Eskolastika

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Erdi Aroko eskola bat: eskola eta unibertsitate hauetan garatu zen eskolastika.

Eskolastika (latinez: scholasticus eta hau, era berean, grekeratik σχολαστικός “eskolakoa dena”) kristautasunaren agerkunde erlijiosoa ulertzeko asmoz, filosofia greko latindarraren alderdi bat erabili zuen korronte teologiko eta filosofikoa da.

Antzinaro Berantiarrean nagusi izan zen patristika eta gero, eskolastika izan zen Erdi Aroko pentsamenduan nagusitu zen korrontea. Izan ere, fedearen eta arrazoiaren arteko “koordinazioa” bultzatu zuen. Koordinazioa baino, subordinazioz hitz egin behar dugu, inolaz ere ez baitzen bien arteko berdintasun egoera batean ematen; fedearen menpean kokatzen dugu arrazoia, eta ez, ordea, pareko (Philosophia ancilla theologiae “filosofia teologiaren morroi”).

Katedraletako eta Erdi Aroko unibertsitateetako ikasketa orokorretan izan zen nagusi, bereziki XI. mendearen erdialdearen eta XV. mendearen erdialdearen artean. Bere izatea, ordea, oso anitza izan zen; korronte filosofiko greko-latindarrez gain, pentsamendu arabiar eta judutarra ere hartu baitzituen aintzat. Aniztasun honek korrontea aberastu bai, baina arazoak ere ekarri zituen. Mugimenduaren kezka nagusietako bat, bada, antzinako tradizio filosofikoa bere egin eta barne-kontraesanik izango ez zuten sistema handiak sortzea eta kontsolidatzea zen. Honetaz gain, eskolastikari autoritatezko argumentuarekiko gehiegizko dependentzia nahiz zientzien eta enpirismoaren baztertzea leporatzen zaizkio.

Eskolastika lan intelektualerako metodo ere bada. Pentsamendu oro autoritate printzipioaren pean egon behar zen eta ikaskuntza antzinako testuen, bereziki Bibliaren (ezagutza-iturri nagusia), errepikapenera mugatu zitekeen. Hala eta guztiz ere, eskolastikak espekulazioa eta arrazoiketa bultzatu zituen, kontra-argudiaketarako prest egon eta defentsa prestatu beharreko diskurtsoa baitzen.

Goi eskolastika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XI. eta XV. mendeen arteko garaiari deitzen zaio goi eskolastika. Garai hau gurutzada handiek, hirien berpizkundeak eta aita-santuaren boterearen zentralismoak eragindako inbestiduren lehiagatik ezaugarritzen da.

Eboluzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskolastikak hiru fase nagusi izan zituen eboluzioaren oinarri moduan ideologia hartuz gero.

Lehen faseak arrazoia eta fedea identifikatzen zituen, erlijiosoentzat, bada, jainkoa bi ezagutza moduon iturria da eta egia bere atributuetako bat da. Hala, jainkoak ezin zuen egiarako bi bideotan kontraesanik eduki, eta gatazkarik izatekotan, fedea beti arrazoiaren gainetik egongo litzateke, teologia filosofiaren gainetik dagoen bezala.

Bigarren fasean arrazoiak eta fedeak amankomuneko leku bakarra zutenaren kontzientzia zegoen.

Amaitzeko, XIII. mendearen bukaeran eta XIV. mendearen hasieran, fedearen eta arrazoiaren arteko banaketa nabariago egin zen, baita teologiaren eta filosofiaren artekoa ere.

Kronologikoki hiru garai bereiz daitezke:

Filosofia eta kristautasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskolastikaz ari garela, kontuan hartu beharreko puntu nagusietako bat Aristoteles eta Platon  bezalako filosofoek kristautasunaren oinarrizko ideietan izandako eragina da. Bai Elizaren Aita izandakoen eskutik bai eskolastikaren loraldi garaian ere, XI. eta XIII.mendeen artean. [1]

Hastapenetatik, kristautasunak fedeak ezagutzera emandako misterioa ulertu eta honetan sakontzeko modu bezala erabili du filosofia.

Gure esperientzien bidetik ezagutu ditzakegun egiei dagokienez, arrazoiaren erabileraren bidez lortu behar ditugu, erakutsiak diren egiei dagokienez, ordea, fedearen bidetik lortuak izan behar dira (filosofia teologiaren zerbitzura jarriz).

