Wikipedia, Entziklopedia askea

Fiodor Dostoievski

Dostoievskiren erretratua.

Fiodor Mikhailovitx Dostoievski errusiarezko literaturako idazlerik ospetsuenetariko bat da, baina baita munduko eta garai guztietako literaturgilerik handienetakoa ere. XIX. mendean bizi izan zen. Moskun, hiriburuan jaio zen 1821 eta San Petersburgon hil zen, 1881. urtean, tuberkulosiak jota.


Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fiodor Mikhailovitx Dostoievski, Fiodor Dostoievski bezala ezagunago, Mikhail Dostoievski eta Maria Fiodorovnaren zazpi seme-alabetatik bigarrena izan zen. Aita behartsuentzako ospitale bateko medikua zen. Fiodorrek hamaika urte zituenean, familia Darovoie herrixkara, Tulara, joan zen bizitzera. Aitak bertan lur batzuk erosi zituela badakigu, beraz, familia ez zen oso pobrea.

1834an, anaia Mikhailekin batera, Txermakeko barnetegian bigarren mailako ikasketak hasi zituen. Ama oso gaztea zela hil zitzaion, 1837an, tuberkulosiak jota. Aitak behartuta, Fiodorrek ingeniari militarretarako ikasketak egin behar izan zituen San Petersburgoon (1838-1843), baina Fiodor gazteari ingeniaritza baino gehiago gustatzen zitzaio literatura.

1839an, 18 urte zituela, aita hila zela jakin zuen. Antza, etxeko zerbitzariek hil zuten, Darovoie herrixkan, alkoholak eragindako erasoaldi bortitz baten ondoren. Beste historia batek dio aita berez hil zela eta lurjabe bizilagun batek zabaldu zuela hilketaren kontua, lursaila merkeago erosi ahal izateko.

1843. urtean, ingeniari ikasketak bukatu zituen, eta ondorioz, ofizial militar bihurtu zen. , San Petersburgoko Ingeniaritza Departamentuan lanean hasi zen.

1844an, oraindik ere San Petersburgoko Ingeniaritza Departamentuan lanean ari zela, Honoré de Balzac idazle ospetsuak hiria bisitatu zuen. Bisita horren eraginez, Fiodor gazteak Eugène Grandet itzultzea erabaki zuen, eta hor, nonbait, piztu zitzaion literaturarako bokazioa. Hurrengo urtean, bertan behera utzi zuen militarrekin hasitako karrera, literaturan buru-belarri jarduteko.

Fiodor Dostoievski gazteak Nikolai Gogol miresten zuen baina, batez ere, Aleksandr Puxkin, azken hori izan baitzuen Dostoievskik idazle ideal eta jarraibide.

1844 eta 1845 artean idatzi zuen Biednie liudi (Jende gizagaixoa) bere lehen eleberria, 1846an argitara emana. Lan horrek ospe handia eman zion, eta "Gogol berri bat" jaio zela idatzi zuten bere garaiko kritikari batzuek, nahiz eta "psikologiarako joera handiagokoa" zela ere ez zitzaien oharkabean pasa.

Hurrengo lanek ez zuten hainbesteko arrakastarik izan. Giza arimaren azterketa sobera konplikatu zitzaion Bikoitza idatzi zuenean, hor nortasuna bitan banatzen den kasuak aurkezten baititu. Ondoren datoz Eleberri bat bederatzi gutunetan, Polzunov, Bihotz ahula, Lapur zintzoa, Eguberritako zuhaitz bat eta eztei bat, Besteren emaztea eta senarra ohepean, eta Gau zuriak, kontakizunak edo eleberri laburrak denak, batzuk kostunbristak, besteak umorezkoak eta beste zenbait gizarte-kritika egiteko intentzioz idatziak.

