Hogeita Hamar Urteko Gerra 1618 eta 1648 artean Europan, batez ere gaur egungo Alemaniako lurraldeetan, gertatutako gerra bat izan zen. Garai hartan, Alemania ez zen existitzen; tamaina askotako lurraldeak zeuden, bakoitza agintari batek gidatzen zuena, baina guztiak Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadorearen mende zeuden.
Fernando II.a Habsburgokoa enperadoreak erlijio katolikoa ezarri nahi zuen bere lurralde guztietan, baina horrek aldatu egiten zuen 1555ean Karlos V.a enperadorearen eta printze protestanteen artean lortutako akordioa; akordio (Augsburgeko bakea) horren arabera, inperioko printzerri katoliko eta protestanteak orekatuta egongo ziren eta estatu bakoitzak bere printzearen erlijioa hartuko zuen.
Bestalde, beste herrialde batzuek lurralde alemaniarrak konkistatu nahi zituzten eta horregatik bidali zituzten soldaduak gerrara. Herrialde horiek, nagusiki, Frantzia, Danimarka eta Suedia ziren. Baina Espainia ere tartean sartu zen.
Hogeita Hamar Urteko Gerra bereziki krudel eta beldurgarritzat jotzen da. Su-armak erabili ziren lehen gerra handia izan zen. Zortzi milioi pertsona baino gehiago hil omen ziren, Europako potentzia handiak sartu ziren tartean eta kontinentearen historia betiko aldatu zuen.
Nola hasi zen gerra?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun Alemania eta Austria den eremua Germaniako Erromatar Inperio Santuarena zen. Inperioak enperadore bat zuen, baina agintari askok ere botere handia zuten. Enperadorea Habsburgotarren familiakoa zen; familia horrek Europako zati handi batzuk gobernatzen zituen, Espainiako erresuma besteak beste, eta hortik zetorkion bere boterearen iturri nagusia.
Enperadorearen lurralde garrantzitsuenetako bat Bohemiako erresuma zen, gaur egun Txekiar Errepublika dagoen tokian zegoena. Bohemiako biztanle gehienak protestanteak ziren. Enperadorea, berriz, katolikoa zen, eta protestanteak katoliko bihurtzea nahi zuen.
1618an liskar bat piztu zen Pragan, Bohemiako hiriburuan. Protestanteek Pragako gazteluko leiho batetik bota zituzten enperadorearen ordezkariak. Enperadorearen mandatariak leihotik bota ondoren, Pragako matxinatuek Bohemiako tronua eskaini zioten Federiko V.a Palatinatuko printze eta Protestante Batasuneko buruzagiari; atseginez onartu zuen oparia.
Hurrengo urteetan, enperadorearen armadek Bohemia eta lurralde gehiago konkistatu zituzten. Horretarako, bohemiar katolikoen eta Filipe III.a Espainiakoaren laguntza izan zuten. Espainiako erregeak diruz lagundu zuen, eta bere tropek Behe Palatinatua konkistatu zuten, ordura arte Frederiko V.aren jabetzako lurraldea. Filipe III.ak interesak zituen inguruan, Alemaniako printzerriek Flandriako eta Konderriko bere jabetzekin muga egiten zutelako.
Zergatik iraun zuen hainbeste?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Danimarka eta Suedia erresuma garrantzitsuak ziren garai hartan eta errege protestanteak zituzten. Ez zuten nahi Habsburgo katolikoak izatea Alemanian agintzen zuten bakarrak, eta horregatik laguntza bidali zieten protestante alemaniarrei.
Lehenik, daniar erregeak egin zuen eraso 1625ean, Herbehereen eta Ingalaterraren laguntza ekonomikoarekin, horiek ere protestanteak baitziren. Baina haren tropak garaituak izan ziren eta 1629an amore eman behar izan zuen. Horrek amaiera eman zion daniarrek gerran parte hartzeari. Horrela, enperadorearen tropek eta printze katolikoek Alemania iparraldea menderatzea lortu zuten.
Alabaina, 1630ean, Suediako erregeak tropak bidali zituen protestanteak salbatzeko, baina baita Suediarentzat lurraldeak konkistatzeko ere. Suediako erregeak Frantziaren laguntza ekonomikoa jaso zuen, herrialde hori katolikoa izan arren; Frantziak Richelieu kardinala zuen buru, eta Inperioa ahultzea interesatzen zitzaion, Frantzia mehatxatua sentitzen baitzen Habsburgotarren jabetzez inguratuta zegoelako. Suediari esker, protestanteen bandoa berriro indartu zen, eta enperadoreak uko egin behar izan zion Alemaniako toki gehiagotan katolizismoa ezartzeko helburuari. 1635ean, bakeak egin zituen printze protestante gehienekin, eta, horrela, atzerriko armadak Alemaniatik kanporatu ahal izan zituen.
