Edukira joan

Tuterako katedrala

Koordenatuak: 42°04′N 1°37′W / 42.06°N 1.61°W / 42.06; -1.61
Wikipedia, Entziklopedia askea
Tuterako Santa Maria katedrala» orritik birbideratua)
Tuterako katedrala
Kultura ondasuna
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaTutera
Koordenatuak42°04′N 1°37′W / 42.06°N 1.61°W / 42.06; -1.61
Map
Historia eta erabilera
IrekieraXII. mendea
Erlijioakatolizismoa
ElizbarrutiaTuterako elizbarrutia
Iruñea eta Tuterako artxidiozesia
IzenaMaria
Arkitektura
Estiloaarkitektura erromanikoa
Ondarea
BICRI-51-0000044
Kontaktua
HelbideaCalle Roso, 2, Tudela

Santa Maria katedrala 1180 inguru Tutera meskita nagusia izan zenaren ondoan eraikitako katedrala da.

Tuterako katedrala erromanikoaren eta gotikoaren arteko trantsizio aldian eraiki zen, eta, hasieran, kolegiata izan zen. XVIII. mendean Tutera Tarazonako diozesitik banandu zenean, katedral bilakatu zen.

Andre Maria Zuriaren elizatik gertu eraiki zuten kolegiata, aurreko eliza haren kokapen galdua agian egungo klaustroaren tokian egon zela uste dute adituek. Tuterako Meskita Nagusiaren ondoan zegoen eliza hura mozarabiarra zen, eta huraxe izan zen kristauek Tutera konkistatu ondoren beste elizen gainean eskumena izan zuen lehenengo eliza.

Katedrala XII. mendearen bukaeratik XIII. mendearen hasiera bitartean eraiki zuten, IX. mendeko meskitaren orubearen gainean, hispaniar-langedoctar eskolako arkitektura zistertarraren ereduari jarraiki. Aipatutako meskita hori Musa II.ak, Tuterako jaunak eta Banu Qasitarren buruzagiak, eraikiarazi zuen, eta X. mendean eraberritu egin zuten Tujibitarren gidaritzapean, eta meskita haren elementu batzuk baliatu zituzten katedral berria eraikitzeko. Katedrala eraikitzeko lanak 1168 inguruan hasi ziren, Antso Jakituna errege zela, urte hartan Fortun prioreak meskita zaharraren ondoan zeuden etxe batzuk erosi baitzituen eraikuntza berrirako baliatzeko.

1188an lanak nahiko aurreratuta zeuden, eta eliza erabilgarria zen jadanik. Eraikuntzaren lehenengo garaiari dagozkio burualdea eta gurutzadura. Gero, inguruko hormak eta fatxada nagusiko azken auziko ataria eraiki zituzten.

Tarragonako Ramon de Rocabertí apezpikuak 1204an sagaratu zuen aldare-harria. Garai hartako dokumentuen arabera, XIII. mendeko bigarren erdian eraikitze-lanek aurrera jarraitzen zuten; Domingo Perez zen lanen maisua 1262an eta 1263an. Katedralaren eraikuntzan harginen marka batzuk gorde dira.

Tuterako katedralak, zisterreko moldearen arabera egina dagoenez, oso apaindura gutxi du, eta dituenak kapiteletan daude, eta gotikoagoak dira. Kanpoaldeko hormak harlanduzkoak dira; hormen goialdean modiloi biribilduak ditu, eta alboetan landare-itxurako apaindurak, gehienak meskita zaharraren garaikoak.

Eraikinaren egitura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oinplanoak lau ataleko hiru habearte ditu. Habearte nagusia da zabalena eta atal laukizuzenak ditu; alboko habearteek, berriz, karratuak dituzte atalak.

Gurutzadurak bost atal ditu, eta erdiko atala karratua du. Burualdeak abside erdizirkular sakon bat du erdian, alboetan kapera bi dituela, bata erdizirkularra eta bestea karratua.

Habearteetako zein gurutzadurako estalki gisa mahats irudiz apaindutako giltzarrietan elkartzen diren hirusta-itxurako nerbioekiko gurutze-eiteko gangak ditu. Ertzetan moldura biribilak dituzten arku zorrotzek banatzen dituzte gangak.

