Txantiloi:2017-35 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Hasiera edo Genesia (grezieraz biblos geneseos, «jatorriko liburua», «sorrerako liburua»; hebreeraz beresith, «hasieran») Bibliako Itun Zaharreko eta Torako lehen liburua da. Tradizio judu-kristauaren arabera Moisesek idatzi zuen, baina egun iritzi orokorra da, tarteka egitate historiko zenbait jasotzen baditu ere, antzinako alegiazko kontakizunen bilduma dela, K. a. 950. urtearen inguruan osatzen hasia, eta Esdras apaiz idazkari juduak burutua K. a. V. mendean. Liburuak munduaren sorrera eta gizadiaren lehen aroak kontatzen ditu: Jainkoak mundua eta gizakia nola sortu zituen, Adam eta Eba lehen gizonaren eta lehen emakumearen istorioa, Kain eta Abelen istorioa, Noeren ontzia eta uholdea, Babelgo dorrea eta Abram, Isaak, Jakob eta Josef aitalehenen istorioak, besteak beste. Judaismoan, Hasiera liburuak Jainkoaren eta Israelen arteko lotura agertzen delako da garrantzitsua. Kristau-dotrinan, berriz, funtsezko elementuak ezartzen ditu munduaren sorrerari eta jatorrizko bekatuari buruz.