Anton Txekhov

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Anton Txekhov
Anton Chekhov with bow-tie sepia image.jpg
Bizitza
Izen osoa Антон Павлович Чехов
Jaiotza Taganrog1860ko urtarrilaren 17a
Herrialdea  Errusiar Inperioa
Bizilekua Melikhovo
Talde etnikoa Errusiarra
Heriotza Badenweiler1904ko uztailaren 2a (44 urte)
Hobiratze lekua Novodevitxi hilerria
Heriotza modua berezko heriotza: tuberkulosia
Familia
Ezkontidea(k) Olga Knipper  (1901 -  1904)
Anai-arrebak
Hezkuntza
Heziketa Chekhov Gymnasium
(1868 - 1876)
Moscow Imperial University
(1879 - 1884) Doctor of Medicine
Hizkuntzak errusiera
Jarduerak
Jarduerak antzerkigilea, kazetaria, dramagilea, idazlea, prosalaria, satira-idazlea, autorea, medikua eta eleberrigilea
Lan nabarmenak The Seagull
The Cherry Orchard
Uncle Vanya
Vanka
Three Sisters
Jasotako sariak
Nominazioak
Influentziak Henrik Ibsen, Aleksandr Ostrovski, Ivan Turgenev, Gustave Flaubert, Nikolai Gogol, Emile Zola, Aleksandr Puxkin, Lev Tolstoi, Guy de Maupassant, Honoré de Balzac eta Fedor Dostoievski
Mugimendua errealismoa
Izengoitia(k) Антоша Чехонте, Брат моего брата eta Человек без селизёнки
Genero artistikoa Ipuina
powesta
antzezlana
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioa ateismoa
IMDb nm0155009
Anton Chekhov signature.svg

Anton Pavlovitx Txekhov (errusieraz: Антон Павлович Чехов; Taganrog, Errusia, 1860ko urtarrilaren 29agreg./urtarrilaren 17ajul. - Badenweiler, Alemania, 1904ko uztailaren 15agreg./uztailaren 2ajul.) errusiar idazle eta dramagilea izan zen. Korronte naturalistaren barrukoa da haren lana. Ipuingintzako maisu izan zen.

Hil aurretik ere Errusian aski ospetsua zen arren, Txekhov ez zen nazioartean famatu harik eta Lehen Mundu Gerraren ondorengo urteetan Constance Granetek ingelesera egindako itzulpenek haren lana zabaltzen lagundu zuten arte.


Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ainara Azpiazu "Axpik" egindako erretratua
Txekhoven familia 1874an Tangarogen

Familia behartsu batean jaio zen eta sei senideetatik hirugarrena zen. Aitaren aldeko aitona esklaboa izan zen baina dirua bildu eta bere askatasuna erosi ahal izan zuen. Antonen aita dendaria eta koruko zuzendaria izan zen, gizon gogorra. Hori dela eta, Antonek dendan laguntzen zion eta koruko partaide ere izan zen[1]. Ama atsegina izan zuen arren, Txekhovek beti oroitzapen goibela du haurtzaroaz. Herrian haur grekoentzat zegoen eskolan labur ibili ondoren, hiriko gimnazijan sartu zen eta bertan hamar urtez ikasketak burutu zituen garaiko hezkuntzarik hoberena jasoz[2].

Txekhov gaztea 1880an

1876an, aitak negozioekin porrot egin eta familia Moskura joan zen bizitzera. Anton Tanganrog-en geratu zen bigarren mailako ikasketak bukatu arte, osabaren etxean. Eta ikasketak ordaindu ahal izateko klaseak eman zituen eta beste lan batzuetan ere aritu zen[1].


Ikasketak amaitu ondoren 1879an Moskura joan zen familiarekin. Bertan medikuntza ikasketak egin zituen 1880tik 1884ra[2]. Umorezko aldizkarietan ipuinak argitaratzen hasi zen bere familiari laguntzeko[3]. Geroztik literatura izan zuen bizibide. Eta noizean behin, izurriteetan eta, mediku gisa lan egin bazuen ere, mediku-lanak kazetaritzarekin eta sketch komikoen idazketarekin txandakatu zituen [2]. Ikasketak amaitu eta Txekhovek mediku gisa ez zuela lan egin nahi erabaki zuenean, tuberkulosiak jota zegoela jakin zuen[2]. Urte hartan izan zuen lehenengo hemoptisi atakea, eta orduan hasi zuen heriotzarekin amaituko zuen tuberkulosiaren aurkako borroka luzea. Ikasketa aro horretan, gorabehera politiko handiak izan ziren Errusian, 1881ean Alexander II.a tsarra hil zutelarik, gobernuak ezarritako zapalkuntza basa zela-eta[1].