Abside nagusiak gurutze-eiteko ganga du; erdiko kaperak ganga erztunaz eta esfera-laurdenaz estalita daude, eta ertzetako kaperak oin karratura egokitutako gurutze-eiteko gangez.

Habearteen aurretiko bistan arkuteria puntadunak ageri dira, diamante-puntakoak ditu kanpoaldeko arkiboltak eta gurutze-itxurako pilare handien gainean daude; aurrealdeetan eta ukondoetan zutabeak erantsi zaizkie. Zutabe horiek bikoitzak dira gurutzadurako pilareen aurrealdean, eta gainerako aldeak habearteak zatitzen dituzten arkuetan tolestuta baizik ez daude.

Euskarri horiek Languedoceko ereduari jarraitzen diote. Gurutzaduraren besoetako hormek eta alboetako habearteek pilare elkartuak dituzte, atalak banatzeko balio duten zutabe soil bat eta ukondo-itxurako zutabe bi dituztela aurrealdean. Habearte nagusiko arkuteriaren gainean, eta habearte nagusiaren eta albokoen arteko garaiera desberdinaz baliatuz, leiho bikoitz puntadunak daude, goian begi bat dutenak, alboetan zutabe txikiak dituztela; zutabe horiek hirukoitzak dira. Elizako zatirik zaharrenean, burualdeko kaperetan eta gurutzadurako aurreko horman, kapiteletako apaindurak landare-itxurakoak dira, eta habearteetako beheko kapitelek ere halakoxeak dituzte apaindurak.

Kapera nagusian, leihoak puntu-erdikoak dira, eta ukondo-itxurako zutabe txiki bikoitzak dituzte; absidean, berriz, moriskoen garaiko saretak gorde dira. Puntu-erdikoak dira orobat gainerako kaperetako burualdeko leihoak eta alboetako hormetakoak.

Leihoen ugaritasunak argitasun handia ematen dio katedralari, batez ere erdiko habeartean eta gurutzaduran.

Sakontzeko, irakurri: «Judizioaren Atea»

Katedralak hiru eliz atari ditu. Fatxada nagusikoa Judizioaren Atea da, ikusgarriena, erromaniko eta gotiko arteko nahasketa duena egikeran. Gurutzaduraren besoetan ate bana dago, biak Andre Mariarekin loutako izenekin ezagunak; haietan zaharrena hegoaldekoa da, Birjinaren atea esaten zaiona (Portaleko Atea edo Atariko Atea ere bai) eta erromanikoa. Iparraldekoa Santa Mariaren Atea da, hau ere erromantikoa ere.[1]

Eraiki zen lehena Birjinaren Atea izan zen. Arkua erdi puntukoa da, eta hiru arkibolta ditu, apainduraz beteak: irudi geometrikoak barrukoan eta kanpokoan, eta landare-irudiak eta erronboak erdikoan. Arkiboltak zutabeen gainean daude, eta zutabe horietako kapitelek Bibliako gertakizun batzuk kontatzen dituzte irudien bidez. Ez du tinpanorik.

Iparraldeko atariak, Santa Mariaren Ateak, erromanikoa izanagatik zertxobait zorrotza du arkia, eta hiru arkibolta ditu, landare-irudiz apainduak. Albo bakoitzean hiru zutabe ditu, eta zutabeetako kapiteletan Bibliako gertakizunen irudiak ageri dira. Apaindurarik gabeko tinpano bat du.

Atari nagusia Judizioaren Atea da. XII. mende bukaerakoa edo XIII.aren hasierakoa da. Arkiboltetan eta kapiteletan dituen eskulturei esker, atari hori da Nafarroako arte erromanikoaren erakusgarri bikainetako bat.

Arkiboltetako giltzarrietan hainbat irudi ditu, ezkerrean 52 dobela ditu dohatsuen eta berpiztuen irudiekin; eskuinean, berriz, 53 dobela ditu kondenatuen eta beren bekatuen irudiekin. Barrualdeko arkibolta aingeru-bikotez apainduta dago. Kapitel guztietan Bibliako gertakizunak daude irudikatuta. Tinpanoa apaindu gabe du baina izan zezakeen bere garaian. Badira aingeru baten eta gizonezko batzuen irudiak dituzten bi kapitel oso hondatuak ere. Landare-irudiz apaindutako kapiteletako batek zerikusi handia du katedraleko kapitel zaharrenekin, eta Kristoren bizitzako gertaldiak irudikatzen dituztenak katedraleko klaustrokoen oso antzekoak dira eitez eta itxuraz. Baliteke kapitel horiek landu zituzten maisuak katedraleko klaustrokoak berak izatea.

