Nikolai Gogol

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Nikolai Vassilievitx Gogolen erretratua.

Nikolai Vassilievitx Gogol (Sorotchinsky, Ukraina, 1809 - Mosku, 1852) errusiar idazlea izan zen. Oharmen eta begi zorrotz baten jabe, Gogoli zor zaio, erromantizismoa puri-purian zegoen garaian, errusiar literaturan halako ospea izango zuen tradizio errealistaren oinarriak finkatu izana.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gurasoak lur-jabe txikiak zituen eta Nikolas gaztetxoak Nezhingo lizeoan egin zituen bigarren mailako ikasketak. Berehalaxe nabarmendu zen lizeoan bere mihi zorrotzagatik, aldizkari batean argitaratu zituen kontakizun eta olerkiengatik, eta eskola-antzerkian antzeztu zituen agure eta atso barregarrien paperengatik.

Hemeretzi urte zituela, San Petersburgora jo zuen administrazioan lanposturen bat eskuratuko zuelakoan, baina laster ohartu zen, dirurik eta “aita pontekorik” gabe, ez zeukala zer egin handirik. Aktoretzan egin zuen hurrengo ahalegina, baina ez zuen lanbide horretan ere arrakastarik izan.

Poeta gisa ospea lortzeko asmotan, lizeoan zebilela idatzitako erdipurdiko olerki sentimental-idiliko bat argitaratu zuen, bere kontura, baina hartarainoko porrota izan zuen, ezen, kopia guztiak erre eta Estatu Batuetara emigratzeko zorian egon baitzen. Gaizki ordaindutako administrazioko lanposturen batean edo bestetan lan egin zuen gero, eta, geratzen zitzaion denbora librean, aldizkarietarako idazten hasi zen, Ukrainako haurtzaroko oroitzapenetatik gai hartuta.

Kontakizun erromantiko horiek guztiak bildu eta bi liburukitan argitaratu zituen Vechera na khutore bliz Dikanki (1831-1832, Bigiriak Dikanka etxaldean) izenburupean, eta oso harrera ona izan zuten. Deskripzio zehatzez hornitutako prosa bizi eta, batzuetan, lagunartekoan idatziak, arnasa freskoa eta berria ekarri zuten errusiar literaturara. Folklorean oinarrituak zeuden asko, Ukrainako hitzak eta esaldiak barne zirela, eta molde hartako idazkerak berehala erakarri zuen Errusiako literatura-munduaren arreta.

1831n, administrazioko bigarren lanpostua bertan behera utzi eta historiako irakasle hasi zen neskentzako barnetegi batean.

Handik hiru urtera, San Petersburgoko Unibertsitatean, Erdi Aroko Historiako irakasle laguntzaile izendatu zuten, baina ez zuen bere burua kargu horretarako prestatua ikusten eta, urtebete egin ondoren, utzi egin zuen lanpostua. Lehen lanak izandako arrakastarekin adoreturik, beste bi obra argitaratu zituen 1935ean: Mirgorod eta Arabeski (Arabeskoak). Lehenengoa (Mirgorod), Ukrainako girokoa da, baina, aurrekoan ez bezala, gaitzaren indarren aurrean sentitzen zuen antsia eta etsipena igartzen zaizkio honetan. Bilduma hartan agertu zen Taras-Bulba izeneko ipuin famatua. Bere ipuinik ezagunenak, San Petersburgon girotuak, ordea, Arabeskoak izeneko bilduman azaldu ziren: Erretratua, Ero baten egunerokoa, Nevako ibilbidea, eta batez ere Sudurra eta Longaina (azken biak Xabier Mendigurenek euskaratuak). Giro errealista darabil horietan Gogolek, hiriko arazoak, burokrazia eta maila xeheko pertsonaiak azaltzeko.

Nikolai Gogol 1840an.

