Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Indus haraneko zibilizazioaren kokapena.

Indus haranean bizi izan zen munduko lehen zibilizazio handienetako bat. Duela ia 5.000 urte sortu zen, gaur egungo Pakistan eta Indiako iparraldean.

Indus haranean 1.400 herri eta hiri baino gehiago zeuden. Handienak Harappa eta Mohenjo-Daro ziren eta haietan 80.000 pertsona inguru bizi ziren.

Izen horiek ondorengo belaunaldiek jarri zieten. Izan ere, ez dakigu nola deitzen zieten bertan bizi ziren herriek, inork ez baitu lortu haien antzinako hizkuntza ulertzea.

Non dago harana?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indus haraneko zibilizazioa Pakistango ibairik luzeenaren ertzean bizi zen, Indus ibaiaren ertzean, hain zuzen ere.

Indus ibaia Himalaiako mendien tontorrean jaiotzen da (munduko mendilerro altuenean) eta Arabiako itsasoraino ia 3.000 kilometroko luzera du. Ibaiak, itsasorantz doan heinean, haran bat sortzen du eta leku horretan finkatu zen zibilizazio hau.

Lehen nekazariei ibaitik gertu bizitzea gustatzen zitzaien, lur berde eta emankorra baitzegoen eta egokia baitzen nekazaritzarako. Nekazariak elkarrekin bizi ziren herrixketan, eta denborarekin herrixka horiek antzinako hiri handi bihurtu ziren, adibidez, Harappa eta Mohenjo-Daro hiriak.

Herritarrek ibaiko ura behar zuten edateko, beren burua garbitzeko eta soroak ureztatzeko. Baliteke zeremonia erlijiosoetan ere ura erabiltzea. Herritarrek "Errege ibaia" deitzen zioten ibaiari.

Leku baketsua al zen Indus harana?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indus haraneko zibilizazioa baketsua izan zela dirudi. Hiriek harresiak eta ateak zituzten, eta horrek babesa behar zutela esan nahi du. Baina, hala ere, arma gutxi aurkitu dira eta ez dago armada baten frogarik.

Antzinako idazkiek zibilizazioei buruz gauzak kontatu ohi dituzte, baina inork ezin izan ditu herri honen idazkiak ulertu. Beraz, beste arrasto batzuk bilatu behar ditugu.

Batzuetan, gerra edo guduak adierazten dituzten arrastoak ikusi daitezke hondakinetan, baina dirudienez, Indus harana berdin mantendu da denbora luzez.

Hala ere, duela gutxi arkeologoek eskeleto batzuk aurkitu dituzte eta, beraz, pentsa daiteke ez zela hain toki baketsua izan. Eskeletoak aztertzerakoan, pertsona horiek nahiko modu desatseginean hil zirela ikusi zen, hau da, borra astun batez jota hil zituztela.

Hiriak eraikitzeko orduan oso ondo planifikatzen zituzten. Kale zuzenak zituzten, eta lauki-sareko etxadiak egiten zituzten.

Kale nagusiek  ia 10 metroko zabalera zuten, bi idi-gurdi edo elefante gurutzatzeko modukoak. Kaleen ertzetan estoldak zeuden, zikinkeria kanporatzeko, eta ur garbia lortzeko putzuak egiten zituzten.

Hiri batzuek, adibidez, Mohenjo-Darok, harresi altuak zituzten. Harresiek ateak zituzten jendea sartu eta irten ahal izateko. Hiri barruko barruti batzuk muinoetan zeuden eta muino garaienean egoten zen zitadela. Leku horretan bizi ziren seguru aski apaizak edo agintariak.

Eraikin gehienak buztinezko adreiluz eginak zeuden. Denborarekin, jendeak etxe berriak eraiki zituen antzinakoen gainean. Ondorioz, denbora pasatu ahala, hiriak gorantz hazi ziren. Etxe batzuk hondoko etxe zaharrak baino zazpi metro gorago zeuden!

Zer gertatu zen bertan bizi zen jendearekin?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mohenjo-Daroko Bainuetxe Handia

K.a. 1900. urtearen inguruan, hiri asko abandonatu egin zituzten. Historialariek uste dute eraikinak erortzen hasi zirela K. a. 1700 inguruan. Baina, nola suntsitu zen itxuraz baketsua eta ongi antolatua zen zibilizazio hau 200 urtetan?

Hondakinei begiratuta, aldaketa asko ikus ditzakegu. Hiriak jendez gainezka zeuden, elkarren gainean eraikitako etxeen erruz. Eraikin garrantzitsuak, Mohenjo-Daroko Bainuetxe Handia kasu, beste batzuen gainean altxatu zituzten.