Judizioaren Atekoa da katedralaren fatxada nagusia. Bertan, atariaren gainean, arrosa-leiho handi bat ikus daiteke, harrizko erradioak eta alabastrozko xaflak dituena, argi barrura pasatzen uzten dutenak. Fatxada horretan bertan harrizko dorre bat dago (erromaniko berantiarra) eskuineko aldean. Dorre honek lehen gorputz lauangeluarra eta goiko gorputza oktogonala, arku zorrotzeko leihoekin lau aldetan eta orratz oktogonaleko teilatu batekin. Dorre horrek bere kideko bikia izan behar zuen ezkerraldean, hipotesi bat da hori, baina ez da baieztatu.

Egungo kanpandorre nagusiari Dorre Berria esaten zaio. Errenazentista estiloz, 1682 eta 1697 urteen artean eraiki zen, eta lehenagoko dorre bat ordezkatu zuen, 1676ko ekainaren 21ean eraitsi zena. [Hiru gorputz ditu Dorre Berriak, oinplano karratukoak lehen biak eta oktogonala hirugarrena, 50 metroko altuerara iritsiz. Lehenengo gorputza harriz eraikita dago eta goiko biak adreiluz. 29 metro garai zen berunez estalitako egurrezko kapitel bat zuen, dorrea amaitzen zuena, baina 1747an sute ikusgarri batek suntsitu zuen. Haren ordez teilatutxo bakun bat jarri zuten.

Eskuinean, epistolaren aldean, San Joan Ebanjelariaren eta Esperantzaren kaperak daude; ezkerrean, Ebanjelioaren aldean, San Joakin eta San Martinen kaperak. Judizioaren atetik eskuineko aldera sartuta (epistolaren aldean), San Pedroren kapera dago, eta, ondoren, San Joakinena (tenplua zaharberritu ondoren, erretaula eta irudia tenpluaren albo batera eraman ziren, Santa Anaren kaperaren ondora). Ondoren, klaustrora sartzeko atea dago, eta, azkenik, Espiritu Santuaren kapera, zaharberritu berria, irudien karea kenduz.

Judizioaren atetik ezkerraldera sartuta (ebanjelioaren aldean), San Martinen erretaula dago, ondoren San Antonioren kapera (Dorre Berriaren azpian dagoena) eta bataiategia, ondoren Santa Anaren kapera liluragarria eta, azkenik, Doloretako Amaren kapera, gaur egun oheko kristoa dagoen tokia.

Kapera horien artean nabarmentzen da San Joan Ebanjelariarena. Aldare nagusiaren ezkerraldean dagoen kapera erdizirkularra hiru elementu nagusi daude:

  • Andre Maria Zuria, XII. mendeko estatua erromaniko exentua, 1,90 metrotik gorakoa, bi zatitan zatitua, barruan zulo bat sortzeko, non hezur hondarrak eta oihal mozarabiar gorri bat aurkitu ziren. Aldare nagusiko horma-hobi batean zegoen, erretaularen atzean, eta aurkitu ondoren kapera honetara ekarri zuten. 21. mendean zaharberritu dute, eta jatorrizko kolorea atera diote.
  • Richard Alexandrisen hilobia lurrean, behe-erliebean egina.
  • Hilobi gotiko bat, Sancho Sánchez de Oteizarena izen behar zena, bizirik zegoela eraikitzeko agindu baitzuen, baina ez dagp bertan lurperatuta, Kardinal Gotzain izendatu baitzuten eta Iruñera joan baitzen bizitzera, non beste hilobi bat eraiki zioten Iruñeko Santa Maria katedralean.

Erretaula nagusia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Tuterako katedraleko erretaula nagusia»

XV. mendearen amaierako (1487-1492) estilo gotiko hispaniar flandriarreko katedraleko erretaula nagusia da buru eliza erdian, eta Pedro Díaz de Oviedo eta Diego del Águila dira haren egileak.

Katedraleko erretaula nagusian dagoen erlikia zibila: Nafarroako Kateen ustezko zati bat.