Kristautasunaren filosofiaren oinarrian dauden dauden ideiok egun ere topa ditzakegu eta hau, beharbada, erlijio kristauaren egia eta gizakiaren arrazoia loturik daudenaren froga izan daiteke, zehatzago, erlijio kristauak gizakiaren arrazoiaren jatorriari buruz hitz egiten digu.

IX. mendetik XII.mendera: unibertsalen auzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Canterbury-ko Anselmo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai hontako figura aipagarriena da Canterburyko Anselmo (1033-1109). Lehen eskolastikotzat jotzen den pentsalari honek oihartzun handia izan zuten Monologion eta Proslogion lanetan, oso eztabaidatua den argumentu ontologikoari buruz dihardu, zeinaren bidez jainkoaren existentzia frogatu nahi duen.

Pedro Abelardo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pedro Abelardok (1079-1142) logika eta dialektika berrituko ditu eta quaestio - problema dialecticum- metodo eskolastikoa sortuko du Sic et non lanean.

Chartres eskola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XII. mendean Chartres-eko Bernardok, Chartres-eko Thierryk, Bernardo Silvestrek eta Salisbury-ko Juanek Chartreseko Eskola berrituko dute. Neoplatonismoak, estoizismoak eta arabiar eta jutudar zientziak eraginda, garaian Claravalgo Bernardok ordezkatzen zituen joera mistikoekin gatazkan sartuko den naturaren gaineko ezagutza eta humanismoaren garapena izango dute interesgai. San Víctor-eko Hugok, ordea, mistizismo horren eta eskolastizismoaren arteko kontziliazioaren alde egingo du, Erdi Aroan Summa teologica idatziko duen lehena izanda.

XIII. mendea: eskolastikaren loraldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskolastikaren goren aldiak XIII. mendearekin egiten du bat, unibertsitateak eta eskeko ordenak (dominikoak eta franziskanoak, bereziki) sortzen dira, zeinetatik garaiko teologo eta filosofo gehienak sortuko diren.

Dominikoak eta Franziskanoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dominikoek Aristotelesen filosofia Avicena eta Averroesek egindako itzulpen eta interpretazio islamikoetatik abiatuta barneratu zuten. Franziskanoek, patristikaren bidetik, platonismoa barneratu zuten, dogma kristauekin bateragarriagoa zena.

Franziskanoen artean Hales-eko Alejandro, San Buenaventura (1221-1274) eta Robert Grosseteste dira aipagarri, nahiz eta azken hau naturaren inguruan eta ikerketa zientifikoetan zentratuagoa zegoen Oxfordeko Eskolaren parte ere izan. Oxfordeko Eskolaren irudi da Roger Bacon (1210-1292), matematikaren eta zientzia esperimentalaren defendatzailea.

Alberto Magno[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alberto Magno irakurgai aristotelikoak fedearekin artikulatzen lehena izan zen. Akinoko San Tomasen irakasle izan zen. Alberto 1206. urtearen buruan jaio zen Lauingenen (egungo Alemanian), Danubiotik gertu eta ikasketak Parisen eta Paduan burutu zituen. Predikadoreen ordenean sartu zen, aurrerago, hainbat lekutan irakasle moduan arrakasta izanez. Ratisbonako apezpiku zela, herri eta hirien baketzean sutsuki aritu zen. Hainbat lan idatzi zituen teologiaren inguruan, baita natur zientzien eta filosofiaren inguruan ere. 1280ean hil zen Kolonian.

Akino-ko Tomas[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dominikoen teologiaren eta, oro har, eskolastikaren ordezkari nagusia da Tomas Akinokoa (1225-1274). Summa teologica edo Summa Theologiae obra nagusian enpirismo aristotelikoa eta bere teoria hilemorfikoa eta bi intelekto-klaseren arteko bereizketa onartu zuen. [2] Avicenak ordurarte grekoentzat arrotza zen esentzia eta izatearen arteko bereizketa bereganatu zuen arabiar filosofiaren eskutik. Jainkoa soilik analogia bikoitz baten eskutik egiten da ulergarri. [3]

Hala, tomismo izendatu den fusio aristoteliko-platonikoa sortu zuen Akinoko Tomasek. Tomismoak argumentu kosmologikoen bidez jainkoaren existentzia frogatzeko helburua du, bost bideak bezala izendatu izan diren argudioak kristau filosofiaren oinarri izan dira mendeetan zehar.

