Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
👨‍👨‍👦‍👦
Biztanleak
19.053.815
🔎
Azalera
238.397 km²
🏙️
Hiriburua
Bukarest
📷
Argazkiak
ikusi
Errumaniaren kokapena.

Errumania ekialdeko Europako herrialde bat da. Balkanetako penintsulan dauden herrialdeetatik handiena da. Bukarest da hiriburua eta baita hiririk handiena ere. Gaur egun, 20 milioi biztanle inguru ditu.

Errumaniera da herrialde honetako hizkuntza ofiziala; hizkuntza erromantzea da, hau da, latinetik sortutakoa.

Geografia eta klima

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugakide dituen herrialdeak honako hauek dira: Bulgaria, Serbia, Hungaria, Ukraina eta Moldavia. Gainera, Itsaso Beltza du hegoekialdean.

Karpato mendiek arku bat osatzen dute herrialde honetako zati handi batean, iparraldetik hego-mendebalderaino arku bat osatuz. Karpatoen mendebaldean, Transilvaniako goi-ordokia zabaltzen da. Hegoaldea, aldiz, lauagoa da eta Danubio ibaiak zeharkatzen du, Itsaso Beltzera iristen den arte.

Klima kontinentala du, uda bero eta negu hotzekin. Lurralde menditsuetan euri eta elur ugari egiten du.

Errumaniako bandera.

Zerbitzuak, industria eta meatzaritza dira ekonomiaren sektore nagusiak; baina lehen sektoreak (nekazaritzak, abeltzaintzak eta arrantzak) pisu handia du oraindik. Turismoa ere gero eta garrantzi handiagoa irabazten ari da.

   Ba al dakizu   
Errumania izena.
Errumaniari Erroma izenetik datorkio izena, antzinaroan Erromatar inperioa jabetu zelako lurralde hauetaz; hizkuntza erromantzea gorde du, beste hizkuntza erromantzeetatik aparte egon arren.

Historia apur bat

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun Errumaniak okupatzen duen lurraldea Dazia izenarekin ezagutzen zen antzinaroan. Erromatar inperioak mendean hartu zuen gure aroko 106. urtean eta III. mendera arte izan zen inperioko probintzia bat.

Ondoko 800 urteetan, godoek, hunoek, eslaboek eta beste herri batzuek inbaditu zuten Dazia; XI. mendean, hungariarrak jabetu ziren gaur egungo Transilvania eskualdeaz.

XIV. mende hasieran, Karpatoen hegoaldeko jendeek Valakia izeneko estatu bat eratu zuten; ekialdekoak, berriz, Moldavia izeneko estatu batean elkartu ziren. Biak izan ziren geroago Errumania osatuko zuten estatuak.

Baina Valakia eta Moldavia laster erori ziren Otomandar inperioaren eskumenean: Valakia, XV. mendean; eta Moldavia, XVI.ean. Transilvania, berriz, Austria-Hungariako inperioaren barruan egon zen XX. mendera arte.

Valakiak eta Moldaviak 1859an elkartu eta Errumaniako estatu independentea eratu zuten; Transilvania eskualdea 1918an elkartu zitzaien, Lehen Mundu Gerraren ondoren, Austria-Hungariako inperioa desagertu zenean.

Sobietar Batasunak hartu zuen herrialdearen kontrola Bigarren Mundu Gerran (1939-45), eta 1948an gobernu komunista eratu zen. 1974tik aurrera, Nicolae Ceaușescu presidentearekin, gobernu komunistak diktadura gogor bat ezarri zuen, komunismoa ekialdeko Europako beste herrialdeetan erortzen hasi zen arte, 1989an. Urte hartan bertan, kolpe militar batean, Ceaușescu hil zuten.

Hurrengo urtean, 1990ean, hauteskunde libreak antolatu ziren eta herrialdeak gobernu demokratikoa berreskuratu zuen. 2007an sartu zen Europar Batasunean, baina oraindik EBko herrialderik pobreenetako bat da.