Wikipedia, Entziklopedia askea
Madamme Bovary liburuaren edizio bateko irudia.

Errealismoa XIX. mendeko mugimendu edo joera literario bat da, errealitatea modu kritiko eta objektiboan irudikatu eta aztertu nahi zuena. Zentzu horretan, errealismoak idealismo erromantikoaren kontra egiten du.

Idazle errealistek beraien inguruan azaltzen ziren kontraesanak behatu eta errealitatea beraiek ikusten zuten bezala erakutsi nahi zuten. Horregatik, mugimendu erromantikoaren idealismoari uko egiten zioten, izan ere, inguruko errealitatean interesik ez zuen mugimendu egozentrikotzat hartzen zuten.

Eleberri edo nobela izan zen errealismo literarioko espresio zabalduena. Hala ere, ipuinetan, antzerkian eta poesian ere espresatu zen. Bere manifestazio guztietan, hizkuntza zuzena eta errealitatea gai gisa aldarrikatu zituen.

Literatura-errealismoaren jatorria Frantzian XIX. mendearen erdialdean kokatu daiteke. Hortik Mendebaldeko Europara eta Amerikara hedatu zen. Herrialde horietako batzuk honako hauek dira: Ingalaterra, Errusia, Espainia, Portugal, Alemania eta Estatu Batuak.


Nolako ezaugarriak zituzten?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugimendu honen ezaugarri nagusiak honako puntu hauetan laburbildu daitezke:

  • Konpromiso moral, politiko eta humanitarioa.

Idazleak gizarte-arazoengatik ardura erakusten dute, baita konpromiso moral, politiko eta/edo humanitario nabarmena ere. Idazle errealistek gizartearen kontraesanak eta bidegabekeriak salatzeko erantzukizuna sentitzen dute.


  • Errealitatearen errepresentazioa.

Idazleek errealitatea errepresentatu nahi dute beraien lanetan, elementu desatseginak baztertu gabe. Literatura erromantikoak sarritan ahazten dituen alderdiak nahiago dituzte, hala nola gizartearen arazoak eta kontraesanak.


  • Objektibotasuna eta egiantzekotasuna.

Idazkien objektibotasuna bermatzeko, idazleek ikerketa zientifikoa erabiltzen zuten baliabide gisa. Flaubert idazle frantsesak, adibidez, garai hartako medikuntza literaturaren inguruko informazioa bildu zuen Madame Bovaryren heriotza xehetasunez kontatzeko. Modu horretan, beraien istorioak egiantzekoak, sinesgarriak eta fantasiatik urrun egotea bilatzen dute. Horrela, irakurleak istorio horietan ikusiko du bere burua eta behartuta sentituko da isilarazitako gizarte errealitatea onartzera.


  • Narratzaile orojakilea.

Literatura errealistak narratzaile orojakilea nahiago du. Bi arrazoirengatik gertatzen da hori. Alde batetik, narratzaile orojakileak pertsonaiak baino gehiago daki, eta horrek idazleari xehetasun eta ikuspegi asko emateko aukera ematen dio. Beste alde batetik, narratzaile orojakileak ekintzan parte hartzen ez duenez, objektibotasunaren sentsazioan laguntzen dio narrazioari.


  • Linealtasun narratiboa.

Errealismoaren narratibaren egitura lineala izan ohi da. Horrek esan nahi du kontaketak ordena kronologikoa jarraitzen duela, denbora-jauzirik gabe. Hala ere, horrek ez du eragozten ekintza jakin bat azaltzen duten iraganeko aurrekari, oroitzapen edo pentsamenduak irakurleari aurkeztea.


  • Pertsonaia arruntak.

Errealismoak pertsonaia arruntengan jartzen du arreta. Erdi-mailako klaseko eta burgesiako pertsonaiak nahiago izaten ditu, baina baita herri-eremuetakoak ere. Nobleak pertsonaia nagusiak izateari uzten diote edo tratu desberdina jasotzen dute. Mitologiako edo elezaharretako pertsonaiak, iraganeko literaturan hain presente, errealismotik baztertzen dira.


  • Errealismoaren gaiak.

Idazle errealistak gizartearen errealitatea irudikatzen saiatzen dira. Lantzen dituzten gaien artean honako hauek daude: gizarte-bilakaerak, pobrezia eta bazterketa; aristokrazia eta burgesiaren arteko tentsioak; anbizioa eta maila-igoera gizartean; gizarte-instituzioen krisiak, hala nola, ezkontza (adulterioa eta dibortzioa); emakumearen gizarte-rola; eta abar.


Literatura-errealismoko idazleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduko literaturako idazle errealista garrantzitsuenetako batzuk honako hauek dira:

- Stendhal (Frantzia, 1783- 1842). Lan ezagunenak: Le Rouge et le Noir (Gorria eta Beltza); Armance; La Chartreuse de Parme.

Honoré de Balzac (Frantzia, 1799-1875). Lan ezagunenak: Eugenia Grandet; La peau de chagrin; Le Père Goriot (Goriot Aita).

- Gustave Flaubert (Frantzia, 1821-1880). Lan ezagunenak: Madame Bovary; L'Éducation sentimentale; La Tentation de Saint Antoine.

- Charles Dickens (Ingalaterra, 1812-1870). Lan ezagunenak: Oliver Twist; Eguberri Kanta edo Gabon Kanta Bat; David Copperfield.

- Mark Twain (Estatu Batuak, 1835-1910). Lan ezagunenak: Tom Sawyerren abenturak; Huckleberry Finn-en abenturak; The Prince and the Pauper (Printzea eta Eskalea).

- Fedor Dostoievski (Errusia, 1821-1881). Lan ezagunenak: Krimena eta Zigorra; Karamazov anaiak; Idiota.

- Lev Tolstoi (Errusia, 1828-1910). Lan ezagunenak: Gerra eta Bakea; Ana Karenina; Iván Ilich-en Heriotza.

- Anton Txekhov (Errusia, 1860-1904). Lan ezagunenak: Gereziondoen lorategia; Hiru ahizpak; Kaioa.

- Benito Pérez Galdós (Espainia, 1843-1920 Lan ezagunenak: Doña Perfecta, Misericordia, Fortunata y Jacinta.