Uholde Handia

Uholde Handia jatorrian Sumerren jaiotako eta Bibliak zabaldutako mito bat da. Hasieraren arabera, K.a. 2370ean Jaungoikoak bidalitako zigorra izan zen eta Noe baino ez zen salbatu. Munduko beste mitologia batzuetan ere jasotzen den gertaera da. Batzuen arabera, mitoak munduan duen zabalkuntza ikusita, benetan gertatu zen kataklismo baten kondairazko kontakizuna da.
Tradizio judu-kristaua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tradizio judu-kristauaren arabera, honela izan zen:
| « | Noeren bizitzako seiehungarren urtean, bigarren hilaren hamazazpian, lur azpiko itsasoaren iturri guztiak lehertu ziren eta zeruko atexkak ireki. Euri-jasa izan zen berrogei egun eta berrogei gauez. | » |
Onik atera ziren bakarrak Noe bere ontzian gordetako bere familia eta animalien bikoteak izan ziren.
Aditu askoren ustez, istorioa K.a. XIV. mendeko mesopotamiar literaturan oinarrituta zegoen, Gilgameshen epopeiaren Utnapishtimen mitoan, hain zuzen ere. Juduek sumeriarren eragina jaso zutenez, litekeena da horrela izatea[1].
Uholdearen mitoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beste kulturetan ere antzeko istorioak daude[2]:
- Mesopotamiako Gilgameshen poeman, K.a. 2000. urtekoa, Ea jainkoak Utnapishtim gizonari esaten dio itsasontzi bat egin beahr duela, bizidun guztiak bertan sartzeko, lurra urpean utziko duen euritea buotako dutelako jainkoek.[3]
- Indiako vedetan Svayambhuva Manu erregearen ontzia Vishnuren gizakunde Matsya arrain erraldoiak salbatu zuen[4].
- Greziar mitologian, Poseidonek Prometeoren sua onartzeagatik gizakiak hiltzea erabaki eta titanek Deukalion semeari eta emazte Pirrari ontzi bat egitea aholkatu zien.
- Maputxeen ustez, Treng-treng Vilu eta Cai-cai Vilu izeneko sugeak elkarrekin borrokatu ziren eta lehenak gizakiei mendi batera joatea aholkatu zien.
- Pazko uharteko Rapa Nuiek beren arbasoak Hiva izeneko uharte edo kontinente bateko uholdetik ihes egiten haraino iritsi zirela uste dute.
- Txadeko moussaye herriak antzina ama batek zerutik artatxikia kentzean ustekabean zerutik hautsi eta zazpi egunez euria egin zuela dio.
Maiek, aztekek, inkek, Titikakako uruek, Patagoniako kaweskarrek, tainoek eta guaraniek ere antzeko kontakizunak dituzte.
Bibliako aldaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bibliako lehen liburuko 6. 7. eta 8. ataletan kontatzen da Uholde handiaren narrazioa eta nola Jainkoak garbiketa bat egin zuen baina Noe eta bere familia salbatu zituen. Horra hemen Elizen Arteko Bibliatik bi pasarte:


| « | 5 Ikusi zuen Jaunak handituz zihoala munduan gizakiaren gaiztakeria eta honen burubide guztiek txarrera jotzen zutela beti.
6 Damutu zen Jauna gizakia egin izanaz eta, bihozmindurik, 7 esan zuen: «Desagerrarazi egingo dut mundutik egin dudan gizakia, eta gizakia ez ezik, baita abereak, narrastiak eta zeruko hegaztiak ere, damu bainaiz hauek egin izanaz». 8 Baina Noe begiko izan zuen Jaunak. 9 Hona hemen Noeren historia. Gizon zuzena zen Noe eta akatsik gabea bere garaikoen artean. Jainkoak nahi bezala jokatzen zuen. 10 Hiru seme izan zituen: Sem, Kam eta Jafet. 11 Mundua gaiztakeriaz eta indarkeriaz betea zegoen, 12 den-denek jokaera makurra baitzeramaten. Jainkoak, mundua hain gaiztotua ikustean, 13 esan zion Noeri: «Izaki oro suntsitzea erabaki dut, gizakien erruz indarkeriaz betea baitago mundua; gizakia eta mundua, biak suntsituko ditut. 14 «Egizu zeuretzat ontzi bat erretxina-egurrez. Antolatu gelak barruan eta estali bikez barrutik eta kanpotik. 15 Hona zein neurritakoa egingo duzun: ehun eta berrogeita hamar metro luze, hogeita bost metro eta erdi zabal, eta hamabost metro eta erdi gora. 16 Sabaiez estaliko duzu, gailurretik hegalera metro eta erdiko jaitsiera emanez. Alboan atea jarriko diozu. Hiru solairu izango ditu. 17 «Nik uholdea bidaliko dut mundura, zerupeko bizidun guztiak suntsitzeko. Munduko izaki guztiak hilko dira. 18 Baina zurekin ituna eginen dut. «Sar zaitezte ontzian emaztea eta biok, baita zure semeak ere emazteekin. 19 Animali mota bakoitzetik bikotea, ar-emeak, sartuko duzu, zurekin batera bizirik iraun dezaten. 20 Hegazti-, abere- eta narrasti-mota bakoitzetik bina sartuko dira zurekin, bizirik iraun dezaten. 21 Elikagai guztietatik bildu, zer jan izan dezazuen». 22 Jainkoak agindu guztia egin zuen Noek zehatz-mehatz. |
» |