Baina Suediak eta Frantziak enperadoreak botere gehiegi zuela pentsatzen jarraitzen zuten. Horrek gerraren azken zatia ekarri zuen, denetan luzeena eta ankerrena. 1635ean, Frantziak gerra deklaratu zion Espainiari, eta, hiru urte geroago, Suediarekin ituna egin zuen inperioa eta Espainiako Habsburgotarrei batera eraso egiteko. Frantzia, herrialde katolikoa, protestanteen alde jarri zen. Hasieran erlijio-gerra bat zena Europako nagusitasunaren aldeko borroka bihurtu zen.
Hasieran, gerra ondo zihoakion Espainiari, 1636an tropek Champagne eta Borgoina inbaditu eta Paris mehatxatu zutenean; baina, ondoren, gerrak norabidea aldatu eta frantsesek Arraseko gotorleku estrategikoa eskuratzea lortu zuten 1640an. Horrek arriskuan jarri zituen espainiarrek Flandrian zituzten jabetzak.
Bestalde, Espainiako erregea arazoak izaten hasi zen Penintsulan. 1640an herri-matxinada bat gertatu zen Bartzelonan; errebelde katalanek euren errepublika aldarrikatu zuten 1641ean eta Luis XIII.a Frantziakoari deitu zioten laguntza eske, bai eta Bartzelonako konde izendatu ere. Frantziako tropak Katalunian kokatu ziren, matxinoen txalo artean.
Kataluniako matxinada gertatu eta hilabete batzuetara Portugalgoa lehertu zen, Filipe II.aren garaitik Espainiarekin lotuta baitzegoen. Portugaldarrek, horiek ere Frantziaren laguntzarekin, independentzia lortu zuten.
Gerra oso kaltegarria izan zen Espainiako tropentzat; Rocroiko porrotean amaitu zen, 1643an. Borroka horrek ordura arte garaitezinak ziren Espainiako tertzioen gainbehera ekarri zuen. Gerrak aurrera jarraitu zuen, frantziar armada nagusiak inperioa inbaditu eta Viena ingurura iritsi ziren arte. Egoera horretan, Fernando III.a enperadore berriak amore eman zuen eta bakea eskatu zuen.
Alemanian gerra amaitua zen, baina oraindik ere Espainiak eta Frantziak borrokan jarraitu zuten zenbait urtez. Denbora horretan, katalanek egiaztatu zuten haiek askatzera joan ziren tropa frantziarrak gaztelarrak baino are ankerragoak zirela.
Nola amaitu zen?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bi itunekin amaitu zen Hogeita Hamar Urteko Gerra: Westfaliako Bakea (1648), inperioari eragin ziona; eta Pirinioetako Hitzarmena (1658), Espainiarekin gauza bera egin zuena.
Westfaliako Bakean, Enperadoreak bere aldetik sinatu zuen bakea Frantziarekin eta Suediarekin. Itun horrek printzeen subiranotasuna onartzen zuen estatu inperialetan, eta erlijio-askatasuna bermatzen zien. Gainera, Frantziak Alsazia eta Lorrenako mugako lurraldeak lortu zituen, eta Alemaniako iparraldeko eremu zabal batzuk Suediaren parte bihurtu ziren. Suitzak ere independentzia lortu zuen. Horrela, Inperio Santuko enperadoreak botere politikoa galdu zuen, eta balio sinbolikoarekin iraun zuen 1806an Napoleonek inperioa ezeztatu zuen arte.
Pirinioetako Bakearen ondorioz, Espainiak Flandriaren (Herbehereen) independentzia onartu zuen, Frantziari Artois lurraldea itzuli eta Kataluniako Rosellóko probintziak eta Sardinia Garaia eman zizkion.
Hogeita Hamar Urteko Gerra, egia esan, Europako lehen gerra izan zen. Inperioan operazioak egin ziren lurraldea hain suntsituta geratu zen goseteen, sarraskien eta arpilatzeen ondorioz, ezen biztanleriaren ia heren bat galdu baitzuen.