Virgilioren bizitzaren datu asko Suetonioren idazki bati esker ezagutzen dira. Mantuatik gertu dagoen Andes herri txiki batean jaio zen Virgilio, K.a. 70. urteko urriaren 15ean. Tradizioari jarraiki, Andes egungo Pietole Vecchia herria da, egungo Mantuatik oso gertu, antzinako erromatar garaiko Gallia Cisalpina eskualdean. Maron bere aita pobrea zen eta Magia Pola bere nagusiaren alabarekin ezkontzean hobetu zuen egoera. Hamabi bat urte zituela («initia aetatis», Suetonioren arabera), Cremonara aldatu ziren. Bertan ikasketak jarraitu zituen, K.a. 55. urtera arte. Ondoren, Milanera joan zen erretorika, medikuntza eta naturaren gaineko zientziak ikastera. Handik Erromara jo zuen, karrera politikoa egiteko asmoz, baina laster utzi eta «novi poetae» taldera bildu zuen, Asinio Polionen eskutik. Taldeko poeta asko bere jaioterriko eskualdekoak ziren, Galia Zisalpinokoak hain zuzen. Garai hartan ustez idatzi zituen poemak Appendix Vergiliana izenburupean bildu ziren, bereak ote diren zalantzak badaude ere.
Olerkigintza utzi eta filosofia ikasteari ekin zion Napolin. K.a. 50. urtearen inguruan iritsi zen Napolira, gerra zibilaren atarian, Erromako giro nahasitik ihesi. Garai hartan ustez berak eta bere familiak jasan zituzten lur konfiskazioaren aztarnak atzematen dira olerkietan. Bukolikoak olerki bilduma K.a. 42. urtearen inguruan idatzi zuen. Argitaratu zuenean Gaio Mezenasen eta Augustoren babesa jaso zuenez, buru belarri ekin zion olerkigintzari, Napolin betiere. Georgikak olerkiak K.a. 38-K.a. 29 urte bitartean idatzi zituen. Eneida K.a. 26. urtean idazten hasi eta bere heriotzaren azken uneraino jarraitu zuen. Grezia bisitatzeko gogoa piztu zitzaion Eneida bere olerkian agertzen ziren tokiak ezagutzeko asmoz, baina laster itzuli zen Augusto enperadorearen ondora.
Erdi Aroan, «Virgilius» forma berrian ageri zen maiz poetaren izen etorkizkoa. Bide batetik baino gehiagotarik argitu nahi izan da aldaketa horren zergatia: latinezko «virgo» (birjina, Virgilioren umiltasuna zela-eta) edo «virga» (haga, zaharo) hitzen analogia, sasi-etimologiak eraginik, ekarri izan du zenbaitek argigarri. Latinaz beste hizkuntzak literatura garatzen hasi zirenean ―gehienki latinaren beraren literatura beretzez eta itzultzez―, antzinaroko izenak zeinek bere hizkuntzaren ezaugarrietara egokiturik erabiltzen hasi ziren. Horregatik, «Vergil» forma kausitzen dugu alemanezko testuetan, «Virgile» frantsesezkoetan, «Virgil» ingelesezkoetan, edo «Virgilio» italierazkoetan. XIX mendean, aldiz, ingelesezko forma egokitua «Vergil» jatorrizko formara aldatzea proposatu zuten, Ameriketako Estatu Batuetako ikertzaile klasizista zenbaitek eta, hori dela-eta, hiru formak ikus daitezke egun ingelesez: bai «Virgil» bai «Vergil» egokituak, eta bai «Vergilius» jatorrizkoa ere.
