Wikipedia, Entziklopedia askea
Ibaietako lehen zibilizazioak

Ibaietako lehen zibilizazioak deitzen zaie munduan sortu ziren lehen zibilizazio handiei, hain zuzen ere ibai handien inguruan sortu zirelako:

Duela 5.000 urte inguru, ibai handi horien haranetan bizi ziren herri batzuek ibaiak aprobetxatzen ikasi zuten nekazaritza-produkzioa handitzeko. Ubideak eraikitzen zituzten, ibaietako ura laborantza-eremu berrietara bideratzeko, eta dikeak, uraren sarrera itxi edo irekitzeko, uholdeak saihestuz. Gainera, ibaiak ur gutxiago zeraman garaietarako, lurpeko ur-hobiak eraiki zituzten, beharra zegoenean ura eduki ahal izateko.

Ur-hornidura etengabe horri esker, ureztapeneko nekazaritza egin zezaketen, eta askoz produkzio edo ekoizpen handiagoa lortu euri-ura bakarrik erabil dezakeen lehorreko nekazaritzarekin baino. Gainera, ur gehiago izanda, lur gehiago ere erabil zitekeen laboreak landatzeko eta elikagaiak lortzeko, bai eta abeltzaintzarako ere, abere gehiago edukitzeko.

Mesopotamiako zibilizazioa: Ixtarren Atea

Janari-hornidura handiagoa ziurtatu eta gero, soberakinak saldu edo truka zitezkeen eta merkatuak sortu. Merkataritzaren hasiera etorri zen horrela. Era horretan, beste biztanle batzuek ez zuten nahitanahiez nekazaritzan aritu behar janaria eskuratzeko, eta, aldiz, beste langintza batzuetan jardun zitezkeen, erremintak, arropak, eskulanak, armak, etab. egiten, haiek saltzeko.

Bestalde, janaria lortzea errazagoa izanik, pertsona gehiago elikatu ahal ziren, eta, ondorioz, biztanleria handitu egin zen. Herrixkak ugalduz, handituz eta hiri bihurtuz joan ziren. Hiri garatuenetan, eraikuntza handiak agertu ziren, botereari eta erlijioari lotutakoak batez ere.

Haran berean zeuden hirietako biztanleek hizkuntza bera eta sineste berberak partekatzen zituzten, eta herri nazioak sortzen hasi ziren. Herri nazio horien arteko harremanak ez ziren beti onak izaten, eta haien arteko liskarrak eta gatazkak egoten ziren. Horregatik, hiri aurreratuenetan, harresiak eta dorreak eraikitzen zituzten defenditzeko, eta soldaduak ere behar ziren horretarako.

Antzinako Egiptoko zibilizazioa: Gizako piramidea

Aldaketa politikoak: estatuak eta inperioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikuntza handiak egiteko, pertsona askoren lana behar zen, bai eta lan horiek ondo koordinatuta egotea ere. Nekazariak aritzen ziren eraikuntza horietan, lurra landu behar ez zuten aldietan. Talde-lana antolatzeko, agintariek behar-beharrezkoa zuten pertsona talde batek beraientzat bakarrik lan egitea; agintariei laguntzen eta obeditzen dieten pertsonei funtzionario esaten zaie, eta zeregin desberdinak zituzten taldeetan banatzen ziren; erakundeak ziren. Erakundeak denboran zehar mantendu egiten dira, nahiz eta haiek osatzen dituzten pertsonak aldatu. Erakunde bakoitzak zeregin desberdinak zituen, adibidez:

  • Armada: bere jatorrizko funtzioa hiria kanpokoen erasoetatik defendatzea zen. Soldaduak eta armadak mantentzeko, agintariek zergak kobratzen zizkieten biztanleei, edo beste lurralde batzuk erasotzen zituzten haien baliabide eta aberastasunez jabetzeko.
  • Tenplua: bere jatorrizko funtzioa jainkoen mesedea lortzea zelarik. Haiek ere kobratzen zizkieten zergak biztanleei horregatik.

