Hego Korea ekialdeko Asiako herrialde bat da. 51 milioi biztanle ditu. Hiriburua Seul da. Seulen eta inguruko hirietan 25 milioi pertsona bizi dira, eta munduko metropoli eremu handienetako bat da.[1]
2017tik Moon Jae-in da herrialdeko presidentea.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hego Korea Koreako penintsularen hegoaldean dago. Iparraldean muga du Ipar Korearekin. Ekialdean Japoniako itsasoa dago, mendebaldean Itsaso Horia, eta hegoaldean Koreako itsasartea eta Ekialdeko Txinako itsasoa. Luze-zabalean 99.720 kilometro koadro ditu.
Herrialde menditsua da. Mendilerrorik garrantzitsuena Taebaek mendiak dira. Mendilerro hau ekialdean dago, kostaldetik oso hurbil. Mendebaldea eta hegoaldea zelaiagoak dira, eta han bizi da jende gehiena. Nakdong da ibairik luzeena.
-
Baenanggimi hondartza
-
Hallasan mendia
-
Te sailak
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1945ean Bigarren Mundu Gerra bukatu zen. Ordura arte, Koreako penintsula osoa Japoniaren esku egon zen. Gerra eta gero, Estatu Batuek okupatu zuten hegoaldea eta Sobietar Batasunak iparraldea. Hegoaldea eta iparraldea ez ziren ados jarri herrialdea bateratzeko. Beraz, 1948an bi estatu sortu ziren: Koreako Errepublika, kapitalista, hegoaldean, eta Koreako Herri Errepublika Demokratikoa, komunista, iparraldean.
1950ean Ipar Koreak hegoaldea inbaditu zuen. Estatu Batuek laguntza militarra eman zioten Hego Koreari; Sobietar Batasunak eta Txinak Ipar Koreari. Koreako Gerrak hiru urte iraun zuen. 3 milioi pertsona hil ziren.
Gerra ondoren, Hego Korea suntsiturik zegoen. Gainera, pobrea zen, baliabide gutxi zuelako; ez zuen, ez ikatzik, ez burdinik. Baina, astiro-astiro, oso industria modernoa sortu zuten. Denbora luzean, militarrek gobernatu zuten herrialdea, baina 1988tik demokrazia da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Seoul Population 2018, worldpopulationreview.com