Euskaraz, «Virgilio» forma hobetsi eta finkatu zuen Euskaltzaindiak 1997an.[2]
Lehen argitalpenean bederatzi bukoliko argitaratu ziren (antzinako grezieraz: βουκόλος, boukólos, «unai»), modu simetrikoan antolatuak bosgarren atalaren inguruan, launako bi multzotan, astro baten inguruan biraka dabiltzan planetak bailiran.[3] Astro hori Dafnis zen, poesia bukolikoaren ustezko asmatzailea, Julio Zesar erail berriarekin bat egin zezakeena. Izan ere, bosgarren bukolikoak bi Dafnis aurkezten ahal ditu, bata iluna, Mopse (Oktavianoren mozorroa), diktadore sutsua; bestea argitsua, Menalke (Virgilioren beraren mozorroa), Katulo irudikatzen duena, lehenak ezkutuan ezabatua.
Miresgarriak dira «tenplupitagoriko» txiki horren proportzio bikainak, Paul Maury literatura kritikariarenmetafora baliatuz, hura izan baitzen, 1944an, agerian jarri zituen lehena. Lehenik, begien bistako arkitektura bat dago: lehenengo lau piezak (83, 73, 111 eta 63 bertso lerro = 330) orekaturik daude azken lau piezekin (86, 70, 110, 67 bertso lerro = 333), erdiko pibotaren inguruan (90 bertso lerro); bigarrenik, baina, bada beste oreka ezkutuagoko bat, zirkulu zentrokidetan apailatzen duena obra osoa: I + IX; II + VIII; III + VII; IV + VI,[4] zirkulu bakoitza gai bati dagokio (desjabetutakonekazarien malura; maitasunarenoinazeak; borroka poetikoak; maila unibertsal eta kosmikora igotzea), forma jakintza bati bezainbeste (elkarrizketak eta kantu jarraituak txandakatzea), eta lehen arkitekturako zenbaki proportzio berari jarraituta, hau da: I + IX + II + VIII (333 bertso lerro), III + VII + IV + VI /330 bertso lerro).
Poema didaktiko hau K.a. 29. urtean amaitu zuen idazten Virgiliok. Lau liburukitan banatzen da, 514, 542, 566 eta 566 bertso lerro liburuki bakoitzean, eta lantzen dituen gaiak dira, hurrenez hurren, soroenlaborantza, arbolazaintza (mahastia bereziki), abeltzaintza eta erlezaintza:[5]
Inspirazio nagusia Hesiodoren, Lukrezioren eta Aratoren lanetan hartuta, baina Teofrasto, Varron edo Katon Maior ere gogoan izanda,[6] Virgiliok bere bidea eratu zuen gai didaktikoa ―askotan elkorra eta berez eskergabea― «izatasun virgiliarraz» kutsatuta, izaki guztiekiko enpatia erakutsita, bizigabeari bizia emanez, landareen eta abereen barne bizitza ulertuz, eta laborariaren bizimodu aldi berean neketsu eta goragarriarekin bat eginez.[7]
Erromari epopeia nazional bat eskaintzea, Iliada eta Odisea grekoen oihartzunarekin lehiatzeko modukoa, huraxe izan zen Virgiliok bere bizitzaren azken 11 urteetan aintzat hartutako eginkizuna, Eneida idatzi zuenean. Erronka arrakastatsua izan zen, ana argitara orduko, idazlea alter Homerus bat bezala goratua izan baitzen, Homerori berari Parnasoko bere nagusitasuna lehiatzeko gai izan zitekeen bakarra.
Virgiliok ez zuen inola ere bere anbizioa ezkutatu. Maila arkitektoniko ikusgarrienean (Eneida poemak aldi berean zenbait «geometria» jokarazten baititu), poemak bere barnean hartzen ditu Odisea bat (I-VI. kantuak: Eneas alderrai, Troiatik ihes egina, Laviniora iristeko), eta ondoren Iliada bat (VII-XII. kantuak: Eneasen gerra Lavinion ezarri ahal izateko).[11]
Baina Homerorekiko emulazioa, batez ere, imitazio testualetan ikusten da bereziki, kritikak berehala hasi baitziren zerrenda osatzen, batzuetan asmo txarrez, eta Virgiliori plagioa leporatzeko. Berak erantzun zuen errazagoa zela Heraklesiastamakila lapurtzea Homeroren bertso lerro bat hartzea baino.[12] Izan ere, apal edo arbitrario izatetik urrun, Virgilioren imitazioa beti asmo zehatz bati zor zaio, eta irakurleak aurkitu beharreko proiektu bati jarraitzen dio, bere eredutik ―Homero edo Virgiliok omenaldi gisa aintzat hartzen dituen beste idazle greziar eta latindar ugarietako bat― bereizten duen distantzia, batzuetan minimoa, zeharkatuz. Testuarteko jolas ia mugagabe hori ez da Eneidak irakurle erneen gainean betidanik izan zuen liluraren iturririk txikiena.