Lurralde burujabe bat eta bertako biztanleak kontrolatzen dituzten erakundeen multzoari Estatua deitzen zaio. Lehen zibilizazioekin batera, lehen estatuak eratu ziren. Lehen estatuak jauregitik zuzentzen ziren, agintarien egoitzatik. Estatuaren antolaketa hierarkikoa da, hau da, biztanle batzuk gainetik daude eta azpitik daudenen gainean agintzen dute. Estatuek botere asko dituzte:

  • Botere betearazle edo exekutiboa: agindu edo zuzenen bidez gobernatzen duena; aginduak idatzita badaude, dekretuak deitzen dira.
  • Botere legegilea: legeak egiten dituena.
  • Botere judiziala: legeen eta dekretuen arabera epaitzen duena.
  • Botere ekonomikoa: baliabide berriak ekoizten dituena giza baliabideak eta baliabide materialak kudeatuz eta sortutako ekoizpena edo aberastasuna zergen bidez banatuz.
  • Botere militarra: estatuaren burujabetasuna bermatzen duten edo beste estatuetako lurraldeak inbaditzeko erabiltzen diren indar armatuak.
  • Botere diplomatikoa: beste estatuekiko harremanak zuzentzen dituena.
Indus ibaiko zibilizazioko estatua bat

Hiri bakar batek eta bere inguruko lurraldeak osatutako estatuari hiri-estatu deitzen zaio. Hiri-estatuak hiri burujabe edo independenteak ziren, beste inoren mende beren burua gobernatzen zutenak.

Hurbileko hirietako agintariek beren mendeko lurraldeen mugak erabakitzen zituzten, baina ez ziren beti ados jartzen. Mugei buruzko desadostasunek gatazka armatuak edo gerrak ekartzen zituzten. Gainera, hiri bat ondokoa baino handiagoa zenean eta indar militar handiagoa zutenean, agintariek beste hiri txikiago hori konkistatzeko eta zergak eskatzeko erabiltzen zuten beren nagusitasun militarra, gerra hastearekin mehatxatuz. Hiri-estatu batek beste herri batzuk konkistatzen dituenean, inperio bihurtzen da. Inperioa beste estatu mota bat da, bere lurralde hedadura handiagatik eta herri ezberdinetan duen nagusitasunagatik bereizten dena. Batzuetan, inperio batek hainbat zibilizazio hartzen zituen bere barruan.

Gerrek suntsipena eragiten zuten, eta, ondorioz, jarduera ekonomikoa eta komertziala murrizten ziren. Baina, bestalde, inperio handien sorrerarekin barne mugak ezabatzen ziren eta horrela merkataritza bide berriak sortzen edo zabaltzen ziren.

Aurrerapen teknologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agintariek zergak kobratu ahal izateko, ekoizpena kontatzeko sistemaren bat behar zen, hau da, kontabilitate sistema bat. Gainera, merkataritza-akordioak egin ahal izateko, produktuak idatziz jasotzeko sistemaren bat ere behar zen. Horretarako, Mesopotamian, duela 5.000 urte inguru, kontuak erregistratzea bururatu zitzaien, buztinezko taulatxo edo zilindroen gainean markak egiten zituzten kanaberaz egindako ziri edo tresna batzuekin; gero, taulatxo horiek labeetan egosi eta horrela gogortu egiten ziren, adreilu edo teilen antzera. Marka horien sistema idazkera deitzen duguna da; bada, horrela sortu zen idazkera, hain zuzen ere. Mesopotamiako idazkera horri idazkera kuneiformea deitzen zaio. Idazkeraren aurkikuntza, gaur egun, historiaurrearen amaiera eta Antzinako Aroa deitzen den Historiako lehen garaiaren hasiera bereizteko erabiltzen dugu.

Txinako Harresi Handia

Lehen zibilizazioen garapenak beste asmakizun batzuk ere ekarri zituen, hala nola gurpila, gurdi gurpilduna eta bela-nabigazioa. Eltzegile-gurpila ere asmatu zen produktuak gordetzeko eta garraiatzeko erabiltzen ziren zeramikazko ontzi hobeak egiteko. Metalen erabilera ere zabaldu eta hobetu zen, erremintak eta armak egiteko; teknologia hobetuz zihoan, eta halako batean konturatu ziren kobrea eta eztainu urtua nahastuz, metal gogorrago bat lortzen zutela; brontzea da metal-aleazio hori.

Asmakizun hauek merkataritza bultzatu zuten, garraio-denbora gutxitzen baitzuten (gurdiei eta bela-ontziei esker) eta saltzeko produktu berriak sortu baitzituzten (metal gogorragoak zituzten tresnak).

