Trebbiako gudua

Koordenatuak: 45°03′N 9°36′E / 45.05°N 9.6°E / 45.05; 9.6
Wikipedia, Entziklopedia askea
Trebbiako gudua
Bigarren Gerra Punikoa
Italiar frontea
Mapa taktikoa:      Kartagotarrak      Erromatarrak
DataK.a. 218ko abenduaren 18a
LekuaTrebbia ibaia (egungo Piacenzatik gertu)
Koordenatuak45°03′N 9°36′E / 45.05°N 9.6°E / 45.05; 9.6
EmaitzaKartagotarren garaipena
Gudulariak
Antzinako Kartago  Erromatar Errepublika
Buruzagiak
Hanibal
Magon Barka
Tiberio Sempronio Longo
Indarra
Hanibal:
20 000 iberiar, zelta eta afrikar infante astun[1][2][3][4]
10 000 zaldun[1][2][3][4]
8.000 Balearretako habailari[2][3]
7 gerra-elefante[5]
Magon:
1000 zaldun eta 1000 habailari[2][3][6]
50 000 erreserba-gerlari (kanpamenduan eta ez zuten guduan parte hartu)[2][3]
16 000[1][4] -18 000[7] erromatar legionari
16 000[2] -20 000[1][7][2][4] italiar infante
4000 velite[4]
1000 erromatar zaldun eta 3000 aliatu[1]
zenomaniar gudaroste bat
Galerak
Apenas, zeltak batez ere[8] 15 000[9] -20 000[9][8] hildako
10 000 iheslari (legionari batez ere), Placentia aldera ihesi zutenak[8]

Trebbiako gudua K.a. 218an Kartagoren eta Erromatar Errepublikaren artean jazo zen gudu bat izan zen, Bigarren Gerra Punikoko nagusienetariko bat izan zena.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.a. 221ean Hanibal, hogeita sei urte zituela, Hispaniako kartagotar armaden buruzagi gorena izendatu ondoren, bi urte eman zituen Mediterraneon Kartagoren boterea bermatzeko prestakuntzak aurrera eramateko planak ontzen.[10] Gainera, aurre egin behar zien gizonen ezaugarriak ikasi behar zituen. Erromatarrek jeneral gazte hura ez zela arazo larria izango eta ez zuela ahalegin berezirik behar uste zuten. Hanibali hain jaramon gutxi egin zioten, non iliriarrei - matxinada bat hasiberri zutenak- zuzendu baitzieten arreta. Erromatarrek Hanibalek Sagunto iberiar ekialdean setiatu zuela jakin zutenean ez zuten erreakzionatu ere egin.

K.a. 219. urtean, Hanibal Barka kartagotar jeneralak Erromatar Errepublikaren aurkako kanpaina militar bat abiatu zuen Qart Hadashtetik abiatuta 40.000 soldadu eta dozenaka gerra-elefanterekin; lehen gertakaria Sagunto hiriaren setioa izan zen, Erromaren aliatua. Bigarren Gerra Punikoa hasia zen. Mediterraneoa inguratuz, armadak lurrez aurrera egin zuen Alpeetako mendilerroa zeharkatuz, bere tropen eliteak bakarrik iraun zuen pasabide gogorra. Berehala, armada akituak gudua ezarri zien, Ticino ibaitik hurbil, Publio Kornelio Eszipion jeneralaren erromatar tropei (ez nahastu Zaman Hanibal garaitu zuenarekin), beste aldean zain baitzeuden. Erromarako emaitza suntsitzaileak ezbehar handia ekarri zuen, arrisku hilgarria Italiar penintsulan bertan baitzegoen.

Senatuak Ticinoko guduan zauritu zuten Publio Kornelio Eszipionen errefortzu gisa Siziliako legioen burua zen Tiberio Sempronio Longo kontsula bidali zuen. Kartagotar armadak, ibilera gogor eta luzearen ondoren ahiturik, Clastidium hiria okupatu zuen bere burua hornitzeko, Placentia eta Ariminum lotzen zituen bidea libre utziz, eta Tiberio baliatu zuen Publio Kornelio Eszipionen tropaewkin bat egiteko, zeinen kanpamendua Trebbia ibaitik hurbil eraiki baitzuten.

Gudua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Prestaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.a. 218. urteko abenduko negua bereziki hotza eta elurtsua izan zen. Eszipion, oraindik ere, Ticinoko guduan jasotako zaurietatik sendatzen ari zen, baina Tiberio Semproniok, batez ere kontsul berriak aukeratzeko garaia hurbil zegoelako, ahalik eta lasterren borrokatu nahi zuen. Semproniok, Eszipionek Hanibali aurre egiteko erakusten zuen arretari jaramonik egin gabe, eskala handiko gudurako prestaketak egin zituen. Hanibalen indarrak Trebbia ibai hotz eta haziaren inguruan kanpatu zuen. Polibiok honela azaldu zuen:

« bi kanpamenduen arteko leku bat, erabat laua eta zuhaitzik gabea, baina segada baterako ongi egokitua, errekasto batek zeharkatzen zuena banku malkartsuekin, sasiak eta beste landare arantzatsu batzuk biltzen zituen landaredi trinko batekin, eta hemen berak proposatu zuen goarnizio bat jartzea etsaia ustekabean harrapatzeko.[11] »


Hanibalek, galiar espioien bidez segada bat egiteko leku egoki bat aurkitu zuenak, gauean ezkutatzeko zalditeria sakratuaren 1.000 zaldizko eta Magon Barka anaia gazteenaren agindupean zeuden 1000 infante bidali zituen. Hurrengo goizean, Hanibalek bere zalditeria, erromatar kanpamenduari eraso eta gero alde egiteko aginduarekin, Trebbiaz bestaldera bidali zuen, horrela erromatarrak Magonen destakamendua agertu eta une egokian eraso zezakeen leku batera erakartzeko.