Estoldak zainduta mantentzeari utzi zioten eta horiek blokeatu egin ziren. Merkatari batzuk beraien baliozko objektuak etxeko zoruaren azpian ezkutatzen hasi ziren. Zeren beldur ote ziren?

Merkataritza gelditu al zen?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Merkataritza oso garrantzitsua zen herritarrentzat. Mesopotamiarrekin egiten zituzten salerosketak gehienbat, hau da, Ekialde Hurbileko zibilizazio aurreratuarekin.

Indus haraneko hiriak erortzen hasi ziren garaiaren inguruan, Mesopotamiak arazo politiko handiak zituen eta merkataritza-sareak gelditu egin ziren. Horrek Indus haranean ere eragin handia izan zuen. Lan gutxiago zegoen merkatarientzat eta fabrikatzaileentzat, izan ere, azken horiek merkatariek saltzen zituzten gauzak egiten baitzituzten.

Historialari batzuen ustez, horregatik hondatu ziren hiriak. Baina badakigu hiriak baino ez zirela hondatu, nekazariek euren herrixketan bizitzen eta euren etxaldeetan lan egiten jarraitu baitzuten. Hala ere, zibilizazioak ez zuen berriz lehengo handitasunik izan.

Gerrarik egon al zen?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historialari batzuen iritziz, zibilizazio hau gerra handi baten ondorioz suntsitu zen. Rig Veda izeneko olerki hinduak (K. a. 1500 ingurukoak) dio iparraldeko inbaditzaileek Indus haraneko hiriak konkistatu zituztela.

1940ko hamarkadan, Mortimer Wheeler arkeologoak 39 giza eskeleto aurkitu zituen Mohenjo-Daron. Inbaditzaileek hildako pertsonak zirela pentsatu zuen.

Gaur egun, ordea, arkeologoek uste dute hori ez dela egia. Ez dago gerra edo hilketa masiboen ebidentziarik eta herritarrak baketsuak zirela dirudi. Armadarik izan bazuten, arma edo gudu seinale gutxi utzi zituzten.

Hiriak hondamendi naturalen ondorioz erori ziren seguruenik eta etsaiak gero etorriko ziren.

Ibaia mugitu egin al zen?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historialari askok uste dute zibilizazioa klima eta geografiaren aldaketen ondorioz erori zela.

Lurrazalaren (planetaren kanpoko geruza) mugimenduen ondorioz, gerta daiteke ibaiak gainezka egitea eta norabidea aldatzea. Hiri nagusiak ibaiari estuki lotuta zeuden, eta, beraz, emariaren aldaketak eragin izugarria izango zuen biztanleengan. Zenbait uholderen ondorioz, baliteke lurzoruan gatza pilatzea, eta horrek laborantza zailduko zuen.

Badirudi, aldi berean, Ghagger Hakra ibaia (inguruko beste ibai bat) lehortu egin zela eta inguruko hirietatik, adibidez Kalibangan eta Banawalitik, jende askok ihes egin behar izan zuten.

Gosea eta gaixotasunak zabalduko ziren eta agian, kaos horren ondorioz, agintariek hirien kontrola galdu zuten. Historialari askok uste dute hainbat arrazoiren nahasketa izan zela.

Nola aurkitu zen zibilizazio hau?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Milaka urte igaro ziren kultura hau deskubritu zen arte. 1826an, Indian zebilen Charles Masson izeneko bidaiari britainiar batek adreiluzko muino misteriotsu batzuk aurkitu zituen. Antzinako gazteluak zirela pentsatu zuen, baina ez zekien nork eraiki zituen.

Hogeita hamar urte geroago, 1856an, trenbide bat eraikitzen ari ziren ingeniari batzuek adreilu gehiago aurkitu zituzten. Horiek baztertu eta trenbidea eraikitzen jarraitu zuten. Adreilu horiek izan ziren Indus haraneko Harappa hiri galduaren lehen froga

1920ko hamarkadan, arkeologoak Harappa eta Mohenjo-Daro aztarnategiak ikertzen hasi ziren. Denbora luzez ahaztutako bi hiriren hondakinak aurkitu zituzten, eta, horrekin, Indus haraneko zibilizazioa.

Indus haraneko herritarrek ez zuten monumentu edo eraikin handirik utzi, Egiptoko piramideak edo Txinako Harresi Handia bezalakorik, baina mundu modernoari forma ematen lagundu zuten.

Hona hemen Indus haraneko kulturak utzitako azterna arkeologiko batzuk: