Eskilo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
GFDL
Eskilo

Eskilo (antzinako grezieraz: Αισχύλος, Aiskhulos; Eleusis, K. a. 525 - Gela, Sizilia, K. a. 496) Antzinako Greziako poeta eta antzerki-idazlea izan zen.

Biografia eta lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Salamina eta Maratongo guduetan hartu zuen parte. Oso gazte zela hasi zen antzerkia idazten, eta behin baino gehiagotan irabazi zituen sariak lehiaketetan. Bere izena Mediterraneo guztira zabaldu zen. Sirakusako Hieronen gortean onartua izan zen, Sizilian bigarrenez izan zenean.

Berak idatzi zituen laurogeita hamar antzerkietatik, zazpi bakarrik heldu dira gaur egunera: Erregutzaileak (Iketides, 490), Persiarrak (Persai, K. a. 472), Zazpiak Tebaren kontra (Hepta epi Thebas, 464), Prometeo kateatua (Prometeus desmotes), eta Orestesen trilogia (Oresteia, 458). Azken horretan, Agamenonen itzulera eta Klitemnestrak eta Egistok nola hil zuten deskribatzen du (Agamemnon), hiltzaileen zigorra (Koreoforoak), eta Orestesen auzia (Eumenideak).

Eskilo hartu ohi da Greziako tragediaren sortzailetzat, dramari lege zehatzak ezarri baitzizkion, koruaren lirismotik aldenduz eta elkarrizketa eta ekintza sartuz. Maskara, jantzia eta azaltzeko modua berritu zituen. Antzinako Greziako elezaharrak hartu zituen, eta herriaren erruduntasuna gaitzetsi zuen. Filosofoa eta moralista zen; zuzenbidearen lehentasuna azpimarratu zuen mendekuaren gogo itsuaren kontra, justizia legearen kontra, izpiritua indarraren kontra. Poeta lirikoa izaki, bere hitzaren indarrari esker, tragedia bere gailurrera eraman zuen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Eskilo Aldatu lotura Wikidatan