Batuetan ekoitzi behar izan zen, Gerra Zibilaren ostean espainiar industriaren egoera latza zela eta. Zerbitzu komertziala hasi zuen 1950n Madril eta Valladolid arteko linean. 120 km/h-ko abiadura maximoak hartzen zituen. Kanpoko diseinuari dagokionez, 1930-1950ko iparamerikako tren espresoetan oinarritzen da, trenaren muturrean, behatoki modura, bagoi biribildu batekin, trenaren izena eramaten zuen argidun kartel batekin.

Serie honen aldaerak ere eraiki ziren, hala nola Talgo II-ACF, Estatu Batuetan arrakasta handirik lortu ez zutena. Serie honen zati bat Espainiara eraman zen, Langreoko Burdinbidean funtzionatu zuena.

1972an zerbitzutik kanpo utzi ziren, eta gaur egun multzo horren zati bat, lokomotoreekin batera, Madrilgo eta Kataluniako Burdinbidearen Museoetan daude.

Talgo III[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Talgo III seriedun trena Irungo geltokian.

1964 eta 2010 artean ibili dira. [1] Diseinu berritzailea zeukan, gorria eta aluminio ikusiaz. Hasieran kalitate altueneko zerbitzuak eskaintzen zituen, gainontzeko trenekin alderatuta prezio altuagoak zituela. Geroago distantzia luzeko linea askotan eman zu zerbitzu, nazioarteko ibilbideak ere egin dituelarik.

Serie hau bidaiarien bagoi multzoez gain manso izeneko bagoi ekoizlez osatzen zen, azken hauek edozein motatako lokomotorea eta bagoi multzoen arteko lotura egiteko erabiltzen zirenak, lokomotoreak tope berezirik eduki behar ez izateko.

Talgo III serieko bagoi batzuei aldaera batzuk gaineratu zitzaizkien, trena zabalera trukagailuetatik pasaraziz zabalera iberiarretik zabalera internazionalera pasatzeko, eta alderantziz. Kotxe hauek Talgo III RD izena jaso zuten. Teknologia horri esker, 1968an Madril eta Paris arteko lehenengo tren zuzena ibili zen, frogetan. Zerbitzu komertziala 1969an hasi zen Bartzelona eta Geneva artean, "Catalan Talgo" izeneko zerbitzuan.

1974an RD sistema zuen beste zerbitzu bat inauguratu zen, ohe-bagoiduna, Talgo III RD Camas izenekoa. Zerbitzu hau, "Barcelona Talgo" zeritzona, gauero ibiltzen zen Bartzelona eta Paris artean.

RD multzoak luzeagoak zirenez, potentzia gehiago eskatzen zuten trenak ziren, eta multzoen mutur bakoitzean kotxe-ekoizle bana kokatu behar izan zen. Eguneko zerbitzuetan 12 eta 16 kotxe bitartean osatzen zuten multzoa, eta gaueko zerbitzuetan 16 eta 20 bitartean. Aldiz, Talgo III multzoek bakarrik mutur batean edukitzen zuten kotxe-ekoizlea, izan ere 6 eta 9 kotxe arteko multzoak ziren.

Azken Talgo IIIa 2009ko uztailaren 26an ibili zen, eta azken RDa 2010eko abenduaren 18an.

RD seriedun 10 kotxeko multzo bat berritu egin zen, 2014ko udatik aurrera tren turistiko modura ibiltzen dela. "Tarraco Talgo" zerbitzua eskaini ohi du, Bartzelona eta Tarragona arteko ibilbideak eginez larunbatero. Noizbehinka Administrazio publikoek edo Trenbide Lagunen Elkarteek antolatutako bidaiak ere egiten ditu. Muturreko kotxeetan "TRANS EUROP EXPRESS" logoa berrezarri zaie.

Zerbitzuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Talgo trenak herrialde askotan erabiltzen dira, distantzia luzeko lineatan bidaiariak garraiatuz. Espainian Talgo izenez ezagutzen den zerbitzua eskaintzen du Renfe Operadorak gaur egun ere, nahiz eta beste izen batzuk dituzten zerbitzuetan ere Talgo trenak erabiltzen diren. Hala, Altaria, Alvia, AVE, Euromed eta Trenhotel zerbitzuetan ere Talgo trenak erabiltzen dira. Gaur egun erabiltzen diren serieak hurrengoak dira:

Zerbitzua Zerbitzu mota Seriea
Altaria Eguneko zerbitzua, abiadura handiko zein ohiko trenbideetatik ibiltzen dena Talgo 4 eta Talgo 6
Alvia Eguneko zerbitzua, automotore bidezkoa, abiadura handiko zein ohiko trenbideetatik ibiltzen dena Talgo 250 (Renferen 130 Seriedun automotoreetan) eta Talgo 250h (Renferen 730 Seriedun automotoreetan)
AVE Abiadura handiko eguneko zerbitzua Talgo 350 (Renferen 102 eta 112 Seriedun automotoreetan)
Euromed Eguneko zerbitzua, automotore bidezkoa, korridore mediterranearretik ibiltzen dena Talgo 250 (Renferen 130 Seriedun automotoreetan)
Trenhotel Gaueko zerbitzua, ohe eta eserlekuz hornitutako konpartimentuekin Talgo 4, Talgo 5, Talgo 6 eta Talgo 7
Talgo Eguneko zerbitzua, ohiko trenbideetan ibiltzen dena Talgo 4 eta Talgo 6

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Talgo