Kontakizun batzuetan antzematen den gizarte-salaketa oso ongi hartua izan zen garai hartako Errusiako zirkulu liberaletan, Bielinski kritikaria tartean zela, baina Gogolek berak -izaera oinazetua eta zalantzatsua zuen- ez zuen inola ere identifikatu nahi izan bere obra subertsio politikoarekin. Kontraesan handi baten mende eman zuen Gogolek ia bizitza osoa. Alde batetik, barren-barrenetik jaiotzen zitzaion jeinu literarioak inguruan zituen politikarien, funtzionarioen eta elizgizonen ustelkeria eta gainbehera morala satirizatzera bultzatzen zuen, baina, bestetik, erlijioan eta politika kontserbadorean oinarritutako heziketa erromantikoak ez zion uzten tsarraren erregimenaren aurka altxatzen. 1836an, Revizor (Ikuskari nagusia) antzezlana argitaratu zuen. Komedia bikain horretan, satira errealista bat egin zuen burokraziaren ustelkeria gaitzat hartuta, eta tsarraren aldeko agintariei gustatu ez bazitzaien ere, ezin izan zuten eragotzi jendaurrean antzeztea eta arrakasta handia izatea. Nolanahi ere, zentsurarekin arazoak izan zituen eta egileak atzerriratu egin behar izan zuen denboraldi batez. Lehenik Alemaniara joan zen, gero Suitzara eta Frantziara, eta, azkenik, Erroman igaro zuen 1939ko udaberria.

Garaitsu hartan idatzi zituen Shiniel (1842, Jokalariak) izenburuko kontakizun aparta eta Zhenitba (1842, Senar-emazteak) komedia alaia. Erroman bizitzen zegoela amaitu zuen idazten bere maisulana izango zena: Miortvie dushi (1842, Arima hilak). Eleberri horretan, garai hartako Errusiako nekazarien bizitza negargarriari buruzko ikuspegi goibela ematen da, ironia garratzaren azpian idazlearen pentsaera ezkorra islatzen dela. Arima hilak eleberriaren lehen partea amaitu zuenean, Moskura itzuli zen, 184leko irailean. Zentsurak atzera bota zion idazlana eta aldaketa batzuk egin behar izan zizkion, 1842an argitaratuko bazen. Gogol Erromara itzuli zen, eta han jakin zuen zer-nolako kritikak eta erreakzioak piztu ziren Errusian, eleberriaren lirismoa eta errealismoa zirela-eta. Erreakzio horiek biziki hunkitu zuten idazlea, ez baitzen haren asmoa izan tsarraren erregimena kritikatzea. Arrazoi horregatik eleberriaren bigarren parte argitsu bat idatzi nahi izan zuen, eta, aurkariei ahoa ixteko, Vybrannye mesta izperepiski s druzyami (1847, Lagunekiko gutunetatik hautatutako pasarteak) idatzi zuen, joputasun-sistema, Eliza Ortodoxoa, heriotza-zigorra, burokrazia eta abar defendatuz. Argitalpen hori zela medio, ordura arte lagun izan zituen asko haserretu zitzaizkion, eta idazleak, azkenean, erre egin zuen Arima hilak lanaren bigarren partea.

Jerusalema erromesaldia egin ondoren, Moskura itzuli zen 1848an, eta han pope fanatiko baten eraginpean erori zen. Garai horretatik aurrera guztiz bizimodu desorekatua eraman zuen: egundoko asaldura mistikoen ondoren, etsialdi ikaragarriak izaten zituen, eta aszeta-bizitzari eman zitzaion. Hala ere, lortu zuen Arima hilak lanaren bigarren partea berriro idaztea, baina hura ere erre egin zuen 1852ko otsailean. Egiten zituen barau luzeen eraginez gaixoturik eta burua erdi galdurik zuela, urte hartako martxoaren 4an hil zen, Moskun. Zenbait urteren buruan, Fiodor Dostoievski eleberrigile handiak aitortu zuen errusiar idazle errealista guztiak Gogolen Longainaren pean hazi zirela.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Nikolai Gogol Aldatu lotura Wikidatan


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]