Hiria biztanle-kopuru handia duen bizigune bat da, kale eta eraikin asko dituena. Dena dela, jende gehienarentzat ez dago oso garbi zenbat biztanle behar diren zehazki bizigune bat hiritzat hartzeko; gainera, desberdintasunak ere badaude herrialde bakoitzeko legezko definizioetan: adibidez, Danimarkan, 200 biztanle aski da bizigune bat hiri izateko; Espainian, 1.000 inguru; Frantzian, 2.000; baina Japonian, aldiz, 45.000 biztanle behar dira legearen arabera bizigune bat hiria izateko. Dena dela legezko kopuru hori, hortik beherako biziguneei herri deitzen zaie.
Herri eta hirien arteko beste desberdintasun nabarmen bat biztanle gehienen jarduerarekin du zerikusia: herrietan, jende asko lehen sektorean aritzen da lanean (abeltzaintzan eta nekazaritzan batez ere); hirietan, berriz, jende gehien-gehienak bigarren sektorean (industrian, alegia) edo hirugarren sektore edo zerbitzuen sektorean dihardu (Administrazioa, merkataritza, turismoa, garraioa, hezkuntza edo osasuna, adibidez).
Baina tamaina ez da irizpide bakarra hiria definitzerakoan; badago beste definizio funtzional bat ere: hau da, hiriek paper garrantzitsu bat jokatzen dute inguruko lurraldearentzat politikaren, administrazioaren, merkataritzaren, ekonomiaren, osasun-zerbitzuen eta kulturaren ikuspuntutik begiratuta. Horrek esan nahi du, adibidez, lurralde bateko erakunde politiko eta administratibo garrantzitsuenak, industria gehienak, ospitale, eskola, unibertsitate edo museo gehienak hirietan egoten direla, ez herrietan.
Hori dela eta, hirian bizitzeak abantaila asko ditu: lanbide edo ogibide, eskola eta jarduera-mota gehiago aurki daitezke hirietan herrietan baino; jatorri desberdineko jende ugari bizi izaten dira, gainera, munduko hiri handienetan. Baina desabantailak ere baditu; haietako garrantzitsuenak, kutsadura eta langabezia (lanbide ugari egon arren, pertsona askok lanpostu bat izateko arazoak izateb dituztelako).
Hirien abantailak direla eta, gaur egungo munduan gure planetako biztanleen erdia bizi da hiriguneetan. Bestalde, oraingo hiriak iraganean baino handiagoak dira; badira, gainera, milioika biztanle dituzten hainbat hiri. Tamaina ikaragarri handiko hiri hauei megalopoli deitzen zaie. Munduko megalopolirik jendetsuena Japoniako Tokio da, 38 milioi inguru biztanlerekin.
Nolakoak izaten dira?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiriak oso ezberdinak izaten dira, noski, leku batetik bestera, bai eta haien tamainaren arabera ere. Baina, hala ere, gehienek izaten dute erdialde bat, askotan hiriko alderdirik zaharrena dena, Euskal Herriko hirietan gertatzen den bezala. Kanpoaldean, berriz, industriguneak egoten dira, hots, fabrikak eta bestelako industria-eraikinak dituen eremuak.
Hirietan, mota eta erabilera askotako eraikinak daude: etxeak, hotelak, eskolak eta heziketa-zentroak, ospitale eta osasun-zentroak, lantokiak eta bulegoak, dendagune edo merkataritza-guneak, supermerkatuak, tren eta autobus geltokiak, museoak eta antzokiak, kirolguneak eta estadioak, eraikin erlijiosoak etab. Gainera, kale eta plaza ugari, parkeak eta jolastokiak ere egoten dira. Eta kaleetan, berriz, era guztietako zerbitzuak: dendak, jatetxeak, tabernak eta abar.
Leku batetik bestera joan ahal izateko, hiriek garraio-zerbitzua izaten dute: autobusak eta tranbiak, taxiak, eta, hiri handienetan, metroa.
Hirien antolaketa politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herrialde eta estatuek bezala, halako erakunde politiko batek gobernatzen ditu hiriak: udalak. Udala zuzentzen duen politikari-taldeari udalbatzarra deitzen zaio, eta alkatea izaten da haien buru edo agintari nagusia. Gure inguruan, Udalbatzarra hauteskunde demokratikoen bidez aukeratzen da.
Hiriak hainbat zerbitzu behar izaten ditu funtzionatu ahal izateko: garraio publikoa, trafikoaren antolaketa, kaleen garbiketa eta zabor-bilketa, ur-hornidura, eta beste asko; bada, udalbatzarra da zerbitzu horiek eskaini eta antolatzen dituen erakunde politikoa.
Hirien historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Duela 7.500 urte inguru sortu ziren munduko lehen hiriak, Mesopotamia aldean (gaur egungo Irak izeneko herrialdean). Antzinaroko hiririk handi eta jendetsuena, seguru aski, Erroma izan zen; dirudienez, milioi bat biztanle baino gehiago izatera iritsi omen zen.
Zenbait lekutan, antzinako Grezian bereziki, hiri batzuek (Atenas eta Esparta, adibidez) ez zeuden estatu baten mende, independenteak ziren; horregatik, hiri mota honi hiri-estatuak deitzen zaie. Geroago, Italiako beste hiri batzuk ere oso garrantzitsuak izan ziren eta estatu batzuen antzera osatuta zeuden: Florentzia edo Venezia ziren honelakoak, XI. eta XV. mende bitartean. Erdi Aroa bukatu zenean, hiri garrantzitsu horiek beren burujabetasuna galdu zuten eta beste estatu baten mende geratu ziren.
Industria-iraultzarekin, XVIII. mendearen bukaeratik aurrera, hiri batzuk asko handitzen hasi ziren. Garai horretan asmatu ziren makina berriek bultzada handia eman zioten herrialde eta hiri horiek ekonomiari. Horrek jende asko erakarri zuen landa-eremuetatik eta herri txikietatik hirietara, lan bila. Urbanizazio-prozesua deitzen zaio hirien hazkunde horri. Industrializazioaren eraginez eta Britainiar Inperioaren eskutik, Londres izan zen munduko hiririk handiena 1830 eta 1925 bitartean: XIX. mendearen bukaerarako, 6 milioi biztanle inguru zituen jada.
XIX. mendearen bukaeran, bestalde, lehen etxe orratzak sortu ziren. Estatu Batuetako New York eta Chicago hirietan eraiki ziren lehen etxe orratzak, erabilera komertzialetarako.
XX. mendean, hiriak aldatzen jarraitu zuten; bereziki, biztanleriaren hazkunde oso handia izan zuten. Joera horrekin jarraitzen da XXI. mendean ere. Hiri batzuk izugarri handitu eta zabaldu dira eta megalopoli edo hiri erraldoiak bihurtu dira. Megalopoli horiek lehenago hiri desberdinak izandako eremuak eta biziguneak irentsiz osatu dira.