Tomas Akinokoak filosofia eta sinesmen erlijiosoaren artean egindako bereizketak mende bat geroago abiatuko den arrazoiaren independentziaren oinarria izango da. Desberdintze honek Erdi Aroko filosofiaren amaieraren eta filosofia modernoaren hasieraren arteko muga marraztuko du.

XIV. mendea: filosofiaren eta teologiaren arteko banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Datorren mendean franziskanoak dira nagusi. Garai hontako ordezkari nagusiak Juan Duns Escoto, eta Ockhameko Guilllermo dira, zeinarentzat munduaren, eta bereziki jainkoaren, ulergarritasuna gogorki zalantzan jarriak izango diren. Pentsamolde hau ondorengoek jasoko dute eta ondorio bezala eskolastikaren gainbehera ekarriko du.

Juan Duns Escoto[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juan Duns Scoto (1266-1308), eskoziarra zen franziskanoa, jainkoaren ideiara heltzen da. Jainkoa metafisikaren bidetik ulertutako nozioa da, betiereko izakia; franziskanoak zentzu aristoteliko hertsian ulertzen zuen, izakia izaki, honen inguruko zientzia bezala, alegia. Hau honela, teologiaren eta filosofiaren arteko autonomia ezartzen du, argi baitago hauetariko diziplina bakoitzak bere metodo eta objektu propioak dituela. Escotoren ustez, dena den, teologia metafisika bat da.

Ockham-eko Guillermo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ockhameko Guillermo (1290-1349) izango da ideia hau gehien garatuko duena. Ockhamen labana deituriko printzipio ekonomikoak agerikoa ez den eta intuizio sentsibletik datorren oro ezabatzea beharrezkoa dela dio: “Ente kantitatea ez da beharrik gabe biderkatu behar”.

Ezagutzaren ekintzan esperientzia enpiriko edo “ezagutza intuitiboa” lehenetsi behar dugu, errealitatearen (partikularraren) berehalako ezagutza da. Existitzen den oro berezia eta konkretua bada, ez da gauzetatik banaturik edo gauzekiko inherente existitzen den entitate abstrakturik (formak, esentziak). Unibertsalak izenak (nomen) dira soilik eta ariman (in ánima) bakarrik existitzen dira.

Nominalismo izenez ezagutzen den ikuspegi hau tradizio aristoteliko-eskolastiko realistaren kontrakoa da. Ockhamentzat kontzeptu unibertsalak termino baten inguruan ulerkerak batzen dituen norbanako desberdinen prozesu mentalak besterik ez dira. Nominalismoak borondatea adimenaren gainetik jartzen du. Jainkoaren borondatea ez du ezerk mugatzen (boluntarismoa), ideia jainkotiarrek ere ezin dute jainkoaren ahalguztiduntasunean eragin. Mundua guztiz kontingentea da eta honek ez du inolako orden arrazionaletara moldatu beharrik. Ezagutza modu posible bakarra esperientzian (intuizio sentikorrean) oinarritu behar da. Teologia, arrazoiaren mugen gaindi (esperientzia) dagoenez , ez da zientziatzat jotzen. Ockhamen ideiez geroztik, filosofia teologiatik banandu eta zeintziak bere bideari ekingo dio modu autonomoan.

Bere kezka ez da mugimendua zer den jakitea, mugimenduak nola funtzionatzen duen jakitea baizik. Ideia hauei tiraka sortuko dira Galileo Galileiren planteamenduak, besteak beste.

Bigarren eskolastika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskolastika ez da hemen amaituko. XV. eta XVI. mendeetan, izan ere, Espainia erdigunean jarrita, izaera renazentistaz berrituko da eskolastika, bereziki dominikoen eta jesuiten ordenei loturik agertuz. [4] Eskolastizismo berantiar honek Francisco Suárez (1548-1617) jesuita espainola izango du ordezkari nagusi. Honen latinez idatziriko lan nagusian, Disputaciones metafísicas (1597), aurreko tradizio eskolastikoaren laburpen bat egiten da eta modernizatu egiten da, baita iusnaturalismoaren edo Hugo Grocioren zuzenbide naturalaren oinarriak zehaztu ere. Obraren balioa honen haritik sorturiko ondorengo inspirazioetan datza; XVII. eta XVIII. mendeetan, bada, eragin handikoa izan zen, bere ideien oihartzuna Hegelen edota Heideggerren pentsamenduetan ere topa dezakegularik. Filosofia espainolaren tradizio aristotelikoarekin bat egiten duen arren, nominalismoaren alderdi batzuk gehitzeagatik ezaugarritzen da.