Basamentu zabal baten gainean bermatuta dago. Basamentu horrek, era berean, bankua eta sotabankoa ditu, eta haren gainean bost kaleko hiru gorputz daude, baketoizko trazeria gotiko konplexuz eta pinakulu zorrotzetan errematatzen duten droselez osatuak. Erdiko kalea kapitel lerden batek nabarmentzen du, eta haren gailurrean Jesus gurutziltzatuaren irudi txiki bat dago.

Sotabankoan, taula gaineko pinturak daude, apostoluen buruak medailoi zirkularren barruan dituztenak, eta modu adierazkorrean negarrez ari diren bi aingeruren buruak. Basamentuaren bi alboetan ate bana . Ate horietan, paisaia-hondo baten gainean, San Petri eta San Pauloren irudiak.

Pauloren irudi horren irudiaren gainean, tradizioaren arabera Antso Azkarrak Kolegiatari emandako Nafarroako kateak daude (erlikia zibil gisa beste zati batzuk ere gordetzen dira Nafarroan objektu mitiko harena).

Bankuan Nekaldiko hainbat pasarte kontatzen dira, hala nola, Pilatos eskuak garbitzen, Ama Birjina paisaia baten aurrean Baratzeko Otoitzaren eszenarn, Kristo doloreetakoa diakonoz jantzitako aingeruek eutsita, Magdalena Kalbarioko bideaeren atzealde baten aurrean, Kristoren zigortzea eta Petri apostoluaren ukazioaren eszena ere bai. Gorputzetan, Andre Mariaren pasarteak, Itun Zaharreko zortzu profetaren irudiak ere bai.

Burdin hesi plateresko batetik sartzen da korura. 37 eserleku baxu eta 49 garai ditu, estilo gotiko flamigerokoak. XVIII. mendeko organo bat dauka. Koruaren kanpoko hormak XVII. eta XVIII. mendeko kaperaz beteta daude.

Klaustroa, erromanikoa, oinplano angeluzuzenekoa da, eta ekialdeko eta mendebaldeko aldeak dira luzeenak. Arkuteria erdi-puntukoa da, bederatzi arku ditu alde txikietan eta hamabi alde nagusietan.

Jakina da 1186an etxeak laga zirela klaustroa eraikitzeko. Klaustrotik, eta ekialdean, kapera mudejar batera iristen da, Kristoren Eskolara. Kapera hau ziurrenik XIII. mendean eraiki zen, nahiz eta egurrezko egituren dekorazioa XV. mendekoa izan. Egiturari eta dekorazioari dagokienez, Erdi Aroko sinagogak gogorarazten ditu, eta Tuterako Sinagoga Nagusia hemen egon zitekeela uste da. Kapitelak dira klaustro honen interesgunea, eta Bibliako eszena erlijioso eta fantastikoak kontatzen dira.

Kapiteletako istorioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klaustroko 42 kapitelek izaera narratboa dute, eta Nafarroako eta Aragoiko beste klaustro batzuenekin antzekotasunak dituzte. Horietako batzuk Done Jakueren bideari eskainita daude. Honela daude sailkatuak kapiteletako mezuak:

  • Iparraldeko hegala: Jesusen jaiotzatik hasi eta apostoluei oinak garbitzeraino. Jesusen aurkezpena Tenpluan, eta hainbat mirari, hala nola Lazaroren piztuera, Kanako ezteiak, eta beste,
  • Ekialdekoan: Jesusen bizitzaren jarraipena Igokundearen eszenaraino.
  • Hegoaldeko hegala: Andre Mariaren Jasokundea eta santu batzuen martiritza: San Lorentzo, San Andres, Done Jakue, San Joan Bataiatzailea...
  • Mendebaldean, beste gai batzuen artean: hegazti eta landare gurutzatuak, musikariak, San Martin bere kapa mozten, hegazti harrapariak untxiak irensten, Epulon aberatsaren parabola, Deikundea, eta beste motibo batzuk.

Estilo arkitektonikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Tuterako katedrala. Nafarroako turismoa.. Nafarroako Gobernua. (kontsulta data: 2020-07-13).
  • Zenn. (2006). La catedral de Tudela.. Nafarroako Gobernua, Vianako Printzea erakundea. ISBN 84-235-2887-1. OCLC 85529135.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]