Borroka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Numidiar zaldizkoek erromatar kanpamenduaren arreta erakartzea lortu zuten, Semproniok bere zalditeria bidali zezan haien atzetik joateko, eta handik gutxira 20.000 erromatar infante, 4.000 zaldizko laguntzaile eta 3.000 galiar aliatu baino gehiagoz osatutako armada osoari agindu zion kartagotar armadarantz joateko. Oraindik goiz zen legioek Trebbia zeharkatu zutenean; erromatarrak logale zeuden oraindik. Kartagotarrak, bestalde, borroka baino lehen ondo elikatu eta hotzetik babesteko olioz igurtzi ziren. Hanibalek bere armada posizio ezin hobean berak aukeratutako gudu-zelai batean jarri zuen. 1.000 gizoneko oinezko lerro arin bat ezarri zuen, eta, haien atzean, infanteriako indar nagusia jarri zuen, 20.000 gizonez osatua, arraza anitzeko armada, zeinean kartagotarrak ez ezik libiarrak, iberiar eta galiar aliatuak ere bazeuden. Aldi berean, zenbait zalditeria-eskuadroi (10.000 bat) infanteriako zutabe nagusiaren alboetan kokatu ziren, alde bakoitzean gerra-elefanteak zituztela. Semproniok bere armada quincunx formazioan kokatu zuen, hiru lerroz osatua, veliteak (infanteria arina xabalinekin) aurrean eta zalditeria alboetan jarriz, Erromaren aliatu ziren gerlari galiarrak legioen ezkerretara jarri zituen bitartean.

Erromatar infanteria arina, legio handienaren pantaila-papera hartzen zuena, borrokan sartu zen lehena izan zen, baina veliteak -gorputzez gorputzeko borrokarako gaizki prestatuak- erraz sakabanatu ziren. Veliteak erromatar lerroko espazioen artean erretiratu ondoren, hastati eta princepsek beren lekua hartu zuten eta kartagotarren aurkako borrokan murgildu ziren. Erdian legionarioek gorputzez gorputz borrokatzen jarraitzen zuten bitartean, kartagotarren zalditeriak, bi hegaletan, erromatar bere baliokideei aurre egin zien, kopuru handi batean gainditzen zituztenei. Pixkanaka-pixkanaka, erromatar zaldizkoak gero eta gehiago atzera egitera behartuak izan ziren, erromatar infanteria gero eta gehiago agerian utziz. Hanibalek, bitartean, gerra-elefante guztiak bidali zituen Erromaren aliatu galiarrak erasotzera, haiek ez baitzuten sekula halako izakirik ikusi, eta, beraz, desmoralizatu eta ihes egin zuten. Behin erromatar zalditeria garaituta eta ihesean, kartagotar zalditeriako eskuadroiek elkarren segidan eraso zieten jada babesik ez zuten erromatar hegalei. Aldi berean, Magon Barkaren indar ezkutua bere ezkutalekutik atera eta erromatar erretagoardiaren gainera erori zen. Ordurako, erromatarren morala oso baxu zegoen, hotza, kartagotar elefanteen presentzia eta zalditeriaren porrota zirela eta; alde guztietatik erasotuak izan zirenean, erabat galdu zen; legionarioek lerroak hautsi eta ihes egin zuten.

Elefanteek ehunka soldadu erromatar hil eta zapaldu zituzten, eta beste hainbeste ito ziren ibaia zeharkatu eta salbatzeko. Hanibalen indarren artean harrapatuta, erromatarrak sarraskituak izan ziren, euren indarren erdia baino gehiago galduz. Bizirik irten zirenek ihes egin zuten, baina berrantolatzeko gai izan ziren, eta handik hurbil zegoen Placentiaraino alde egitea lortu zuten.

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatarrek, Sempronio Trebbian galdu izanak atsekabeturik, berehala inbaditzaileei berriro aurre egiteko planak egin zituzten. Sempronio Erromara itzuli zen, eta ustezko zabarkeriagatik epaitu arren, absolbitu egin zuten, neurri batean Eszipion kontsul-kideak bere alde egindako deklarazioagatik. Hurrengo urtean, K.a. 217an, Servilio Gemino eta Gaio Flaminio Nepote kontsul berriak aukeratu zituzten, horietako azkenak erromatar armada Trasimeno aintzirako gudura eramango zuelarik.[12]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Healy, Mark (2011). El triunfo de Aníbal. Cannas. Madrid: Osprey, pp. 50. ISBN 978-84-473-7333-8.
  2. a b c d e f g Polibio. Historiae. III.72
  3. a b c d e Livio. XXI.54-55
  4. a b c d e Carey, Brian Todd (2007). Hannibal's Last Battle: Zama and the Fall of Carthage. Pen and Sword, pp. 53. ISBN 9781844156351.
  5. Wise, Terence (2004) [1982]. Armies of the Carthaginian Wars, 265-146 BC. Osceola; Wellingborough: Osprey Publishing, pp. 13-14. ISBN 978-0-85045-430-7. (Ingelesez)
  6. Healy, 2011: 49
  7. a b Tito Livio, Ab Urbe condita. XXI.55
  8. a b c Carey, 2007: 57
  9. a b Healy, 2011: 52, 63
  10. Polibio. (1922). The Histories. Harvard University Press, 41 or. ISBN 0-674-99152-4..
  11. Polibio, Historiak, III. lib.
  12. Apiano VIII.2.8; Livio XXII.1.4-5; Polibio III.75.5

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]