Bigarren erronka zen Erromako gaurkotasuna kondairaren prismaren bitartez agertzea. Bi hari gurutzatzen dira etengabe Eneidan; alde batetik, Erromaren jatorri troiarra; eta, bestetik, Erroma augustutarra. Mila urte baino gehiago daude bi hari horien artean. Denborazko amildegi hori gainditu eta denbora nolabait deuseztatzeko, poetak, alegoriaz egiten duen erabilera sistematikoaz gainera, ez dio uko egiten profeziari[13], are eta gehiago, lanaren erdigunean, infernuetara jaitsi daiteke oraindik etortzekoa den erromatar handitasunaren ikuspegi panoramiko bat eramateko.
Erakutsi beharra zegoen nola, ia deusetatik abiatuta, Erroma mundu osoko inperioa izateraino iritsi zen. Azpimarratu beharra zegoen asmo probidentzial bat zela nagusi goratze ezin eutsizko hartan. Batez ere, argi azaldu beharra zegoen nola, Augustoren pertsona sakratuaren bidez, historiak bere erpina eta gailurra aurkitu zituen bake eta zorion unibertsalean. Hura zen, behintzat, Augustok espero zuena, edo, hobeto esan, Virgiliogandik eskatzen zuena.
Jacques Perret frantses latinista eta hizkuntzalariak, Eneida obraren hitzaurrean, idatzi zuen: «Poemak […] hauxe esan behar zuen hain zuzen: bakearen sorrera, […] gerra beldurgarrien ondoren […]. Egoera hori gizon jakintsu, errukitsu baten lana litzateke […]. Baina […] ordezpen erabakigarria gertatu zen. Poemaren protagonista ez zen Oktavio Augusto izango, Eneas baizik».[14] Eneasen pertsonaiak bigarren identitate bat ezkutatzen du, princeps batena. Geroztik, Venusen semearen deskribapen guztiek Augustoren aldeko odak ziruditen. Alabaina, bere adierazpen askatasuna babesteko, Virgiliok idazkera bikoitzeko sistema bat erabili zuen, cacozelia latens izenekoa,[15] berak asmatua, Marko Agriparen ustez.[16]
Virgilioren loria hiru zutabe hauetan oinarritzen da irmoki: bukolikoak, georgikak eta Eneida. Antzinaroan, beste zenbait olerki ere egozten zitzaizkion berari, gaztaroan idatzitakoak; Eskaligerok 1573an egin zuen edizioan, Appendix Vergiliana izenburupean bildu zituen.[17]
Bilduma horretan dira:
Virgilio landa ingurunean, Louis Billotey (1907).Culex (eltxoa): eltxo honek artzain bat eztenkatzen du, ohartarazteko, eta horrela bizia salbatzen dio; hildako intsektuari hilobi bat ematen dio artzainak.