Preso eta zigorturik[aldatu | aldatu iturburu kodea]

   Ba al dakizu   
Dostoievski kartzelan egon zela, kartzelan zegoela "fusilatu" egin zutela eta, gaztetan ofiziala izan bazen ere, geroago kartzelatik atera zutenean betiko soldadu izatera zigortu zutela. Badakizu Dostoievski ludopata izan zela, erruletan-eta dirutza galdu zuela. Eta badakizu Dostoievski hartzekodunengandik iheska ibili zela denbora luzean.

Fiodor Dostoievski Errusiako tsarren garaian bizi izan zen. Agintzeko era horrek ez zituen kritikak batere ondo onartzen eta Fiodor Dostoievski bere garaiko gobernu mota horrekin oso kritikoa zen. Sozialista utopikotzat jo izan dute Dostoievski historiagileek. Kontua da bere ideia politikoengatik espetxera bidali zutela.

Preso egon zen bederatzi hilabetez eta espetxean bertan "Heroi txikia" ipuina idatzi zuen. Halako baten, kartzelan zegoela, bera eta beste 20 preso fusilatzera eraman zituzten plazara (itxurazko fusilamendua zen, izatez). Fusilatzeko prestaketa guztiak burututa zeudenean eta presoak hiltzeko prest zeudenean, soldaduen buruzagia apuntatzeko agindua ematen ari zen unean, barkamena "iritsi" zen. Agian fusilatzeko prest zeuden soldadu batzuek barrez lehertuko ziren... Dostoievskik une estu horiek —hil behar zutelakoan baitzegoen, alegia— ezin izan zituen inoiz burutik ezabatu. Dena den, heriotzaren ordez, beste zigor bat ezarri zioten: Siberian, Omsken, gatibu-lanetan lau urtez penatzea, eta ondoren, soldadutza egin beharra, denbora mugagabeko soldadutza. Bera, ofizial izandakoa, bizitza osoan zigortutako soldadu bezala ibili beharko zuen.

Gatibu bezala Siberian egon zen denbora irakurtzea eta idaztea debekatuta zeukaten presoek. Biblia besterik ezin zen irakurri. Derrigorrezko soldadutza egiten ari zelarik emakume batekin hasi zen harremanetan.

Preso izatetik, berriro idazle[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denborarekin Fiodor Dostoievskik itzal handiko pertsona batzuen babesa jaso zuen eta emakumea alargun geratu zenean, ezkontzeko aukera izan zuen eta gero, ezkonduta, San Petesburgora itzultzeko aukera.

1859an beste bi eleberri berri argitaratu zituen: Osabaren ametsa, eta Stepansikovo auzoa eta hango auzotarrak.

Dostoievski 1863an.

1861ean, Apalduak eta irainduak argitaratu zuen. Hala ere, fama beste lan batekin lortu zuen: Hilen etxeko oroitzapenak, 1860 eta 1862 artean idatzitakoa eta presondegiko oroitzapenak jasotzen zituena. 1861. urte horretan, Mikhail anaia zaharrenarekin, Vremia (Denbora) izenburuko aldizkaria sortu zuen; 1863an, aldizkaria debekatu egin zuten, Polonikao matxinada batez idatzitako artikulu batengatik. Bi anaiek 1864-65 urteetan Epokha aldizkariarekin eman zioten jarraipena proiektuari. Aldizkari horretan ikusten da Fiodorrek ikuspegi politikoa aldatu zuela:

« Errusiako herriak gorde du bere baitan kristautasunaren espiritua, eta aitoren semeekin eta jende ikasiarekin anaiturik, tsarraren itzalpean, bere burua eta Europa osoa salbatuko du »

1862an argitaratutako Pasadizo gogaikarri bat izeneko liburuan, moda liberalari buruzko satira idatzi zuen, bera dagoeneko tsarrismoaren aldekoa baitzen. 1862 hartantxe egin zuen lehen bidaldia Mendebaldeko Europara (Berlin, Dresden, Paris, Londres, Geneva, Florentzia, Milan, Venezia, eta Viena bisitatu zituen). Hurrengo urtean, Udako irudipenei buruzko neguko oharrak argitaratu zuen: mendebaldeko gizarteari irri eta trufa egiten zion, dirua jainko bakartzat zuelako.