| « | 1 Jaunak esan zion Noeri: «Sar zaitez ontzian zeure etxeko guztiekin, zu beste gizon zuzenik ez baitut ikusi zure garaikideen artean.
2 Har itzazu zeurekin zazpina bikote, ar-emeak, legez kutsatu gabeko diren abereen artetik, eta bikote bana, ar-emeak, kutsatuak direnen artetik. 3 Zeruko hegaztietatik ere zazpina bikote, ar-emeak, hauen arrazak munduan iraun dezan. 4 Zazpi egunen buruan euria bidaliko dut lurrera berrogei egun eta berrogei gauez, egin dudan izaki oro suntsitzeko». 5 Noek Jaunak agindu guztia egin zuen. 6 Seiehun urte zituen uholdea gertatu zenean. 7 Uholdea hasi baino lehen, ontzian sartu zen bere emazte, seme eta errainekin batera. 8 Abere kutsatu gabe eta kutsatu, hegazti eta lurrean narraska dabiltzan guztietatik, 9 bikote bana sartu zen ontzian Noerekin batera, Jainkoak agindu bezala. 10 Zazpi egunen buruan uholdea hasi zen. 11 Noeren bizitzako seiehungarren urtean, bigarren hilaren hamazazpian, lur azpiko itsasoaren iturri guztiak lehertu ziren eta zeruko atexkak ireki. 12 Euri-jasa izan zen berrogei egun eta berrogei gauez. 13 Egun hartan bertan sartu zen Noe ontzian bere seme Sem, Kam eta Jafetekin, bere emazte eta errainekin. 14 Sartu ziren, baita ere, mota guztietako abere eta piztiak, lurreko narrasti eta hegaztiak. 15 Bizidun guztiak binaka sartu ziren ontzian Noerekin batera, 16 mota bakoitzetik arra eta emea, Jainkoak Noeri agindu bezala. Gero, Jaunak ontziko atea itxi zuen. 17 Berrogei egunez iraun zuen uholdeak. Gora egin zuten urek eta ontzia lurretik jaso zuten. 18 Urak gero eta handiago eta indartsuago ziren, eta ontzia ur gainean zebilen. 19 Hain uholde handia izan zen, ezen zerupeko mendi-gailurrik garaienak ere estali baitzituen. 20 Eta oraindik ere zazpi metro gorago igo ziren urak. 21 Bizidun guztiak hil ziren: narrastiak, hegaztiak, abereak eta piztiak, eta lurrazalean mugitzen den oro, eta gizaki guztiak. 22 Lehorrean bizi-arnasa zuen oro hil zen. 23 Munduko izaki guztiak, bada, suntsitu ziren: gizakietatik hasi eta abere, narrasti eta zeruko hegazti guztietaraino. Ez zen gelditu Noe eta beronekin ontzian zirenak besterik. 24 Ehun eta berrogeita hamar egunez iraun zuen uholdeak. |
» |
| « | 12 Hau ere esan zien Jainkoak: «Hau da zuei eta zuen artean bizi diren bizidun guztiei belaunez belaun eta betiko ematen dizuedan itun-hitzaren ezaugarria: 13 neure ostadarra ezartzen dut hodeien artean, eta nire eta munduaren arteko itunaren seinale izango da.
14 «Nik zerua lainotzean, ostadarra azalduko da hodeietan; 15 orduan, zuei eta bizidun guztiei emandako itun-hitz honetaz oroituko naiz: ez direla aurrerantzean urak uholde bihurtuko, bizidun oro suntsitzeko. 16 Ostadarra hodeietan ikustean, bizidun guztiei betiko ematen diedan itun-hitz honetaz oroituko naiz». 17 Jainkoak esan zion Noeri: «Hau da, bada, lurreko bizidun guztiekin egiten dudan itunaren ezaugarria». |
» |

Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Clay, Albert T.. (2003). Atrahasis: An Ancient Hebrew Deluge Story. 3 ISBN 978-158509228-4..
- ↑ Leeming, David. (2004). Flood. in: The Oxford Companion to World Mythology. Oxford University Press.
- ↑ Ivorra, Carlos. «El poema de Gilgamesh» www.uv.es (Universitata de València) (kontsulta data: 2025-06-13).
- ↑ Sehgal, Sunil. (1999). Encyclopaedia of Hinduism: T-Z. 5 Sarup & Sons, 401 or. ISBN 8176250643..
- ↑ a b c «Biblia/Hasiera — Wikiteka» eu.wikisource.org (kontsulta data: 2025-09-22).