Gizarte barruko desberdintasunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen zibilizazioak agertzearekin batera, pertsonen bizimodua asko desberdindu zen biztanle bakoitzaren talde sozialaren arabera. Gizarteko talde batzuetako partaideak hobeto bizi ziren, aberastasun eta botere handiagoa zutelako; gizarte-talde pribilegiatuak ziren eta gutxiengo bat ziren gizarte horietan. Aldiz, biztanle gehienek aberastasun gutxi zuten eta botererik ez; gizarte-talde ez pribilegiatuak ziren. Gizarte mota hauetan, biztanleen multzoa piramide baten antzera irudikatzen da: pribilegiatuak oso gutxi dira, baina piramidearen erpinean daude, beste guztien gainean; eta talde ez pribilegiatuak piramidearen beheko aldean daude, oso ugariak izan arren.

Talde pribilegiatuetan honako hauek zeuden:

  • Agintariak eta funtzionario garrantzitsuenak, goi funtzionario deituak (apaiz handia, armadako burua). Boteretsuenak ziren. Agintari nagusia Erregea zen; haren agindupean funtzionarioak zeuden. Bestalde, talde pribilegiatuetako familia batzuk aberats bihurtu ziren, nekazaritza-jabetza handiei edo merkataritzari esker. Horiek eragina izaten zuten agintariengan, eta goi-funtzionarioen karguak betetzen zituzten.
  • Beheragoko maila batean zeuden zenbait pribilegio zituzten biztanle batzuk:
    • Behe-funtzionarioak, goi-funtzionarioen zerbitzura zeudenak (apaizak, eskribak, soldaduak, zerbitzariak).
    • Merkatari aberatsak, familia pribilegiatuetakoak ez zirenak eta, horregatik, goi-kargurik betetzen ez zituztenak. Hala ere, haien aberastasuna lagungarri gertatzen zitzaien talde pribilegiatuetako partaide bihurtzen saiatzeko.

Talde ez pribilegiatuen artean, aldiz, gainontzeko biztanle guztiak zeuden, biztanleriaren gehiengoa. Herri xehea zen: eta nekazari edo abeltzain txikiak (biztanleriaren % 90 inguru), merkatari txikiak, artisauak eta zerbitzariak.

Azkenik, askatasunik ez zuten pertsonak zeuden, esklaboak. Esklaboak gerran preso hartutako beste herrietako pertsonak izaten ziren, baina baita beren zorrak ordaintzen ez zituztenak ere, eta esklaboen seme-alabak ere esklabo ziren.

Nekazariek uzta txarrak zituztenean eta gosetea zabaltzen zenean, edota talde pribilegiatuek abusuak eta gehiegikeriak egiten zituztenean, talde ez pribilegiatuetako kideak matxinatu egiten ziren batzuetan, protesta modura. Matxinadak eragozteko, talde pribilegiatuek hainbat irtenbide aurkitu zituzten:

  • Matxinatuei zigor oso gogorrak ezartzen zizkieten, heriotzera kondenatuz.
  • Apaizek ezaugarri jainkotiarrez hornitzen zituzten agintariak eta jainkotu egiten zituzten. Hau da, agintarien erabakiak jainkoen nahia zirela esaten zuten. Horrela, erlijio-sinesmenak klase pribilegiatuei mesede egiteko egokituz joan ziren. Trukean, apaizek agintarien laguntza ekonomikoa eta gizarteko talde pribilegiatuetan sartzea lortzen zuten. Erlijioa tresna bat bihurtu zen klase pribilegiatuek gizarte-talde ez pribilegiatuak kontrolatzeko.
  • Hirien barruan, leku garaietan harresitutako esparruak eraiki ziren, erasoren bat egonez gero talde pribilegiatukoak babesteko, matxinada sozialek hirian arrakasta zutenean.

Talde pribilegiatuen botere-gehiegikeriak saihesteko, agintari batzuek arau edo lege bildumak idaztea erabaki zuten; gero, toki publikoetan jartzen zituzten, guztiek ikusteko eta talde pribilegiatuei ere errespetarazteko. Horren adibide da Hammurabiren Kodea delakoa.

Dena dela, esan behar da lehen zibilizazio guztiak ez zirela berdinak izan, eta salbuespenik ere egon zela; adibidez, Indus ibaiaren haraneko zibilizazioan ez omen zen egon halako gizarte-desberdintasun handirik, ez baita jauregirik aurkitu eta etxe guztiak berdinak baitziren.