Dirae: «madarikazio» hauek maitale batek esaten ditu, utzi behar izan zuen lurraren kontra, erromatar armadako beteranoek kanporatu zuten, bere maitea bertan utzita; maitale hori, Lydia, maitasun poema batez ohoratzen du bere izenarekin, obraren eranskinean, orain bizi den lurraren laudorio batekin.[18][19]
Ciris: Megarako erregearen alaba Scylla txori bihurtzearen oroitzapena.[19]
Catalepton: olerki laburren bilduma, horietako batzuk Virgilioren gaztaroko benetako lanak omen dira.[20]
Geroago, beste ale batzuk gehitu zitzaizkion bildumari:
Copa: poemaren izenburua siriarkabaret dantzari baten izena da, bidaiari bat gonbidatzen duena bere establezimenduaren aurrean dantzan dibertitzera (batzuetan Aulus Septimius Serenus poetari egozten zaio).[21]
Elegiae in Maecenatem: lan nekrologiko bat da, Virgilioren ongile izandako Gaio Mezenasen azken hitzak Augusto enperadoreari.[22]
Aski zaila da Virgilioren idazkien gainean egindako edizio kritikoen zerrenda xehetasunez ezartzea, iruzkin eta interpolazio ugari egin izan baitira historian zehar. Stemma codicum delakoak antzinako eskuizkribuak biltzen ditu (kodex nagusiak):
A: Vaticanus Latinus 3256 eta Berolinensis Lat. Fol. 2, 41, Vergilius Augusteus izena ematen zaio.
B: Palimpsestus Ambrosianus L 120 sup. ex-Cimel ms. 3, Eneida poemaren 150 bertso lerro argitzen ditu.
G: Sangallensis 1394, zenbait kantutarako balio du.
M. Mediceus Laurentianus lat. XXXIX, (Florentzia, Laur. 39.1 + Vatican lat. 3225, 76. or.) ia osorik dago.
P: Vaticanus Palatinus lat. 1631, hutsune batzuk ditu.
R: Vaticanus lat. 3867, Vergilius Romanus izenekoa, ia osorik dago.
V: Veronensis XL (38), palinpsestoa, zenbait hutsune ditu.
M, P eta R eskuizkribuek ia testu osoa ematen dute. Erdi Aroko hamabost bat «codices minores» (kodex txikiak) ere erabiltzen dira, hau da, zeharkako tradizioa. Dozena bat papiro, Π ikurraz, erabiltzen dira, baina oso zatikatuak dira, 900 bat bertso lerro bilduta. Corpusaren barne dira antzinako gramatikarien iruzkinak, besteak beste Servius, Ælius Donatus, Philargyrius, Probus,… bezalako grammairien iruzkin zaharrak biltzen ditu.[14][8]
Virgilioren lanen artean, euskaraz bi itzulpen nagusi egin izan dira:
1912an,Zesareo Miangolarra gernikar abadeak[24]Bukolikoak euskaratu zituen, Virgilio'ren artzain abestijak izenburuaz. Euskara batuaren aurretik egindako itzulpena da, bizkaieraz idatzia, XX. mende hasierako grafiaz. Testua digitalizatuta irakur daiteke Antso Katiuna Fundazioari esker.[25]
1997an, Iñigo Ruiz Arzalluz ikertzaile klasizistak[26]Bukolikak eta Georgikak poemak liburu baakrrean bilduta argitaratu zituen. Testua libreki deskarga daiteke EHUren webgunean.[27]
Virgilioren obrak, ia argitaratu ziren unean, goitik behera aldatu zuten latindar poesia. Bukolikoak, Georgiakak eta Eneida gehienbat, testu estandar bilakatu ziren, eskolatutako erromatar orok irakurri beharrekoak. Virgilioren olerkari jarraitzaileek maiz egiten zioten hari erreferentzia, poemak aiseago uler zitezen. Publio Ovidio olerkariaren kasua da edo Lukanoren epopeiaren batean ikus dezakegu hori.[28]
Silio Italiko, Erromatar Inperioko politikaria, Virgilioren jarraitzailerik sutsuenetako bat izan zen. Siliok idatziriko Punica Silius olerki epikoko ia lerro guztietan Virgilioren erreferentzia bat dago.[29] Era berean, Siliok Virgilioren hilobia erosi zuen eta haren omena zaindu zuen.