1885ean "Ehizaldi tragiko bat" argitaratu zuen, intrigazko kontakizun luzea. Urte horretan zentsurak debekatu zuen "Errege bidean" izeneko antzerki lana estreinatzea[1].

1886a, Txekhoven literaturaren bilakaerako data giltzarria da, Grigorovitx idazle ospetsuak Antoni idatzitako eskutitzaren ondorioz. Txekhovi idatzitako gutunak eragin handia izan baitzuen bere idazkeraren aldaketan[1].

1890ean hiriaren presiotik ihesi, Moskuko kritika eta ikamikengatik[2], Sakhalin uharte-presondegira joan zen bertakoei laguntzera. Handik itzulitakoan bertakoa kontatuz kronika bat argitaratu zuen: "Sakhalin uhartea" (1893-1894). Bere gaixotasunak mendebaldera bidaiatzera eraman zuen lehen aldiz, Krimeara eta Europako bainuetxeetara[3].

1890eko hamarkadarako Txekhov ospetsua zen eta bere lanaren garrantzia guztiek aitortzen zioten. Garai honetan bere produkzio kopurua jaitsi egin zen, baina ez kalitatea. Honen arrazoiak izan ziren obra luzeagoak idaztea nahiago izan zuela eta gaixotasuna zela-eta erietxeetan egonaldi luzeagoak egin behar zituela[1].

1892-1898 bitartean, mediku eta administrari gisa 1891-1892ko gosetea arintzen buru-belarri saiatu ondoren, Melikhovo herritxoan sailak erosi eta bertan jarri zen bizitzen. Garai horretakoa da, besteak beste, Fraide Beltza.

Kaioa da ziurtasunez dataturiko teatro-obra bakarra[2].

1900 Txekhov eta Gorki Jaltan

1895ean Tolstoi ezagutu zuen. 1900ean Errusiako Zientzia Akademiako kide izendatu zuten, baina bi urteren buruan kargua utzi zuen Maksim Gorki erakundetik bota zutela-eta protesta egiteko. Tuberkulosiak jota zegoen eta Errusia eta Europa osoan barrena ibili zen bere gaitza sendatu nahian.

Garai honetan idatzi zituen bere lanik ezagunenetako batzuk: "Osaba Vania" (1897), "Hartza" (1888), "Proposamena", "Ezteia" (1889), "Urteurrena" (1891)[2].

1897ko martxoan biriketako odoljario bat izan zuen eta Melikhovoko sailak saldu eta Jaltan villa bat eraikitzera beharturik aurkitu zen. Handik aurrera, bertan eta Frantses Rivieran ematen zituen negu gehienak, Mosku eta Petersburgoko mundu intelektualetik urrun. Jaltako aldi honetan Txekhovek narrazio laburrak idazteari apur bat uko egin eta dramaturgiari eskaini zizkion bere indarrak. Hiru Ahizpak (1900-01) eta Gereziondoen Baratzea (1903-04) dira Moskuko Teatroarentzat idatzi zituen bi obra nagusiak[2].

1898an, Olga Knipper ezagutu zuen. Txekhoven antzerki lan batzuetan aritu zen antzezlea.

Txekhov eta Oga Knipper 1901ean

1900ean ezkondu ziren[1]. Emazteak antzezle-lanari uko egin ez zionez, denboraldi luzeak egiten zituzten elkarrengandik urrun eta ezkontzatik ez zen seme-alabarik jaio[2].


1902an, Errusiar Akademian zegokion postuari uko egin zion Gorki bota zutelako protestan[1].


XIX. mende amaiera Konstantin Stanislavski antzerki zuzendari eta aktorea ezagutu zuen, Moskuko Arte-Antzokiaren zuzendari zela, 1898an Kaioa obra taularatu zuena. Harreman honek ahalbidetu zuen Moskuko antzoki honetan Txekhoven obrarik esanguratsuenak eskaintzea: Osaba Vania (1897), Hiru ahizpak (1901) eta Gereziondoen lorategia (1904)[3].

1904ko uztailaren 2an hil zen Alemaniako Badenweiler izeneko bainuetxean.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idazle-karrera umorezko aldizkarietarako anekdota-kontatzaile bezala hasi eta bere lehen lanak "Antosha Txekjonte" izengoitiz sinatzen zituen[4].

1886 urterako sona handia irabazi zuen zirto eta umorezko genero harekin. Txekhoven bizitzan aipaturiko urtea mugarritzat jartzen da idazletzari dagokionez, eta ordura arte irri eta isekazko eszenaz osatuak ziren lanak pixkanaka narrazio liriko-psikologiko izatera pasatzen dira; bere bost obra dramatiko nagusietako «giroa» eta tonua jadanik agertzen dira[2].