1860ko hamarkadaren hasieran, harreman sutsu eta konplexua bizitu zuen Apollinaria Suslova izeneko lagun batekin (Jokalaria eleberriko Polina). Elkarrekin {{txp|Europan zehar egin zuten bidaian hasi zen Dostoievskiren jokoarekiko mendekotasuna. Bi lagunek uste izan zuen {{txp|erruletan aberasteko modu segurua lortu zutela, artean aberasteko ametsak baitzituzten (diruak askatasuna zekarrela zioen Dostoievskik garai horretan). Handik urte batzuetara, Hanburgo, berriro ere zituen ondasun guztiak galdu ondoren, zin egin zuen ez zuela gehiago jokatuko, eta zin horri eutsi egin zion geratzen zitzaizkion urteetan.

Atzerrira ihesi[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jokoan xahututako, galdutako dirua falta zitzaion eta zorrak zeuzkan. Gainera 1864an, anaia Mikhail (Fiodorren adiskiderik eta laguntzailerik onena) eta emaztea hil zitzaizkion. Zorrez itoan zebilen. Epokha aldizkaria, anaiarekin sortutako aldizkaria, baliabide faltagatik desagertu zen. Aldizkari hartan argitaratu zituen Lurpeko oharrak eleberri laburra eta Krokodiloa izenburuko eleberritxo amaitu gabea. Lan horietan Dostoievskik garai hartako iraultzaileei egiten zien eraso. 1866an hasi zen Krimena eta zigorra izeneko bere eleberri handietan lehenengoa idazten. 1866 hartan bertan idatzi zuen Jokalaria. Arrazoi ekonomikoak zirela medio, 26 egunetan idatzi behar izan zuen eleberria eta horretarako Anna Grigorievna Snitkina takigrafoaren laguntza behar izan zuen. Emakume takigrafo gazte horri diktatu zion eleberri osoa eta handik hilabete gutxira (1867ko otsailean), Fiodor alarguna bera baino 24 urtez gazteago zen emakume honekin ezkondu egin zen.

Hartzekodunetatik ihesi, Dostoievski sernar-emazteak atzerrira joan ziren. Asmoa hiru hilabeterako alde egitea zen, baina lau urte baino gehiago eman zituzten Errusiatik kanpo. Dresdenen bizi izan ziren lehenik, gero Genevan (han jaio zen izango zituzten lau umeetatik lehena, neska bat, hiru hilabete zituela hilko zena), gero Milanen, Florentzian eta Dresdenen berriro (hiri horretako pintura-galeriari miresmen berezia zion Dostoievskik).

Atzerrian eman zuen lau urte horietan idatzi zuen Dostoievskik Ergela, non gizon erabat ona irudikatu nahi izan zuen: Myskin printze onkotea. Izugarrizko buruhausteak eman zizkion idazlan luze bat ere idatzi zuen, Bielinski filosofo eta kritikaari buruzkoa (gero galdu egingo zen lan hori betiko). Garai horretan idatzi zuen, baita Betiereko senarra izenburuko eleberria. Esandako horiek ez ezik, Deabruak idazten hasi zen (sozialisten aurkako panfleto bat, egilearen beraren hitzetan). Beste plan asko ere landu zituen. Hain zuzen ere, plan horietatik jaioko ziren gero Nerabea (1875), gizarte kapitalistaren azterketa bikaina eta Karamazov anaiak (1879-1880), Dostoievskiren azken eleberria, haren pentsaeraren eta artearen sintesia. Azken eleberri hori zen, beste guztien artean, onena bere irudiko.

Zein dira haren lanik ospetsuenak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egile honen obrarik goraipatuenak, honako hauek dira:

  • Bihotz ahula.
  • Krimena eta zigorra.
  • Jokalaria.
  • Karamazov anaiak.