Mendebaldeko Erromatar Inperioa eraisten zihoan heinean, alfabetaturiko orok eredutzat zeukan Virgilio. Besteak beste, Gregorio Toursko historialari eta jakintsuak sakonki aztertu zuen Virgilio, nahiz pasarte batean aitortu zuen: «ez ditugu sinetsi behar haien fabula gezurtiak, betiereko heriotzara kondenatuak izan ez gaitezen».[30]
«Virgilio bere saskian» kondaira Erdi Aroan sortu zen, eta maiz ikusten da artean eta literaturan «emakumeen boterea» (alemanez: Weibermacht) topos literarioaren parte gisa aipatzen da, emakumezkoen erakargarritasunak gizonengan duen indar apurtzailea erakutsiz. Kondaira honetan Virgilio emakume eder batez maitemindu zen, batzuetan enperadorearen alaba edo emazte gisa deskribatua, Lukrezia izenekoa. Berarekin luzaz jolastu ondoren, haren etxean hitzordu bat bat onartu zuen, gauez leiho batetik zintzilikatutako saski handi batera igota. Hori egin zuenean harresiaren erdira baino ez zuten altxatu eta hurrengo egunean bertan harrapatuta utzi zuten agerian, jende guztiaren isekara. Istorioak pareko bat du Aristotelesen eta Phyllisen kasuan. Eszena irudikatu zuten beste artisten artean, Lucas van Leydenekxilografia bat egin zuen lehenbizi eta irarlan bat gero.[33]
Erdi Aroan, Virgilioren itzala handia zen, jada, eta magiarekin nahiz profeziarekin lotzen zuten kondairak sortu ziren haren inguruan. III. mendetik aurrera, behintzat, kristau pentsalariek Bukolikoak lanaren interpretazioa egin zuten, haurraren jaiotzan ikusi nahirik Jesusen jaiotzaren iragarpena. Horrela, Virgilio Bibliako antzinako profeten pareko ikustera iritsi ziren.[34]
XII. mendean, Napolin hasi eta Europa osoan zabaldu zen Virgilio mago handi bat kontsideratu zuen ustea. Virgiliori eta haren botere magikoei buruzko kondairak ezagunak izan ziren berrehun urtez baino gehiagoz, eta, seguru asko, bere idatziak bezain gailenak bihurtu ziren.[35] Virgiliok Erdi Aroan Galesen utzi zuen ondarea hain zen handia, ezen bere izenaren bertsio galesa, «Fferyllt» edo «Feryllt», termino generiko bihurtu baitzen magialarientzat, eta «fferyllydd» (botikari) hitz gales modernoan irauten du.[36]
Brundisiumen hil ondoren, Donatoren arabera, edo Taranton Servioren eskuizkribu berantiar batzuen arabera, Virgilioren gorpuzkiak Napolira eraman zituzten, non berak idatzitako epitafio batez hornitu baitzuten hilobia: «Mantua me genuit; Calabri rapuere; tenet nunc Parthenope. Cecini pascua, rura, duces» (Mantuak eman zidan bizia, kalabriarrek kendu zidaten, Napolik eusten nau orain; larre, baserri eta nekazarien oles egin nuen).[37]
Martzialek azaldu zuenez, Silio Italikok aztarnategia bere ondareari erantsi zion (Epigrammata 11.48,[38] 11.50[39]), eta Plinio Gaztearen arabera «Siliok Virgilioren hilobia tenplu bat balitz bezala bisitatuko zuen» (Epistulae 3.7.8).[40]
Virgilioren hilobitzat hartzen den egitura erromatar tunel zahar baten («grotta vecchia») sarreran aurkitzen da Piedigrottan, Napoliko erdigunetik 3 km-ra dagoen Chiai auzoan, Mergellinako portutik gertu, kostaldetik Pozzuolira, iparralderantz doan errepidean. Virgilio hil baino lehen literatur miresmen eta begirunearen objektu bazen ere, Erdi Aroan haren izena botere miragarriekin lotu zen, eta pare bat mendez haren hilobia erromesaldien eta begiruneen helmuga izan zen. XIX. mendean zehar, ustezko hilobiak aldizka erakartzen zituen Grand Tour ekitaldiko bidaiariak, eta gaur egun ere bisitariak erakartzen ditu.[41]