Honela, Suárezentzat esentzia eta existentziaren arteko bereizketa arrazoizko bereizketa besterik ez da, izan ere, existentzia bakoitzak berezko esentzia du. Jainkoak bakarrik, berez izaki denez, hauteman dezake bestearen izatearen arteko bereizketa, hau da, kreaturena. René Descartesen cógitoa intuizioz arrazoitzen duen Suárezen sorturiko substantzia espiritual noziotik dator. Gottfried Leibnizen (1646-1716) mónada ere nozio honetatik dator. Esentziaren eta existentziaren arteko bereizketa, arrazoizko bereizketa moduan (Baruch Spinozaren substantziaren kontzeptua), Suárezen filosofiatik dator ere. Kanten subjektu traszendentala, kasu, tradizio eskolastiko honetan erabilitako manejatutako atribuzioaren analogiaren noziotik dator.

Neoeskolastika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendean “neoeskolastika” izenez ezagutua den eskolastikaren berpizkundea ematen da eta XX. mendean “neotomismoa” jaioko da, Jacques Maritain eta Étienne Gilson buru direlarik.  Maritainek eta Gilsonek tomismoa kultura laikoan zabaltzea ahalbidetu zuten.

Désiré Joseph Mercier, Desiderio Nys, A. Farges, Tomasso Zigliara, Fernand van Steenberghen, Leo Elders, M. Grabmann, Armand Maurer, Charles de Koninck, James A. Weisheipl, Jean-Pierre Torrell, Josef Pieper, Pierre Mandonnet OP, A. D. Sertillanges OP, Reginaldo Garrigou-Lagrange OP, Odon Lottin OSB, Gallus M. Manser OP, Cornelio Fabro, John F. Wippel eta beste hainbat ere dira aipatzekoak.

XX. mendean tomismoari dagokionez, dominiko espainolek egindako lana azpimarratu behar da. Jada aipatutakoez gain, hurrengoak dira aipatzekoak: Victorino Rodríguez, Santiago Ramírez O.P., Guillermo Fraile OP eta Teófilo Urdánoz O.P. ( Historia de la Filosofía, BAC-en egileak), Quintín Turiel eta Aniceto Fernández. Egun San Tomásen filosofia irakasten jarraitzen dute: José Todolí, Juan José Gallego, Jordán Gallego, Vicente Cudeiro, Armando Bandera, Marcos F. Manzanedo, Mateo Febrer, Vicens Igual eta Juan José Llamedo-k. Dominikoetako filosofo garrantzitsuenetako bat Abelardo Lobato izan zen, Suizako Teologia fakultateko errektore izatera heldu zena.

Asko izan dira tomismoaren loraldian lagundu dutenak: Ángel González Álvarez, Leopoldo Eulogio Palacios, Carlos Cardona eta bere ikasle izandako Ramón García de Haro. Bide beretik, Antonio Millán-Puelles, Osvaldo Lira, Leonardo Castellani, Julio Meinvielle, Francisco Canals y la escuela tomista de Barcelona, Juan Vallet de Goytisolo, Jesús García López, Mariano Artigas Mayayo, Luis Clavell Martínez-Repiso, Ángel Luis González, Miguel Ayuso, Rafael Alvira, Rafael Gambra Ciudad, Tomás Melendo, Eudaldo Forment, Armando Segura, Luis Romera, Alfonso García Marqués, Patricia Moya, eta Javier Pérez Guerrero.

Argentinan: Tomás D. Casares, Octavio Nicolás Derisi, Alberto Caturelli, Juan José Sanguineti, Juan Alfredo Casaubón, Ignacio Andereggen, Juan R. Sepich (bere hasierako joeran), Guido Soaje Ramos, Ismael Quiles jesuita eta Domingo Basso dominikoa, besteak beste.

Oharrak eta erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   del., Luján Di Sanza, Silvia (2000), Filosofía (2 reimp. argitaraldia), Ediciones Santillana, ISBN 9504606946, PMC 749421495, https://www.worldcat.org/oclc/749421495  .
  2. Bata pazientea, informazioa fantasma baten moduan jasotzen duena. Agentea, bestea, esentziak kontzeptu moduan ulertzea posible duena.
  3. Atributuzko analogia eta proportzionaltasunaren analogia.
  4.   Copleston, Frederick (1975), Historia de la filosofia, Ariel  .

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]