Bere garaiaren behatzailea, ondo ezagutu zituen bere herrian izan ziren mugimendu nabarienak, iraultzaren ezaugarriak sentituz[5]. Txekhovengan "arruntaren edertasuna" topatuko dugu. Era berean, bere pertsonaien bidez, errealitate errusiarrari buruzko iritzi zorrotzak eskaintzen ditu[6].

Hogei urtetan zehar, mila ipuin, bost teatro-obra eta zenbait pieza dramatiko txikiago idaztera iritsi zen.

Hil zen garairako ospetsua bazen ere, Lehen Mundu Gerratera arte ez zuen nazioarteko entzuterik lortu, eta 40 urte geroago 20 liburukitan bere obra osoak (Polnoe sobranie socinenü i pisem A. P. Cekhova) argitaratzean lortu zuen kritikak bere eskuetan bildurik izatea sorkuntza eskerga hura guztia. Bertan agertzen diren gutunek gezurtatu egiten dute bizitzan zehar pesimismoz jota ibili zelako sasi-ustea. Nahiz eta Txekhov batez ere bere teatro-lanengatik ezaguna izan, azken aldietako kritikak istorio eta narrazio laburren idazle bezala aldarrikatu du, izan ere perfekzio harrigarrira iritsi baitzen genero horretan[2].

Sekulakoa da beraz haren ipuingintzaren garrantzia, erangin itzela izan baitu arlo hori landu dutenen artean. Ipuingile ona izateaz gain, teatrogilea ere bazenez, Txekhovengan, ipuingintza eta teatrogintzarako joerak elkarren osagarri ziren[5].

Ipuinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txekhoven ipuinak berdintsuak dira gaiz eta estiloz, ia ekintzarik eta intrigarik gabekoak, umorezkoak gehienak, Errusiako burgesia deskribatzen dutenak, neurritasun handiz eta artifizialkeriari uko eginez idatziak. Melpomeneko ipuinak (1884), hasierako ipuinen bilduma, Kontakizun nabarrak (1886), Ilunabarrean (1887), Estepa (1888), 6. pabiloia (1892), Dueloa (1892), Nire bizitzaren historia (1895), Laborariak (1897), Ezezagun baten kontakizuna (1898), Andrea txakurtxoarekin (1898).

Txekhovenak, batzuetan, ezerezaren kontakizun gogoangarriak dira; edota hutsaltasun transzendentalarenak, horrelakorik esaterik balego[6].

Xabier Mendiguren Bereziartuk Txekhoven ipuin bilduma bat euskaratua du.

Antzerki lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haren antzerki lanak Stanislavskiren Arte Teatroaren sorrerari oso lotuak daude. Garai hartako errusiar gizartearen ispilu dira eta haustura handia ekarri zuten ordu arteko antzerkigintzarekin; isilunez eta iradokizunez betetako lanak dira, xehetasun psikologiko handikoak eta giroari gertaerari baino garrantzi handiagoa ematen diotenak. Txekhov antzerkiaren historiako egilerik garrantzitsuenetako bat da. Kaioa (1895), Osaba Vania (1899), Hiru ahizpak (1901), Gereziondoen lorategia (1904).

Euskaratutako Ezkontzarako baimena eta Basa piztia obrak, Bi antzerki labur liburuan bildu ziren. Obra entretenigarriak ditugu bi hauek, hizkuntza oso ulergarria izanik, egokiak oso edozein motatako irakurleentzat.

Euskaratuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h   Saila, Kultur (2011-07-13), «d1703070», www.euskadi.eus, http://www.euskadi.eus/web01-s2oga/es/contenidos/articulo/c1703/eu_d1703070/1703070.html. Noiz kontsultatua: 2018-09-26  .
  2. a b c d e f g h i j k   «Anton Txekhov - Ipuinak», armiarma.eus, https://armiarma.eus/unibertsala/txekhov/. Noiz kontsultatua: 2018-09-26  .
  3. a b c   «Anton Txekhov euskaraz», www.armiarma.eus, https://www.armiarma.eus/emailuak/txekhov/. Noiz kontsultatua: 2018-09-26  .
  4. (Gaztelaniaz)  Damián Flores, Jesús Marchamalo (2010), Escritores de la literatura universal, Siruela, 47-48. orrialdeak, ISBN 9788498414073  .
  5. a b   «Bi antzerki labur - Anton Txekhov», www.armiarma.eus, https://www.armiarma.eus/baroja/baro11.htm. Noiz kontsultatua: 2018-09-28  .
  6. a b   «Anton Txekhoven aurkezpena», chejov.gipuzkoakultura.net, http://chejov.gipuzkoakultura.net/. Noiz kontsultatua: 2018-10-05  .

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Anton Txekhov Aldatu lotura Wikidatan
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Anton Txekhov