Txantiloi:2017-11 Nabarmendutakoa
Latinezko literatura latinez sortutako literatura da. Antzinako Erromako literatura lanak biltzen ditu batik bat, kultura erromatarrak grekozko literaturako lanak ere sortu zituela kontuan hartu behar bada ere. Erromatar garaian sortu ziren latinezko literaturaren lan gorenak, Zizeron eta Virgilioren eskutik esaterako. Garai honetako literatura gainera, latinez zein grekeraz, klasikotzat hartzen da literatura unibertsalean eta mendeetan zehar eragin nabarmena izan du beste idazleengan.
Erdi Aroan ere, latina kultura hizkuntza nagusia izan zen Europan eta horrela literatura oparoa sortu zen latinez, erlijio, filosofia eta historia gaiei buruz batez ere, eskolastika izeneko mugimenduaren baitan, Tomas Akinokoaren lumaz esaterako. Pizkundearekin batera idazle klasikoekiko interesa areagotu eta jakintza iturri moduan hartua izan zen. Horrela, Pizkundeko humanismoaren ordezkari handia izan zen Erasmo Rotterdamgoak latin garbi eta jantzi batez idatzi zituen bere lanak. Nazio estatuen zabalkuntzarekin batera ordea, latinak galdu egin zuen bere nagusitasuna. Horrela, lan erlijioso, filosofiko (Spinoza, kasu) eta zientifikoetara mugatu zen bere literatura, literatura lan nagusiak hizkuntza nazionalez idazten ziren bitartean. Egun latinak komunikazio tresna izaera ia guztiz galdu badu ere, badira zenbait idazle bere sormen lanak latinez egiten dituztenak.